2013-09-29

Kamiseta berdeak

Iraila katalanei buruz berbetan eman dut, eta amaitu ere hurbilen daukagun Mediterraneo horretan amaituko dut. Asko ibili zarete handik joan den udan, eta benetan badoazela sinetsita etorri zarete. Diadan egon gabe ere, leiho eta balkoiak apaintzen dituzten estelada mordoa gogora ekarrita, independentzia atzera bueltarik gabea dela ondorioztatu dute han ibili diren euskaldunek.

Herenegun bertan erreferendumaren aurreko ekintza garrantzitsuena adostu zuten: urtea amaitu baino lehen, 2013an bertan beraz, jakinarazi beharko dira galdeketaren data eta galdera. Mariano Rajoyk hiru hil ditu doi-doi Artur Masekin erreferenduma negoziatzeko. Garrantzitsua da ostiralean erabakitakoa, baina CiU eta ERCren gobernu-itunean dagoena berretsi baino ez du egiten.

Kataluniako Printzerrian legez, Menorca ere euskaldun jatorren, patxada eta naturazaleen oporgune kuttunetarik izan da joan diren hiletan. Zuetako zenbat ibili zarete joan den udan Menorcan? Beraz, Kataluniako independentismoarekin legez, sobera ezagutu dituzue Balear Uharteetatik gaur dakartzadanak. Uda beroa izan baita Mao eta inguruetan. Eta ikasturte hasieran lehertu egin da haserrea. Ezetz, hondartza eta kalak eta hotela eta tabernak ezagutu dituzuela, eta gune arkeologikoren bat bisitatu, baina zazpi edo hamar egunetan ez duzuela astirik izan menorcar bakar bat ezagutzeko, galdetzeko, solasaldi bat izateko? Norberak gura bezala antolatzen ditu bere oporrak. Baina etxeko lan pixka batek, zerbait irakurtzeak, kontakturen bat lotzeak, edozein leku ezagutzeko parada ematen du, bisitatze soilaz harago. Gaur Mallorcan eta beste hiru uharteetan inoizko manifestazio jendetsuena espero dute. 50 mila lagun baino gehiago, 850.000 biztanleko uhartean, jendetza da.

Katalanezko murgiltze-eredua kendu, eta TIL hirueleduna inposatu du Jose Ramon Bauza Balear Uharteetako presidenteak. Gehiengo absolutua dauka PPk. Pentsa zitekeen Galizian edo Nafarroan baino are errazago ezarriko zutela, turismoa hain garrantzitsua den lekuan. Baina ezetz esan zuten Mao hiriko hiru institututako zuzendariek. «Bitxia da ingelesa jakiteko matematikak gaztelaniaz egin beharra», dio guraso batek Vilaweb-ek egunotan egindako dokumentalean. Gobernuak gogor egin zien: kargugabetu eta espedientea ireki zien.

video

Olatu berdearen hastapena zen. Ikasturte hasieran greba mugagabea iragarri zuten. Ikastetxeak hutsik daude bi astez, kaleak protesta sinbolo den kamiseta berdeekin beteta. Gurasoak irakasleen alde, eta antolatuta, seme-alabak gaur aita honekin eta bihar ama horrekin uzteko. Espainiako Kongresuak LOMCE Hezkuntza legea onartzear den honetan, L'estaca kantatu dute egunotan Mallorcan, Parlamentuko atarian. Eta protestari eusteko indartsu daude, katalanez eta kalitatezko hezkuntzaren alde. «Ikusiko dun, nola nola, laster eroriko den».

Menorcako hiru zuzendarik hasitako protestak lurrikara ekarri du Illesetan: greba mugagabea, 200 mila euroko baino gehiagoko erresistentzia kutxa, gizarteko sektore guztietara zabalduta greba... eta PPko sektore erregionalistenak aztoratuta. Tòfol Soler Balearretako lehendakari ohi eta PPko kide historikoak publikoki adierazi die babesa grebalariei, eta berdin egin dute PPren Mallorcako hainbat udalerrik.

Galiziar idazle batek ziostan, eskuin abertzalea falta zutela han, PPk betetzen zuela eremu kontserbadorea osorik. Nortasun erregionalista antikatalanismoz osatzen da Kataluniatik kanpo. Baina Balearretako bideak erakusten du ukazioan oinarritutako gatazka identitario espainiarzale horren porrota. Eta oso lezio garrantzitsua dakar, abertzaletasuna ustez ahula den eskualdeetan haserrea kanalizatzeko eta mobilizazioa zelan piztu ikasteko.

BERRIAn argitaratua

No comments: