2013-09-15

Islandiako gutuna

Islandian eman dut astea, PEN Internationaleko urteroko kongresuan. Berezia izan da, ez dago zergatia azaldu beharrik, katalanekin eta eskoziarrekin biltzea, quebectarrei entzutea, nork bere bidea azaltzea. Eta Islandian egitea hori guztia. Europa mendebaldean independentzia lortu zuen azken estatua da, II. Mundu Gerran aldarrikatu zuen errepublika Danimarkako erresumatik bereizita. Faroe uharteek ere antzera egin zuten, erreferenduma irabazita, baina, emaitza askoz estuagoa izan zela-eta, Kopenhagek ez zuen onartu, eta oraindik ez dira estatu independente, burujabetza ahalbidetzen dien estatusa badute ere.

 
1944 urrun hartatik 70 urtera, inkestei irabazi behar diete eskoziarrek. Etzidamu, asteazkenean abiaraziko dute kanpaina, erreferendumetik urtebetera. Andrew Campbell PEN Eskoziako buruak eta Yes!, baietzaren aldeko kanpainako kideak, hedabideen presioa aipatu digu (Erresuma Batua deseginez gero, zer geratuko litzateke?), baina itxaropena daukate 368 egun barru gai izango direla Eskoziako estatuaren alde egiteko.

Alex Salmond lehendakariak 2007ko legealdian galdetu nahi zien herritarrei, lehen aldiz laborismoaren nagusitasuna hautsi eta hauteskundeak irabazi zituen hartan. Auzo-herriengan erreparatzeko esan zien eskoziarrei, zeinen ongi zeuden XX. mendean independentzia lortu zuten Islandia, Irlanda eta Norvegia. Orduan, ez zuen gehiengorik izan Parlamentuan. 2011koetan eskuratu zuen herritarren babes hori. Salmondek badu prozesurako beharrezko gehiengoa. Baina 2007ko ereduek, Irlandak eta Islandiak, hondoa jo zuten (nahiz eta altxatzeko gaitasuna ere erakutsi duten, Islandiak batez ere). Norvegia petrolioak emandako aberastasuna ondo kudeatzen asmatu duten munduko herri bakarretakoa da. Hori bera nahi du Salmondek Eskoziarako.

Unionistarik sutsuenak aitortzen dio Eskoziari naziotasuna. Agian, horregatik, independentismoak ez du aparteko lanik egin nazio-eraikuntzan, ez du beharrezko ikusi eta sezesio-prozesua Londresek eta Edinburgok bideratu dute. Baina gizartea ezin aktibatu. Areago, unionismoa piztu da. Sezesio patxadatsua eskaini die Salmondek, hondamendirik egongo ez dela ziurtatzeko. Hain patxadatsua, eze ia harremanik ere gura ez duen Kataluniarekin edo Estatu bila ari diren beste errealitateekin: Pauline Marois Quebeceko lehendakaria bera ia ezkutuan hartu zuen Edinburgon. Beldurrak uxatzea ondo dago, baina ilusioa piztu behar du independentismoak. Estatu berria egungo egoera baino hobea izango dela sinetsaraztea gutxienez. Areago, gaurko arazo gehienen konponbidea hor dagoela. Eskoziak badu arrangurarik: alderdi kontserbadorearen eskuineko politikak (postaren pribatizazioa iragarri dute asteon) eta eskuin muturreko euroeszeptikoei ematen dien bazka. Westminsterren ez dago Eskoziatik hautatutako diputatu tory bakar bat ere, hori dute independentistek Londresen erabakiei legitimitatea kentzeko oralekua (berriki Rafael Larreina Amaiurko diputatuak argudio indartsu hori erabili zuen Espainiako Kongresuan murrizketen aurka, gogora ekarriz Espainian gehiengo absolutua izan arren PPk ehuneko 23 daukala Euskal Herrian. Independentzia aipatu ere egin gabe, Estatuari legitimazioa kentzeko diskurtso sendoenetakoa da hori).

Espainiak aspaldi galdu zuen legitimitate hori Katalunian, baina ez inongo alderdi politikori esker. ANC ordezkatzen duen ekimen kolektiboaren eredu bikain hori luzaroan ikertuko da. SNPk ez bezala, independentziarako inongo asmorik ez zeukan buruzagitza politiko bat hartara behartu eta estu hartu du gizarteak. Aste honetako erakustaldiak zalantzak uxatzeko balio izan du Katalunian, baina, batez ere, Espainiako ustezko irmotasuna pitzatu du. Negoziatu beharra argi ikusten dute orain espainiar ia guztiek. Baina dagoeneko ez dago ZER negoziatu, NOLA baizik. «Ia guztiek» esan dut, Vocento taldeko egunkari nagusiak, ABC-k, negoziazioaren aurka egin baitzuen Diada osteko editorialean. Independentisten aurka «beharrezko neurri guztiak» eskatzen zizkion Gobernuari. «Legea eta Konstituzioa» aipatuko omen dizkio Rajoyk asteburu honetan Artur Masi, uztailean erreferendum eske idatzi zion gutunari emango dion erantzunean. Legea eta konstituzioa demokraziarako berme izan behar dira, baina Espainian herritarren borondatearen oztopo dira; ukaziorako aitzakia.

Islandiatik ikusi dugu Diada. 70 urte, independente dela uhartea. Gaur, herritarren ehuneko ehunek dakite islandieraz, baita ingelesez ere, inongo diglosiatara makurtu barik. Daniera bazterrean gelditu da; norbaitek espainiera eta frantsesarekin zer egin zalantzarik balu, arrastoa hor du. Ez daukate armadarik. 90eko hamarkadan, herrialde baltikoen independentzia aitortzen lehen estatua izan zen Islandia. Puntu beltz bat daukate historian, edozein herrik dozenaka dituen horietako bakar bat: XVII. mendean euskal baleazaleen aurkako sarraski bat. Duela lau mende izan zen, «baina islandiarrok biktima izaten ohituta gaude, ez guk inori kalte egiten», barkamena eskatu digute behin eta berriz. Askatasuna eta bakea maite dituen herri librea da Islandia. Eta badu sasoia independentziaren lekukoa beste herrialderen bati emateko.

BERRIAn argitaratua

BERRIAn argitaratua

No comments: