2012-08-26

Kurduak geopolitikan

Bederatzi lagun hil zituen bonba-auto batek astelehenean, hiru ume tartean, Antep hirian (Gaziantep ofizialki). Gobernuak berehala PKKri, Kurdistango Langileen Alderdiari, egotzi zion erantzukizuna, gerrilla horrek biharamunean bertan ukatu arren atentatuarekin zerikusirik izatea. «Ez dugu zibilen aurka jotzen», erantsi zuen PKKren agiriak. Hala ere, BDP Bakearen eta Demokraziaren Alderdi kurduaren zortzi eraikin erre dituzte astean zehar.

Kurdistango mugimenduak Antepeko erasoa gaitzetsi du berriz ere. Baina Turkiako Gobernua tematuta dago. Beste alternatiba oso itsusia zaiolako, Espainiakoari martxoaren 11ko atentatuekin gertatu bezala. Erasoa Siriatik etorri zaiola esan gura du. «Turkia Europan sartzear egotetik Ekialde Hurbilean murgildu da, bere atentatu eta ume hilketekin», idatzi du asteon herrialdeko iritzi emaile batek. Eta horixe da hain justu ere gertatu dena. Egia da ez dela lehen aldia. Kurduek sarri salatu dute, Recep Tayyip Erdogan lehen ministroak gogor hitz egiten du Israelen aurka Gazako umeengatik, baina berdin-berdin dihardu Kurdistango umeen aurka.

Siriako erregimenaren eta PKKren arteko lotura bilatzen ari da, ezin urduriago, eta Washingtoni keinuren bat eskatzen. Siriako Kurdistanen, itxura batean, ederto ulertu dute une historikoaren garrantzia: Turkiarekiko eraso edo mehatxu txikienak pikutara bidaliko luke lortzen ari direna. Eta asko ari dira lortzen, Karlos Zurutuzaren erreportajeek erakutsi digutenez; kurduerazko irakaskuntzatik hasita.

Ankarak Siriari leporatzen dio PKK indartzea, Turkia desegonkortzeko. Baina arabiar udaberria baino lehendik dago, askoz ere lehenagotik, Kurdistango gerra. Eta frogatzerik ez dagoen salaketa horrekin Siriari erasotzeko mehatxua dator. Aldiz, aski frogatuta dago aurkakoa: Turkiak Siriako Armada Askea deiturikoari baseak eman dizkio, handik Sirian sartu eta Al-Assaden aurkako erasoak egiteko. Frogatu gabeko salaketarekin Siria inbaditu badezake, zer egin beharko luke Damaskok denek onartzen dutenaren aurrean? Ankara urduri dago, kurduak indartzen ikusita. Eta Siriari ezin erasota. Iranek gaztigatu dio dagoeneko Turkiari ez dakiola horrelakorik otu. Eta Errusia ere badago Damaskoren atzean, ezin ahaztu. Washington ere geroz eta mesfidatiago ei dabil oposizioko «bizardunekin», eta Qatarrek, Saudi Arabiak eta Turkiak ematen dioten babesarekin. Kurdu laiko ezkertiarrek lurralde zati bat liberatzea, azken batean, islamismoa mugatzeko era ere bada.

Baina horrek Turkiaren moral bikoitza agerian uztea dakar ostera ere. Siriako suniten aldarrikapenak babestu baina oposizioari presio egin kurduen eskaririk eta autonomiarik onar ez dadin etorkizuneko Sirian. Turkiaren zapalkuntza inoiz baino argiago geratzen ari baita. Kurduak bizi diren eskualde txikienak, Iraken eta Sirian, burujabetzan sartuta daude. Eta kurduen erdiak dauzkan estatuak, irekiera kosmetiko txiki baten ondoren, gerrarekin erantzun du atzera ere 2009tik. Espainiako legez kanporatze, egunkarien itxiera, alderdi, sindikatu eta gizarte zibileko ekintzaileen espetxeratze eta antzeko neurriekin, gainera. Antzekoegiak, kasualitatean sinesteko. Roboskik itxi zuen iazko urtea, 34 lagun hil zituen bonbardaketak, 13 urteko ume ugari tartean. Joan diren hilabeteotan etengabeak izan dira biktimen senideen atxiloketak, sarraskia salatzeagatik. Asteazkenean, inguru berean, 21 soldadu zeramatzan furgoneta maldan behera amildu zen. Bederatzi hil ziren, eta dozena bat zauritu. Roboskiko herritarrek atera zituzten burdin artetik eta sendagilearenera eroan. Hori da abegikortasun kurdua, ez sinestekoa.

Ekialderago, Semdinlin, Kurdistango borroka historiako orrialde berria ari da idazten. Hit-and-run (jo eta alde egin) taktikak zerabiltzan gerrilla eremu askea lantzen hasi da. Hilabete daramate borrokan eta Turkiako armada ezinean dabil Iran eta Irakeko Kurdistango mugek bat egiten duten eremua bereganatzeko. Euskaldunon lagun handia da Semdinliko alkate Sedat Tore. Hernaniko alkate zela Marian Beitialarrangoitiarekin bat egin zuen Veneziako topaketetan, eta tematuta dabil ordutik —urtebetetik gora— herriak senidetu daitezen, eta loturak sendotu. Hilabeteko bonbardaketen ondoren, baina, ez zaio elkartasunezko mezu bakar bat iritsi oraindik Euskal Herritik. Sahararra-palestinarra-venezuelarra-andaluza balitz, besterik izango zen, eta Bilboko Aste Nagusian bandera kurduren bat ere egongo zen. Eta Erdoganez eta Gazako umeekiko hipokrisiaz akordatzen gara.

BERRIAn argitaratua

No comments: