2012-08-12

Erreferenduma ez bada legezkoa...

Eskoziari buruz Westminsterko parlamentarien Batzordeak eman du iritzia: Eskoziak ez dauka erreferendumera deitzeko eskumenik. 1998an erreferendumean onartutako devolution edo autonomiak Londresen esku uzten du erreferendumak antolatzeko eskumena. Gutxi gorabehera, Espainian dagoen antzera. Edo Kanadako Auzitegi Gorenak Quebeci autodeterminazio eskubidea ukatu zion gisan.

Gertatzen da, bere egunean idatzi eta adostutako arauak gainditzen dituen borondate bat dagoela Eskozian, lehen Quebecen egon den legez. Eta borondate hori demokratikoki bideratzeko, eta iritzi horren pisua neurtzeko, unean uneko araudia horretara doitu behar da. Badakigu Espainiaren neurri demokratikoa non dagoen: 1978ko Konstituzioak langa jarri zuen lekuan jarri zuen —goregi, aspaldion entzuten direnen arabera— eta beraz langa horren pean ibili behar dute Espainiaren baitako proposamenek. Hortik kanpokorik ez da sartzen, katalanek estatutuarekin ikusi zuten legez, eta itun fiskalarekin aurki ikusiko duten legez. Eta Juan Jose Ibarretxek Madrilen sufritu zuen umilazioa legez. PSOE zegoen orduan agintean, eta umiliatu baino ez zuten egin. Alderdi Popularrak araututa zeukan ordurako Konstituzioa gaindi lezaketen lehendakarientzako espetxe-zigorra. Horretan laburbiltzen dira Espainiaren proposamenak, batek esango dizu zeure proposamena defendatu dezakezula, baina egikaritu ez, eta besteak espetxeratzeko mehatxua. Baina batak zein bestek ezin aintzat hartu herritarrei hitza ematea.

Arazoak daudenean, horiek detektatzea da konponbiderako lehen urratsa. Eskoziak independentzia erreferenduma egin nahi du. Eskoziak ez dauka erreferendumera deitzeko eskumenik. «Etengabeko eztabaida politiko eta legala, eta etorkizuneko ziurgabetasuna», horiek Eskozaren arriskuak erreferenduma «zalantzako oinarri legaletan» eginez gero. Ondorioz, «uste dugu egokiena gobernuak Eskoziako Parlamentuari 30. Atalean oinarritutako proposamen zehatza egitea dela boterea emateko, hark banaketari buruzko galdeketa antola dezan». Tankeak Edinburgora? Alex Salmond espetxera? Ez ba. Auzia bide berri batean sartzen da aurrerantzean, litekeena baita Eskoziako Gobernuak hirugarren aukera ere sartzea, devomax, independentziarik gabeko burujabetza gutxi gora behera, fiskalki batez ere. Horrek eztabaida berria dakar, ordea, gerta bailiteke Erresuma Batuak hori ez onartzea. Hau da, etxetik joan nahi baduzu, zoaz, baina etxean gelditzekotan, arau hauekin. Txekoslovakiako bereizketa gogorarazten du: ez zen erreferendumik egin eta inkestek ez omen zuten eslovakiar independentismoaren indar handirik erakusten. Baina estatu konfederala nahi izan zuten, botere zentral lausoa izango zuena. Eta Txekiak ez zuen onartu era horretan antolatzen estatua. Horretarako nahiago zuela Eslovakiarik gabe aurrera egitea, eta azkenean dibortzioa gauzatu zen.

Espainiako perspektibatik oso urrun geratzen diren kontuak dira. Baina Katalunian bidea oso markatuta dago. Itun fiskala da independentzia galdeketaren aurreko azken dikea. Bere burua gobernatzeko autonomia fiskala behar duela aldarrikatu du Parlamentuak. Espainiak, erdi demokratikoa balitz, negoziatzeko eskatuko lioke, baina oso urrun dauka kultura hori. Beti bezala muturretan ematea espero du mundu guztiak. Eta horra helduta, hauteskundeak eta erreferenduma.

Vilaweb-eko Vicent Partalek honela zioen herenegun: «Mas presidenteak herritarren babes osoa eskatu du itun fiskalerako eta normala da (...) esan izan dut gobernuaren ondoan egon behar dugula itun fiskalaren negoziazioan, baina Irailaren Hamaikako manifestazioak (...) independentziaren alde izan behar du. Ondo jokatu ditu kartak Masek (...) I-11n kalean independentismoa ikusiko da, independentismo transbertsal eta jendetsua, zeinaren zati den CiU ere. Horregatik ez dut irudikatzen itun fiskala eskatzen duen pankartarik: independentzia behin betiko itun fiskala da, ezin, beraz, zatia aldarrikatu, dagoeneko osoa eskatzen ari zarelarik». Zinez merezi du Partalen editoriala irakurtzea.

Batzuk eta besteek bide-orri argia daukate. Beren nazioak daukan autonomiako gobernuak deituko du erreferendumera, eta irabaziz gero independentzia aldarrikatu. Gure nazioak autonomia bat, bi edo zero ditu, nork hitz egiten duen. Baina erakunde batek deitu behar du erreferendumera, gutxienezko legezkotasunik izango badu. Aldundiek, erkidegoetako gobernuak edo dena delakoak. Zirt edo zart egin behar da. Kataluniak egin du. Euskal nazioaren izenean dihardutenek oraindik ez. Urtebete barru bi euskal erkidegoen buru euskal nazioaren ordezkariak egongo direlakoan? Espainiaren kasuan, B plana behar da beti. Eta Euskal Herrian C, eta D...

BERRIAn argitaratua

No comments: