2008-11-16

Piztu ilusioa

BERRIAn argitaratua

Aspaldikoa da txantxa: «EAJrik gabe oso zaila da, baina EAJrekin ezinezkoa». Etsipen uneetako esaldi etsigarria sarri erabili dute ezker abertzalean. Eta une etsigarri horietan egin ohi dute alderdi espainolek apustu handiena, orain profil antiabertzalea kendu eta are euskaltzale mozorroa ere jantzi arren -abertzaleek Nafarroan ikurrinak ezkutatzen dituzten gisan hartzen du PSEk mendebaldean estetika zurigorriberdea-.

Batzuek EAren erabakian etsipena gainditu eta ilusio berria piztuko lukeen egitasmo independentistaren ernamuina aurreikusi dute. «Militarismoa kendu eta mugimendu zibil eta transbertsala sustatu» beharra azpimarratu zuen Fermin Muguruzak orriotan. Mesfidantza ugari gainditu behar dira: EAk konplexurik gabeko apustua duela -eta ez ilegalizazioaz aprobetxatze hutsa-, eta ezker abertzaleak sarri erabili duen hegemonismoa gainditu eta benetako elkarlanerako gaitasuna agertuz. Aralarrekin piztutako ikamika sarri pertsonaletatik haratago begiratuz, adibidez.

Eta goikoak txikikeria egiten dituen mesfidantza handiena: «Militarismoa kendu» zioen Muguruzak. Espainiaren gerra gosearen salaketaren ondoan, gutxik aipatu dute Friendship-eko parlamentarioek beste zerbait ere nabarmendu dutela: Irlanda eta Hego Afrikan adar militarrak «politikoarekiko zeukan diziplina» falta dela hemen.

Hori gaindituta, dena da posible: EAJn egon litezkeenetatik kanpo hamazazpi parlamentario independentista daude Gasteizen. Gehitu horri noraezean den egitasmo jeltzalea, gora doan PSEren autonomismo sasimoderatua, eta hogeina parlamentarioren lehia erakargarria daukagu.

Esne saltzailearenak utzita, etsipena gainditzeko lana da gakoa. Ilusioa piztean beti erantzun baitu herri honek.

No comments: