2008-11-09

Guantanamera

BERRIAn argitaratua

Gehienek diote AEBetan aldaketak luze joko duela. Beste batzuek, berriz, lehen sei hiletan egiten ez dena, nekez egingo dela gerora. Beti dago hasierako xalotasuna eta lanerako gogoa urtzeko arriskua, eta ohikoa da borondate onena galtzea pragmatismoaren izenean. Kontuak kontu, gutxik barkatuko liokete agindutako gauza batzuk ez betetzea. Irak, kasu. Eta Guantanamo.

Ezin dut pentsatu datorren urtean Guantanamok bere horretan jarraituko duenik. Baina sinesten dut datorren urtean Espainiako legedi antiterrorista indarrean izango dela. Nazio Batuen txostenak dimisio mordoxka bat eragingo luke edozein herrialdetan, Errusian, Bushen AEBetan edo edozein koloretako Espainiako gobernuan izan ezik. Argi dio txostenak, beste herrialdeen antzera egon daitezkeen polizia gehiegikeriez haratago -etorkinen aurka batez ere dauden eraso eta tortura kasu isolatuak gutxietsi barik- euskal gatazkan kontrainsurgentzia taktika sistematikoa dela tortura. Etakideei informazioa eskuratzeko soilik balitz ere ez legoke justifikatuta, baina are okerrago da biztanle sektore oso baten aurkako terrore estrategia izatea.

Torturak beharrezko ditu babesleak. Hasieran isilik geratzen dira behinolako ezkertiarrak, ETAren aurka daudela argi gera dadin. Zintzotasunari behin traizio egin eta gero, lasai esaten dute tortura salaketak gezurrak direla. Asko jota, ikerketa eskatzen dute. Torturatzaileek torturak iker ditzatela. Eta Guantanamoz eta CIAren hegaldiez diharduten hedabideak, isilik, norbaitek hots egin balie bezala, edo zentsura frankistak orrialdea ezabatu. Baina Espainiako hedabideek ez dute ez zentsorerik ez telefono deirik behar, zer egin behar den ondo dakiten profesionalak dira.

No comments: