2008-02-19

«Ongi etorri Kosovoko errepublikara»

BERRIArako berriemale
Pristina-n BERRIArako berriemale

Ospakizunak ez du etenik Pristinan; Ameriketako Estatu Batuen onarpenak hiriburuko kaleetara atera ditu berriz ere milaka albaniar.

Pristinako kaleetan ospakizun betean daude asteburutik. Banderak etengabe astindu eta zarata artean ari dira ospatzen independentzia. Igandean aldarrikatutako alde bateko independentziak munduko potentzia nagusien sostengua zuela jakin ahala ekin zieten ospakizunei atzo. Estatu Batuen, Frantzia, Erresuma Batua eta Alemaniako ikurrak musukatu ere egin zituzten albaniarrek. Jaia, baina, igandean hasi zen.
Grand Hoteleko prentsa-aretoa jendez gainezka zegoen. Hashim Thaçi lehen ministroa 15:39etan iritsi zen: «Kosovo bere herritar guztiena da». Historia egiten ari zela jakitun denek espero zutena esan zuen: «Guk, herriak demokratikoki hautatuko buruzagiek, honen bidez aldarrikatzen dugu Kosovo estatu burujabe eta independentea dela». Bezperan lehertutako emozioak gainez egin zuen. Kosovoko eta Europa osotik etorritako albaniarrak estu besarkatu ziren, oihu egin zuten, barre, eta negar. «Ametsa bete da, azkenean independente gara. Ongi etorri Kosovoko errepublikara», zioen Arbenek beste lankide baten besarkadatik askatu berri, begiak gorri.
Kaleetan bezala, askok etxean ospatu zuten independentzia. Aurreko egunetan kaleak txukundu zituzten legez, igande goizean hainbat albaniar hilerrietatik pasa ziren, egun historikoa gozatzerik ez zutenen omenez.
OSPAKIZUNA, NEURRIZ.
«Ezin duzu imajinatu zeinen zoriontsu naizen. Serbiatik libre gara azkenean». Agime ari da hizketan. UÇK Kosovo Askatzeko Armadako gerrillarien bandera astintzen ari da. Hashim Thaçiren gobernuak egindako eskariek, hala ere, arrakasta izan zuten, eta independentzia jaia inor ez mintzeko gisan ospatu zuten. Umorea zen nagusi arrastian agertu kamisetetan: Independentzia vodka baino hobea da zioen batek, Independentzia sexua baino hobea da ondokoak. Pastel erraldoia ere egin zuten eta garagardo enpresak ehun mila botila banatu zituen dohainik.
Kosovoko manifestazioetan ohikoak ziren UÇKren aldeko eta serbiarren aurkako oihuak desagertu ziren igandean. Pavaresine (Independentzia) oihukatu zen nagusiki. Thaçiren izena ere bai. Ibrahim Rugova gogoan izan zuten askok, eta 2006. urtean hildako presidente ohiaren irudia eta mila esker zioten pankartak jarri zituzten kalean. Teuta, 29 urteko langabeak, malko artean, miresmenez hitz egin zuen: «Bera izan zen gure gidaria, bidea erakutsi zigun, nola eutsi zutik lehendabizi eta gero nola jokatu elkar hartuta».
Milaka arma dauden herrialdean independentzia tiroka ospatzea eragoztea ez zen erraza, baina telebistan bederen ez zen metraileten irudirik ikusi. Herrietan bestela izan arren, hiriburuan petardoak izan ziren ia leherketa bakarrak. Gaua helduta atera zuen batek edo bestek pistola airera tiro egiteko, eta lau zauritu izan ziren.
Kosovoko orkestrak Alaitasunaren ereserkia jo zuen, herrialdeak oraindik ez baitu berea onartu. Independentzia aldarrikatu eta berehala, errepublikako bandera berria ezarri zuten polizia-etxe eta zenbait eraikin ofizialetan.
ESTATUKO IKURRAK.
Kosovoko mapa eta herrialdeko sei etniak ordezkatzen dituzten beste hainbat izar dituena hautatu dute. Errezeloak uxatu dituzte askok, etxean inork erabiliko ez duela jakin arren. «Bost axola orain bertan, albaniarrek gurearekin jarraituko dugu, baina hau ere nirea izango da, nire estatuko bandera da, ez du axola gustuko dudan ala ez», esan zuen lehen aldiz banderaren azpitik pasa zen Blerim gazteak. Albania iparraldeko Kukes hiritik etorritako Rifatek lagun asko ditu Kosovon eta etxean izan zituen 1999ko iheslariak. «Zer ardura du bandera polita den ala ez? Nik uste Albaniak ere aldatu beharko zuela bandera, bi burudun arranoa albaniar guztientzat utzi, eta estaturako beste bat hartu, denok bat izan arte». Tiranak oraintsu baztertu zuen parlamentuan egindako proposamen hori.

No comments: