2008-02-29

Baztertuen artean baztertuenak

Mitrovica hiria zatiketaren sinbolo da Kosovon: hegoaldeko albaniarrek gogotik ospatu dute independentzia; iparraldeko serbiarrek, berriz, manifestazioak egiten dituzte egunero horren aurka. Inor gutxik erreparatu dio, baina, hiriko beste komunitateari, baztertuetan beti baztertuenak direnei. Batek ospatu eta besteak protestatu, ia beti irteten dira galtzaile ijitoak. Independentziarako prozesuan bertan ere ez dituzte kontuan hartu, nahiz eta 40.000 ijito bizi bertan.
Roma Mahalak 8.500 lagun zituen 1999ko gerra aurretik. NATOko bonbardaketen ostean, auzoko bizilagun gehienek alde egin zuten, Kosovoko ia berrehun mila ijitoen antzera, eta albaniarrak menditik edo erbestetik itzulitakoan mahala -romaniz herri edo komunitate esan nahi du- erraustu zuten. Egun UNMIK Nazio Batuen Kosovoko Misioaren harrotasuna dira berreraikitako etxe dotoreak, baina hormigoitik haratago doazen lanak behar dira egin.
Xhevrinje Osmani emakume gaztea da. Senarra eta bederatzi seme-alaba ditu, denak langabezian. Duela zazpi hilabete itzuli zen Roma Mahalara. «Leposavicen zazpi urtez egon gara kanpamenduetan-Kosovo iparraldeko iheslari kanpalekuan-, oso egoera txarrean. 1999an albaniarrak zetozela eta denek alde egin genuen, etxeak arpilatu eta erre zizkiguten, nahiz eta guk ezertan parte hartu ez. Biktima baino ez ginen izan».
MUTURREKO BIZIMODUA.
Roma Mahala txukun dago eraikita, baina ez dago lanik. Badira kexu diren elkarteak. Bashkim Ibishi elkarte horietako bateko arduraduna da. «Lehen ijitoak etxadi handietan bizi ziren, eta 50 metroko pisuetan sartu dituzte, gure ohiturekin zerikusirik ez duten bizimoduan». Xhevrinje, hala ere, pozik dago: «Gustuko dut pisu baten bizitzea. Arazoa da egoera jasangaitza dela, sartzean hiru hilerako laguntza eman ziguten, baina dena amaitu da. Ez dugu lanik eta lau egun daramatzagu irinik gabe».
Egunotako hotzari aurre egin behar diote eta sua egiteko gauzak zaborretan bilatzen dute. «Ume batzuk zaborretan dabiltza ez dugulako egurrik eta ezta diru sarrerarik, hirurogeita hamar euroko diru laguntza soilik. Semeak hamabost urte ditu, hanka txarto, eta bronkitisa du zabor artean janari bila ibiltzeagatik. Vushtriko medikuak dio zaborretako gasek gaixotu dutela. Zaborretan aurkitutako metala edo dena delakoa saltzen bakarrik ateratzen dugu zerbait noizbehinka».
Zakip, hamar urteko mutikoa, serbiar eskolara joaten da, han hasi baitzituen ikasketak, baina etxean albanieraz eta romaniz dihardute. «Minibusa dago eta nik bizitza normala egiten dut kalean, ahal diren erosketak, ez daukat arazorik inorekin. Arazoa da umeek ez dutela arroparik ez oinetakorik». Independentziaz ere galdetu diogu. «Independentziaz? Ba, ez dakit zer esan, onerako bada, ongi etorria, baina guretzat ere onuragarria izan dadila».
Mila lagun baino gutxiago bizi dira Roma Mahalan. «Zati txiki bat itzuli da, gutxiengoa, aukera balego gehiago etorriko lirateke, baina ez dago». Horixe uste du Xhevrinjek. Besteak Serbia eta Montenegrora eta, batez ere, Europako mendebaldera joan dira. Elkarteek salatzen dutenez Roma Mahala «egitasmo politikoa» da. Lehengo 8.500 lagunetatik %15 Kosovon edo Jugoslavia Ohian bizi da, baina gehienak Alemanian, Frantzian eta Belgikan daude. «Horregatik dirutza gastatu dute egitasmoan, erromaniak beren herrialdeetatik kanporatu nahi dituztelako».


«Ez dugu inoren limosnarik nahi, lanerako aukerak baizik»
Bashkim Ibishik Nazioarteko Integraziorako Zentroan dihardu, ijitoen eta ashkalien 32 erakunde biltzen dituen taldean. 1999ko gerran Montenegrora joan zen ihesi. Gauzak aldatu direla dio, baina bazterketa ez da amaitu.

Zenbat ijito zaudete Kosovon?
1980ko hamarkadako 200.000 lagunetik 35.000 eta 40.000 artean geratu gara. Gure herrian etxeak erre eta zortzi lagun hil zituzten, serbiarrak eta ijitoak, egun argiz, senideen aurrean. Geroago erratu egin zirela esan zidaten. NATOko KFOR tropak iritsitakoan ez zuten ezer egin, eta guk geure burua defendatzeko armak hartu genituen.
Martti Ahtisaariren planak hainbat eskubide aitortzen dizkie gutxiengoei, serbiarrei bereziki.
Serbiarrek albaniarrek baino eskubide gehiago dituzte batzuetan planaren arabera. Hainbat udalerri eratuko dizkiete, gutxieneko kopuruetara beti iritsi ez arren. Eta ijito komunitate askok behar den guztia beteta ere, ez dugu udalerririk izango. Paperean Europako konstituzio onena izango da gutxiengoentzat, Legebiltzarrean ere lekua gordetzen digute, baina hori betetzea falta da. Serbiarrek erakundeetan parte hartu nahiko balute ateak irekiko lizkiekete gutxiago izanda ere. Baina besteontzat ez du balio horrek. Estandar bikoitzen jokoa da.

Desplazatu eta iheslariek zein asmo dute?
Jendeak itzuli nahi du. Baina serbiarren itzuleraren argazkia bakarrik nahi dute. Ondorioz, Kosovon badira berreraikitako serbiar herriak, dena oso txukun baina hutsik, eta badaukazu itzuli egin den jendea, ijitoak adibidez, baina inolako laguntzarik ez dutenak.

Egoera zaila da denentzat. Bereziki baztertuta zaudetela sentitzen duzue?
Hara nazioarteko presentzia. UNMIKek milaka langile ditu, eta bi ijito baino ez gaude, jende prestaturik falta ez den arren. Presio egiten saiatzen gara, lan kualifikatua zein ez, emakumeen lana ere bai, garbitzaile gisa bada ere, kontratatu ditzatela, baina ez dute nahi. Ez dugu inoren limosnarik nahi, lanerako aukerak baizik.

Oraindik ez dago romanizko eskolarik?
Legez bai, denok omen dugu hezkuntza ama-hizkuntzan jasotzeko eskubidea, eta gerra aurrean bagenituen irakasleak, eskola liburuak, curriculuma, baina ez dago borondaterik Gobernutik. Gure erakundeak egiten ditu eskolak orain.

Eta lehen bazegoen?
Slobodan Milosevicen garaian ez. Jugoslavian astean bi ordu genituen romani hizkuntza, historia eta kultura ikasteko. Bagenituen lana eta aukerak, komunitate guztiak bat zetozen. Orain denek kritikatu arren, askok zuten gustuko Tito.

Eskolarik gabe etxean eusten diozue hizkuntzari?
Aurreko mendeetan bezala. Amak ditugu irakasle.

Eta mundu modernoan galtzeko arriskurik badago?
Bai. Baina eusteko era bakarra itxia ez izatea da. Nire semeak bi hizkuntza dakizki, albaniera eta romania, eta gehiago ikasiko ditu. Ez duzu Europan honelako beste komunitaterik aurkituko, hamabost milioi lagun, hara zer nolako baldintzatan, eta hala ere bakezaleak eta erresistentzian. Beste inork ez zukeen jasango.

Egon da kriminalik zuen artean?
Ez albaniarrek ez serbiarrek ez dute inolako salaketarik egin romani bakar baten aurka. Hagako Epaitegiak neuk baino hobeto daki hori.

Baina kolaborazionista gisa ikusten zaituztete.
Ez da egia denak Jugoslaviako presidente ohi Milosevicen alde geundenik, serbiarrek ni lau aldiz jipoitu ninduten. Alde bien jarrera beti da «nire alde edo nire aurka», eta bide batez, asozialaren aurka jotzen da, komunitateak ez daukalako defendatzeko tresnarik, balioak eta ohiturak familian eta auzunean gordetzen dira, ez goaz urrunago. Politikoki gutxi antolatutako komunitatea gara eta nazioartetik babestu behar gaituztenean ere ez dute egiten.

No comments: