2006-04-12

Sandzak

Etxean txikikeria txikienarengandik eztabaidatzen duen euskalduna kanpora begira inor baino internazionalistagoa da. Eta hor ez dago zer eztabaidaturik, dena dago zuri-beltzean, zintzoak eta gaiztoak ipini eta horrela ezer aztertzeko beharrik ez. Eskuin abertzaletik ezkerrera, distantziarekin batera urruntzen da ├▒abarduretarako tartea. Kurdu zintzoak eta kurdu gaiztoak? Kosovo? Holokaustoa? Tira, tira, hobe Chiapas, Palestina edo Sahara hartu mintzagai, eta denak ados.

Datozen asteotan Montenegro modan jarriko den susmoa daukat. Futbol-partida batean legez, denok montenegrozale, aurrera neska-mutilok, gaur Montenegro, bihar Euskal Herria. Atzo denak ginen quebectar, gaur out dago Montenegro mapan kokatzen ez dakiena.

Ni ere arreta handiz ari naiz prozesua jarraitzen, egia da. Baina prozesua bera interesatzen zait, herriek erabakitzeko ahalmena izatea. Ipar Ameriketan estatu anglofono bi edo frankofono berri bat sortzeak ez zidan aparteko ilusiorik egiten, eta Jakinen Quebeceko indigenei buruzko erreportaje interesgarri hura (Xabier Erize eta Pilar Marinek idatzia 126. alerako) irakurri ostean, zer esan: orain artean aski egurtu ez eta muga berria altxatu behar cree herritarren artean. Hori bai, autodeterminatzen. Bejondeigula.

Montenegro beti egin zait erakargarri, horratik. Izenetik bertatik hasita. Eta, sinpletzat har nazazue, baina mapan hain herri txikia ikusten duzularik sinpatia eragiten dizu. Iaz izan ginen han, ederra da, merkea, errepide kaxkarrak eta parranda itzela kostaldean zein Podgorican. Montenegroarrek serbiar, bosniar eta kroaziarren hizkuntza berbera daukate, alfabeto zirilikoa erabili izan dute duela bospasei urte arte eta historikoki kristau ortodoxoak izan dira. Zerk bereizten ditu serbiarrengandik, beraz? Erraz esanda, serbiarrak baino serbiarrago dira. 1389an Serbia Inperio Otomanoaren menpe jausi zenetik, zapalduaren izaera kontzientzia nazionaleko zati da. Montenegrok, berriz, beti eutsi izan dio independentziari. Cetinje hiriburuaren inguruko mendietan gotortuta, turkiarrek ez zuten inoiz lortu serbiar basa haiek menpean hartzerik. Erresistentziaren sena inork badauka barneraturik, montenegroarrak dira horiek.

90eko hamarkada hasieran uko egin zioten independentziari eta milaka montenegroar ibili ziren Jugoslaviako Armada Federalean borrokan, Dubrovniken bonbardeoan edo Bosnian, kasu. Radovan Karadzic bera montenegroarra da. Gerrak amaituta bahimendu ekonomikoa etorri zen, eta hor ekin zion Podgoricak Belgradotik urruntzeari, goseak haginak luze. Marko alemana eta gero euroa hartu zuten debaluazioz debaluazio zihoan dinarra bazter utzita, eta Kosovoko gatazkatik aparte gelditu ziren -bidenabar, NATOko bonbardaketak saihestuz-. Azken urteotan, estatu independentea izan da de facto federazio ahul batean, gura zituen neurriak hartzeko. Eta konturatu da Kroazia, bera bakarrik, askoz aberatsago bihurtu dela, eta Montenegro txikiak ere, bakarrik, hurbilago daukala Europa, Serbiaren zama ekonomikoa eta historikoa -gerretako, eta, batez ere, gerra-osteetako galtzaile- aldean hartu barik. Austriaz gogoratu naiz halako batean: II. Mundu Gerra ostean, egun batetik bestera, estatu nazi izatetik, naziek inbaditutako herrialde bihurtu zen.

Sandzak Bosniako zati izan zen Austria-Hungariak azken hori 1878an irentsi arte. Jugoslavia sortuz geroztik, Montenegro eta Serbiaren artean zatitutako eskualdea da. Biztanleen erdia baino gehiago "musulmanak, zentzu nazionalean" ziren Titoren garaian eta azken urteotan "bosniako" hitza nagusitu da -hizkuntzari bosniako deitze horretan denak ez datoz bat, askok serbiera deritze, beti ezagutu duten berba, alegia-. Orain, Bosniatik bereizten dituenaz gain Sandzakeko beste herrikideengandik bereizten dituen muga bat jarriko duten beldur dira.

Niri prozesuak interesatzen zaizkit, Quebecen zein Montenegron. Baina ez zuri-beltzeko munduak.

No comments: