2005-12-20

Barakaldotik mundura

(Berrian 2005-12-18an argitaratua)
B
adakigu ez dela egia, ez dela benetakoa, baina erreala da. Barakaldora goaz eta horregatik ez dugu mundua, Barakaldo, gure mundutxoa inarrosiko. Idazleek, kantariek, kazetariek ezagutzen dute honezkero zeinen lotsagabe jardun ohi diren inorenean muturra sartzen. Errezeloz hasieran, amorruz gero, inbidiaz azkenik, ebidentzia onartu eta berbaren artistak direla onartu baino ez zaie gelditu. Muturra inorenean sartuz eta jakinik inor gutxi sartuko dela bat-bateko jardunean. Eurak hartu dituztena baino beso-zabalagoz hartuko lituzkete, horratik. Ez zen erraza eremu berri gehiagotara iristea, bide luzea egin zuen sagardotegitik antzokira eta eskolara. Bertsolariak apal egin du azken urrats, hizkuntzaren mugaz jakitun, baina konplexu barik, berdin gazteleraren itsasoan Kuban, edo Euskal Herrian Nobel saridunen aurrean. Ez dakit berrehun, hirurehun, bostehun bertsolari dabiltzan gaur egun, batzuk plazaz plaza, besteak lagun artean. Gaur zortzi onentsuenak ariko dira txapel baten lehian kantari. Lehian bai, horrek beteko du plaza. Bestelako saioetarako geldituko gara betikook eta gaurtik aurrera sarean jausitako aleak. Baina sumatzen da, orain bai, gutxi pentsatuko genituen esparru horien, erdalgune horren errezeloa, inbidia puntu hori. Ondo egindako lanaren emaitza. Egurra (loretan itoko gara, bestela!!) beste baterako utz dezagun, eta bejondeiela gaurko zortziei eta Bertsozale Elkarteari.

No comments: