2005-12-12

Artaziak

Berria-ko 2005-XII-11n argitaratua

X
XI. mendean eta zentsura mintzagai. Artaziak zorrotz. Ez bagenekien irakatsi ziguten euskara ere ez zela territorio librea. Internetek demokraziak baino letra gutxiago ditu oraindik, esanak esan. Egunkari bat itxi eta beste bat zabaltzeko gauza gara, erronkazale beti euskaldunak. Zesarren emazte beti, erakutsi beharrean. Egiteko gaitasuna erakutsi behar, lanerako dohaina, sakrifiziorako ahalmena. Durangora erromes, berrogei urtez, eta ura bere bidean.
0 zenbakiak gordetzen ditugu etxean, badakigu dokumentu historikoa fosil ere bihur daitezkeela. Baina batzuek ez dute ez historia ez orainik gura, hain gutxi dokumenturik edo fosilik. Museoetan ere ez ei dugu ondo ematen. Demagun egunkari bat ixtea onargarri dela, demagun ikusi ditugun guztiak zilegi izan daitezkeela, demagun aurrera begira artazi gehiago behar dela. Hori guztia onartuta ere, sarraila jartzea nahiko ez eta liburutegiak erretzea zilegi ote da?
Bejondeizula etxean Euskaldunon Egunkaria zaharren bat badaukazu, konstituzio egunekoa-edo. Sarean erdarazko nahi beste hemeroteka bisitatu ahalko duzu, bere egunean Euskaldunon Egunkaria legez. Baina hura ixtean ez ziguten oraina eta geroa bakarrik itxi, IƱigo Aranbarrik idatzi bezalaxe, gure Sarajevoko Liburutegia erre zuten, geneukan guztia. Legez kanpoko izanda ere, ordura arte legezko zen egunkari hura ez dago inon kontsultatzerik. Ez zituen argitaratzea bakarrik debekatu, argitaratu izana ere zigortu zioten.

No comments: