2008-04-27

Etxeko eta kanpoko terroristak

Turkiari gerra egiten dioten gerrillari kurduak terroristak dira, baina ez Irani egiten diotenak. Ezta Kosovoko gobernuan diren UÇK-koak ere. Mandela bai, noski. Baita Nepalgo gobernua lortu duten maoistak ere.

FARC terroristen zerrendan dago, baina Espainiak elkarrizketa bultzatzen du. Berdin Israeli erasotzen dioten «terrorista» palestinarrekin. Gerrilla da, milizia bigarrena. Hau da, benetan gogor jotzen dutenean uzten diote terrorista izateari. Eta horrek pentsarazten du estatuek ez dutenean negoziatzen, ez dela borroka armatua dagoelako, horretara behartuko dituen borroka armatu aski ez dagoelako baizik (baina indar aski ez badago, gerrillek ere konturatu beharko lukete, zilegitasunak zilegitasun, indar metatzea egurra ematea baino garrantzitsuago dela).

Elkarrizketa da bidea itsasontzia bahitzean, bankuetako lapurretetan, Iraken eta Afganistanen bahituen biziak jokoan daudenean. Hemen, berriz, elkarrizketa errenditzea da. Axolagabekeriaren gradu gorena da. Elkarrizketa ezak edozein unetan biktima gehiago ekar ditzakeela jakinik, lehen ardura hori eragoztea izan beharko litzateke. Mozioen eta biktimen joko mediatiko antzuaz aspertuegi gaude. Orain torturatzaileak omentzen eta torturatuei kaleak kentzen dizkiete (tu quoque, EA?). Milaka torturatuk izan duten babes bakarra, berriz, espetxera bidean.

Kandido Saseta euskal erresistentzia armatuaren sinbolo da, noski. Terrorista petoa, gaurko terminologian. Baita duela 71 urte Gernika defenditzen zen Saseta batailoi osoa ere. Zer gura duzue esatea, Joxe Arregi terrorista eta Meliton Manzanas biktima diren lekuan, nik zalantza gutxi.

2008-04-20

Aime Cesaire

Puerto Ricon bada irudi bat beste ezerk baino beldur handiagoa ematen diena: Estatu Batuetako banderaren jaitsiera, eta uhartearen independentzia. Washingtonen kolonialismoaren amaiera bultzatzen dutenek ez dituzte botoen ehuneko bost lortzen. Baina, Estatu Batuentzat Gerra Hotzean izan zuen funtzioa galduta, orain zelan libratu ez dakiten eta diru laguntzetatik bizi den uhartea da.

Aime Cesaire handiak ere ez zuen sekula Martinikaren independentzia eskatu. Metropoliaren eta zurien asimilazioaren aurka oihu egin zuen, negritudea aldarrikatu eta bultzatu zuen Afrikako sustraietara itzultzea (izpirituala, ez Marcus Garveyk bezala, zeinak ontzi-konpainia ere eratu zuen), baina estatu independentea behin ere ez zuen eskatu. «Inola ere ez», erantzun zion kazetari bati, «hori kolonialistei jokoa egitea litzateke. Gutaz libratzeko aukera emango genieke».

Independentistek kritikatu zuten Cesaire. Baina ondoko uharte anglofono independenteetako herritarrak Martinikara doaz lan bila, ez alderantziz. Afrikako deskolonizazioak ikusi dugu zer ekarri dien. Dena kendu eta ezer gutxi eman ostean lotura garaiz eten zuen Europak, ongizatearen estatuak ezin zituen onartu horrenbeste pobre. Hobe independente eta atzerritar, metropoliko herritar bihurtzea baino. Gaur Martinikak azukrea ere inportatzen du Europatik. Imajinatzen duzue kolonia ohi guztiek atzera egitea eta metropoli ohietako herritar bihurturik herritarron eskubide eta zerbitzuak aldarrikatzea?

Independentziaren aurkakoek autodeterminazio eskubidea kolonialismoaren ondorio diren herrietan gauzatu behar dela diote. Ez ba. Aurkakoa da, hain justu ere.

2008-04-13

Zentsura mozioak

Carrero Blancoren eta Aznarren aurkako atentatuak ez dira terrorismo. Nazio Batuen Erakundeak terrorismoaz ematen duen definizioarekin geratuko naiz, zeinak dioen terrorismoa biztanleria zibilaren aurkako indarkeriazko ekintza indiskriminatua dela», Roberto Montero espainiar idazleak dio. Horren arabera, oso gutxi izan dira euskal gatazkan egondako eraso terroristak, esku beltzek Artxandan, Muskizen eta besteren batzuk kenduta.

Jendez gainezka doan trenean bonba leherrarazteak bete-betean bat egingo luke terrorismoaren definizioarekin. Baina euskal gatazkako atentatuek berezitasunik badute, noren kontra jo oso argi izan dutela da. Besterik da horrek borroka armatuari zilegitasunik ematen dion, helburua zehaztuta ere oso desberdina baitira erregea eta peoia, erregea eta jauregiko garbitzailea.

Ez da zuzena halaber zentsura mozioak legez kanporatzeekin parekatzerik. Oposizioak gobernua baino boto gehiago badu, beti dagoen aukera da. Besterik da horretarako zioak hipokrisia dosi handia izatea. Hilketa bat eta tortura kasu bi ditugu aurten, Arrasate protagonista dela. Egia da lehenak ez daukala atzera bueltarik, eta beti izan daiteke kritikagarri udaleko alderdiaren jarrera. Baina ANVk ez du atentatua egin, ez agindu ez txalotu. Tortura berriz, bada PSOE buru duen gobernuak egin, bultzatu eta agindutako erasoa. Terroristek ez, demokraziaren alde borroka antiterroristan omen diharduen estatuak egiten du. Eta alderdi horri emango diote alkatetza.

Badakit zinegotziak zerikusi gutxi daukala goi esferetako mugimenduetan. Erabat desproportzionatua da estatuari erasotzeko udal agintariei jotzea. Eta igualtsu desproportzionatua ETAren aurka jotzeko zentsura mozioak aurkeztea.

2008-04-06

Lotsa


Joan dira urte batzuk. Sakanako herri bateko jaietan, aurreko urteetan Guardia Zibila agertu zela kontatzen zidaten, udaletxean Espainiako bandera jartzeko. Pentsa dezakezue zenbat iraun zuen piper-potoak balkoian, eta zelan amaitu zuen. Hurrengo urtean ere agertu, eta udaletxean zegoen bandera bakarra iazkoa zela esan zieten. Kito problemak.

Nire herriko alkateak dio berak ez zukeela banderarik jarriko. Nire herriko alkatea oso postmodernoa baita trapu baten alde edo aurka ezer egiteko, baditu ardura handiagoak. Gizon jantzia da, Bizkaiko familia euskaldunean jaio eta Espainian eta Frantzian ikasia. Beti aurrera begira, arbasoen hizkuntza ahazteko gai ere izan da, hain da postmoderno nire herriko alkatea.

Nire herriko alkatea izan zen iaz bere alderdiko emaitzak hobetzea lortu zuen bakarretakoa, ederto baitaki populismoaren bidetik boto eskuindar eta hispanoenak erakartzen, Alderdi Popularrak ere zoriondu zion gisan. Bandera zor zien botoemaile horiei. Besteak, betiko jeltzaleak, lotsaren lotsaz dabiltza.

«Zer egingo zenukeen zuk, baina?». Egin beharrekoa ezin duzunean egin, duinagoa da alde egitea, baina zeinen goxoa den boterea. Borondatearen aurka, baina badaezpada ere ondo goian jarriko duela entzun genion. Inork ez diezaion eraso. Horretarako ere beti bezain antieuskalduna da gure hiriko alkatea. Bere koldarrean beheraxeago utzi balu, umiliazioa benetako abertzaleren batek konpon dezan... baina hori ere ez. Bejondeiola. Beste urrats bat lotsaren alkateen zerrendan, frankisten aldamenean. Duela 71 urte Artxandara igo ziren gudariak, ikurrina eskuan. Gaur alkate koldarrak tu egiten die.

2008-04-04

Europan ere kazetariak preso

Prentsa Askatasunaren Nazioarteko Eguna genuen atzo. Europako Batasunean egoera ezin hobea dela irakurri genion Olinpiar Jokoetako uztaietan eskuburdinen sinboloak jarri dituen Mugarik Gabeko Berriemaileak (RSF) erakundeari. Egia da Euskaldunon Egunkaria zabaltzea eskatu ziola Espainiari RSFk... bost urte eta gero. Bere garaian itxieraren azalpenak baino ez zizkion eskatu. «Europako Batasunean benetako askatasuna dago. Ez dago estatuak aginduta hildako kazetaririk, ez espetxeraturik, eta zentsura ofiziala desagertu da». Halaxe irakur daiteke RSFren txostenean, eta gero ETA, Italiako mafia eta Danimarkako musulman integristak aipatzen ditu erasotzaile gisa.

Euskal gatazkan hedabideen jardunaz oso kritikoa naiz (bake prozesuak bultzatu beharrean ahal elkarrizketaren aurkako diskurtsoan erantzukizun handia daukate batzuek), oso larria da kazetariek bizkartzainak izan beharra. Baina erakunde ilegal baten jardunaren ondorio da. Zer ote da kazetariak espetxeratzen dituen estatua? Teresa Toda, Jabier Salutregi eta Egin-eko beste kondenatuak zein zerrendatan dauzka RSFk? Berariaz «ahaztu» ditu, sarri gogorarazi baitiote Espainiak adierazpen askatasunaren aurka hartutako neurriak.

Ez kazetariekin bakarrik. Arnaldo Otegirekin hasi eta Ino Galparsoroganaino, ahoa zabaltzea da euren balizko delitua. Aski da ETArekin bat eginez mintzatu zarela esatea atxilo hartzeko. Eta edozein zentsura bezain gogorra da mehatxu ofizial hori. Espetxean sartzea bizirik hiltzea baita Espainian, erabat desagertzea mundutik. Ipar Koreatik informatzea baino zailagoa da euskal preso bati aurrez aurreko elkarrizketa egitea.

2008-04-02

Rubalcabak gerra nahi du

Luze doala entzun diogu. Zirkulazio heriotzekin batera esan du, antzeko istripuak balira bezala. Zer egingo diogu, tragedia gutxitzen saiatu eta aurrera. Tristea da inork ez esatea zerbait egin beharko duela hori eragozteko, bere beharra dela hau ez dadila luze joan.
Gerraren errezeta agintzen du Barne ministroak. «Aurrekoek bezala kale egingo du» leloa entzuten dugu beste aldean. Kale egingo du, baina bitartean, polito ari dira egurra ematen. Zapalkuntzaren aurrean zilegi dela defentsa? 80ko hamarkadan borroka armatua justifikatzen zutenek, dozenaka alkate eta parlamentario izanik, arrazoi gehiagorekin bultzatu beharko zuten demokraziaren itxura gordetzen ere saiatzen ez diren sasoiotan. Baina ez da hori kontua.
Eskuin abertzalea patxada autonomikoaren pistan lurreratzeko prestatzen ari da, inoiz ez dela aireratu jakin arren. Ez gaude 86an, nora joango zaizkio burujabetzaren aldeko jeltzaleak? EAra, Aralarrera? Adiskidea, hor hotz handiagoa egiten du. Etxera joango dira lasai asko, orain bertan independentismoaren zati handiena dagoen lekura, leihotik begira zain, enbatari erantzuteko ezgauza, miraria Estrasburgotik-edo etorriko ote den. Beste zati bat klandestinitatean dago, armekin edo gabe. Beste bat, hotz egiten duen alderdi txikietan. Eta espetxean azken zatia. Lau hamarkadatan inoiz baino jende gehiago dabil asteburu honetan errepideetan euskal preso politikoak bisitatzen. Eta apirilean beste 27 euskaldunen aurkako mehatxua. Etxean edo sasian, independentismoaren gaurko aukerak. Legal eta ilegalak: gurpil zoroa apurtu edo bertan ito, zuen esku.
Gerrarik ez. EH-Bai.

2008-03-23

Saint Patrick, Newroz eta gu

Hiru aberri egun ikusi ditu asteak. Saint Patrick irlandarrek, uharteko mugak demografiak ezabatuko dituelakoan. Baina non egongo ote da gaelikoa ordurako? Sinn Fein agintean duen gobernua ez da gai irlanderazko egunkari bakarrari eusteko. Badakit ahaleginak egin dituztela horretarako eta hizkuntza legea lortzeko, baina emaitzak begibistakoak dira iparrean zein hegoaldean.
Kurduek Newroz ospatu dute munduko bazterrik nahasienean. Turkia, Iran eta Siria bezalako herrialdeak ezer gutxik batu ditzake, baina horratx kurduak Ankarak, Teheranek eta Damaskok txikikeriak ahazteko eta zapalkuntzan elkarrekin jotzeko.
Euskal Herrian tradizio bien loturatik daukagu, irlandarren katolikotasunetik eta Newrozek islatzen duen berpizkundetik, biak batean Aberri Egunean. Berpizkundetik baino beste edozertatik sumatzen da hurbilago herri hau, horratik, Lapurdi eta Nafarroa Behereko lan txukunaz gain.
Batzuk, iragarritako urratsa emateko bertigoarekin, inoiz iragarri izanaz ere damu eta Madrilera merkealdian, botoak doan ere emateko prest zelan irten ez dakiten bidean konponbide duin eta umiliaziorik gabekoren bat eskaintzen badiete, lehendakaria sakrifikatuta ere. Besteek iragarri gabe baina noizbait eman beharreko urratsa emateko biderik ikusi ezin, jakin arren orain bertan eragozpen direla Lizarrarako (Garazi gutxienez ari da lanean).
Eta Espainia? Eroso, oso eroso. EAJ beldurtua, ezker abertzalea preso eta klandestino, eta besteak bere horretan garaipenera bidean.
Goazen bai, goazen Zapaterorengana, zabal hartuko gaitu. Loiola? Ajuria-Enea!

2008-03-16

Enbataren ondoren

Enbatak jo du aspaldiko gogorren eta itsasora begiratu dugu Bermeon, Donostian, Donibane Lohizunen. Artean ez genekien Telesfororen agindua zela. Candido Saseta komandantea etxera bidean zela. «Harro hadi, Kantauri itsasoa ta heien betiko loa betiko kanta zak. Geroari esaiok olatuetan herri-izarrak ez direla itzaltzen». Telesfororen beraren izarra bahitu nahi izan zuten duela 27 urte Espainiako tankeek. Argalaren izarra bahitzeko aitzakian Arnaldo Otegi espetxeratu duten legez. Saseta, Espainiaren etsaia. Argala, terrorista. Gerrako heroiak, terrorismoaren biktimak.
Enbatak jo du aspaldiko gogorrenen, eta Matxitxako parean bou Nabarra aurkitu ei dute. Cecil Day-Lewis-ek idatzi zuen, ez Lauaxetak: «Guduan sartu ziren galduko zutela aurreikusirik/ eta galdu egin zuten. Bizkaiko tirainak anitzen hezur / tematsuen gainean ari dira orain goitibeheiti./ Gainontzekoek euren untzien patu herdoildu bera / dute zain espetxeetan».
Saseta hil zen. Nabarra hondora joan zen. Durangoko bonbardaketa etorri zen segidan. Erbestea. Fusilamenduak. Espetxea. Atzo berriz bildu ginen Durangon. Txillardegi omendu genuen atzo. Eskerrik asko, Jose Luis. Ezin izan zuen etorri. Joseba ere, semea, ez zen etorri Durangora. Beste Joseba ere ez. Matxitxako, Durango, Gernika, Bilbo, Turtziozko manifestua eta hogei urteko isilunea. Hogei urte altxatzeko, Nabarratik Leturiara. Geroztik, mende erdi ibiltzen, otsoak eskutik hartu gabe. Txabi, Txikia, Argala, Telesforo, Santi, Txomin, Jon. Atseden hartzeko ordua da, lagun zaharrak biltzeko. EH-Bai. Saseta etxean da. Etxean behar zaituztegu zuek ere.

2008-03-09

Galderak (akritikotasun barik)

BERRIAko Larrepetiterako idatzia

Atentatuaren desproportzioa izugarria da. Berdin salatuko lukete Rubalcabari heldu baliote, baina gerra estrategian mundu guztiak ulertuko zuen. Dorrea ezin jan, eta jadanik peoi ere ez denari jotzea ankerregia da. Bidenabar, ez diet onartuko akritikotasun salaketarik, torturen inguruan ikerketak eskatzera mugatzen direnen aldetik. Zer eskatu ikasi ez duenari, sistema demokratikoetan gobernuentzat hedabideak ukiezinak direla?
Kolpea izugarria izan da. Ez gaitu harritu, horratik. Aspaldi idatzitako gidoi makabroaren urratsa izan da; Rubalcabak aurreratu zigun hurrengo kapitulua, aurrekoak iragarri legez. Eta gehiago egon daitekeela dio. Bazekien torturen, legez kanporatzeen eta espetxeratzeen espiralak zein erantzun izango zuen. Zapaterok berak esana da edozein agintariren ardura dela heriotzak saihesten ahalegintzea. Bazekiten poliziarekin bakarrik ezingo zela, baina segi espiralarekin, hala ere. Ez naiz ezer zuritzen ari, espiralaren amaiera eskatzen bakarrik.
Irakurketa politikoak ukatzea ere itsukeria da. Zer eta noiz egin duten, erabateko gehiengoa eskura jarri diote PSOEri. Eskuak libre eta PP argi garaituta, Zapaterok ausardia handiagoa erakuts lezakeelakoan? Bidenabar, EAJri giltza izateko ametsa zapuzteko? Ostiralekoak edozein urrats atzeratzen du, baina lau urte daude aurretik.
Azken kontu bat. Larria da hilketa bat. Larriagoa eragoztea erraz samarra zelarik. Baina bat larria bada, zer dira Espainiako kanpainan hildako sei emakumeak? Zergatik horiek ez dute kanpaina eten? Ez al da hipokrisia mingarria martxoaren 8ko manifestazioak debekatzea eta ETAren aurkakoak bultzatzea? Konpon ezazue behingoan gatazka, eta heldu benetako arazoei.

2008-03-02

Gora elurra!

BERRIAko Larrepetit-erako idatzia

Turkia hego Kurdistandik erretiratzen hasi da, asteazkenean «elurragatik etenaldia» egin eta ostiralean «helburuak bete» dituztela iragarri ostean. Hamasek Gazan irabazi ez zuen legez, eta Hezbollak Tsahal uxatu ez zuen legez, ez dira kurduak izan eskualdeko bigarren armada garrantzitsua kanporatu dutena. Bego, baina gora elurra!
Kurduek bai, PKKk bakarrik ez baitu egin. Nazioarteko erakundeetan diharduten albaniarrei Kosovoren independentzia ospakizunetan ez parte hartzeko agindu zieten legez (eta albaniarrek bete, noski!), Irakeko presidente Jalal Talabaniren alderdiak ere Turkiaren aurkako protestetan ez parte hartzeko eskatu die jarraitzaileei. Eta kurduek esana bete, noski! Gora elurra!
Kirkukeraino iristeko asmoa zeukaten turkiarrek, eta hamar kilometrora atzera egin dute. Baina badakite hiriburu historikoa berreskuratu nahi badute historiak -hau da, AEBek- hartu duen korrontearen kontra igeri egin beharko dutela berriz ere. Jadanik Washingtonek ez ditu beharrezko. Baina alde guztietako kurduek elkar behar dutela ikasi badute, badakite guk baino gehiago. Gora elurra!
(Lagun batek diost ea ez dudan Espainiako hauteskundeez ezer idatzi behar. Baina interes apurrik al dauka hegoaldeko estatu ultra horretan nork agintzen duen? Faxistei egin dakiekeen onena jaramonik eza dela dioten arduragabeen eta legearen izenean faxistok babesten dituztenen gainetik Gernikan, Donostian, Iruñean, Bilbon behar bezala aurre egiten diezuen antifaxista ausart horiei: eskerrik asko eta biba zuek!)
Gora elurra!

2008-02-29

Baztertuen artean baztertuenak

Mitrovica hiria zatiketaren sinbolo da Kosovon: hegoaldeko albaniarrek gogotik ospatu dute independentzia; iparraldeko serbiarrek, berriz, manifestazioak egiten dituzte egunero horren aurka. Inor gutxik erreparatu dio, baina, hiriko beste komunitateari, baztertuetan beti baztertuenak direnei. Batek ospatu eta besteak protestatu, ia beti irteten dira galtzaile ijitoak. Independentziarako prozesuan bertan ere ez dituzte kontuan hartu, nahiz eta 40.000 ijito bizi bertan.
Roma Mahalak 8.500 lagun zituen 1999ko gerra aurretik. NATOko bonbardaketen ostean, auzoko bizilagun gehienek alde egin zuten, Kosovoko ia berrehun mila ijitoen antzera, eta albaniarrak menditik edo erbestetik itzulitakoan mahala -romaniz herri edo komunitate esan nahi du- erraustu zuten. Egun UNMIK Nazio Batuen Kosovoko Misioaren harrotasuna dira berreraikitako etxe dotoreak, baina hormigoitik haratago doazen lanak behar dira egin.
Xhevrinje Osmani emakume gaztea da. Senarra eta bederatzi seme-alaba ditu, denak langabezian. Duela zazpi hilabete itzuli zen Roma Mahalara. «Leposavicen zazpi urtez egon gara kanpamenduetan-Kosovo iparraldeko iheslari kanpalekuan-, oso egoera txarrean. 1999an albaniarrak zetozela eta denek alde egin genuen, etxeak arpilatu eta erre zizkiguten, nahiz eta guk ezertan parte hartu ez. Biktima baino ez ginen izan».
MUTURREKO BIZIMODUA.
Roma Mahala txukun dago eraikita, baina ez dago lanik. Badira kexu diren elkarteak. Bashkim Ibishi elkarte horietako bateko arduraduna da. «Lehen ijitoak etxadi handietan bizi ziren, eta 50 metroko pisuetan sartu dituzte, gure ohiturekin zerikusirik ez duten bizimoduan». Xhevrinje, hala ere, pozik dago: «Gustuko dut pisu baten bizitzea. Arazoa da egoera jasangaitza dela, sartzean hiru hilerako laguntza eman ziguten, baina dena amaitu da. Ez dugu lanik eta lau egun daramatzagu irinik gabe».
Egunotako hotzari aurre egin behar diote eta sua egiteko gauzak zaborretan bilatzen dute. «Ume batzuk zaborretan dabiltza ez dugulako egurrik eta ezta diru sarrerarik, hirurogeita hamar euroko diru laguntza soilik. Semeak hamabost urte ditu, hanka txarto, eta bronkitisa du zabor artean janari bila ibiltzeagatik. Vushtriko medikuak dio zaborretako gasek gaixotu dutela. Zaborretan aurkitutako metala edo dena delakoa saltzen bakarrik ateratzen dugu zerbait noizbehinka».
Zakip, hamar urteko mutikoa, serbiar eskolara joaten da, han hasi baitzituen ikasketak, baina etxean albanieraz eta romaniz dihardute. «Minibusa dago eta nik bizitza normala egiten dut kalean, ahal diren erosketak, ez daukat arazorik inorekin. Arazoa da umeek ez dutela arroparik ez oinetakorik». Independentziaz ere galdetu diogu. «Independentziaz? Ba, ez dakit zer esan, onerako bada, ongi etorria, baina guretzat ere onuragarria izan dadila».
Mila lagun baino gutxiago bizi dira Roma Mahalan. «Zati txiki bat itzuli da, gutxiengoa, aukera balego gehiago etorriko lirateke, baina ez dago». Horixe uste du Xhevrinjek. Besteak Serbia eta Montenegrora eta, batez ere, Europako mendebaldera joan dira. Elkarteek salatzen dutenez Roma Mahala «egitasmo politikoa» da. Lehengo 8.500 lagunetatik %15 Kosovon edo Jugoslavia Ohian bizi da, baina gehienak Alemanian, Frantzian eta Belgikan daude. «Horregatik dirutza gastatu dute egitasmoan, erromaniak beren herrialdeetatik kanporatu nahi dituztelako».


«Ez dugu inoren limosnarik nahi, lanerako aukerak baizik»
Bashkim Ibishik Nazioarteko Integraziorako Zentroan dihardu, ijitoen eta ashkalien 32 erakunde biltzen dituen taldean. 1999ko gerran Montenegrora joan zen ihesi. Gauzak aldatu direla dio, baina bazterketa ez da amaitu.

Zenbat ijito zaudete Kosovon?
1980ko hamarkadako 200.000 lagunetik 35.000 eta 40.000 artean geratu gara. Gure herrian etxeak erre eta zortzi lagun hil zituzten, serbiarrak eta ijitoak, egun argiz, senideen aurrean. Geroago erratu egin zirela esan zidaten. NATOko KFOR tropak iritsitakoan ez zuten ezer egin, eta guk geure burua defendatzeko armak hartu genituen.
Martti Ahtisaariren planak hainbat eskubide aitortzen dizkie gutxiengoei, serbiarrei bereziki.
Serbiarrek albaniarrek baino eskubide gehiago dituzte batzuetan planaren arabera. Hainbat udalerri eratuko dizkiete, gutxieneko kopuruetara beti iritsi ez arren. Eta ijito komunitate askok behar den guztia beteta ere, ez dugu udalerririk izango. Paperean Europako konstituzio onena izango da gutxiengoentzat, Legebiltzarrean ere lekua gordetzen digute, baina hori betetzea falta da. Serbiarrek erakundeetan parte hartu nahiko balute ateak irekiko lizkiekete gutxiago izanda ere. Baina besteontzat ez du balio horrek. Estandar bikoitzen jokoa da.

Desplazatu eta iheslariek zein asmo dute?
Jendeak itzuli nahi du. Baina serbiarren itzuleraren argazkia bakarrik nahi dute. Ondorioz, Kosovon badira berreraikitako serbiar herriak, dena oso txukun baina hutsik, eta badaukazu itzuli egin den jendea, ijitoak adibidez, baina inolako laguntzarik ez dutenak.

Egoera zaila da denentzat. Bereziki baztertuta zaudetela sentitzen duzue?
Hara nazioarteko presentzia. UNMIKek milaka langile ditu, eta bi ijito baino ez gaude, jende prestaturik falta ez den arren. Presio egiten saiatzen gara, lan kualifikatua zein ez, emakumeen lana ere bai, garbitzaile gisa bada ere, kontratatu ditzatela, baina ez dute nahi. Ez dugu inoren limosnarik nahi, lanerako aukerak baizik.

Oraindik ez dago romanizko eskolarik?
Legez bai, denok omen dugu hezkuntza ama-hizkuntzan jasotzeko eskubidea, eta gerra aurrean bagenituen irakasleak, eskola liburuak, curriculuma, baina ez dago borondaterik Gobernutik. Gure erakundeak egiten ditu eskolak orain.

Eta lehen bazegoen?
Slobodan Milosevicen garaian ez. Jugoslavian astean bi ordu genituen romani hizkuntza, historia eta kultura ikasteko. Bagenituen lana eta aukerak, komunitate guztiak bat zetozen. Orain denek kritikatu arren, askok zuten gustuko Tito.

Eskolarik gabe etxean eusten diozue hizkuntzari?
Aurreko mendeetan bezala. Amak ditugu irakasle.

Eta mundu modernoan galtzeko arriskurik badago?
Bai. Baina eusteko era bakarra itxia ez izatea da. Nire semeak bi hizkuntza dakizki, albaniera eta romania, eta gehiago ikasiko ditu. Ez duzu Europan honelako beste komunitaterik aurkituko, hamabost milioi lagun, hara zer nolako baldintzatan, eta hala ere bakezaleak eta erresistentzian. Beste inork ez zukeen jasango.

Egon da kriminalik zuen artean?
Ez albaniarrek ez serbiarrek ez dute inolako salaketarik egin romani bakar baten aurka. Hagako Epaitegiak neuk baino hobeto daki hori.

Baina kolaborazionista gisa ikusten zaituztete.
Ez da egia denak Jugoslaviako presidente ohi Milosevicen alde geundenik, serbiarrek ni lau aldiz jipoitu ninduten. Alde bien jarrera beti da «nire alde edo nire aurka», eta bide batez, asozialaren aurka jotzen da, komunitateak ez daukalako defendatzeko tresnarik, balioak eta ohiturak familian eta auzunean gordetzen dira, ez goaz urrunago. Politikoki gutxi antolatutako komunitatea gara eta nazioartetik babestu behar gaituztenean ere ez dute egiten.

2008-02-24

Aurrekari edo salbuespen

BERRIAko Larrepetiten argitaratua

Kosovo aurrekari edo salbuespen den eztabaidan, gogoratu beharko dugu batak ez duela bestea kentzen. Orain bertan salbuespena da, estatua eratu nahi, metropolia aurka egon eta mendebaldeak onartu dion bakarra baita. Zisjordania/Palestina, Faroe uharteak, Puerto Rico edo Quebec izan litezke hurrengoak, baina metropoliak onartuta izango lirateke. Saharak eta Tibetek (baita Kanakiak zein Taiwanek) jai dute Rabat, Pekin eta Paris hartara limurtu ezean. Salbuespena ez da independentzia gogoa, hura ahalbidetzea baizik, nazioarteko komunitatea deitu zaion horren joko bikoitza alegia.
Kosovo jadanik independente zela diote, eta ez zegoela modurik estatu berria Serbiaren azpira itzul zedin. Lagun onak bilatu ditu Kosovok, asmatu du horretan. Gero egonarria, zuhurtzia eta pragmatismoa ezarri ditu. UÇK Albaniarekin bat egiteko hasi zen borrokatzen, eta Ahtisaari plana onartu dute, serbiarrei autonomia zabala emateaz gain Tiranarekin batasuna debekatzen duena. Ederto jokatu dituzte kartak, bejondeiela.
Kurdu askok ere antzeko ametsa izan zuten, Ekialde Hurbileko proxy gringoa izatearen babesa zeukatelakoan. Ez nuke esango Washingtonekiko leialtasuna albaniarrek baino okerrago agertu dutenik, baina emaitzak askoz kaskarragoak dira: ia burujabe zenbait lurraldetan, baina Konstituzioak erreferenduma agindu arren, Kirkuk hiriburu historikoa geroz eta urrunago daukate. PKKren aitzakian argi ari da erakusten Turkiako armadak ez duela inoiz utziko Kirkukeko petrolio-putzuak kurduen eskuetan egon daitezen. Imajinatzen duzue Serbiak horren erdirik egin eta Kosovoko marra zeharkatu balu?
Irabazle izan arren kartak jokatzen jakin behar da. Okerrena da aspaldion kartarik ere ez digutela ematen.

2008-02-20

«Serbiarentzat ere ona da gertatu dena, sekulako zama kendu dute»

Avni Spahiu - Radio Kosovako zuzendaria

Avni Spahiu kazetari eta idazlea Kosovoko irrati publikoko zuzendaria da. Pristina osotik ikusten den eraikin erraldoian hartu gaitu. Langileek, irribarretsu, urime (zorionak) esaten diote oraindik elkarri. Spahiu ere oso baikor dago Kosovoko errepublikaren erronken aurrean.

Independentzia aldarrikatuta, zeintzuk dira hurrengo urratsak?
Datozen asteetan konstituzio berria onartuko dugu, [NBEren ordezkari berezi Martti] Ahtisaariren planaren arabera, gobernuak onartu berri duen bezala, nazioarteko komunitatearekin elkarlanean. Eta ereserkia ere onartzeko dago.

Eta ekonomikoki?
Status faltak sakondu ditu arazoak. Hori konpondu denez, enpresen errezeloak desagertuz joango dira. Kosovon inbertsioak behar ditugu, eta ziur gaude independentziak ekarriko dizkigula. Diaspora handi eta aberatsa daukagu Europan eta Ameriketan, eta Europako Batasunak ere erronka garrantzitsua onartu du, herrialde bakar batean izan duen handiena.

Kosovoko serbiarrek ez dute onartu independentzia.
Kosovoko Legebiltzarrean dauden gutxiengo guztiek izenpetu dute independentzia serbiarrek izan ezik. Belgraden presio latza sufritzen ari dira. Argi erakutsi behar diegu herrialde hau ez dagoela serbiarren aurka, gure banderako izarretako bat haiena da, eta beldurrek ez dute zentzurik. Ordezkaritza handiegia izatea ere onartu dugu, biztanleen ehuneko bostek Legebiltzarraren ehuneko hamabost izango dute. Irratian baditugu serbiarrak, inolako arazo barik, ziur naiz denbora pasa ahala murriztuko dela presioa. Galdetu Kosovoko jendeari, eta serbiarrak ongi etorriak direla esango dizute, kriminalak izan ezik.

Errusia dauka Serbiak atzean, eta NBE Nazio Batuen Erakundean tokia izatea eragotziko dizue Moskuren betoak.
Badakigu Errusiatik gauza on gutxi etorriko direla. Baina bi bide daude Nazio Batuen Erakundean ordezkaritza izateko, NBEko Segurtasun Kontseilua da bata, ezinezkoa oraingoz; eta bestea NBEko Batzar Nagusiaren bi heren alde izatea. Espero dugu laster herrialde askoren babesa izatea. Serbiarentzat ere ona da gertatu dena, sekulako zama kendu dute lepotik. Konturatuko da Europako Batasunera begiratu behar duela. Mugarik gabe ez da arazorik izango hona etortzeko eta monumentuak bisitatzeko. Orain zaila da haientzat, ulertzen dugu haserrea, baina urteetako errepresioa sufritu dugu, gure etxetik bota gintuzten, garbiketa etnikoa egin nahi izan zuten. Ezin dugu elkarrekin bizi.

Eta Albaniarekin?
Albania eratu zutenean albaniarren erdiak baino gehiago kanpoan geratu ziren. Europako leku bakarra zen alde guztietan bere herrikideez inguraturik zegoena. Ahtisaariren planak dio ezin dugula Albaniarekin bat egin. Hori da baldintza eta onartu dugu. Nortasun, hizkuntza eta kultura bera ditugu, baina luzaro egon gara bereizita. Ados gaude, bi estatu albaniar egongo dira. Europako Batasunean, agian, onerako izango da: boto bakarraren ordez, bi izango ditugu.

2008-02-19

"Errusia, lagun gaitzazu"

BERRIArako berriemale

Mitroviça

Mitroviçako iparraldean bizi diren serbiarrak manifestazio jendetsua egin dute
Kosovo Serbia dela aldarrikatzeko. Mitroviça Mitroviça hirian daukate kezka handiena Kosovon lanean ari diren nazioarteko erakundeek. Hiria bitan zatituta dago. Albaniarrak hegoaldean bizi dira eta independentzia aldarrikapena ospatu dute egunotan, baina iparraldeko serbiarrek ez dute onartzen adierazpena. Atzo manifestazio jendetsua egin zuten Kosovo Serbia dela aldarrikatzeko, bai Mitroviçan bai Kosovoko beste zenbait herri serbiarretan. Goizeko hamabietan milaka lagun bildu ziren Mitroviça iparraldeko plaza batean, banderak astintzen, Serbia oihukatuz, eta Kosovori buruzko kantak behin eta berriz abestuz. Serbiatik eta Montenegrotik etorritako hainbat politikari ere izan ziren manifestazioan, eta AEB Ameriketako Estatu Batuen eta NBE Nazio Batuen Erakundearen aurkako pankartak eta Errusiaren aldekoak erakutsi zituzten. Gerra Hotz berria balitz bezala, albaniarren eremuan Estatu Batuetako dozenaka bandera daude, Bill Clintonen argazkiak ere hainbat dira, serbiarrak berriz, Moskura begira daude eta Vladimir Putinen erretratua dago Mitroviça iparraldeko bazter guztietan. Errusia, lagun gaitzazu zioen manifestarietako batek zeraman afixak.
MITROVIÇAKO ZUBIRAINO.
Kosovo osoko tentsiorik handiena egon ohi den Mitroviçako zubiraino jaitsi ziren manifestariak. Hiru polizia-lerro zituzten zain. Zubia zaintzen duten frantses soldaduak atzean, poloniarrak eta beste herrialde batzuetako poliziak tartean, eta herriko etxeko arduradunak eta paramilitar ohi batzuk aurrean. Noizean behin bultzadaren bat edo beste egon arren, ez zuten albaniarren aldera joateko ahaleginik egin, eta protesta lasai amaitu zuten. Independentzia aldarrikatu zenetik nazioarteko erakundeko misioaren aurkako eraso batzuk izan dira Kosovo iparraldean, baina txikiak oro har, eta ez da zauriturik egon. Hala ere, oso desberdina da giroa etengabeko ospakizunean dauden albaniarren herrietan eta irribarrea oso garesti dagoen serbiarrenetan. Kontratatutako itzultzaile albaniarrak zubiaren beste aldean utzita joan ziren kazetari gehienak iparraldera, eta laguntzea erabaki zuen batek edo bestek atzera joan behar izan zuen. «Zuek gera zaitezte, baina albaniar hori ez dugu hemen ikusi nahi, doala bere aldera» esan zion ozen BERRIA eta ETBko kazetari talde bati manifestazioaren antolatzaileetako batek. Euskal Herriko zein Kataluniako kazetari gehienek espainiarrak direla esan ohi dute Mitroviça iparraldean. Dragojek eliza ortodoxoko ikurrak zeramatzan aldean, eta ez zuen kazetarien aurrean etsipena ezkutatzen. «Nola nahi duzue onartzea gure lurraldea lapur diezaguten? Edo Kosovo zatitzea, gure monumentuak eta hainbat senide hegoaldean daudelarik?». Hashim Thaçi Kosovoko lehen ministroa «terrorista» bat baino ez dela uste du Dragojek: «Hainbat serbiar hil ditu, nola fidatu gara bere hitzaz? Euskaldunak askatzea onartuko al zenukete zuek?»

Oliver Ivanovic: «Ez da lurraldetasun kontu hutsa, Serbiaren bihotza da Kosovo»

Mitroviça

Oliver Ivanovic Kosovoko serbiarren buruzagi errespetatuenetakoa da. Kosovoko Legebiltzarreko diputatua ere izan zen, azken hauteskundeetan gehienek eskatutako boikotarekin bat egin arren. Kosovoko Zerrenda Serbiarra alderdiko buruzagia da. EB Europako Batasunaren misioa ezin duela momentuz babestu dio, Nazio Batuen Erakundearen ebazpenaren aurka doalako, baina hala ere elkarlana behar dela uste du. «Horrek ez du esan nahi estatua aitortzen dugunik, baina hemengo nazioarteko indarrak behar dira luzaroan, eta paradoxa izan arren, Europa Nazio Batuak baino hobea izango da».

Kosovok independentzia aldarrikatu du. Zer jarrera duzue horren aurrean?
Guk ez dugu aitortzen independentzia, eta ez dut uste etorkizun hurbilean egingo dugunik. Eta Belgradek ere jarrera gogortuko duela uste dut. Ez da lurraldetasun kontu hutsa, Serbiaren bihotza da Kosovo. Espainiak Euskal Herria galtzea baino gogorragoa da guretzat. Kosovoko serbiarrak depresioan daude orain, gero haserretu egingo dira eta biktima sentitze hori oso arriskutsua da Balkanetan.

Parlamentu propioa eratuko al duzue Kosovon?
Gerta liteke, baina ez dut uste ideia ona denik. Zilegitasuna kenduko digu, baditugu egitura batzuk, eta Kosovoko Legebiltzarreko diputatu serbiarrek alde egin dute, ez dute estatu independenteko diputatu izan nahi. Nazio Batuen Erakundeko 1244 ebazpenaren aurka doala diogu, baina guk ere ebazpena urratzen duen zerbait eginez gero (lurraldea zatitzea eta parlamentua eratzea), aitzakia ederra jarriko diegu. Bereizketa badago orain bertan eta hori legeztatzen ahaleginduz gero, daukagun apurra galduko dugu. Kosovoko Polizian serbiar batzuk ere ari dira lanean. Bere komunitateko presio handia dute, ezta? Bai, hori dut orain ardura handiena. Ezegonkortasun handia egon daiteke, poliziek lana utziz gero, baina herritar xumeek aurpegiratu egiten diete independentzia aldarrikatu duen estatua zerbitzatzen ari direla. Hala ere, Kosovo beharrean beren komunitateentzat lan egiten dutela jakin beharko lukete. Haiek kenduz gero, KFOReko indar gehiago etorri beharko dira, eta arazo gehiago izango ditugu.

Hemen iparraldean bai, baina hegoaldeko herrietan bizi diren serbiarrek bertan jarraitzeko asmoa al dute?
Badakit azken egunotan askok seme-alabak bidali dituztela Serbiara, egoera zelan doan ikusi arte. Segurtasuna da ardura handiena, eta ulertu behar da jendearen kezka eta beldurra. Iparraldean are handiagoa da beldur hori ziur aski, herrietan beti dago harremanen bat hedabideetan agertu ez arren. Baina serbiarrak ez dira fidatzen, nahiz eta ez dudan uste ezer gertatuko denik. Albaniarrek ondo dakite 2004. urteko martxoko gertakariek zer nolako kaltea egin zieten eta orain inoiz baino segurtasun handiagoa dagoela deritzot.

«Ongi etorri Kosovoko errepublikara»

BERRIArako berriemale
Pristina-n BERRIArako berriemale

Ospakizunak ez du etenik Pristinan; Ameriketako Estatu Batuen onarpenak hiriburuko kaleetara atera ditu berriz ere milaka albaniar.

Pristinako kaleetan ospakizun betean daude asteburutik. Banderak etengabe astindu eta zarata artean ari dira ospatzen independentzia. Igandean aldarrikatutako alde bateko independentziak munduko potentzia nagusien sostengua zuela jakin ahala ekin zieten ospakizunei atzo. Estatu Batuen, Frantzia, Erresuma Batua eta Alemaniako ikurrak musukatu ere egin zituzten albaniarrek. Jaia, baina, igandean hasi zen.
Grand Hoteleko prentsa-aretoa jendez gainezka zegoen. Hashim Thaçi lehen ministroa 15:39etan iritsi zen: «Kosovo bere herritar guztiena da». Historia egiten ari zela jakitun denek espero zutena esan zuen: «Guk, herriak demokratikoki hautatuko buruzagiek, honen bidez aldarrikatzen dugu Kosovo estatu burujabe eta independentea dela». Bezperan lehertutako emozioak gainez egin zuen. Kosovoko eta Europa osotik etorritako albaniarrak estu besarkatu ziren, oihu egin zuten, barre, eta negar. «Ametsa bete da, azkenean independente gara. Ongi etorri Kosovoko errepublikara», zioen Arbenek beste lankide baten besarkadatik askatu berri, begiak gorri.
Kaleetan bezala, askok etxean ospatu zuten independentzia. Aurreko egunetan kaleak txukundu zituzten legez, igande goizean hainbat albaniar hilerrietatik pasa ziren, egun historikoa gozatzerik ez zutenen omenez.
OSPAKIZUNA, NEURRIZ.
«Ezin duzu imajinatu zeinen zoriontsu naizen. Serbiatik libre gara azkenean». Agime ari da hizketan. UÇK Kosovo Askatzeko Armadako gerrillarien bandera astintzen ari da. Hashim Thaçiren gobernuak egindako eskariek, hala ere, arrakasta izan zuten, eta independentzia jaia inor ez mintzeko gisan ospatu zuten. Umorea zen nagusi arrastian agertu kamisetetan: Independentzia vodka baino hobea da zioen batek, Independentzia sexua baino hobea da ondokoak. Pastel erraldoia ere egin zuten eta garagardo enpresak ehun mila botila banatu zituen dohainik.
Kosovoko manifestazioetan ohikoak ziren UÇKren aldeko eta serbiarren aurkako oihuak desagertu ziren igandean. Pavaresine (Independentzia) oihukatu zen nagusiki. Thaçiren izena ere bai. Ibrahim Rugova gogoan izan zuten askok, eta 2006. urtean hildako presidente ohiaren irudia eta mila esker zioten pankartak jarri zituzten kalean. Teuta, 29 urteko langabeak, malko artean, miresmenez hitz egin zuen: «Bera izan zen gure gidaria, bidea erakutsi zigun, nola eutsi zutik lehendabizi eta gero nola jokatu elkar hartuta».
Milaka arma dauden herrialdean independentzia tiroka ospatzea eragoztea ez zen erraza, baina telebistan bederen ez zen metraileten irudirik ikusi. Herrietan bestela izan arren, hiriburuan petardoak izan ziren ia leherketa bakarrak. Gaua helduta atera zuen batek edo bestek pistola airera tiro egiteko, eta lau zauritu izan ziren.
Kosovoko orkestrak Alaitasunaren ereserkia jo zuen, herrialdeak oraindik ez baitu berea onartu. Independentzia aldarrikatu eta berehala, errepublikako bandera berria ezarri zuten polizia-etxe eta zenbait eraikin ofizialetan.
ESTATUKO IKURRAK.
Kosovoko mapa eta herrialdeko sei etniak ordezkatzen dituzten beste hainbat izar dituena hautatu dute. Errezeloak uxatu dituzte askok, etxean inork erabiliko ez duela jakin arren. «Bost axola orain bertan, albaniarrek gurearekin jarraituko dugu, baina hau ere nirea izango da, nire estatuko bandera da, ez du axola gustuko dudan ala ez», esan zuen lehen aldiz banderaren azpitik pasa zen Blerim gazteak. Albania iparraldeko Kukes hiritik etorritako Rifatek lagun asko ditu Kosovon eta etxean izan zituen 1999ko iheslariak. «Zer ardura du bandera polita den ala ez? Nik uste Albaniak ere aldatu beharko zuela bandera, bi burudun arranoa albaniar guztientzat utzi, eta estaturako beste bat hartu, denok bat izan arte». Tiranak oraintsu baztertu zuen parlamentuan egindako proposamen hori.

2008-02-18

Solanak dio Europako Batasunak jarrera bateratua duela Kosovoko independentziaren harira

Kosovoko mugazainei eraso diete serbiarrek iparraldeko mugaraino protestan abiatu ostean

Pristina

Pristinako kaleak normaltasunera itzultzen ari dira pixkanaka, baina behin eta berriz poza pizten da oraindik han eta hemen. Independentziaren ostean, nazioarteko herrialdeek estatu berria onartu ahala berpizten da ospakizuna. Javier Solana Europako Batasuneko Atzerri Politika eta Segurtasunerako goi komisarioak atzo iritsi zen Pristinara. Mendebaldeko agintari baten lehen bisita zen, igandean independentzia aldarrikatu zenetik, eta txalo zaparrada artean jaso zuten albaniarrek politikaria.
Kosovoko independentziaren harira estatukideek jarrera bateratuta dutela esan zuen Solanak. Independentziara hurbiltzeko moduak eta prozedurak, hala ere, oso desberdinak izango direla onartu zuen: «Batasunak ez ditu herrialdeak aitortzen, estatu bakoitzaren ardura da hori egitea ala ez egitea». Kosovora bidali beharreko misioan adostasuna dagoela nabarmendu zuen, halaber. «Kosovoren lagun onak gara, eta Kosovo Europako Batasunaren lagun ona da. Pristinako kaleek agertutako poztasuna hemen daukazuen gizartea eratzeko energia positibo bihurtu behar da». Horixe esan zien estatu berriko agintariei Solanak.
Kosovoren independentzia babestu duten herrialdeen zerrenda, bien bitartean, haziz doa. Pristinako kaleetan hala ugaldu dira azken egunetan banderak ere. Estatu Batuak, Erresuma Batua eta Frantzia izan dira orain arte herrialdea aitortu duten estatu garrantzitsuenak. Alemaniak gaur egingo duela esan du. Kosovoko kaleetan 193. herrialdea dioten afixak daude, eta dagoeneko beste 192ei bidali dizkiete gutunak aitorpena eskatzen.
Fatmir Sejdiu Kosovoko presidenteak harrera egin zion Solanari: «Europako Batasunaren presentzia zibila positiboki hartzen dugu. Hasi dira lanean eta KFOReko tropen mandatuarekin jarraituko dute, Kosovon eta eskualde osoan egonkortasunerako faktore garrantzitsua baita».
SERBIARRAK HASERRE.
Giroa oso desberdina da serbiarrak nagusi diren iparraldeko udalerrietan. Independentzia ostean hasitako protestak gogortu egin dira. Kosovon bizi diren 120.000 serbiarren erdiak bizi dira iparraldean eta beste erdiak hegoalde eta mendebaldean daude sakabanatuta. Atzo milaren bat lagun mugaraino joan zen protestan, eta su eman zieten bi muga-posturi. KFOReko indarrek erantzun zuten. Lehen aldia da alde bakarreko independentziaren ostean. Hashim Thaçi Kosovoko lehen ministroak ez zien garrantzirik eman erasoei: «NATOren, Kosovoko Poliziaren eta Nazio Batuen kontrolpean dago dena, eta istilu bakanek ez dituzte ospakizunak zikinduko».
Batek baino gehiagok aipatu du jadanik indarrean den bereizketa behin betiko bihur daitekeela aurrerantzean, serbiarrek independentziari muzin egin eta Belgradoren aginduetara jarraituz gero. Kosovoko eta Europako Batasuneko arduradunek herrialdea bat eta bakarra dela esan arren, ez dute argitu zein bide hartuko duten bereizketa eragozteko.

GLAUK KONJUFCA, Kosovoko Vetevendosje mugimenduko kidea: «Hau ez da erabateko independentzia»

Vetevendosje (Autodeterminazioa) mugimenduak ez du egunotako ospakizunetan parte hartu, independentzia ezarritakoa dela uste dutelako. Sektore garrantzitsuek gutxietsi arren, gazte eta ez hain gazte ugari erakarri dituen ideiak bultzatu ditu. Kosovoko kaleak independentziaren aldeko eta negoziazioen eta nazioarteko misioaren aurkako pintadez beteta daude.

Zein da egoera berriaz duzuen iritzia?
Ez dugu uste hau independentzia denik. Ahtisaari planaren arabera onartu da, eta, gure ustez, errazagoa zen: jendeari galdetu eta hori errespetatu behar zela esan dugu, eta kito.

Baina horrenbeste sufrimendu eta gorroto egon den lekuan gutxiengoek ez lukete arriskurik nahi den hori egiten utzita?
Ez dut uste serbiarrek alde egingo luketenik, hori 1999ko udan egingo zuten. Oraingo tentsioak nazioarteko indarren erruz dira, surtara gasolina bota dute sinetsarazten Serbia itzuliko dela, argi esan beharrean hori amaitu zela. Zauria sendatu beharrean narkotiko bidez landu du. Bistan da, oinazea duenak narkotikoa nahi du, baina horrek ez du zauria ixten. Pristina ala Belgrado hautatzen utziz, Belgrado hautatuko dute, noski, eta horrek tentsioak puztea dakar.

Ez duzu uste hasteko egokia dela?
Epe laburreko konponbidea da hau. Hara Bosnia. Komunitateen zatiketan sakondu du, Condoleeza Ricek esan berri du porrot egin duen estatua dela, eta laster hau ere izan liteke. Zergatik? Nazioartearen menpe dagoelako, nazioarteak alde eginez gero, berriz ere hondoratuko litzateke. Aski helduak ez omen garenez beti kontrolatu behar bagintuzte legez tratatzen gaituzte, pentsaera arrazista ere bada.

Jendea, baina, pozik dago.
Bizpahiru hil iraun ditzake pozak, gero eguneroko bizitzara itzuliko gara. Misioak ez dakar garatzeko planik, egonkortasuna eta bakea dira beti helburu, ez garapen ekonomikoa. Kosovoko biztanle gara, baina ez herritar. Ahtisaari planak autodeterminazioa ukatzen du, esplizitoki galarazten digu beste herri batzuekin bat egitea. Albaniar nortasuna daukat, ez kosovoarra, nire lurraldea baino ez da hori. Okupazio eta kolonizazio kasu tipikoa da Kosovo. Deskolonizazio autodeterminazioaren bidetik dator.

2008-02-17

Errezeta

BERRIAko Larrepetiten argitaratua

Errezeta eramateko esan didate batek baino gehiagok. Halakorik egongo balitz ere, inork emango lukeelakoan! Ekialdeko Timorren ikusi dugu independentziak arazoak konpondu ez eze oztopo eta joko zikin ugari gorde ditzakeela. Baina independentzian sakontzea dute konponbide, inolaz ere ez aurreko metropolira itzultzea. Berrehun mila gorpuk eragozten dute, besteak beste.
Pristinako kaleetan begirune handia diote Ibrahim Rugova lehendakari ohiari, baina gaurko egunera iritsi badira, badakite UÇKko gerrillari zor diotela hein handienean. «Eta Milosevici», diote zinikoek. Arrazismoak gidatutako politika kriminalak izan zezakeen konponbide txukunena du gaur. Burujabe baino gehiago Serbiatik independente izatea amestu izan dute Kosovoko biztanle gehienek, arrisku hori behin betiko uxatzea. Titok ere ez zuen asmatu Jugoslaviako egitasmoan eslaviarrak ez zirenei zegokien txokoa egiten. Independente izateko motibo gehien zuena azkena izan da askatzen.
Lagunak haserretu egiten zaizkit Bill Clinton kalea, NATOko banderak eta Thank you otzan hori ikusten dituztelarik. Jakin gurako nuke gringoek Zarzuela edo El Pardo bonbardatu eta Guardia Zibila Ebroz beste aldera bidali balituzte zenbat Roosevelt bulebarra genituzkeen.
Ermutik Lizarrara bidean ginen duela hamar urte, albaniarren aurkako garbiketa etnikoa abiatzear zela. Ezagutzen dugu ordutik bidea. Zuek irakurtzerako Kosovoko independentzia aldarrikatuko zuten menturaz. Ez nituzke bide horretako urrats guztiak egin gura, baina, aizue, gustura eroango nuke Pristina itsusi honetako giroa irribarre faltan daukagun herri triste horretara. Urime, Kosova (Zorionak, Kosovo).

Kosovok independentzia aldarrikatuko du gar

BERRIArako berriemale

Zoramena lehertu da Kosovon. Atzo Hashim Thaçi lehen ministroak independentzia gaur bertan aldarrikatuko dutela baieztatu zuen unetik, milaka lagun ari dira ospatzen Pristinako kaleetan eta herrialdeko hainbat tokitan. Iritsi da hainbeste itxarondako eguna.
Eguna ezaguna izan arren, Gobernuak ez zuen atzo arte baieztatu. Kosovoarrei ospakizunak neurriz egiteko eskatu die lehen ministroak. «Bihar», azaldu du Thaçik, «egun lasaia izango da. Independentziaren adierazpenaren egunean, egun handian, egun historikoan, duintasunez egin dezagun; esker oneko eguna izan dadila Kosovo burujabe eta independenterako». Oso ondo zaindu du adierazpenaren lekua eta konpainia -Kosovoko buruzagi musulman eta kristau katolikoak izan ditu ondoan; serbiar ortodoxorik, ordea, ez-. Independentziaren aurkako batzuek -Errusiak eta Espainiak kasu- alde bakarreko adierazpenik ez dutela nahi esan arren, kosovoarrek hainbat alderekin adostu arte itxaron dute, AEBetatik eta Europako Batasunetik oniritzia jaso duten arte.
Pazientzia eta zuhurtzia izan arren, badira eragozteko oso zailak diren emozioak. Urteetan gordetako unea iristear dela, kalera jo dute albaniarrek. Atzo arrastiritik amaigabeko ospakizunean daude Pristina eta Kosovo osoa, baita Shkopje eta Mazedoniako hainbat leku eta Albania bera ere.
«JAINKOARI ETA AMERIKARI ESKER».
Termometroa zerotik oso behera dabil Drecani harango Prekaz herrian. Serbiarrek UÇK gerrillako Adem Jashari buruzagia eta beste 57 senide hil zituzten hemen duela 11 urte, eta gatazka aldatu zen unea izan zen. Milaka kosovoarrek eman zuten izena gerrillan hurrengo hiletan. Egun, albaniar asko etortzen da martiriak gurtzera Prekazera. Thaçik ere Prekaz hautatu du solemnitate handienean baieztatzeko Kosovok gaur independentzia aldarrikatuko duela. Egun osoan ehunka lagun pasa dira Prekaztik. Elurra mara-mara ari zuela, Mazedoniatik etorritako familia bat agertu da. Fatosek 70 urte ditu, eta Jashariren hilobian otoitz egin ostean, begiak malkotan, aitortu du: «Inoiz ikusterik uste ez nuen ametsa beteko da».
Kosovo eta albaniarren herrialde guztietan jai egun handia den arren, ez dute ahaztu independentzia urratzeko zenbat sufritu duten. «1980an Tito (Josip Broz, Jugoslaviako lehendakaria) hil eta errepublika eskatzen lehenak izan ginen, eta askatzen azkenak gara; behin eta berriz zapaldu gaituzte. Baina azkenean heldu da eguna», dio Isak, Mitrovica hiri zatituko albaniarrak. Prekazen, berriz, independentziarako bidean geratu direnei omen egiten diete, isilik. Ibrahim Rugova lehendakari ohia duela bi urte hil zen, eta kosovoar gehienek maite duten arren, UÇK gerrilla da bereziki gurtzen dutena. Nahiz eta jakitun diren etxeko indarrak baino gehiago behar izan dituztela independentzia lortzeko, gaur eskuratuko dute, «Jainkoari eta Amerikari esker», Fatosen hitzetan. Pristina osoa dago Thank you dioten afixez betea, eta 1999an Serbia bonbardatzeko agindu zuen Bill Clinton AEBetako presidentearen argazkiak ageri dira. Europako herririk leialena dute AEBek Balkanetako bazter honetan.
Egunotan ia alde guztietan ageri da albaniarrek ezin gorderik zeramaten emozioa. Handia da pobrezia, baita langabezia tasa ere, baina bihar iratzarritakoan heldu beharreko arazo ugarietako pare bat baino ez dira izango. Unea bizi eta etorkizuna amesteko egunak dituzte Kosovon.
Gaur ospatzeko eguna dela jakinik aurkitu ditugu gizon-emakumeak dena txukuntzen, kaleak eta autoak garbitzen; dendak, etxeak... txoko guztiak Albaniako banderaz betetzen. Gehienetan AEBetako ikurrak daude ondoan, baita EBkoa ere sarri askotan. Eta irribarrea ahoan beti albaniarrak, mozkorralditik irten ezinik. Thaçiren baieztapenetik minutu gutxira gainezka egin dute Kosovoko albaniarrek. Petardoak, autoko tutuak eta tiroren bat edo beste, eta oihu nagusi bat, bi burudun arranoaren bandera gorria astinduz: Pavarësi (independentzia). Festa 24 orduz aurreratu dute albaniarrek. Luzaroegi egon dira zain eta ezin beste egun bati eutsi.
Jaia gaur hasiko da ofizialki, ordea. Zehaztapen osorik ez badago ere, zenbait iturrik iragarritako egitarauaren arabera, 18:00etan prentsaurrekoa egingo dute Hashim Thaçi lehen ministroak, Fatmir Sejdiu presidenteak eta Parlamentuko buru Jakup Kraniqik. Aurretik, 15:00etan bilduko dira Parlamentuan, eta 18:30ean Pristina erdiko plaza batean izango da ekitaldi nagusia. Kosovoko Orkestrak Europako himnoa joko du, oraindik ez baitute hautatu herrialdeko kanta ofiziala, ezta bandera ere. 23:00ak baino lehenago Kosovoko herritarrei hitz egingo diete Sejdiuk eta Thaçik.
Ordurako atzo hasitako ospakizunak bete-betean egongo dira bazter guztietan, eta baliteke lehen estatuek -AEBak edo Erresuma Batua da kosovoarrek egiten duten apustua- independentzia ordurako onartzea ere.
Datozen asteetan eman beharreko pausoak asko dira oraindik. Kosovoko Estatua martxoan sartuko da indarrean, Konstituzioa eta ikurrak onartu behar dituzte, Europako misioa heldu behar da... Baina gaur ospatzeko eguna dute. Independentzia irabazi dute.

Serbiarrak, haserre eta kezkatuta
Ospakizunei entzungor egiten diete Kosovoko serbiarrek, eta gutxi batzuek independentzia galaraziko duen azken mirarian sinetsi nahi dute, aspaldi ezagutzen zuten adierazpenaren beldur.
Mitrovica
Ia Kosovo osoa hartu duen zoriontasun uholdeak haserrea, kezka eta amorrua dakarzkio gutxiengo serbiarrari. Horregatik jokatu du Kosovoko Gobernuak zuhurtzia handiz, aldarrikapenaren eguna atzo arte iragarri barik, eta herritarrei ospakizunak handikeriarik gabe egiteko erregututa. Balkanetako txoko hauetan txikikeriek pitz ditzakete sarraskirik handienak, eta ahal bezainbeste eragotzi gura du Pristinak ospakizunetan inor kezkatuko duen irudirik egotea. Telebistak iritsiko ez diren herrixketan ohitura zaharrean ospatuko dute, baina hiriburuan armarik eta tirorik ez egotea da helburua. Eta, hiriburuan baino gehiago, gatazkaren sinbolo bihurtu den hirian, Mitrovican.
Han hasi ziren 2004ko istilu larriak, eta hiriak oso zatituta jarraitzen du; inor ez doa bestearen aldera. Ibar ibaiko zubia frantses tropek zaintzen dute, eta atzotik aparteko lana daukate banderak astintzen eta tutuak joz ospatzen ari diren albaniarrak ibai ertzetik uxatzen.
Serbiarrek ospakizunetako tutui entzungor egiten jarraitu dute, etsipenez batzuek eta ez gutxi azken orduko mirariren baten zain. «Ez esan inori, baina errusiarrak astelehenean iritsiko diren informazioa daukat», diosku Savak, Mitrovica hiriko serbiar batek. Gizon zaharraren ametsen ondoan, Radojko Iovanic abokatuak bere jarrera normaltasunezkoa izango dela dio. «Erabat legez kanpokoa da egingo dutena; lurralde honek Serbia izaten jarraituko du beti». Nazio Batuen Erakundeak onartzen ez dituen egitura paraleloak dauzkate serbiarrek, eta egunotan Parlamentua ere eratuko ote duten esan izan da, Iparraldeko Zipreko Errepublika Turkiarraren antzeko egoera sortuko lukeena. Oliver Ivanovic Kosovoko serbiarren buruzagiak BERRIAri esan dionez, funtsik gabeak dira horrelako asmoei buruz diharduten albisteak.
Atzo Serbiako monarkiaren oinordeko Aleksandar Karadjordjevic izan zen Mitrovicako elizan, eta ez alde egiteko eskatu zien Kosovoko serbiarrei. «Ez dut nahi Israel eta Palestina bezalako gatazkarik. Serbiarren lurralde santua da, guretzat Jerusalem bezala da». Gaurko mezetan ikusiko da serbiar gutxiengoak nola hartu duen aspaldi zekiten adierazpena. Datozen egunetarako protestak iragarri dituzte.

2008-02-10

Berriz manifestazioan

BERRIAko Larrepetit-en argitaratua

-Azkenean bete dute gidoia: ehundik gora atxiloketa eta legez kanporatzeak agindu eta hortxe ditugu.
-Azkenean bete dute gidoia: ehundik gora atxiloketa eta legez kanporatzeak agindu eta hortxe ditugu. Eta oraindik lau aste hauteskundeetarako.
-Zer gehiago egin dezakete honezkero?
-Talde parlamentarioa eskatu dute. Eta udalak. Beti dago zerbait gehiago.
-Zerbait egin beharko da, bada!
-Bai, bai hori ere gidoian dago: 18/98 eta manifestazio nazionala, gaur ANV eta manifa, bihar, gestorak eta manifa, Egunkaria eta manifa. Gidoia betetzen gu ere.
-Orduan gehiago egin beharko da!
-Gehiago egitea ere gidoian dago. Hara, Bergara. Baina gidoiak eszena gogorragoak ere lasai ametitzen ditu. Gilles Perraultek argi dio asteongo Argia-n: «Madrilek arazorik gabe eman dezake urtero hamar guardia zibilen bizitza, bideko istripuetan gehiago hilko dira».
-Berriz diot, zerbait egin beharko da!
-Hori da arazoa: zerbait egin beharrez egitea. Besterik ezinean.
-Eta orduan? Besterik gabe etxera? Armak eman?
-37ko galtzaileak etxera edo erbestera joan ziren eta hurrengo belaunaldiak atera zuen aizkora. Merezi dugu atseden apur bat. Gehien eman dutenek bereziki.
-Baina hori ez da zerbait egitea! Hori ezer ez egitea da!
-Hori aizkora gordetzea da. Atera dezatela biharkoek, beharrezko bada. Gaurkoz, batu txosna, itzali argia, kendu musika. Amaitu da hemengo su-festa.
-Eta presoak?
-Ez genuen esaten espetxeraino joango ginela presoak ateratzera? Goazen bada! Ehun atxiloketaren enbidoa Rubalcaba kriminalak? Guk hordago! Eman bostehun, mila, bost mila preso. Ikurrak ezkutatu barik, atera harro, egin egunero Batasuneko, EHAK-ko, ANVko Mahai Nazional berrien aurkezpenak. Bete espetxeak hau guztia jasangaitz bihurtu arte!
-Eta zu ere bazatoz?
-Ez, zera... ni ezker zerutiarra naiz.

2008-02-03

'Jo també soc catalana'

BERRIAko Larrepetiten argitaratua

Ni ere katalana naiz lan autobiografikoaren ostean, bigarren liburuarekin irabazi du Najat El Hachmi Buhhuk Ramon Llull saria. Kataluniako literatur sari potoloena Rifen jaiotako idazle batek irabazi du. 28 urte ditu eta zortzi zituela iritsi zen gurasoekin (bidenabar, etorkinen seme-alabak ere, etorri ordez gurasoek ekarriak, etorkin ote?).
Aste honetako hondamendiaren egunean piztu dit irribarrea Najat El Hachmik. Athletic berriz ere Espainiako Erregearen Kopatik kanpo. Ostegun berean etorkizuneko Athletici buruzko erreportajea zekarren egunkari batek, Lezaman dauden nigeriar, kamerundar, kolonbiar, maliar eta beste herrialdeetako mutikoak aipatuz (Donibane Lohizuneko frantsesa tartean). Ikasketez ere kluba arduratzen ei da (euskaraz ikas dezaten ere bai?). Hondamendiaren atarian, immigrazioa konponbide. Gaurko sistemaren gerorik eza gorabehera (noizko landu harrobia Afrikan bertan?), Bizkaitik kanpo gutxik ulertzen duten erakarpen indarra izan du futbol-taldeak etorkinen integrazioan.
Gure literaturako abizen exotikoak ez dira afrikarrak. Deitura germanikoren bat edo beste eta kito. Besteak ez dira exotiko, nik baino hobeto azaldu zuen ostegunetako zutabekideak Jimenez izatearen tragedia. Nahiko nuke, baina gure letretan immigrazioak besteetan baino are fikzionatuago jarraituko duen susmoa dut. Gurago oker banabil. Bertsotan behintzat entzuten dira Saharako eta Poloniako eta Boliviako izenak. Ez da kasualitatea. Atzetik dagoen eskolaz eskolako lana da, Athleticena bestekoa.