2008-10-05
Euskararen botoak
Beti HB, baina 2001ean --Mayor Orejaren beldurrez, badakizue-- jeltzale bozkatu zuen lagunak zioen ez zuela berriz egingo, borroka armatuaz haserre baina Ondarroaz, Zizurkilez eta beste lotsagabekeriez are sutuago. Gauzak apaldu eta «arriskua» ostera ere ikusita, ordea, ustezko pragmatismorantz lerratzen hasi zen berriz ere. Ikastolak, euskara... betiko beldurrak.
Azken aldian berriz ezetzean zegoen, EAJk Hezkuntza Sailaren proposamenari egindako joko zikinaren ostean. «Bozkatzeko motibo bakarra kendu zidatek. Beharbada beste aldean boto poltsa handiagoa daukatela pentsatuko ditek». Berriz ere Ibarretxe lehendakarigai doalarik, ez dakit haizeak nondik jotzen dion orain bertan lagunari.
Lopezen euskararekiko proposamena etorri zaigu halako baten, horratik. Donostiar adiskide asko haserretzen zaizkit, Bilbon -zein Jaurlaritzan- Ramon Etxezarretaren eskua gustura igarriko genukeela diotsedanean. Kanpora Bilboko zinegotzi jeltzale antieuskaldun eta akonplejatuak, eta ekarri Donostialdeko haize fresko pixka bat. Kontua da Barakaldoko sozialistak ere berdintsu direla antieuskaldun. Lugaritz da proposamena, ala Barakaldo antzokia?
Funtsean, dagoena baino okerrago ez dutela egingo esan digute, eta sinets liteke. Getxo edo Bilbo, Barakaldo edo Donostia, oso egitasmo ezberdinak dira, alderdi berak kudeatu arren. Bidenabar, inori hizkuntza ez behartzearena hitzetik hartu beharko diogu, euskaraz bizitzea ahalbidetu eta espainiera gehiago inposa ez diezagun. Posible luke bilbotar gurasoak, adibidez, gaztelania ikasgaiari uko egitea, umeak bestela ere kalean aski espainiera ikasi duela eta eskola orduak hobeto aprobetxatzeko?
Baina zer axola dio horrek guztiak sufragio unibertsalik gabeko herrialdean?
2008-09-28
Han eta hemen, elkarrizketa
Zaila da etxetik urrun zaudela hain hurbileko gauzez berba egitea. Berriz hilketa, berriz eskubide zibilen urraketa basatia, eta Frantzia labeko tenperatura igotzen. Urruneko begiradak txikitu egiten ditu gure gatazkaren zertzeladak, eta inor gutxiri ardura diote itsasoaz bestaldean gure bazterretako kontuek.
Kolonbian sindikalistekin bildu gara. Zer esango dio euskaldunak aurten 41 sindikalista hil dituzten herrialde bateko buruzagi sindikalari? Biharamunean bahituen senideekin egiten duten irrati programan izan naiz. Egoeraren beste ikuspegi bat da, han nekez entzuten da paramilitarismoaz berbarik. FARCen bahituen senideek gatibuak dauzkate gogoan, ez besterik. Gure programan bahitu ohi bat ere badago. Polizia izana, Euskal Herrian ere ezagutzen ditugun elkarteen antzekoa sortu dute bahituta egon diren militar eta polizia ohiek. Ondo kalkulatzen du gobernuaren aurkako berbarik ez ateratzeko, baina lerro artean zalantza gutxi dago. Pragmatismo hutsez, eztabaidaren aldeko da polizia ohia: «Nahiko nuke Ingrid Betancourten bahiketa bezala amaitzea denak, baina hori behin egin daiteke. Horregatik diot ez dela gehiago inoren bizitzarik arriskuan jarri behar, ez dugula baimendu behar bahiturik hiltzerik horrelako operazio baten edo alde bien arteko tiroketan. Lehena biziak salbatzea da, eta horretarako negoziatu egin behar da. Ni elkartruke humanitarioan askatu ninduten eta etorkizunean ere hori egin behar da. Hitz egin eta negoziatu».
Polizia ohia da; terrorismoaren biktima, izendapen ofizialen arabera. Baina badaki biziak salbatzea dela garrantzitsuena, diskurtso faltsuak ahaztu eta horretarako deabruarekin hitz egin behar bada ere.
2008-09-21
Stockholmeko sindromea
Bogotan bilduta gaude egunotan nazioarteko PEN taldeetako hainbat kide. Badu alde ludikoa biltzarrak, noski, helburua elkarren kulturak hurbiltzea baita, baina baita zailtasunak dituztenei laguntzea, itzulpenaz eta bestelako gaiez jardutea, eta politika asko egoten da sarritan.
Herri txikiek elkarrekin biltzeko joera normala da, kurduak, txetxeniarrak, esloveniarrak, katalanak. Gainontzeko parte-hartzaileek bezala, finlandiarrak ere badaki zerbait gure herriaz eta azken urteetan independentzia lortu dutenez. «Estoniarrei badakizu zer esan zieten aitorpen eske Luxenburgora joan zirelarik? Herri txikiegia zirela estatua izateko. Luxenburgon! Neurria ez da nahikoa, desatsegina izan behar da», diosku esloveniarra aldamenetik pasa ahala. «Hauek desatseginak izan ziren», egin du barre, eta besteak «eta argiak ere bai» erantzun. Gurean egurra ari duela diotsot. Ez gara argiegiak izango, baina munduko galtzaileen klubera ez gara gure borondatez etorri.
Gero esan digu, independentzia lortu eta ia mende bat pasa dela Finlandian, eta gaur egun finlandiar askori berdin litzaiokeela Suediarekin bat egitea. «Eskandinavian barna bestelako filosofia eta giro bat dago gaur egun, zergatik ez auzo sinpatiko horiekin bat egin? Hori bai, errusiarrekin pentsatu ere ez. Suediarrei izulaborria sortzen die ideiak, baina».
Eta horixe esan diogu, guk ere bat egingo genukeela Suediarekin. Baina lehendabizi Espainiaz libratu beharra daukagula, garenik ere ukatu eta ez garen hori legez kanpo uzteko gai den munstro hori. Gura badute, datozela Stockholmetik Ikea baino zerbait gehiago ekartzera. Gustura bihurtuko gara Suediako probintzia.
2008-09-14
Bakarra eta zatiezina
Petronorreko presidenteak iragarri bezala (beste edonork esan balu apologia leporatuko zioten), Konstituzionalak argi utzi du: Espainiako legediaren bidetik, tururu. Nik ez dakit epaiak ETAri arrazoi ematen dion (tira, badakit, baina zuek ere badakizue adierazpen askatasuna zeinen eskastxoa den parajeotan). Hemen ez dago Eskoziako eztabaida sosegaturik (independentziaz dihardute han, eufemismo barik), hain gutxi Belgikako solasik. Hau Turkia zaharra da, euskal herririk ez dago, mendiko turkiarrak gara denak eta mendiko turkieraz egiten dugu.
Lizarra bere bizitzako sasoi politena izan zela esan du asteon Arzalluzek. Eta egia da mende berrian behin ere ez dela orduko ilusioaren erdirik piztu. Azken su-etena askoz zuhurrago hartu genuen denok, ilusio lar hartuta zaputza handiagoa delako batetik, eta superstizio puntu batekin bestetik, ea prozesua askorik aipatu barik ondo irteten den. Orduan ere kale. Eta kalean ezertarako ilusiorik ez, ETAgatik batzuek, AHT eta bestelakoen EAJgatik besteek, erdibideko grisak jasan ezinik azkenak, orain gobernuaren altzo beroan ilegalak kritikatzen dihardutenak eta hauteskundeetan ezker abertzalez mozorrotuta keinuka dihardutenak.
Lizarra joan bazen ez da itzuliko, baina ilusio berriak piztea ez legoke txarto. Eskoziaren bidea jarraitzea mendeetako aukera historikoa litzateke. Baina bitartean gaita jotzen ibili barik, inork sinesten ez dituen biktimismo elektoralistak bazterrean utzi eta lan egitea ez legoke txarto. Asteon biluzik dabilela esan diote mozorro sinesgarria zuela uste zuen lehendakariari. Madrilgoa argi zegoen, baina Trebiñuk gogorarazi dio, benetan busti nahi badu, badaukala non murgildu ur handietan sartu barik ere.
2008-09-07
Geopolitikaz ez dakidala izango da
Georgiarrek eta abkhaziarrek argi dute ahaide gaituztela euskaldunak. Pena zeinen jaramon gutxi egin dieten Euskal Herrian, puntu asko irabaz litzakete han, gero etxean bitartekari jarduteko. Bilboko udalean akordatu dira behinola Tbilisirekin senidetu zirela -ordutik inolako ekimenik bultzatu ez arren- eta testu gatzbakoren bat onartu dute. Georgiako udalekin senidetutako beste euskal hiriek -badira batzuk-, hori ere ez.
Arduratzeraino bat egin dut neocon batzuen salaketekin egunotan, latinoamerikar askoren patetikotasunari bertako sasi ezkertiarrek zelan jarraitu dioten sinetsi ezinik. Oligarken Errusia, ezkertiarra ote? Gringoen atzeko patioarekin horrenbesteko elkartasuna dutenak (ai, hispaniartasuna), zergatik harritzen dira Lituaniak edo Georgiak mehatxu hurbilaren babesa urrun bilatzen dutela-eta? Vatikanoko, Loiolako zein Iruñeko santujaleen kritikook, noiztik da Iran aurrerakoia? Jermolov XIX. mendeko genozidak Ipar Kaukaso indigenaz hustu eta kosakoz bete zituen. Gero Stalinek kopiatu zuen eta Putin heroiak Txetxenian marka hobetu du.
Ez dut Georgiaren erasoa zurituko. Errusiak prestatutako probokazioa balitz ere, hildakoak Kremlineko propagandak esandakoak baino gutxiago izan arren, zalantza gutxi dago nork suntsitu zuen Tskhinval. Osetiarrek zein abkhaziarrek beste edozein herrik daukan autodeterminazio eskubidea dute, baiki, baina ez ahaztu Abkhaziako biztanleen % 60 Georgian erbesteratuta bizi direla, eta gauza bera egin dutela orain Osetiako georgiarrekin.
A, eta txetxeniar gehienak georgiarrekin badaude -baita duela hamabost urte Abkhaziaren alde borrokatu zirenak ere-, zergatik ote da?
2008-07-13
Besteak
Ez bat ez bi, hamabost etorkin (sic) hil direla irakurri dut, Europara bidean. Hurrena lau etorkin (sic) gehiago hil direla. Etorkinak. Europatik Afrikara. Afrikatik Afrikara (Kanaria uharteak mapan kokatzen ere ahaztu zaigu?)
Kareletik bota dituzte. Zeinen egoera gogorra, baina zorionez ez gara, eurak dira. Besteak. Afrikarrak. Beltzak. Etorkinak, omen. Ez diogu erreparatzen hitzen kargari, gezurrari, baina nabarmentzeko balio digute. Turistak gara, bidaiariak, atzerrira ikastera edo are lanera joango gara, baina Erasmusak izango dira gure ikasleak, profesionalak edo kooperanteak gure beharginak.
Afrika Beltzari 'subsaharian' adjektiboa jarri ziotenetik hala-hola itzuli dugu. Beti emigrante izan zen figurarekin nahastu ezin eta immigrante, etorkin izenak asmatu genuen.
Itsasoan hil eta etorkin? Oraindik etorri ez delarik nola ba etorkin? Haurrak etorri barik ekarri egiten dituztelarik, etorkin? Ez etorkin bakarrik, etorkin ilegal. Immigrazio ilegalari aurre egiteko gotortu dezagun kontinente zaharra. Zeinen putakumea Berlusconi, lotsarik gabe markatzen erromaniak. Barkatu, krisia dator eta, kotizatu duzunetik dagokizuna hartu eta alde egingo zenuke? Eraikuntzak kale egin du eta porlangintzan bertakoak jarriko ditugu hirurogei orduz beharrean. Borondatez, hori bai. Erresuminik gabe, bye bye.
Europar agintarien aburuz demagogia ei da Evo Moralesek orriotan gaur dioena. Potosi Europarekin zorretan den planetan bizi gara, baina besteak dira demagogoak. Beti besteak. Baina beste guztiak haserretzen direnean...
2008-07-06
Inpresioak
Inpresioa: inor gutxi fidatzen da EAJz. Lehendakaria askoz gardenagoa da, ados egon zein ez. Inpresioa: PSE-PSOEk gogor agertu behar du Espainian, baina euskal mendebaldean aurrerakoi, are euskaltzale itxura behar du, EAJk galdutako zentralitatearen lekukoa hartu balu legez. Inpresioa: ilusioa pizteko ahaleginean daude lehendakaria eta EA eta Aralarreko buruzagiak, euskaldunon hitza espainiar legeen gainetik egongo direla sinetsarazi guran. Inpresioa: ezker abertzalea baldekada ur hotz botatzen ari da ameskeriatik iratzartzeko. Deserosoa du diskurtsoa, etsipenezkoa, bestela ere ilusioa galduta daukan gizartearentzat. Askoz atseginagoa da nahi duguna izango garela dioen hori (hipotetikoan, noski. Adreiluaren trafikanteei asfaltozko negozioak agintzea ekonomia suspertzea da, hazkunde eredua ez da galdekizun. Ohi bezala, txikizioa mendebaldetik dator eta giputzekin gero ausartuko dira, Bizkaiko errauste plantak egin ostean Gipuzkoan egiten saiatu diren legez).
Ilusio naif-a eta errealismo gordina, familia abertzalearen aurpegi biak. Eta Imazen iragarpena: ETAk argumentu bat gehiago izango luke Espainiaren ukoarekin. Argumentu hori zaharra ez balu legez. Benetan bertigoa ematen diena arrazoi izatea da, agerian uztea Espainiak daukala azken hitza, eta demokraziaren bideak oso bide laburra daukala gurean. Gidoiak argi dakar: Espainiaren ukoa, ETAren jarduna, ezker abertzalearen ilegalizazioa, espetxeratzeak, eta beste abertzaleen protesta apalak eta debekuari men egitea. Badakigu lehen hiru agente politikoak noraino irits daitezkeen, orain galdeketa deitu duenak erakutsi beharko du. Etsipenaren gurpil zoroa hausteko ahalegin ederra izan liteke, benetan ausartuko balira.
Teresa falta da

BERRIAn argitaratua
Duela hamar urte hasi nintzen kazetari lanean, telebistan, bekadun. Ordurako artikulutxoren bat edo beste egin arren, karrerari ekin baino lehenagotik hasi nintzen hedabideekin lehen harreman aktiboa izaten. Gerora profesionalki gutxien jardun naizen eremuan, irratigintzan. Inaxio Usarraldek deitu zidan Egin Irratian astero bertsoa kantatzeko, eta Egineko orrialdeetan irakurtzen nuen bertsoa biharamunean. Zer zen hura, literatur lan gutxi batzuk argitaratuta zeuzkan institutuko gaztetxoarentzat!
Egin izan nuen lehen adierazpide. Bekadun xumea Iurretako erredakziotik prentsaurreko batera bidali zuten lehen egunean, bazekien Aldundiko inaugurazio hura ez zela eguneko lehen albiste izango. Kazetaritza protagonista denean, kalterako izan ohi da. Egunkariak lehen editoriala argitaratu zuen biharamunean. Euskadi Informacion irten zen, muturrekoari beste masailarekin emandako erantzuna.
Estatuak bahitu, ostu, eta, hala ere, pozten garen herrialdean bizi gara. Milaka euroko bermea eta aldian-aldian epailearengana joan behar duten pertsonak ahaztu egiten ditugu geografia honetako tragedien zerrendan. Hala ere, gustura kenduko dugu Xabier Salutregi espetxeratutako kazetarien zerrendatik (RSF-Mugarik Gabeko Kazetariek nahiko lan Txina, Kuba eta ETA salatzen, nonbait, Europako Batasunean kazetari gehien espetxeratzen dituen herrialdeaz gogoratzeko), eta berdin kendu gura ditugu Teresa Toda eta Egineko espetxeratu guztiak. Eta Egin zabalik gura dugu, eta Egunkaria, eta Ardi Beltza, eta Egin Irratia. Eta adierazpen askatasuna urratzen duten beste erakunde batzuen gisan, prentsa askatasunaren harrapatzaile izenda ditzala RSFk Garzon, Del Olmo eta soka bereko kriminalak.
2008-06-22
Arrotz
Bilboko hotelak euskara-ingelesa modako nahastea daroa izenean. Turista gustura joan da, eskerrak eman dizkie betiko irribarreagatik eta horren jator portatzeagatik. Etxean bezala sentitu da Zazpikaleko ostatuan. Gu etxean gaude, baina arrotz sentitzen gara. Edo agian diglosia etxekoegi dugu jadanik. Hotelean ingeles hobe edo txarragoz egiten dute, baina britainiarrak izango du beti erantzuna. Espainiarrak hortxe ditu dozenaka egunkari hispano taxia iritsi artean irakurtzeko. Euskara ez da existitzen Bilboko hoteletan.
Joan gara hoteletik, autobidean argazkiak egin ditu Gasteiza bidean. «Errepide seinaleak ele bitan dauzkazue». Iritsi gara parlamentura. Arraro begiratu dit kurduak. Lotsaz erantzun diot begiradari. Ez zen hau euskaldunen parlamentua? Ez ba, erdaldunena da. Hiru ertzain atarian, agiri eske barrura sartzeko. Ele bitan irakurri ditu kurduak agiriak, baina elebakarra da agurra. Euskara hizkuntza idatzia, fosila da.
Euskaltzalea elebiduna da, badaki euskaraz, badaki gaztelaniaz. Ez dute zubi-hizkuntzarik. Kurduak ez daki euskaldunak dakien hizkuntzarik, euskaldunari arrotz zaizkio kurduaren hizkuntzak. Keinuka saiatu dira, irribarre egin diote elkarri, elkartasuna eta konplizitatea dago. Baina berbak behar ditu pertsonak, mutua ez bada, eta berbetan saiatu da euskaldun euskaltzalea, borondatetsu, mintzaideak bere berbarik ulertuko ez duela jakinik. Berdin dio euskaraz zein gaztelaniaz zein ingelesez egin, ez dago zubi-hizkuntzarik, keinuen laguntzaile diren hotsak baino ez dira berbak. Baina euskaldun euskaltzaleak gaztelaniaz egiten dio gaztelaniaz deus ez dakien kurduari, arrotzekin beti egiten duen legez, mendetako diglosian bere aletxoa jarriz.
2008-06-15
Adnan eta Leyla
Ondo bidean, inoiz ezagutu dudan emakumerik ausartenetako bat iritsiko da gaur Loiuko aireportura. Leyla du izena, kurdua da, kazetaria. Haurdunaldiko bosgarren hilean Mohamed senarrarekin aldegin zuen Iranen menpeko Kurdistandik, eta mendi bideetatik Kurdistan askera iritsi zen. Yalda jaio eta gutxira bisitatu zuen Adnan osabak. Gero espetxeratzea etorri zen. Duela ia urtebete heriotza zigorra ezarri zieten Adnan Hassanpourri eta Hiva Boutimarri.
Beste herrialde batzuekiko izan ohi den elkartasuna falta da sarri Euskal Herrian, zapaltzailea Estatu Batuen etsai bada, batak bestearekin zerikusirik baleuka legez. Azken hamar egunak eman ditut Leyla, Mohamed eta Yaldarekin. Kurduen abegi erraldoiak kritikarik ere ez die atera Espainiak zortzi eguneko bisatu ziztrina eman dielarik Euskal PEN Klubak gonbidatutako ekitaldietara etor daitezen. Esker oneko daude, neba salbatzeko ekimen ororekin esker oneko.
Bera ere arrisku handian egon arren goiak eta beheak astindu ditu Leylak azken hileotan nebaren alde. Adnan eta Leylaren ama mugaz beste aldera etorri da, biloba ezagutzera, alabari agur esatera, urte bi elkar ikusi barik egon eta gero, eta Adnanen mezua ekartzera: Kurdistan librean ere ez dago seguru.
Egunotan barre egin dugu batak bestearen hizkuntza ulertu gabe ere, negar, nebaren kantu eta oroitzapen bakoitzean. Indarra bilduta eta gehiago biltzera dator.
Kurdistan urrunean urkatuta hil ditzaketen kazetari gazte bi daude. Bihar Bilboko Kafe Antzokian ekitaldi polita egingo dugu haien alde. Etzi eta etzidamu Gasteizen, Iruñean eta Berriozarren izango dira. Ez da egunero egoten horrelako kurdu adoretsuak bertatik bertara entzuteko parada.
2008-06-08
Gotorlekua kanpotik
Hego Kurdistan Ekialde Hurbileko espia zuloa da. Iran, Turkia, Estatu Batuak, Israel, denek dauzkate beren zerbitzuak kurduen eremu askatuan. Horiekin batera, herrialde horien errepresioak erbesteratzera behartu dituen kurdu eta ez kurdu asko ere badabil hemen. Irango iheslari pertsiarra da Kamal. Komunista zaharra, umoretsu egiten du berba; «bizardunak» ditu bereziki gogoan txantxak egiten dituenean.
Baso bat ardo hartu du nirekin, ekintza apurtzailea da hori hemen. Alemanian bizitako urteez, Italiako parrandez, gerrillako sasoiez, baita espetxeaz ere, solas atsegina dauka. «Behin baino gehiagotan egon naiz kartzelan, baina Khomeini izan zen gogorrena. Bost urtez egon nintzen espetxean heriotza zigorra noiz beteko zain». Oinetan eta orpoan tortura arrastoak geratu zaizkio betiko. Hego Kurdistanera iritsi eta gutxira jakinarazi zioten Iranera itzuliz gero atxilo hartuko zutela. Kurduen abegi amaigabean aterpe hartuta bizi da. Baina sendagileak esan dio torturek sabelean egindako kalteek beste ebakuntza bat behar dutela, zazpigarrena jadanik. Eta Kurdistanen ezin dela egin, mendebaldean behar duela.
Mendebaldeak baina, gure Europa gotortu eta berekoi horrek, medikuak eta zerbitzuak baditu, eta noizbait asilo eskubidea ere izan zuen, duela ez aspaldi milaka europarrek beste kontinente batzuetan bilatu bezala. Orain bisa ukatzen diote Kamali, ezinbestean erbesteratu beharrean diren beste askori legez. Barbaroen aurkako harresi berriak altxatzen dira Bruselan, noizbait gotorlekuan ustelduko dela jabetu barik.
2008-06-05
Eta azkenean heldu naiz Leyla, Mohamed eta Yaldarenera. Pentsatu ere ez hotelera joatea, noski. Hizkuntza muga zaigu, baina bitxia da zer nolako konplizitatea sortu den era berean. Euskal Herrira joateko bisatua igandera arte atzeratu beharko dugu, ostiral-larunbatak jai egun dira. Ea dena ondo doan.
2008-06-04
Hewlertik berriz ere
Hirugarren eguna bete dut Hegoaldeko Kurdistanen, eta lehen lanak osatzen ari naiz. Bihar joango naiz Suleymaniyara, hona ekarri nauen motibo nagusia, Leyla Hassanpourren eta alabaren bisatu kontuetan laguntzea, konplikatzen ari baita. Burokraziari ezin aurre eginda gabiltza.
Taxilari jatorra egokitu zait Hewler ondoko Ainkawara eroateko. Ingeles hiztuna eta Ingalaterran bizitakoa, Europaz maiteminduta hemengo jende asko bezala. Telefonoa hartu diot badaezpada ere, behar izango banu. Yusuf duela izena esan dit eta saiatu dela beste lanbide batzuetan, “baina hemen gobernuan lagunik ez badaukazu edo alderdikoa izan barik, jai daukazu”.
Inguruko kristauei buruzko erreportajea egitera joan naiz, baina kosta zait mezetara sartzea, atariko gizon armatuak ez zidan sartzen utzi gura. Azkenean beste eliztarren bat agertu da, eta barrura. Abadeak esan bezala, oso indartsua da fedea hemen. Eliza beteta zegoen, adin guztietakoak, gizonak eta emakumeak bereizita. Errezelo handiz hartu dute kamera (nik ere esperientzia gutxi kameralari gisa, muturra sartzen ibiltzeko), baina ahal duguna egin dugu. Gero seminarista gaztetxo bat agertu da ingelesez egiteko gogoz, eta asko erraztu dit lana. Bagdadetik eta Irakeko beste leku batzuetatik kanporatutako kristauak batzuk, Kurdistangoak besteak. Lehenek arameeraz gutxitan egiten ei dute, Kurdistanen hizkuntza arrunta da. .
Hewlerren Abdulsatarrekin joan naiz afaltzera, atzo ezagutu nuen GKE bateko gizonarekin, Mesallako etxeko sortzaileetako horrekin egon eta gero (Bagdadeko komunista jatorra). Aurretik, txangoa egin dugu Minaret parketik, giro zoragarria, jende kaletik umeekin gauez (umeen eguna da gaur), argiak, aro ederra, epel… Iraken gaudela esatea ere!
Eta Felipe ere, NOVA erakundeko katalana, hemen dabil. Alde batetik harritzen nau elkarte horiek manejatzen duten dirua eta zein lan egiten duten, eta bestetik, etengabe Spanish legez agertze hori. Gainera, susmoa dut hemen konektatu ezinik dabilela, etengabe hanka sartzen baitu: atzo entzun nion eta gaur berriz ere, "xukran" eta "xukran" denei, Abdulstarrek esan dion arte, suabe baina jadanik gogaitua ziur aski, hemen “spas” da, ez "xukran". Eta etengabe palestinarren adibideak jartzen, azkenean neuk bota diot afarian kurduek ez dutela sinpatia handirik palestinarrekiko. Ez hainbeste israeldarrei buruzko konexio horien asmakeriengatik, baizik eta Saddam Husseinen oso lagunak izan baitira. "Arabiarren lur zentimetro bakoitzari heldu behar diogu” esan zuenean Arafatek, ez ziharduen Palestinaz bakarrik.
Hotelera helduta, kurduerazko ohiko txantxak, atarian AKrekin. Ez dakit nondik irten den yazidien kontua, kamerarekin olgetan ibili gara apur baten, portatila piztu eta tea atera didate eta hortxe egon gara solas eta txantxa, euskaraz eta kurdueraz, yaziditasunaz harro (eta ze harro Karlos Zurutuzaren erreportajeen PDFak erakutsi dizkiedanean, pena behinola bidali zidan argazkia ez dudala topatu!) eta musulmanez txantxa asko, dagoen gauza txarrena direla eta abar. Lehenak eurak, yazidiak, gero asiriarrak, kristauak, europarrak, kurdu musulmanak, tira, kurduak, "baina arabiarrak, dagoen okerrena, makurtu otoitzerako bai, laster sartuko dizute eskua patrikan!" Behin eta berriz egiten dute arabiar lapurren txantxa, eta ze harro yaziditasunaz. Ea Lalishera joateko astirik daukagun.
2008-06-03
Hewler-en
Puntual iritsi ginen goizaldeko hiruretan Erbil edo Hewlergo aireportura, zenbait kurdu, eta atzerritar GKE, kazetari eta CIAkoak-edo behar zuten hainbat mendebaldarrekin batera hegazkinean. Gero, kurduen abegikortasunak lehertu beharrean jarri nau, bazkari eta afaritzarrak etengabe, iraina kanpotarrak gonbidatzea edo gutxienean berea ordaintzea. Euskal Herriko hainbat lagunek pasatako kontaktuengana jotzen luze joan dira lehen egunak, egoeraren berri izateko. Kurdistanen segurtasunaren seinale, etengabe dabilen jendetza, kale guztietan. Porlana ere negozio itzela da oraindik berreraikitzeko hainbeste daukan herrialdean, eta hiria, ezin esan ederra denik, ziutadelaren xarma dago, baina hor ere turismorako prestaketak. Turismoa Kurdistanen!
2008-06-01
Ammango aireportuan
Euskal PENek Honorary Member edo Ohorezko Kide izendatu zituen iaz Adnan Hassanpour eta Hiwa Butimar kazetari gazteak, webgunean aurkituko duzue informazio guztia. Lana gogor eta polito egin dugun inpresioa daukat, bilerak, deialdiak, emailak, kontaktuak... baina azken arazoa konpondu barik daukagu: gu Irakeraino iristeko dauden tramite apurren aldean, ia ezinezko dute eskualde honetako bizilagunek gure Europa geroz eta gotortuagora sartzea. Espainiak bisatua ematea espero dugu.
Eta friboloago jarrita, Bilbo euritsu horretan goiz iritsi gara aireportura, baina Iberia betiko eran arduratu da nerbioak proban jartzen. Hegaldia berandu, konexioa ziurtatu barik, korrikaldi majoa egin dut hiru ordu lehenago bertaratzeko eskatzen duen Royal Jordanian-en mostradorera. 12.15etan ixten zuten, eta 12.11n iritsi naiz, nire atzetik Bilbotik etorritako beste hiru lagun. Izerdia kenduta, profil kuriosoa hegaldian: jordaniar gutxi batzuk eta turista mordoa datoz Ammanera, batzuek bidaia hemen hasteko, eta Siriara bidean beste batzuk. Atentzioa eman dit bidaiari gehienak, 50 urtetik gorako bikoteak eta emakume taldeak izatea. 7-10 eguneko zirkuituak egiten ei dituzte Amman-Itsaso Hila-Wadi Rum-Petra eta beste parajeren batzuk bisitatzen, baina esandakoa, zenbat zinkuentoi! Jatorrenak egokitu zaizkit aldamenean: madrildar PPro prototipo pijoa, emakume moderno taldea, Jordaniako hotelez, Madrilgo jatetxeez, Jordaniako printzesa zeinen faltsua den on itura horren atzean eta kuadrilatik faltan dituzten gainontzekoez txutxumutxuka, Borja eta beste seme-alaben balentriak kolegio pribatuetan, eta zelan ez, amorrua, hegazkineko oharrak arabieraz eta ingelesez zirela eta. "¡Si hay algo que me indigna es esto, volamos de Madrid y sólo hablan en inglés y en moro!"
Lau orduko hegaldia, isildu ere egin barik. A ze begirakunea bota didan GARA irakurtzen ikusi nauenean... baina gero nigana itzuli behar izan dira azafatarekin itzultzaile egiteko. Ez dut uste hemendik aurrera turista askorik ikusiko dudanik.
Eta orain...
Esanguratsuak izan dira hainbat hedabidek eta politikari jeltzale ez gutxiagok zelan sartu duten hanka galdeketaren gainean (zelan adierazi euskaraz «kolunpiatu»?). Ibarretxe ezker abertzaleak onartzerik ez duen galdera prestatzen ari zela irakurri genuen Moncloatik hurbilen den prentsan, estrategiaren maltzurra agerian uzteko asmoz. Egun berean galdera adostua izango zela irakurri genion buruzagi jeltzale bati, eta beste bati ETA berariaz gaitzetsiko zuela.
Zalantza ere sortzen du haizea nondik ari den inork ez jakite horrek. Ez litzateke lehen aldia buruzagi kualifikatuen artean nork bere rola jokatzea anbiguitate kalkulatuan. Baina erabat baztertzekoa ote da mendebaldeko lehendakariak bere tesiak ezarri izana, Ibarretxe «amortizatutzat» jotzen zutenen gainean? Izan ere, «abenturen» bideak baditu arriskuak, baina botereari eustea helburu bakar duen bide autonomista are arriskutsuagoa izan daiteke, PSE orpoz orpo datorkiolarik.
Lehen puntua irabazi du Ibarretxek: berriz ere protagonista bihurtu da. Lehengo astean sozialistak bere saltsan gustura zebiltzala esan banuen, galdeketak berehala jaitsarazi die hauteskundeen osteko txapeldunen tripi-bidaiatik. Atentatuak kalkuluen barruan zeuzkaten, mitxelin jeltzaleen mugimendu urduriak ere bai, baina galdetze hutsak mozorroa kentzera eta barruko jakobinoa ateratzera behartzen ditu.
Ezker abertzaleari deserosotasun puntu bat ere badakarkio. Mesfidantza handia ere bai, noski, baina norabide bikoa da hori. Ekimena eramatera eta egurra jasotzera ohituta, egoera arraroa zaio. Behar diren kritika eta mesfidantzekin, ezin du atea itxi.
Gatazkaren amaiera ez da ekaineko plenoan edo urrian hasiko, baina immobilismoa hausteko balio badu, bada zerbait.
2008-05-25
Gangartuta daude
Poza ezkutatu ezinik dabiltza. Gogorra egin zaie lehen agintaldia, baina zeinen gustura orain. PPk bete zuen polizia gaiztoaren rola urratsik ez egiteko aitzakia izan zezan Espainiako gobernuak. Estatu-arazoen mutur biak neutralizatuta, krisia datorrenean --herritar xumeei erasaten dien benetako ekaitza-- oposizioaren izeberga bere kasa ari da urtzen.
Iparreko gerrari ere aspaldi hartu zioten neurria. Ardanzaren sasoiak aipatu zituen Patxi Lopezek. Iraganeko formulek gutxitan daukate arrakastarik ilusioa piztu gura denean, mitxelinei keinua egin arren. Kontua da ia inork ez dakarrela ideia berririk.
Ibarretxe ari da hitza betetzen, alderdiko traidoreen gainetik. Baina badaki «Euskadi ez da Espainiaren menpeko zati» dioenean ez dela egia. EAE Espainiaren menpe dago, eta bera Espainiako erkidego bateko presidente autonomikoa baino ez da. Asko gara, bere alde bozkatu gabe, Euskal Herriko lehendakari nahiko genukeenak. Eskoziak bezala argi eta garbi independentziaz bozkatzen duen herrialde bateko buru. Euskal Herria Espainiaren menpeko zati ez izatea benetan gura badu, laguntza handia izango du alderditik kanpoko milaka lagunen aldetik.
Osterantzean, badakite zer dagoen. Gozatu ederra PSOEk, beste guztien urduritasuna ikusita. Bai han, bai hemen. Mitxelindunei eta abenturazaleei eutsi guran, denak Sabin Etxetik ihesi. Lopezengana batzuk, etsipenaren abstentziora besteak. Disidentzia preso. Eta gerra, atentatu-gaitzespen-polemikatxo-atxiloketa-tortura-atentatu koordenadan, PSOEk inork baino hobeto dantzatzen duen erritmoan.
«Negoziatu? Ezta bertan errenditzea ere! Zer egingo genuke barbarorik gabe?»
GALik ere ez dute behar. Kontuak atera.
2008-05-18
Moncloara (eta Martutenera)
Esaten zuten legez kanpo utziz gero Euskal Herria surtan lehertuko zela, eta hara, zer gertatu da? Ezer ez». Garrantzitsua da erabakiek zein protesta eragiten duten, baina kasu, horren ifrentzua ere bai baitago. ETAren azken hilketaren aurka protestatuz kalera irten diren apurretik antzeko zerbait ondorioztatuko dugu? Egur gehiago iragartzen duten topiko negatiboak bazter utzi behar dira. Batzuk eroso mugitzen diren tortura-atentatu-kondena espiralean murgildu gara bete-betean. Gidoi beltzaren hurrengo kapitulua argi dago: badakigu zer datorkion berdeen eskuetan jausten den hurrengo euskaldunari. Eta haren aurka egiten duten bakarrak, giltzapean.
Mezu positiboen artean, EAEko lehendakariaren planteamendua tatxarik gabea da itxuraz: ETArekin berba egindakoa, zelan ez egin herritarrek hautatuarekin? Baina argi erantzun diote: zuekin gauza batzuei buruz egiten dugu berba, eta besteekin beste batzuez.
Mundua berriz ere biolento-demokraten artean banatu gura dutenek Madrildik etxe bereko gela desberdinetan ikusten dituzte abertzaleak, izan biolento zein demokrata. Badakizue, arbolak eta intxaurrak, bost axola trikornioak omentzen badituzue. Onartzen dute EAJk eraiki, ETAk suntsitu leloaren gezurra: tamalez, armarik gabe gaur ez legoke ez estatuturik ez ezer. Espainiak noiz eta zer eman du musu-truk?
«Ibarretxeri emanez gero, ETArentzat ezer ez da geratzen». Hori bera dio lehendakariak, nolabait, «guri emanez gero, ETAk ez luke aitzakiarik». ETAk ere bat egingo lukeelakoan nago, bost axola nori onartu gutxieneko demokratikoa, onartzea da gakoa. Sinetsi gura dut Ibarretxe horren bila ari dela, baina borondatea baino gehiago beharko du Rubalcaba Martutenera joan dadin.
«Zenbat gehiago» da gidoian datorren galdera.
2008-05-11
Galdu da livoniera
Baibak idatzi dit asteon. Bera izan zen Letoniak independentzia eskuratu eta gutxira pasaportean «livoniar» naziotasuna agertzea lortu zuen lehena. Ordutik beste berrehun lagunek daukate detaile hori pasaportean. Europa ekialdean oso ondo desberdintzen baitira estatuko herritar izatea eta bakoitzaren naziotasuna, izan zaitezke Letoniako herritar eta errusiar edo livoniar naziotasuna eduki. Madrilen gutxik ulertzen dutena ez da kontraesana, Espainiako herritar izatea baina beste naziotasun bat edukitzea.
Naziotasuna aitortu arren, banekien azkenetan zela livoniarren hizkuntza. Baibak ere berba batzuk baino ez dakizki. Bere ama zen livoniarren lurraldean geratzen zen azken hiztuna. Eta ezagutu gura nuen galdetu zidan duela urte eta erdi hara joan nintzenean. Kolka herrixkako kosta-lerro amaigabe hartan Valda Suvcane elkarrizketatzea lanbide eder honetako esperientziarik zirraragarrienetakoa izan zen. Berriz ikusi dut grabazioa egunotan. Agur egin digu euskaldunoi livonieraz, eta gerra aurreko livonieraren indarraz eta geroko gainbeheraz mintzatu da.
Baibak ama hil dela esan dit. Ama itzali zaio alabari. Europak beste hizkuntza bat galdu du, XXI. mendean desagertzen den lehena. Valdarekin livoniarren ondarea desagertu da Livod Randatik, Livoniarren Herritik.
«Ez da geratzen livoniera hiztunik Kolkan edo Livoniar Kostan. Gaixo dagoen gizon zahar bat dago Liepajan, agian hain ondo ez dakiten beste bi Ventspilsen eta kito. Rigan badira ikasi duten gutxi batzuk, jatorrizko hiztunik ez. Baina livoniera erabat hilda dago».
2008-05-09
Erabileraren gezurra
Jaramonik ez, Katalunian bezala lau katu dira, eta geuk geurea», pentsatu nuen euskararen aurkako guraso taldea analfabetismoa bultzatzeko kanpainan hasi zenean. Tamalez, babes sozialik gabeko lobby-ak milaka euskaltzale isilen borondateak baino indar mediatiko handiagoa dauka. Eta tarteka euskararen aholkulari omen direnen bultzada paregabea jasotzen dute. Txantxetan ari zirela otu zitzaidan, nahiago hala balitz. Baina ez. Euskararen Aholku Batzorde ei diren Euskara 21 taldeko oinarrizko egitasmoan irakurtzen dugunez, hizkuntza eskubideak ez betetzea arazoa izan arren (bai, baina...), euskararen erabilera txikiak erakusten ei du orain arteko bidearen okerra. Ondorioa, betikoa, malgutasuna.
Diagnostikoan zehatz ibili arren (aspaldi ari gara egoeraren diagnostiko horrekin), Euskararen Aholku Batzordea errebisionista antieuskaldunen aldera lerratzen da errezeta ematerakoan. Ez dut sinesten batzorde horretan dauden guztiek testuarekin bat egiten dutenik, eta bai lehendik ere Euskal Herriko egunkari espainoletan antzekoak idatzi du(t)en(ar)en eskua dagoela atzean. Hara zenbait paragrafo esanguratsu:
«Erabilera da giltzarria, eta herritarrak dira, gara, protagonistak. Herritarron bizikidetza orekatua, aberatsa eta sendoa eraikitzea da edozein gizarte aurreratu eta demokratikoren helburu nagusia. Bizikidetza horretarako behar dugu euskara, eta bizikidetza horren protagonista bakarrak direnak dira euskarari ororen gainetik behar duen erabileraren hauspoari eragin diezaioketenak: herritarrak, hain zuzen ere. Horregatik da beharrezkoa euskararen aurrerakada euskal herritarren gogo, ahalmen, borondate eta aukeren ikuspegitik ere aztertzea».
Tranpaz jositako paragrafoa da. Administrazioak lan handia egin du, eta herritarrok ez gara neurrian ibili, antza denez. Euskara babestu dute, baina askorik erabiltzen ez denez, irakurketa bakarra dauka horrek: herritarrak motelago ibiltzeko ari dira eskatzen.
Euskararen erabilera baloratu daiteke Azpeitian edo Lekeition, biztanle gehienek biak dakizkiten eremuetan zein darabilten ikusteko. Ehuneko 10 edo 15ek baino ez dakitenean, ordea, horietako askok borondatetsu ikasita baina ama-hizkuntza duten gaztelera baino okerrago jakinik, harritzekoa ote erabilera ehuneko 1en bueltan ibiltzea?
«Ikasketak euskaraz egiten dituzten ikasleetariko askok ikasgelatik jolastokira pasatzen direnean, euskara osorik edo partez albora utzi eta gaztelaniaz egiten dute jolas. Duela 25 urte gutxi ziren, oso gutxi, ikasketak euskaraz egiten zituztenak; orduan, ordea, euskal hiztun izanik ikasketak gaztelaniaz egiten zituzten askok ikasgelatik jolastokira pasatzen zirenean gaztelania utzi eta euskaraz egiten zuten jolas».
Ondorioz, argi dago: berariaz dihardute euskararen aurka umeek erdaraz, euskarazko inposizioaren aurkako erreakzioa da. Ez ba. Erabileraren apala ez da porrotaren seinale, eskatzen duten elebiduntze progresibo horren errealitatea baino. Orain hiru hamarkada erdaldun izatera kondenaturik egongo zen belaunaldiaren zati bat euskararen jabe da gaur egun, guraso erdaldunek euskara hautatu dute seme-alabentzat. Errazkeriaz, erdaraz egiten dute askok, baiki. Hizkuntza komunikazioa izanik, errazenera jotzen dute askok, eta hori erdara dute. Baina belaunaldi baten familia erdaldunetatik seme-alaba euskaldunak irten dira, eskolarako bakarrik erabili arren. Erdaltzearen tendentziaren etena bera ere asko izan da. Ama-hizkuntza erdara duten euskaldun horiek hurrengo belaunaldiari zer transmitituko dioten da erronka. Eskolan bakarrik euskaldunduek, kalean errazkerian erdaraz dihardutenek, seme-alabei euskaraz egingo ote diete? Bi belaunalditan jauzi handia litzateke, gero. Kontua da erdaraz bizi diren horiek seme-alaben lehen urteetan euskaraz egitea gerta litekeela, baina guraso bien arteko hizkuntza gehienetan (lehen umearekin eta hasieran agian ez baina gero...) erdara izatea. Eta hala ez balitz, eta kontzientzia berreskuratuta etxean euskara hutsez ibilita ere, ez da aski etxeko eta eskolako hizkuntza bakarrik izatea. Herri txiki euskaldunetan, eskola eta etxea erdaraz zituzten etorkinen seme-alabak natural samar euskaldundu ziren, euskara hutsezko inguru sozial egokia izan zutelako. Gaur aurkakoa gertatzen da leku askotan. Egin kontu, esna ematen ditugun eguneko hamasei orduetatik hiru baino gehiago telebista ikusten ematen ditugu (% 20), eta hogeitaka kateetatik bakarra da euskaraz. Erdara etxe guztietan dago. Adibide bat baino ez da, gutxiago barik gehiago egin behar dela argi uzten duena.
Erabileraz arduratzea, orain oraingoz, luxua da Euskal Herriko eremu gehienetan. Areago, probokaziotzat hartu baina, zer ardura du euskara erabiltzen den? Euskalduntzea barik elebitasuna helburu delarik, behargin elebidun horien eskubide ere bada gura duten hizkuntzan aritzea. Gurago nuke, noski, euskaraz balebiltza, baina arazoaren zati txikia da erabilera. Bestea da okerrena: hemen euskaraz ez dakienak ez digu uzten euskaraz egiten. Benetako elebitasunean ez legoke arazorik bakoitzak gura duen horretan aritzeko, eta hori da legeak agintzen duena eremu publikoan. Erabileraz ez dio ezer, baina administrazioaren erabiltzaileoi -biztanle guztiei alegia-, mende laurden eta gero malguago jokatu behar dugula esatea aurpegian barre (edo okerrago, irain) egitea da. Egoista izango da, baina nik neurea ahalbidetzea gura dut. Utzidazue euskaraz bizitzen eta bost axola zu euskaraz, espainolez edo swahiliz zabiltzan. Kontua da euskaraz ez badakizu ez didazula niri uzten. Eta hori da oraindik gertatzen dena.
Orain artekoak malgutu behar ei dira. Inposizioak gura denaren aurkakoa ekar dezakeela diote. Horra gezur handia. Hizkuntzetan, inposizioak emaitzak eman ditu beti. Besterik da hori zilegi edo etikoa den. Garbiketa etnikoek horien egileek gura duten emaitzak dituzte, baina ez dira zilegi, bistan da. Hemen noizbait euskal herritartasuna onartuko balitz ere (citoyen(ne)/ciudano/a zentzuan) ez dirudi herritartasun hori lortzeko hizkuntza eskaria ezinbesteko egingo genukeenik, herrialde baltikoetan (eta Espainian, eta Australian, eta Frantzian eta...) egiten duten legez. Baina debekuek, betebeharrek eta zigorrek ondorioak dauzkate, zelan ez dute izango bada? Areago, zertarako arautu ezer, zertarako aitortu euskaldunoi hizkuntza-eskubideak, horiek ukatzea doan bada, araua bete zein ez berdin-berdin bada?
Euskal Herria jendea limurtze hutsez, euskara zeinen cool eta guai-a den esatearekin ez da euskaldunduko. Bide «gogorrak» 25 urtean edo «leunak» 75ean euskalduntzea ekarriko balu, onargarria litzateke bigarrena, trauma handirik ez sortzeko. Baina hizkuntza aldaketak nolabaiteko trauma eragin behar du ezinbestean, aspaldi abiarazitako prozesu historikoari buelta emateko, historikoki milaka euskaldunek jasan duten gutxiespen, bazterketa eta errepresioaren aldean oso txikia izango bada ere. Osterantzean, hil kanpaiak atzeratzea baino ez da. Eta hala balitz, arrazoi dute antieuskaldunek, dirutza ari gara alferrik xahutzen. Helburua euskara erabat normaltzea ez bada, bere txikian eslovenieraren, letonieraren edo malteraren pare egon dadin, ez du merezi ahaleginak.