2013-04-07

Herritartasuna

Behinola idatzi nuen Larrepetiten: Istanbulen kazetari izateko akreditazio-paperak hartu nituenean, izen-abizen, jaiotze-data eta ohiko datuekin batera, bi laukitxo zeuden, elkarren desberdinak: bat herritartasunari zegokion (citizenship), eta naziotasunaz galdetzen zuen bigarrenak. Lehena Estatuari zegokion, zure pasaporteak adierazten duenaren arabera, Turkiako, Espainiako, Frantziako edo beste edozein estatutako herritar izango zara. Horren aldamenekoa, baina, erlijioa legez, pertsonala da, eta ez du zertan Estatukoarekin bat egin. Hortik dator «gutxiengo» (minoría) kontzeptua.

Frantzian eta Espainian gauzak nahasi ohi dira. Alemania adibide duen nazionalismo etnikoaren aldean, sarri goraipatzen da frantsesaren nortasun zibikoa. Baina aski agerikoa da gauzak ez direla ez zuri ez beltz. Munduko leku gehienetan, oso erraz ulertzen da Estatuko herritar izatearen eta norbere nazioaren arteko aldea. Inperioek denak zapaldu izan zituzten berdintsu, baina ez ohi zuten Estatu modernoaren —frantses nazionalismoa eredu, berriz ere— asmo berdintzailerik izan. Estatuko herritar guztiak berdin dira, denak citoyen(ne), baina Estatua nazioaren pare bihurtzen da. Estatua berdin nazioa bada, herritar horiek guztiek naziokide bihurtu behar dira. Bihurtzea... asimilatzea, alegia. Alemaniak bazeukan herria XIX. mendea baino lehen, baina hainbat printzerri eta inperiotan zatituta, estatua falta zuen. Berdin Italiak. Frantziak eratu zuen Estatua, baina nazioa falta zuen. Eta bi mende eman ditu frantsesak sortzen. Euskaldunak eta bretoiak asimilatzen, aljeriarrak galiartzen, antillarrak frantsesten. Aleman herriko ziren alsaziarrak Frantziako herritar baziren, frantses behar zuten. Asimilazioa ia burututa, ukabila pixka bat zabaltzeko tenorea izan liteke. Alsaziak erreferendumera joko du gaur.

Turkia ere Frantziaren ispiluan sortu zuen Mustafa Kemalek, Ataturk turkiarren aitak (horregatik «naziotasuna» esatean ez dago «kurdu» jartzerik, turkiartasunean urtu baitzituen; baina bai musulman ez diren «armeniar» edo «greziar», hori ia estigma onartzea beste izan arren). Otomandar inperioaren errautsetatik eraiki zuen Turkia Ataturkek. Bazuen Espainiarekiko antzekotasunik: galdutakoaren mina baino gehiago, munduko konplotaren sentipena. Grezia, Errusia, britainiarrak, armeniarrak, kristauak oro, denak zituen etsai Turkiak. Denek nahi zuten Anatoliako lurra berentzat. Indarraren bidez eutsi zieten 1915ean, 1923an. Turkiak Estatuko ia hizkuntza guztiak desagerrarazi ditu. Baina kurduek aurre egin diote asimilazioari, belaunaldi berrietan hizkuntzak galera izugarria jasanda ere.

Kurdistanen zabaldu den prozesuan garrantzitsuak izan litezke Gobernutik esan berri direnak: Turkiako errepublika herri ugariren bilgune bada, inor ezin dela behartu turkiar izatera. Batzuetan galdetzen didate zergatik independentismoa ez den azalerazten Kurdistanen. Muga-aldaketa tabu handiegia da Ekialde-Hurbileko liztor-habian. Baina gurean are tabu handiagoa da Estatuak onartzea ez dagoela zertan espainiar edo frantses izan Espainia edo Frantziako herritar izateko. Ñabardura oso garrantzitsua da, Turkiaren izaera bera goitik behera erauzten du. Mendebaldean oso barneratuta daukagu herritarren berdintasunaren ideia, baina berdintasunaren nortasun zibiko horrek Estatuaren baitan herri ugari daudela ukatzea ere badakar. Edo Espainiako absurdura, herri eta nazio bakarra dagoela esan, eta gero zer den ondo definitu ez daitekeen zerbaitera onartzera. Turkiako Konstituzioan aldaketa semantiko horrek kurduei independentzia ematen die, kurduak Estatura asimilatu beharrean Estatua kurdu (ere) bihurtzen da. Horrek ez du zerikusirik Espainiako autonomia batekin.

BERRIAn argitaratua

No comments: