2014-03-02

Lagun izateko, independentzia

Egunotako gertakizunek etxetik urrun harrapatu naute. Kuban nahi baino egun gutxiago eman ditut, kazetari eta adiskide espainiar baten ezkontzan. Hantxe bildu gara Espainia aldeko zenbait kazetari adiskide, euskaldun hau, hiruzpalau latin amerikar eta zenbait kubatar kulturgile. Euskaldun bezala joanda, gutxitan esaten didatena ikusi dut, espainiarrei uhartearen agintea izan zutela gogorarazten diete bertakoek. Eta gero kantak datoz, mambi matxino independentistak, matxeteak, borroka-kantak, eta bake-kantak («kantuko mutil gizajoa espainiarren aurka ari zen borrokan», eten zuen kantariak gitarra, azalpena emateko). Irribarre bat, txantxaren bat, ziriari beste ziriren bat, baina aldarte onean joan da dena. Inori ez zaio otu esatea «hara zeinen ondo egongo zineten orain espainiar izanda». Hizkuntza bera, ondarea, kultura, itsasoaren alde bateko eta besteko emigrazioa... lotura handiak daude, baina ez da zalantzan jarri independentzia. Gogoan izan behar da, etsipen historiko handienetakoa ekarri zuela Kubako independentziak Espainiara. «Gehiago galdu zen Kuban», duela ez asko arte oso ohikoa zen esaldia da; eta 98ko belaunaldia deitu zitzaion 1898an Filipinak, Guam, Puerto Rico eta Kuba, azken koloniak galdu ostean piztu zen mugimenduari. Baina uneko espantuak gaindituta, zauria itxi eta aurrera egiten da. Ondo konparatu izan da sezesioa dibortzioarekin. Mingarria izan ohi da, batentzat gutxienez, bientzat da konplikatua gehienetan bakarrik bizitzen hastea, baina gehienetan onerako da zauria itxi eta aurrera egitea.

Kanadara bidean hegazkina Bahametan gelditu da, eta New Providence uharte nagusia bisitatzeko aprobetxatu dut. Kanada zein Bahamak, biak ere loialismotik sortutako herrialdeak dira, Estatu Batuetako independentziaren gerran Londresi lotuta segitzea erabaki zutenen aldetik. Kanada zein Bahamak estatu dira gaur. Nassauko kutxazainek independentziaren 40. urteurrena ospatzen duten leloak dakartzate. Ez haiek bakarrik. Ronaren nazioarteko festibalean giro ederra dago, Antilletako pattar ezagunenaren aitzakian. (Esklabotzak azukre-kanabera, azukre-kanaberak rona. Haitiko kreolerazko doinuak beti hunkigarri, munduko herrialderik duinena behar zuenak, lehen errepublika beltza, mundu guztiak jipoitua). Aldameneko standetan, bertako rona eta piraten memoria. Parranda berotzen doa. Bahamar batek turista bati Union Jack txiki bat kendu eta bandera astindu du. Ilehoriak ez dio muzin egin txantxari: «Aizu, bandera hori nirea da, ez zurea. Baditu berrogei urte independente zaretela, ezta?». Gau giro ederra Antilletan. Uste dut beste trago bat ron hartuko dutela, independentziagatik, edo laguntasunagatik.

Roger Scruton filosofo kontserbadoreak Ingelesok ez al dugu zeresanik Eskoziako independentziaz? artikulua idatzi berri du. 1968ko Parisen boterearen alde zegoela erabaki zuenetik estetikaz eskuindar jarreretatik arduratu da, eta honakoan ere erreparorik gabe mintzatzen da eskoziarren aurka. Baina halaxe dakar artikuluaren amaierak: «Pentsa dezagun ingelesoi azkenean onartzen zaigula hitza auzian (Eskoziako independentzia), zer bozkatuko nuke nik? Ez daukat zalantzarik. Ingeles independentziaren alde bozkatuko nuke, gure herrialdeen laguntasuna indartzeko urrats gisa. Independentziaren esker izan ziren gai estatubatuarrak aitortzeko haien herrialde zaharrarekiko (Ingalaterrarekiko) lotura, eta bi mundu gerretan guri laguntzera etorri ziren. Independentzia da benetako laguntasunak behar duena. Eta beste horrenbeste, eskoziarren eta ingelesen kasuan legez, elkarren ondoan bizi direnentzat».

Desarmearen argazkiko Picassoren Gernika aipatu du egunotan Fredi Paiak, arrangura historikoez ohartarazteko. Zauriak ixteko modurik egokiena da, are bakarra, askotan dibortzioa.

BERRIAn argitaratua

No comments: