2014-01-30

Espainieraz, derrigor

Cine invisible - zinema soziala festibalerako filmak jasotzeko epea zabalik da.  Oinarrietara jo dugu, eta hara, 7. puntua:

"Para todas aquellas obras cuyo idioma original no sea el castellano, deberán estar
subtituladas o dobladas en este idioma".

"Jatorrizko hizkuntza gaztelera ez dutenek azpitituluak eduki beharko ditu, edo
hizkuntza horretara bikoiztuta".

Zalantzarik balego, euskarazko bertsioan letra lodiz jarri dute. Babesle, Jaurlaritza, Bizkaiko Aldundia, EHU, Bilbo eta Mungiako Udalak...

Lehen ere aipatu dugu: egunotan Zinegoak festibala amaitu da Bilbon, eta Euskal Herriko hainbat herritan ikus daitezke egunotan filmak. Aurreko baten idatzitakoaren ondotik, Festibaletik jakinarazi digutenez, aurrekontuaren zati bat film horiek itzuli eta azpidaztera doa. Espainieraz azpidaztera, alegia.

Batean, beraz, zinemaldia espainiera sustatzeko baliatzen da, eta euskara ez da aintzat hartzen. Hau da, liburuxka badago euskaraz, antolatzaile eta babesleen artean udal, erakunde zein elkarte aurrerakoiak daude, euskarari leku duina eskaini izan diotenak. Bigarrenean, antzeratsu esan genezake, baina hor ere, espainierazko azpidatziak jartzen dira baldintza legez. Eta bai, webgunea, zinemaldiaren aurkezpena, liburuxka, horiek guztiak badaude euskaraz, akats askodun euskara batean, baina hor daude.

Baina edukia bera, espainieraz da. Hau da, filmak bere hizkuntzan datoz, baina jendearengana helarazteko modua espainiera da. Eta kezkatzeko kontua da zer nolako naturaltasunez onartzen duen udalerri independentista batek, elkarte aurrerakoi batek, euskara zokoratu beharra dagoela, horrelako ekimenak euskaldunok espainieraz jaso behar ditugula. Behinola, dirua zein aitzakia, baina ikusi dugu diru bera behar dela horiek azpidazteko. Besteetan, banatzaileek horrela eginda dauzkatela filmak, baina hor ere ikusi dugu badagoela espainierazko azpidatziak exijitzea.

Baina euskararekin, utzikeria erabatekoa da. Hau ez da salaketa bat, horra ere ez da iristen, tamalez. Konstatazio soila da, euskara ez dela inongo erakunde edo alderdirentzat irizpide. Homofobiaren edo sexismoaren aurkako borrokak, oraindik egiteko bide luzea izanda ere, gutxieneko batzuk lortu dituzte: inork ez luke onartuko homofobia sustatzen duen film bat, eta gizonek soilik edo nagusiki betetzen dituzten argazkietan, laster egoten da iruzkinen bat emakumeen presentzia eskasa salatzen. Hala behar du, onargarriak ez diren adierazpenetan atentzio deitzea dator. Agian zuzentasun politiko soila da, hipokrisia nahi baduzue, baina euskararekin azal-azalean geratzen da hori, aurkezpen elebiduna egin eta kito.

Nik dakidala, inor ez da arduratu hainbat udal abertzaleren babesarekin egindako ekimenetan, inor ez die konturik eskatu Mungia, Durango, Elorrio, Errenteria, Sopela edo Donostiari, batzuk aipatze aldera, euren herrietara espainol hutsezko kontuak eramateagatik. Aurreko post batzuetan esan dugun legez, euskarak eta espainolak azpidatzien bidez elkarrekin bizitzea duten eremuan, gainera.

Ez luke hain zaila izan behar. Ez da euskarazko kultur ekimen gehiago behar, euskaldunak pozik egon gaitezen, euskara sustatzeko edo nik zer dakit zertarako. Dauden ekimenak euskaraz izatea behar da. Eta edozein planteamendutan genero-ikuspegia lantzen den gisan, era berean neurtzerik ez badago ere, euskarak egon behar du ekimen guztietan. Ez ekimenaren hamar saiotatik hiruzpalau euskaraz izatea, ez, denetan edo gehienetan euskara -ere, gutxienez- egon dadila.



2 comments:

Anonymous said...

Kaixo Urtzi,

Hona hemen Cine invisible - zinema soziala festibalaren iritzia honi buruz.

Adeitasunez,

KCD GGKE.

http://www.kcd-ongd.org/2014/02/04/kcd-euskararen-alde/

Urtzi Urrutikoetxea said...

Eskerrik asko erantzuteagatik, eta emandako urratsagatik. Euskara baztertzeko jarrera ez da zuena bakarrik, hori badakit, baina horrek ere ez du zuritzen egoera. Gainontzeko festibaletan gauza bera gertatzen da, eta euskaldunok beti isilik, gure erakunde eta zergetatik sustatuko festibalak dira, baina gure hizkuntza-eskubideak urratzen. Epaimahaikoek ez dakitelako, aurrekonturik ez dagoelako... beti bada zerbait. Beraz, epaimahaian parte hartzeko ezinbestekoa da espainol hiztuna izatea? Esan nizuen, ez da kritikara ere iristen, konstatazio triste bat baino ez da.

Kontua ez da, nire ustez, euskarazko ekoizpena sustatzea. Edo hori ere bada, baina euskarazko ekoizpenaz gain, euskaldunok eskubide berbera daukagu Angola edo Kanbodiako filmak ikusteko. Hau da, euskarazkoak euskaraz, espainolezkoak espainolez, ados, euskaldunok biak ulertu ohi ditugu -nagusiki Bizkaian egiten den festibala da. Baina ez espainolez ez euskaraz ez diren filmak, zergatik azpidatzi espainolez soilik? Hor erabaki bat dago, eta kostu bera dauka film hori espainolera azpidaztea zein euskarara.

Erakunde publikoek zuei euskararekiko konpromiso hori eskatu beharko lizueketela uste dut, eta zuek erakunde publikoei beste horrenbeste, diru kontua baldin bada.

Eta benetan zorionak eman nahi nizkizueke festibalagatik, egon izan naiz, oso emanaldi interesgarriak dira, baina benetan euskaldunak aintzat hartu behar direla uste dut. Pentsaezina litzaiguke oso festibal interesgarria antolatzea, baina gero beltzei edo emakumeei sarrera debekatzea. Baina naturaltzat dugu, festibalean ikusteko, euskara etxean utzi behar izatea. Eta zinez baloratzen dituzun ekimenetan hori gertatzea are mingarriago suertatzen da.

Eskubideak eskubide dira eta ez lirateke negoziagarri edo epe-kontua izan behar. Baina gaudenetan, geroz eta urrats gehiago, ongi etorriak izango dira. Eskerrik asko berriz ere erantzuteagatik.