Kito, Katalunian bota dute ontzia, igorri dute usoa, egin dute galdea.
Urtea ekimen esanguratsu batekin abiarazteko ohiturari heldu diote: iaz
ere burujabetza-adierazpena egin zuen Bartzelonan Parlamentuak
urtarrilean. Eta pentsa liteke, zeure burua subirano aldarrikatu ondoren
inori baimena eskatzea erreferenduma egiteko zentzugabea dela, baina
aski lotuta daude biak.
Are gehiago, burujabetza-adierazpenak,
behar-beharrezko tresna izan badaiteke ere, funtsean hori da, adierazpen
bat. Horregatik da absurdoa Espainiako Auzitegi Konstituzionalak
berehala ezarri zion suspentsioa, baina Estatutuaren nazio-izaerarekin
legez, adierazpen politiko bati debeku juridikoak eragin handirik ez.
Espainiak hizkuntza izaera ere ukatu izan zion katalanari, baina
katalana ez zen Konstituzioarekin sortu.
Egunotan berriz,
adierazpenen politikatik erabakitzeko eskubidea egikaritzera doan bidea
urratzeari ekin dio Kataluniak. Hortik aurrerakoak iragarri ditugu behin
eta berriz, baina asteotan esan izan dugun legez, oso esanguratsua da
zelan Espainiak ez duen lortzen inork ukatzea Kataluniaren
independentziarako eskubidea. Obamak eman dizkio kalabazak azken
egunotan Mariano Rajoyk egindako bisitan. Bai, Jose Manuel Durao
Barrosoren karta dauka Espainiako Gobernuak, Azoreetako argazkian ageri
zen laugarren piezarena, baina horrekin bakarrik, bide luzerik ezin
egin. Bidea urratu ahala ikusiko da zer dakarren berri; orain trena
abian da, eta Espainia bide guztiak ixten hasiko zaio berehala. Ateak
itxita, zein eta zelan apurtuko duen ikusi beharko da. Autonomiaren
suspentsioak geroz eta oihartzun handiagoa dauka.
Oso bestelako
estrategian ibilita ere, Londresek datu ugari helarazi dizkie
eskoziarrei, nolabait Edinburgoren Liburu Zuri independentistari aurre
egin nahian. Lehendabizi, aste hasieran, Estatuaren egonkortasunaren
alde egin zuen, hartzekodunen aldetik piztutako kezkak baretzeko: edozer
gertatuta ere, Londresek ordaindu egingo ditu egoten diren zor guztiak.
Sarean badabil txiste bat: «Katalanok, independentzia eskuratuz gero,
zorraren zuen zatia asumitu beharko duzue» diotso batek, eta besteak
galdetu, «eta ez badugu eskuratzen?», «orduan zuen zatia eta gurea».
Lehendik ere Alex Salmondek iragarri zuen bidetik doa: estatuak daukan
zorraren zati proportzionala hartzea baldin badagokio sezesioa gauzatu
duen estatu berriari, pasiboen zatia legez aktiboena ere bereganatu
beharko luke, hau da, estatuak dituen ondareak. Esaterako, zorra legez
aldarrikatu lezake Eskoziak Erresuma Batuaren enbaxaden ehuneko hamar
berari dagozkiola. Funtsean, beti bezala, geroko negoziazioetan adostu
beharreko elementua da. Eta beste horrenbeste Europan. Espainiaren
mehatxuei oihartzun pixka bat egin diote Londresen ere, independentziak
Europarekiko loturan izan dezakeen ondorioei buruz. Baina beti esan
dugu, pragmatismoak nekez onartzen du zure baitan dagoen eremu bat
kanporatzea, eta Europako bihotzean bere arau, kontrol eta legedietatik
kanpo geratzen den estatu berri bat egotea. Asteon egon den beste
adierazpenak oihartzun txikiagoa izan du, baina Europako Parlamentuak
Kosovoren independentzia onar dezala eskatu dio Espainiari. Beldurraren
estrategiara etortzea Londres ez da ezinbestean seinale txar
Eskoziarako. Eta Salmond da abiletan abilena horrelako jukutriak
biluzteko.
Azkenik, Europatik kanpo ere herrialde berri bat jaio
da. Ez independentea, egia da, baina milaka neska-mutilen borroka eta
sakrifizioari esker eutsi dioten lurraldean konstituzioa aldarrikatu
dute kurduek Sirian, Rojavan (mendebaldea). Herenegun ia berrogei gazte
kurduri egin zieten agur Qamixlo hirian. Kurdistan multietniko eta
multierlijiosoa jihadisten itsukeriatik askatu guran hil dituzte
egunotan. Datorren astean, dagokien lekua eskatu dute Geneva-II
negoziazioetan. Marka da, AEB oposizioa xaxatzen ibiltzea Suitzan egon
dadin, eta Siriako eremu laiko, antijihadista eta demokratikoenaren
ordezkariei atea ixtea. Kanpaina indartsua ari dira egiten kurduak,
Lausanarik onartuko ez dutela esaten (1923ko hitzarmena hondamendia izan
zen kurduentzat). Errusia alde dute eta bada nor gerra honetan. Baina
gehiegitan galdu dute kurduek diplomaziaren mahaian borroka-zelaian
herriko seme-alaben odolez irabazitakoa.
BERRIAn argitaratua
No comments:
Post a Comment