Sri Lanka Euskal Herriko kultura politikotik urrun geratzen da munduko begirada horretan. Indiako penintsula oro har, Erresuma Batuan presentzia handiko errealitatea da, baina gure begirada Europan, Latinoamerikan, Mediterraneoan pixka bat eta zorionez anglosaxoniar eremuan geroz eta gehiago oinarritzen da. Asia urrun, betiere, non eta ez den Pakistan edo Indiako jatorriko Eskoziako politikari baten eskutik etortzen. Baina Sri Lankak 2009an tamilen aurka egindako sarraskiek aspaldi zetorren susmo bat indartzeko balio izan zuen: nazioarteko komunitatea deitzen den hori ezikusi egiteko prest dagoela terrorismoaren aurkako borrokan, gauzak bizkor eta eraginkor eginez gero. Dozenaka mila lagun hil zituen Sri Lankako armadak Eelam Tamil Askatzeko Tigreen gerrillak uhartearen iparraldean kontrolatzen zituen lurraldeak konkistatzeko. Munduan zegoen gerrilla indartsuenetakoa ziren, eremu zabala zuten euren menpe, aire-eraso batzuk egiteko ere gai izan ziren, hegazkin errudimentario batzuekin. 2008-2009an hil gutxitan tamilen lurraldea hilobi handi bat bihurtu zen armadaren eskutan, eta gerrillaren arrastorik ez.
Egon zen kritikarik nazioartean, giza-eskubideen taldeen aldetik; aski apalak betiere armadaren ofentsiba gerarazteko. Gerora egindako salaketen aurrean ere, babes osoa izan dute militarrek Gobernuaren aldetik. Milioika dolar iritsi dira errepideak eta azpiegiturak konpontzeko ordutik, eta nazioarteko presioak eman duen fruitu bakarretakoa, Iparraldeko probintzian hauteskundeak antolatzea izan da. 1987an eskualdea sortu zutenetik tamil matxinoen esku egon da gerrako zati handienean, eta behin ere ez da hauteskunderik egin.
Agintean den alderdiaren eta matxinoen hurbileko Tamilen Aliantza Nazionalaren (TNA) arteko lehia estua iragarri zuten. Baina Gobernuari sekulako belarrondokoa eman zioten tamilek: probintziako 38 ordezkarietatik sei baino ez zituzten lortu, eta 30 TNAk. Tamil herriaren eta borrokaren aldeko mezuarekin egin zuten kanpaina, eta herritarren babes zabala lortu. Gerrilla zapaldu zuten, eta armadaren presioak salatuta ere, Sri Lankako tamilek Gobernuaren aurkako eta autodeterminazioaren eta hiru hamarkadako borrokaren aldeko botoa eman zuten.
Hemendik aurrera, zailtasun ugari daude, horratik. CV Wigneshwaranek hartu du probintziako agintea, baina ia autonomiarik gabeko lurraldea da. Are gehiago, Colombok berariaz uhartean gehiengo diren sinhalarren eta Indian ere ahaideak —eta Tamil Nadu estatua— dituzten tamilen arteko tarteko lurralde bezala ikusten dute Iparraldeko probintzia. Hogei milioi lagun bizi dira Sri Lanka uhartean; hiru laurden sinhalar budistak, eta ehuneko hamabost tamil hinduistak.
TNAko tamilek eskuratu dute probintzia, eta botereak, txikia izanda ere, kontraesanak eta arazoak ekarri ohi ditu. Lehendabizikoa, Wigneshwaranek kargua hartzerakoan, Mahinda Rajapaksa presidentearen aurrean Kolonbo hiriburuan egin behar zuen ekitaldian. Alderdikide askorentzat onartezina zen, sinbolikoki Sri Lankako gobernua eta konstituzioa onartzea dakartzalako. Era berean, Kolonbori elkarlanerako eskua luzatzea ere adierazten du.
Aurrerantzean galdera asko datoz. Batetik, zenbateraino txertatuko den tamilen probintzia Sri Lankako politikan, eta zenbaterainoko autonomia emango dion Kolonbok. Egun, gobernadoreak atzera bota ditzake probintziako gobernuaren erabakiak. Era berean, gerran gobernuak erabateko garaipena lortu bazuen ere —gerrillak berak errendizioa onartuta—, giza eskubideen auziak hainbat urtera hasi dira agertzen nazioarteko auzitegietan. TNAko ordezkariak Genevan izan dira Nazio Batuetan Sri Lankaren aurkako salaketak egiten eta lekukotza ematen, Gobernuak horrelakorik ez egiteko gaztigatu arren.
Baketzea, normalizazio politikoa, gerra luze baten ondorio dira. Asian zein Europan. Baina horrekin batera, aurki, hurrengo galdera dator: zein izango den tamilen estatusa uhartean, lurralde autonomoa ala independentea lortzerik izango dute, eta nazioarteak zein rol jokatuko duen horretan guztian. Indiak bereziki, bitartekari rola hartu izan badu ere, etxeko independentismo guztiak gogor zapaltzen ditu, Delhiren menpeko Tamil Nadu estatutik bertatik hasita.
BERRIAn argitaratua
No comments:
Post a Comment