2013-10-13

Turkiaren arazoa kurduekin

Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroak demokratizaziorako neurri sorta bat iragarri zuen duela ia aste bi. PKK gerrillak (Kurdistango Langileen Alderdia) Turkiako estatuaren lurraldetik alde egingo zuela esan, eta haien buruzagi Abdullah Ocalanek mezu historikoa zabaldu eta urte erdira iritsi da Gobernuaren proposamena. Eta etsigarria izan da aurkeztu dutena.

«Q, X, W, Y» debekatutako letrak baimenduko ei dira aurrerantzean; turkieraz erabiltzen ez direlako debekatuta zeuden, baina aspaldi gainditutako oztopoak ziren, bai ingelesaren nagusitasunarekin (www erabilita absurdua nabarmena da), bai kurduek euren kabuz egindako urratsetan. Kurduerazko irakaskuntza 2004an ere onartu zuten, oso neurri zorrotzekin: orain iragarritakoak zabalagoak izan litezke, baina inondik inora ez dira hizkuntzaren berreskurapenerako berme: hezkuntza publikotik kanpo, ikasgai gutxi batzuk baino ez... horiekin batera, estatu osoaren demokratizaziorako beste urratsen bat, hala nola Parlamentuan sartzeko gutxienez lortu beharreko boto-kopurua ehuneko hamarretik.

«Pakete horrek ez du zerikusirik kurduekin», mintzatu da argi Abdullah Ocalan Imrali uharteko espetxetik. Egunotan bete dira hamabost urte Siriatik ihesi joan eta Kenyan harrapatu zutela. Etzi iragarri du Ocalanek egoerari buruzko analisia, baina ohartarazi du dagoeneko negoziazioetatik alde egingo duela prozesuan orain arte legez irauten badu.

ICGk ere (International Crisis Group, Nazioarteko Krisi Taldea), gogor hitz egin du Erdoganen proposamenaz. Eta neurri zehatzak eskatu ditu. Besteak beste, kurdueraren aldeko benetako neurriak, hezkuntza publikoan eta hezkuntzatik kanpo, administrazioan esaterako. Urrunago ere badoa ICG: Turkiako estatu hiperzentralistaren deszentralizazioa ezinbestekoa dela dio. Gobernu egitura horretan inolako urratsik egiteko borondate falta agerikoa da. 1923an frantses estiloan sortutako errepublika laikoari Ekialde Hurbileko eta gizarte musulmanaren ezaugarriak erantsi nahi izan dizkio Erdoganek. Besteak beste, presidenteak botere berezia izango duen errepublika berria eratu gura du (eta Erdogan bera lehendakari, noski, planteamendu horretan Abdullah Gul egungo presidente eta Erdoganen alderdikidea aurka egon arren). Turkiartasunaren indarra ahultzea ondo dago, ikuspegi horretan, islamaren mesedetan, baita agian guztiz minoritario bihurtu diren nortasun batzuk onartuta ere (greziar edo armeniar, biak kristau eta, beraz, ez-musulman), baina inolaz ere ez errepublikako laurdena diren kurduen eskubideak onartuta. Eta hor behar dira urratsak, ICGk gogora dakarrenez: egun Gobernuak dituen botereetako batzuk, hezkuntzan, administrazioan, diru-kontuetan, herritarrek hautatutako botere-gune hurbiletara pasatzea proposatzen du. Udaletara, esaterako.

Testuinguru horretan, Euskal Herriarekiko loturak itzel hazi dira azken hilotan. Beti pentsatu dut hizkuntzarekin egin dugun bidean eredu izan daitezkeen bizpahiru gauza egin ditugula, ikastolak esaterako. Zorionez, Garabide Elkarteko Hizkuntza Berreskurapenari buruzko ikastaroan Suna Altun adiskide kurdua ari da parte hartzen, Ameriketako beste dozena bat lagun indigenarekin batera. Udalbiltzarekin harremana aspaldi bilatu dute Kurdistango udalek, halaber, eta aurten gauzatu da. Lehendabizi haiek etorri ziren, eta berriki egon da euskal udal elkartea Diyarbakirren. Eta azkena, egunotako Bake-Konferentzia, lau ordezkari kurdurekin. Tartean Sirian kurduerazko eskolak ireki dituzten borrokalari ausartak egon dira, eta mugaz beste aldean Diyarbakirgo bertako alkate Osman Baydemir alkatea. Datorren martxoan hauteskundeak dituzte atzera ere, eta Gobernuak horietan jarri du begirada, neurri kosmetikoak proposatzean. Baina kurduek ikasi dute dagokiena hartu egin beharko dutela. Turkiak bere buruarekin dauka arazoa, demokraziarekin.
 
BERRIAn argitaratua

No comments: