2013-10-06

Mugak eta bisak

Indiara joatekoa naiz hil amaieran. Bisita laburra izango da, lagun baten ezkontzarako, baina ilusioa dut ezagutzen ez dudan herrialde itzel hori bisitatzeko. Espero ez nuen burokraziarekin egin dut topo, horratik. Europarrok, demokrazia liberalak diren estatuetara joateko, ia inoiz ez dugu pasaporteaz gain beste ezer behar. AEBek, bai, zorroztu dituzte neurriak, baina Internetez erraz asko egin daiteke. Ohituta nago bisitatzeko zailak diren herrialdeetara joatera, bisetan dirua eta orduak gastatzera, baina esan bezala, ez nuen horrelakorik espero Indian.

Kontuak kontu, irakurle, India edo Kuba edo bisa eskatzen duen beste herrialderen bat bisitatzekotan bazara, ez dakizula sekula barruko europar harroputza atera, burokrazia dela eta. Esperientzia interesgarria izaten da, umiltasunerako alde batetik, eta milioika herritarrek bizi dutena jakiteko.

Indian ezkontzen zaigun lagun horrek berak, Euskal Herrira etorri den azkenetan, hotela hartu du gure etxean geratu ordez. «Poliziarenera joan beharko zenukete, burokrazia itzela egin», Londresen luzaroan bizi den haren indiar bikotea gurean geratzera gonbidatzeko.

Hori da bizi garen gotorlekua. Latinoamerikako hiribururen bateko auzune aberatsa, hesi garaiak eta zaindari armatuak inguruan. Horregatik esan izan dut Europako Batasunak gurago lukeela Espainiak Ceuta eta Melilla galtzea, Gibraltar Espainian sartzea baino: sekulako buruko mina zaio Schengen eremua Afrikako iparraldean egotea. Maroko balitz, gotorlekua argi legoke: Mediterraneotik iparraldera. Frantziak dauzkan lurraldeak (Martinika, Reunion, etab.), urrunegi daude Brusela kezkatzeko.

Goseari, gerrari ihesi datozen gizajoak irudikatzen ditugu, ahuletan ahulenak. Aspaldi ikasi nuen ezetz, Bilboko afrikar batzuei esker: mendebaldeko edozein gaztek izan dezakeen irrikak, bizitzan aurrera egiteko grinak bultzatzen ditu asko eta asko iparraldeko bidea hartzera. Erraz irudikatu nezakeen neure burua, gazterik, bizimodu berri baten bila, bizitzako orrialde garrantzitsuenak oraindik idatzi barik eta idatzi beharrean daudela iruditzen zaizun sasoia da. Iruñean zein Bamakon jaio. Eskema bera, ederragoa da, karitatean oinarritutako ideia orokorra baino. Umeak datoz gero, ordea. Eta haien amak, beti amak.

Pentsatzea bera mingarria da. Hondora doan ontzia, eta ehunka lagun, eta umeak, umeak eta umeak, olgetan behar luketen haurrak, ulertu ezinik baina beldurra barruraino sentitzen. Gero heriotza (kazetari lagunok, noiz arte jarraituko dute espainiar ezjakinen arrastoan etorkin gisa estigmatizatzen? Europa osoan migrant erabiltzen da, migratzaile hori badoan edo badatorren begiratu barik).

Istorioak kontatzeko, ez da behar-beharrezko, baina bizitzako esperientziak nabarmen eragiten dio langintzari. Lekukotasunak ematen dio sarritan literatur lan bati balioa; teknika eta edukia bereiztearen artifizio hori gaindituta.

Bidaia-liburuak argitaratu ditugunok ondo dakigu, turista ez baina bidaiari aldarrikatzeko snob puntua hartuta ere, etorkizuneko literatur lanak migrazio horietatik etorriko direla. John Steinbecken Suminaren Mahatsak da ziur aski AEBetako Depresio Handiaz idatzi diren lanetan eragin handiena izan duena.

Nik dakidala, etorri zirenen seme-alabek edo bilobek idatzi izan dugu, gurean migrazioaz idatziriko apurra. Ez protagonistek eurek. Luze gabe euskaraz ere izango ditugu emigrazioari buruzko lanak baina. Euskal nortasuna aldaraziko dute, espero, identitatea zerk eta zergatik dakarren galdetzeraino. Eta eztabaida horietan guztietan, ez dira faltako, noski, galdera deserosoak. Ontziak hondora zihoazen artean, milaka lagun itotzen ziren artean, zertan ari ginen, esate baterako, eta zer egin genuen hilkintza hori gelditzeko.

BERRIAn argitaratua

No comments: