(Txomin Ziluagari)
Gose da mundua, eta goseak ere hil egiten du. Hala hil dira itota,
goseari txalupan ihesi heriotza aurkitu duten 1, 2, 3, 4… 14 lagun.
Hogeitaka asteon beste ontzi batzuetan. Aspaldi galdetu genuen: zer
erantzungo dugu Gibraltargo itsasarteko sarraski etengabeaz galdetzen
digutelarik bihar? Non egon zineten, zer egin zenuten? Indarkeriarik ez
entzungo ote dugu, milaka (hamar mila irakurri dugu? hogei mila?) lagun,
gizon, emakume, zenbat ume, itsasoan desagertu zirela? Hamalau gehiago,
Alhucemasen itoak, hamazazpi, errusiar erruleta horretatik bizirik
irten direnak.
Andaluziara nahi zuten. Lanik eta itxaropenik ia
ez duen Andaluziara, hiru lagunetik batek lana behar duen Andaluzia
umiliatura. Folklore soila, inperioaren bufoi-eskualdea ageri zen
lekuan, topiko otzanduen herrialdean, Santi Brouard plaza dauka
Marinaledak. Elkartasuna etxetik urrun egin daiteke, eta hurbilago egin
daiteke, eta ez dago etxetik zertan irten elkartasuna eta justiziaren
alde borrokatzeko. Abertzale izanik internazionalista behar duzula
gutxik legez erakusten du Txomin Ziluagak, eta nekez izango zarela
zinezko internazionalista etxeko bidegabekeriei, ukatutako etxe
zaharrari, zeurea eman ezean.
Ez baita urrunera joan behar
askatasun gose hori, justizia gose hori sentitzeko. Cheren berbak datoz,
barren-barrenean senti dezagun edonoren aurka, edonon, egindako
bidegabekeriak. Gure usteak astindu arren, barren-barrenean sentitu.
Bidegabekeriak ez dira gure lagunen aurka soilik egiten, gure alde ei
dihardutenek egiten dituztenean ere senti ditzagun barren-barrenean.
Eta
Andaluzia hartzen du goseak izen. Goseari ihesi Andaluziara bidean hil.
Bizitzeko goseak Andaluzian ihesi. Ezin bizitzeak heriotza dakar,
suizidio deituta ere. Etxea baino lehen bizia eman du Jose Miguel
Domingok. Zer kendu diote, etxea? Zer etsipen behar duzu duela bost urte
itxaropentsu hartutako etxeari ere eutsi ezin diozularik? Dena amiltzen
da. Andaluzian legez, Burjassoten, Herrialde Katalanetan, etsipena
etxean zeukan Manuelek ere, ohean etzandako emaztean. Semeari musu eman
dio, eta bigarren solairutik bota du bere burua. Hark ere etxea bankuari
uzteko agindua, espainiar pasaportedun orok urtero 1.800 euro ematen
dizkiogun banku horri berari
Bankuen diktaduran matxinatu
beharra, bidegabekeriaren aurrean alde egokia hautatu beharra aipatu
zuen Periko Solabarriak Lagako hondartzan. Itsasoaz beste aldean ere
askatasun gosez ziren maputxeen berri izan dugu, euskal abizendunen
erregimen arrazista horren aurka tinko. Pinochet Ugarteren lege
antiterroristekin jazarri zaizkie maputxeei Txilen. Baina ez dituzte
garaitu. Eta azkenean maputxeek utzi legez eutsi diote gose-grebari mila
preso kurduk. Nik Tayip Temel ezagutu nuen, baditu 45 egun baino
gehiago baraurik Diyarbakirgo espetxean. Azadiya Welat kurduerazko
egunkariko zuzendariari birritan egin diot elkarrizketa. Argi zeukan
zergatik ez zuten elkartasunik jasotzen hedabide handietatik, «ez
garelako haiek bezalakoak, ez omen dugu kazetaritza haiek bezala egiten.
Ez, ez dugu haiek bezalako kazetaritza egiten, ezta nahi ere. Gure
jendearentzako kazetaritza egiten dugu, ezer ez daukatenentzat,
hizkuntza ere ukatu dietenentzat».
Goxo dago Laga, udagoiena
aurrera joanda ere, bizkor amiltzen ari den mundu honetan. Egunsentia
dirudien Euskal Herrian badoa eguna, ilunabarrerantz, Ogoño iluntzen ari
da, Izarotik urruntzen argia. Eta unerik ilunenetan ere, beti dago argi
izpi hori. Lagako hondartzan Txomini agur esan eta etxera bueltatzerako
sartu da gaua. Besarkada beroena Haizeari, Izaskuni. Eta ez, ez da
itzali argia.
BERRIAn argitaratua
2012-10-28
2012-10-21
Eztabaidan (militarrik gabe)
Segovia Espainia erdialdean dagoen hiri txikia da,
Gaztelan. Segoviako PSOEko alkateak bereizi egingo dela aldarrikatu du
egunotan, kokoteraino dagoela PPko gobernuaren utzikeriaz. Bereizi ez
eze, batu ere bai, Kataluniara (anatema!), edo Frantziara edo
Alemaniara. Euskal Herria aipatzeraino ez zen iritsi; probokazioa gauza
bat da eta traizioa beste bat.
Amorrazioak sortutako esaldia da. Segoviak ez du Espainia utziko. Auzi edo amorru ekonomikoek independentismoa sustatu dezakete, katalizatzaile bihur daitezke eta, prozesuaren arabera, erabakigarri ere bai. Baina horretarako, oinarri bat behar du, deitu naziotasun-zentzua, deitu nortasun berezitua, deitu nahi bezala. Eskozia gai izan da prozesua osatzeko krisirik gabeko garaian, Islandia eta Irlanda eredu zirela, bai horiek porrot egin ostean ere. Jakin du diskurtsoa unean unekora moldatzen. 426-332, Eskoziako Alderdi Nazionaleko biltzarrak orain arteko jarrera antimilitarista alboratu, eta Eskozia independentea NATOn egotearen alde bozkatu zuen herenegun (Alex Salmondek tartean). Esana dugu: gal ditzakeen boto independentistak baino gehiago dira sektore zalantzatietatik irabaz ditzaketenak. Susmoa dut, gure kasuan Eskoziarenean baino gehiago, AEBek independentzia lasai hartzea ere balio erantsia izan dezakeela. Horiek paradoxak: Israelgo Haaretz-ek ongi etorri Katalunia independentistari, eta Palestinak Madrilen duen enbaxadorea horren aurka mintzatu berri da.
Ez litzateke gutxietsi behar SNPren izaera ezkertiarra. Ez ezker iraultzailearen ikuspegian, baina Eskozia soziologikoki Ingalaterra baino aurrerakoiagoa izateak azaltzen du neurri handi batean independentismoa. Sezesioari buruzko ikerketa askok azaltzen dutenez, Estatuko ideologia nagusitik urrun egoteak garrantzi handia dauka mugimendu independentistan. Agerikoa da —eskuinetik— Europa ekialdean, agerikoa Euskal Herrian ezkerretik. Alderdi espainiarrek gaur hartuko duten jipoiak ia legitimazio guztia kentzen die Madrildik etor daitezkeen aginduei. Arauak gauzak bat dira, baina zein balio demokratiko dute urrungo Gobernu baten aginduek, herritarrek inolako babesik ematen ez badiote Gobernuko alderdiari?
Eskozian hezkuntza eta osasun publikoa biziki estimatzen diren ondasunak dira. Alderdi Kontserbadorea Erresuma Batuan agintean dagoenean, nabarmen egiten zaie eskoziarrei erabat arrotza zaien gobernua daukatela —Westminsterren toriek ez daukate diputatu eskoziarrik—, euren nortasunetik eta ideologiatik oso urrun dagoen jarrera batetik erabakitzen euren bizitzaren gainean. Horrelakoetan, logikoa da zure nortasunetik hurbilago dagoen Estatua eratu nahi izatea.
Asteleheneko Salmond-Cameron akordioak bete-betean jotzen du Madrilgo jardunaren aurka. Erresuma Batuan eta Espainian, gobernuei dagokie erreferendumetara deitzea, ez Eskoziak ez EAEk ez dute eskumenik. Baina David Cameronek bazekien zilegitasuna falta zutela kontserbadoreek Eskozian. Euskal Herriko mendebaldean gaurtik aurrera faltako duten legez (eta Nafarroako auzirako elementu garrantzitsu bihurtzen ari den gisan. Unionistek —PSNk barne— boterea galtzean bideratuko da euskal gatazka). Madrili presioa, ezinbestekoa da konparazioz. Herriari hitza ez ematea geroz eta zailago da defendatzen.
Esanguratsua da, halaber, unionismoak darabiltzan beldur-estrategiak: eurotik/Europako Batasunetik kanpora, pentsiorik ez... Oso deseroso dabilen eztabaidan parte hartzera behartuta dagoela onartzen ari dela iruditzen zait. Arnaldo Otegik esan ohi duenez, laster jabetu zen, nazioarteko adituen aurrean, oso erraz irabaz dakiokeela Espainiari ideien eztabaidan. Militarki baino askoz errazago. Militarren mehatxurik gabe, oso urrats positiboa egin du unionismoak. Hurrengoa falta du: batzuen argudio apokaliptikoak eta besteen mezu independentistak eman ondoren, herritarren erabakia betetzea. Horixe egingo dute Eskozian.
Asko da Espainiaren baitako nazioetako independentistentzat, katalanentzat eskuarki, unionismoarekin eztabaidara iristea.

2012-10-14
Erabakitzea eta hizkuntzak
Eskoziak Londresekin akordioa lortu zuela iragarri
zuten egun berean atzera bota zuen Espainiako Kongresuak herritarrei
galdetzeko aukera. ERCk egin zuen proposamena, eta Alfred Bosch-ek
defendatu zuen: «Bozkatzea zelan izan daiteke legezkoa Erresuma Batuan
eta ez Espainian? Britainiarrak izan nahi duzue, ala sobietarrak, eta
sistema hondoratzea? Eskoziako erreferendumera deitzeko legezko xedapena
gaur hemen proposatzen dugunaren oso antzekoa da. Kataluniaren
independentziaren aurkakoei ere eragotzi nahi diezue ezetz bozkatzea,
jabetzen al zarete? Debekuekin, formaltasunekin, mehatxuekin,
ukazioarekin, benetan uste al duzue horrela irabaz daitekeela eztabaida
bat, beste aldean eskaintzen diegularik askatasuna, demokrazia,
sufragioa, parte hartzea? Bozkatu nahi dugu eta bozkatuko dugu, ez da
hain zaila ulertzen». Eskoziaren paralelo joateak Espainiaren defizit
demokratikoa are nabarmenago jartzen du. Bidenabar, mendebaldeko Europan
independentismoa indartsu den hirugarren herrian, Flandrian,
hauteskunde garrantzitsuak dituzte gaur. Fokoa Anberesko udalean egongo
da, sozialistek galdu eta independentisten eskura igarotzen ote den.
Biharamunean haur katalanak espainoltzeko asmoa zuela bota zuen Jose Ignacio Wert ministroak. Eskandalua piztu da Espainian, baina ez hainbeste Katalunian. Ez independentisten artean gutxienez. Egunotan egokitu zaizkidan bizpahiru katalanek irribarre zabala egin dute, «lobby independentistak kontratatu balu, ez zukeen hobeto egingo». Barça zirudien, partidaren kontrola izan eta baloiaz gozatzen, ia ezer egin gabe aurkariak zenbat gol aukera sortzen dizkion ikusita, zenbat independentista sortzen dituen Espainiatik horrelako urratsen bat egiterakoan. Eta asko egiten dituzte, zein baino zein baldarrago.
Katalan epelenak sutu dira. Espainiatik bereizi nahi ez baina errealitateaz ohartzen diren katalanak dira, Espainiaren irain eta umiliazioez jabetu eta mindu egiten direnak. La Vanguardia-n Enric Juliana kazetariak zioenez, «hankasartze kolosala» artikuluan. «1975-80an, Badalonako langileek bi gauzagatik egin zuten borroka: lanpostuaren alde eta seme-alabentzako eskolen alde; katalana ongietorri hizkuntza izango zuten eskolen alde. Hori izan zen hitzarmen soziala. Eskola da elkarbizitzaren lokailua. Eta baldintza, jatorri eta ideologia orotako katalanek balio handia ematen diote elkarbizitzari. Hain zaila da ulertzea? Katalunia ez da bigarren Euskal Herria izango, zenbait horretan tematuta ere». Euskal Herriak, bistan da, gizarte zatiketa irudikatzen du. Ez euskalduntzeko eskola-sistema prestatu zutenek, ghetto kolonialak balira legez, erantzun beharko lukete. Alderdi espainolak hondora doaz, katalanak ofentsiban doaz Estatuaren bila. Eta hor, ezin aipatu gabe utzi Eduardo Apodakak Lapiko Kritikoan idatzitako Post Nazionalismoaren ordua (http://basque. criticalstew.org/? p=9133 ). Halaxe dakusa Estatua lortzeko bidea: «Nazionalismoa atzean utzirik, estatu propioa, errepublika, herri honetan bizi diren guztientzako proiektu askatzailea dela sinestea eta sinestaraztea. Jokoan dagoena herri subiranoa da. Eta horretan denok irabazle». Aholkua utziz gero: bilatu Lapiko Kritikoan eta lasai leitu osorik.
Espainiera (ko)ofizial?
«Hasieratik argi utz dezagun, Katalunia independentean katalana izango da herrialdeko berezko hizkuntza eta ofiziala, denon hizkuntza komuna. Baina gaztelania ere ofiziala izango da, inork zalantzarik baleuka ere». Oriol Jonqueras, ERCko burua, Sant Vicenç dels Horts-eko alkate ere bada. Bartzelona inguruko etorkinen hiri industrialetan lehena izan da Independentziaren Aldeko Udalerrien Elkartean sartzen. Jonquerasek dioenez, bere herritarren ehuneko laurogei espainieraz mintzo da.
Berehala iritsi zaizkio kritikak Jonquerasi. Vilaweb-eko Vicent Partalek «ukrainar erako independentziaren» arriskuaz oharrarazi du, badakizue Ukrainan errusierari ofizialtasuna eman berri diotela. Gabriel Bibilonik dioenez, independentziak botoak gehitzeko beharra duen unean espainiera-hiztunei egindako keinua da. Baina gogora dakar goizegi abiatutako eztabaida dela, itsumustuan, eta Parlamentuak erabaki beharreko zerbaiti buruz. «Espainierazko elebakarraren figura desagertu egin behar da. Mila aldiz esan dugu, normalizazioaren giltza da katalana izatea hizkuntza komun bakarra, eta norberak erabaki dezala zein beste hizkuntza jakin nahi dituen (ingelesaz gain). Independentziaren ondoren jaioko diren katalanek ez dute lehentasunik izango eskolan hastean. Gurasoen hizkuntza edozein izanda ere, denek hitz egin nahiko dute irakasleek, ministroek, poliziek eta epaileek hitz egiten dutena. Izan ere horiek, Estatuko ordezkari dihardutenean, Estatuko hizkuntzan egin beharko dute, hizkuntza ofizial bakarra badago. Hortxe dago prozesuaren gakoa».
Eskema erraza da, Eskozian legez: oraingoz, liberarekin eta Elizabeth erreginarekin jarraitzea proposatzen du Alex Salmondek, eta gaztelaniaren ofizialtasuna Oriol Jonquerasek. Independentistek, horren aurka egonda ere, erreferendumean baietz bozkatuko dutela jakitun, eta zalantzatiak limurtzeko aukera izan daitekeelakoan. Eskoziakoa herritarrek alda dezaketen Estatu-egitura da. Espainiera ofizialtzea, bete beharreko agindua, balizko Estatua hipotekatu dezakeen konpromisoa. Bistan da zuhur jokatu behar dela, herritarrak erakarri eta mezua modulatu inor ez uxatzeko gisan. Baina independentzia zertarako den argi utzita. Bibilonik dioenez, «herrialde serioetan hizkuntza ofiziala hizkuntza ofiziala da». Irlandaz diharduela dirudi, baina Bartzelonatik Dublinera Euskal Herritik pasatzen da.

2012-10-07
Estatua, Europan ala kanpoan?
Vivianne Redingek, Europako Batzordeko ekonomia lehendakariordeak argi
esan berri du, Katauniako Estatuak Europarko Batasuna utzi behar duen
galdetuta: «Bai zera, nazioarteko araudiak ez dio horren antzekorik deus
ere». Independentistentzako mezu positiboa dirudien horren bestelako
bertsioa eman du Elmar Brok Euroganbera Atzerri arazoetako buruak:
aitortu du ez dagoela kide bihurtzerik beste kideren batek betoa jarriz
gero.
Bestela esanda: Europak ez dauka araubiderik, ez dauka ezer iragarrita katalanek «barne hazkundea» deitzen dioten horretarako. Hau da, Estatu batetik bi edo gehiago sortzeko hipotesia ez dute aintzat hartu orain arte. Auzia konplikatua da, baina aski logikoa ere bai: bikote bateko kideak edozein erako klub bateko kide badira, ez dirudi bikotearen baitako gorabeherek kidetzari eragin beharko lioketenik. Aldiz, mezua baldin bada Katalunia edo Eskozia ez direla Europako Batasuneko kide, horien estatu diren Erresuma Batua edo Espainia direlako kideak, bestelako ideia helarazten da: Katalunia edo Eskozia Europako Batasunean nahi badituzue, osatu ezazue estatua eta sar zaitezte izen horiekin.
Funtsean, mehatxua ez da Europa, estatua baizik. Eskoziak aurki iragarriko du erreferendumerako Londresekin adostu duen galdera. Hala, Londresek ez dio inolako blokeorik jarriko balizko Eskozia independenteari. Gogoan har dezagun, urte hasieran erreferendumaren bidea serio zihoala iragarri zuelarik, zein izan zen zalantza: ez Londresek Eskozia sartzen utziko zuen ala ez, Espainiak, mimetismoa eragozteko, betoa jarriko ote zion baizik. Azkenean, erantzun logikoa eman behar izan zuen Madrilek: sezesioa Londresekin adostuta baldin bazegoen, Espainiak ez zuen oztoporik jarriko. Ez genuen besterik behar.
Arazoa da, beraz, Kataluniari betoa Espainiak jarriko ote liokeen. Eta berriz ere ikusten dugunez, Auzitegi Konstituzionalarekin, armadarekin zein Europarekin mehatxu egin, pilota beti leku berera doa: Espainiara. Brokek argi esan zuen: «negoziatzea da gakoa, eta ez beste ezer», armada erabiltzerik ote zeukan galdetu ziotenean. Egun berean erantzun zuen Alejo Vidal-Quadrasek, autonomia kentzea eta Guardia Zibila bidaltzea eskatu zuenean txantxetan ibili zela. Grazia latza gizonak, bai. Ea antzekorik planteatzera ausartzen den, Gibraltar UEFAn onartu dutela eta. Ederra izango da Espainia-Gibraltar partidaren bat egokitzea zozketan.
Katalan elkarteak, herritarrak azken batean, sutsu ari dira lanean. Bideari serio ekinez gero, garrantzitsua da amaieraraino tinko heltzea. Nolabait esateko, bizitzako aukera da, hordagoa, herritarrak mugiarazi ondoren bururaino eroan behar dituzu, eta ez utzi ilusioa zapuzten, belaunaldi oso baterako galduko baita. Horrexegatik ari dira estu hartzen Artur Mas. Erreferenduma lau urteren buruan gura duela esan berri du, eta hori da promesak lausotzen hasten diren denbora tartea. ERC eta Solidaritat alderdiek, gainera, ez dute akordiorik lortu hauteskundeetara independentistak elkarrekin joateko. Euskal Herriko ispilura begiratzean, garrantzitsua da aintzat hartzea zenbat denbora behar izan den Bildu sortzeko. Hauteskunde bezpera da horrelako egitasmo serioa osatzeko une txarrena.
Alderdietatik kanpo, katalan herritarrek eurek egin beharko diete agintari eta alderdiei presio berriz ere. Orain artean ederto behartu dituzte. Espainia oso urduri jartzea lortu dute (eta urduriago gaur, mundu guztiko milioika lagun Nou Campera begira daudela Els Segadors kantatzen hasten direnean). Ari dira lanean Europan ere. Eta ziur badutela bide orria zehaztuta. Hauteskunde sasoia da orain: flandriar independentistek itxaropen handia daukate gaur zortziko udal hauteskundeetan, hurrengo asteko EAEko bozekiko irrikaz daude katalanak ere, eta Kataluniakoak datoz handik hilabetera.
Ordurako, Eskoziak argituko du ziurrenik zein izango den 2014ko erreferendumeko galdera. Sinplea, argia eta laburra behar du. Eta, galdera kopiatuta, Eskoziaren lekuan Katalunia jartzen badute katalanek, arazo polita sortuko zaio Espainiari.

Subscribe to:
Posts (Atom)