2012-07-15

Siriako kurduen hitzarmena

Aste berezia izan da Kurdistanen. Ekialde Hurbilean oro har, ziur asko. Ez dira kasualitatez izan Errusiaren zenbait mugimendu: Vladimir Putin Israelen, Sergei Lavrov Atzerri ministroa Baxar al-Assaden erregimena estutzen eta oposizioarekin biltzen. Siriako odolusteak posizioa indartzeko parada eskaini dio Moskuri. Inperioen arteko gatazka bihurtu da neurri handi batean, eta afrikar esaerak dioenez, bi elefantek borrokatzean, zoruak sufritzen du. Siria erlijioen arteko gerra zibilera doa. Manaf Tlass jeneralak Al-Assad utzi eta oposizioaren alde egin duela hedatu du Mendebaldeak, erregimenarentzako kolpe handi gisa aurkeztuta. Tentuz hartu behar dira horrelakoak, lehen ere zenbait desertzio antzeratsu aurkeztu dira eta. Baina badirudi erregimeneko eta armadako sunita erlijioko figura nagusia zela, eta erlijioen arteko espirala handituko duela. Iraken antzeko, baina aurkako panorama indartzen ari da: Saddam Husseinen erregimenak bere tribu sunitaren nagusitasuna gehiengo xiitari inposatzen zion artean, Sirian kostaldetik Libanoko mugara doan gutxiengo alauitak boterea izan du assadtarrekin. Nahiz eta, aitortu behar den, erregimenaren krimen eta ustelkeria guztiekin, asmatu duela gutxiengo druso eta kristauak alde izaten, baita klase ertaineko sunita asko ere. Horregatik, sunita horiek matxinadarekin bat egitea kolpea izan dakioke erregimenari.

Kurduen auzia desberdina izan da ia urte eta erdiko matxinadan. Oposizioarekin bat egin edo haiengana hurbiltzeko tentazioan —eta ekintzan— ibili dira Siriako Kurdistango hainbat alderdi, eta alderdiez nazkatutako milaka gazte irten dira kaleetara protestan. Baina Batasun Demokratikoaren Alderdiak (PYD, hau da, PKK gerrillaren Siriako adarra) protesta horiei aurre egin die, eta lortu du matxinada Kurdistanera ez zabaltzea. Ez da jarrera politiko erraza izan: Siriako Kurdistan PYD kontrolpean dago, baina bi etsairen artean eta etxe barneko lehian jardun behar izan du. «Al-Assaden gobernuak Kurdistanen kontrola galdu du», esan zuen asteazkenean Salih Muslim PYDko buruzagiak. Al-Assadekin bat egitea leporatu diote PYDri: kurduek matxinadarekin bat ez egitearen truke, PKKri askatasun osoa emango lioke erregimenak. Lehen ere luzaro erabili zuen Al-Assad aita zenak PKKren karta, harik eta 1998an Turkiak gerrarako mehatxu egin eta Damaskok Abdullah Ocalan kanporatu zuen arte. Bestelako azalpena eman du PYDk: Siriako hondamendia Kurdistan askatzeko baliatu duela, jakinik erregimenak ez zuela bigarren fronte bat irekiko. Hamarkada luzez ukatutakoa, aginte kurdua, kurduerazko eskolak, hedabideak dauzkate orain Siriako Kurdistanen. Herrien sarrerak kontrolguneak ditu PYDk, eta horiei eusteko borondatea, herritarren batzordeen bidez. «Ez, PKKk eta PYDk, herritarrek eurek eragotzi diote Siriako Armada Askeari (FSA) Efrinen (herri kurdu bat) sartzea. Ez dugu nahi FSA herri kurduetan sartzea eta militarrei aitzakia ematea gu txikitzeko. Gure jendea babestea geure ardura da. FSA ez da armada koordinatua, ehun dibisio ditu. Ez dira elkarrekin komunikatzen eta asko lapurrak edo bahitzaileak baino ez dira, FSAren aitzakian. Uste dut alderdi kurduek badakitela beharrezko direla kontrolgune horiek, aurka daude beraiek ez daudelako kontrol horietan. Gure atea zabalik dago denentzat. Baina inozoegia da esatea egoera honetan ez dela kontrolik. Kontrolgune horiek ez baleude, arabiarrak jazarriko litzaizkieke kurduei».

Ia urte eta erdian, PYDk lortu du Kurdistanen nagusitzea, baina beste alderdiekiko gatazka ere ekarri dio. Al-Assad ez bota nahi izatea leporatu diote PYDri, eta horrek Turkiarekin bat egitea beste alderdiei. Ezin ahaztu oposizioan indar pixka bat duen Siriako Kontseilu Nazionalak (SNC) Turkian diharduela, Ankararen erabateko babesarekin. Eta Turkiaren asmoa Ekialde Hurbilean nagusitzea bada, are auzi garrantzitsuago du barnekoa, Kurdistango gatazka. Sirian PKKren kontrolpean legokeen Kurdistan autonomoa onartezintzat du.

Siriako oposizioak Abdel Basset Sayda kurdua izendatu zuen buruzagi ekainaren 10ean, hartara kurduak erakarriko zituelakoan. Baina PYD ez beste alderdiak biltzen dituen Batzorde Nazional Kurdua ere gogaitu da Siriako Kontseilu Nazionalaz, eta geroz eta ageriago daukan agenda islamista sunita eta arabiarrarekin. Kairon joan den astean egindako azken bilera utzi egin zuten kurduek, SNCk, promesez haratago, ezer izenpetzeari uko egin baitzion. Ez autonomia edo federalismoa soilik, baita kurduera hizkuntza ofizial izatea eta herrialdeak arabiar izena kentzea ere.

Irakeko Kurdistango Gobernuak diplomazia lan handia egin du gatazkan zehar. Massud Barzani lehendakariak deituta, behin betikoa izatea erabaki duten hitzarmena izenpetu zuten PYDk eta gainontzeko alderdi kurduek, Batzorde Kurdu Gorena sortzeko. Denborak esango du zein den hitzarmenaren garrantzia, baina kurduek ulertu dute batuta egon behar dutela. Erregimenaren aurka bezainbat, oposizio islamistari, arabiar nazionalismoari eta, batez ere, Turkiari indartsu aurre egiteko. Etorkizuna ez dago idatzita, eta kurduek aukera paregabea daukate. Dena irabazteko, eta dena galtzeko.
BERRIAn argitaratua

No comments: