Istanbulera itzuli naiz aldi batez, lagun zaharrei bisita laburra
egitera. Egun ederrak izan dira hangoaz eta hemengoaz. Kazetariak, kexu,
beti bezala. Espainiarrak urritzen ari dira. Espainiako egunkaririk
ospetsueneko berriemaile gisa ageri zen kolaboratzailea ere etxera
dator; udaberri osoan, hiru hilean, seiehun euro lortu ditu. Horrelakoak
dira gauzak, bi urte Eurasiako hiririk garrantzitsuenetakoan bizitzen,
eta hizkuntzari neurria hartzen hasitakoan, kontaktu mordoa eginda,
etxera itzuli behar. Espainia beti beste aldera begira, Atlantikoaz
haratago, Europaren edo Mediterraneoaren garrantzia ulertu ezinik.
Gurean ere ez da falta ikuspegi hori duenik. Zorionez bada Eurasiaren garrantzi estrategikoaz gain, continuum
baten bizi garen herrien, hizkuntzen eta pertsonen bizipenak gurera
ekartzen digunik. Bost urte baino gehiago dira elkar ezagutu genuela,
Balkanei buruzko foroetan, ingelesez. Gero Istanbulera eta Kaukasoraino
joan ginen elkarrekin. Titulurik gabeko zoro geniala, muturra sartzen
hasi eta euskal kazetaritzan azkenaldiko lanik bikainenetakoa egin du
Karlos Zurutuzak. Bere bidea lantzen, breaking news-ekin baino
askoz gehiago inork gutxik hartuko ez dituen istorio zirraragarriekin,
aitapontekorik edo izen handirik gabe. Rikardo Arregi saria jaso du,
lehenago Argia-k eta Balutxistango diasporak saritu legez.
Euskaratik mundura, espainieraren zubirik gabe natural diharduen
kazetaria dugu, teoriarik gabe praktikan egin du denok ikasi beharreko
bidea. Astean behin edo birritan bidaliko diogu elkarri hemengo eta
hango albisteren bat, eta ez dut gogoan inoiz espainierazko konturik
igorri izana. Euskal hedabideetatik EFEko teletipoak ezabatuta,
nazioarteko sailak desberdinak lirateke.
Istanbulgo liburu-denda
batean Mizgin Arslanekin ere geratu naiz asteotan tea hartzeko. Bere
dokumentalaren azken bertsioa utzi dit, etxera bueltan ikusi dut
hegazkinean. Indartsua da, eta loturak sortzen dira gogoan halabeharrez.
Idatzi nuen duela hil batzuk: Josu Martinezen Itsasoaren alaba
dokumentala ikusi genuen bere etxean, eta Errioxako ardoa, eta Mikel
Laboa gero, eta pisukideak Dersimgo sarraskiaren oroitzapena
Gernikarekin lotu, eta orduak aurrera, eta egin nahi zuen filma argi
ikusi zuen. Maxmurgo iheslari eremutik itzuli berri zen Mizgin artean.
Duela hogei urte ireki zuten Irakeko Kurdistanen, Turkiak txikitutako
herrietako iheslariek. Haren defentsan hil zuten Mizginen aita
gerrillaria. Alabak GALen krimenak ikusi eta argi ikusi zuen zer egin
nahi zuen. Pasaian idatzi zuen gidoia. Orain Donostiako zinemaldian
estreinatu nahiko luke. Eta horregatik, edo parean egokitu delako,
otsailean atxilotu zuen Turkiako Poliziak, hilotan milaka alkate,
abokatu, kazetari eta kulturgile legez. Galdekatu eta libre utzi zuten,
«dena esan nien, ez nuen ezer ezkutatzeko. Espainiara zertara joan
nintzen ere galdetu zidaten. Idatzi egiten dut. Zinegilea naiz eta
filmak egiten ditut». Ia iraingarria den xalotasunez mintzo da Mizgin.
Jakina ez zeukala ezkutatzekorik, izanda ere aski lukete polizia-etxera
deitzea, ordu txikietan etxera sartu beharrean. Baina kaltea egina dago.
«Astebetez izutu egiten nintzen norbait kurdueraz entzutean, amak
telebista kurdua ikustean ere aldatzeko esaten nion, horrek arazoak ekar
ziezazkigukeela jakinda».
Hurrengo filma lantzen ari da.
Esperientzia propiotik hori ere: milaka haur kurdu familietatik
urrunduta hezten dituzte Turkiako estatuko eskola xenofoboetan, kurduera
debekatuta eta turkiartasun harroputza ezartzen. Bere esperientziatik
umorezko filma egin daitekeelakoan dago. Lehen eszena ere argi du: umeak
olgetan dabiltzala, errepublikaren sortzaile Mustafa Kemal Ataturken
bustoa jausi eta txiki-txiki eginda geldituko da. Zaila da
probokazioaren neurria azaltzen, espainiar bandera bat erretzen agertzea
ere gutxi da konparazioan. Tira, kontua da filmerako diru-laguntza
eskatu diola Turkiako Kultura Ministerioari, eta lortzeko itxaropena ere
badaukala. Ez dakit xaloegia dudan laguna, edo euskaldun sortzaileok
eskizofrenia handiegian bizi garen. Turkian (Turkian!) ministerioak
lagun dezakeena, alderdi bat legez kanpo uzteko aitzakia bihur daiteke
Espainian. Akaso geu ginen xaloegiak, eta Barrura begiratzeko leihoak
ireki zitezkeela uste genuen. Baina nazioartean ibili garen kazetariok
aspaldi badakigu: errazago da Ekialde Hurbileko edozein matxinori
erreportajea egitea, Arnaldo Otegirekin aurrez aurreko elkarrizketa
baino.
BERRIAn argitaratua
No comments:
Post a Comment