2012-07-22

Batasuna

Duela astebete, Siriako kurduek Masud Barzani (Irakeko) Hego Kurdistango lehendakariak sustatuta lortutako hitzarmena aipatu genuen. Kurdistango Kontseilu Nazionalak —hamabi bat alderdi biltzen ditu— eta PKKren Siriako adar Batasunaren Alderdi Nazionalak (PYD) izenpetu zuten, eta denen artean Herritarren Defentsarako Batasuna (YPG) sortu. Gogoan hartu behar da duela hilabete eta erdi elkarrekiko tirabirek hainbat hildako eragin zituztela Afrin aldean, Halabetik Turkiara artean dagoen eskualde kurdu menditsuan. PYDri Baxar al-Assaden txotxongilo izatea leporatu zioten, eta horregatik erregimenak eskualde kurduak kontrolatzeko baimena eman ziola. PYDk behin eta berriz esan du Al-Assaden aurka dagoela, baina baita Siriako oposizio islamistaren aurka ere. Turkiaren aterpea daukate, eta hori ez da inoiz dohainik izaten.

Asteazkenean, Defentsa ministroa hil zuten. Erregimenaren pretoriar guardia desagertu zen, Segurtasun Nazionalaren eraikinean egindako atentatuan, hau da, Siriako lekurik gotortuenean. Erakunde islamista batek eta Siriako Armada Libreak (FSA) bere gain hartu dute erasoa, baina hortik aurrera ez dugu askorik jakin, atentatugilea bizkartzain bat izan ote zen salbu. Bada atentaturik izan ere ez zela izan dioenik, maiatzean aldarrikatu baitzuen FSAk ministroaren hilketa. Azalpen irudimentsua izan liteke, baina erregimenaren bihotzeraino infiltratzeko gaitasunetik oso urrun zirudien orain arte FSAk. Saudi Arabiak eta Qatarrek armatuta ere, egin kontu ez direla gai izan herri edo lurralderik bere gain hartzeko.

Damaskoko erasoa joan den igandean hasi zuten matxinoek. Asteazkeneko atentatuak borrokaldiak indartu zituen. Ostegunean, Turkia eta Irakeko hainbat mugako gune konkistatu zituzten —errenditu ziren siriar soldaduak sarraskitu zituzten matxinoek, mugaren beste aldeko irakiar soldaduek esan dutenez— , eta, ostiralean, Halabeko hainbat auzune hartu zituzten. Erregimenak, halaber, Al-Midan eta Damasko hegoaldeko zenbait gune berreskuratu zituen. Horraino azken ordukoen irakurketa. Gero, Siriak behera egin zuen hedabideetan, AEBetako tiroketagatik, Damaskon den holandar kazetariak Twitterren azaldu zuen legez: «Denverren zerbait jazo dela entzun dut. Egun lasaia orduan niretzat».

Gerraren azkenetan gauden ala luze joko duen, horra galdera. Baina erregimenarentzat aste kritikoa izan da. Robert Fiskek: «Oraindik izango da sarraskirik, noski. Zergatik joan ziren ihesi osterantzean milaka siriar Yarmouk palestinarren iheslari eremura, arabiar munduan traizio gehien jasan duten herritarren babesaren bila?». Fiskek mapari erreparatzeko ere eskatzen zuen, Errusiaren jarrera ulertzeko: Kaukasotik uste baino hurbilago dago Siria, eta kezka dauka Txetxeniatik hurbil gobernu islamista izango ote den.

Al-Assad Latakian zela zabaldu zuen oposizioak. Alaui sinestunen eskualdea Turkia eta Libanoko kostaldean dago. Mendetan Hama eta Homseko jauntxo suniten menpe egon ziren, harik eta 1970eko hamarkadan Siriako estatuaren jabe egin eta alauitak nagusi diren erregimen laikoa antolatu arte. Bizpahiru hedabidetan gutxienez aipatu da Frantziako protektoratu garaian legez alaui estatua eratzeko asmoa egon litekeela.

Kurduek bai, egin dute urratsa. Saddam Husseinek, Turkiako armadak eta paramilitarrek, Irango erregimenak sarraskitu dituzte azken 25 urteotan, eta 90eko hamarkadan kurduen arteko borrokak ere izan ziren. Eskarmentua ikasita, Barzanik argi esan izan du: «Desadostasunak desadostasun, kurduen arteko gerra gehiagorik ez». Siriako kurduak batu ditu, eta berehala matxinatu dira. Kobani herria hartu zuten ostegunean. Amuda eta Afrin gero. Lerrook larunbatean idazten ari naizela, Qamishli hartzeko ahaleginetan dira. 2004an matxinatu ziren Qamishlin kurduak, eta gogor zapaldu zituzten. Arabiarrek ez zieten jaramonik egin orduan, horixe gogorarazten diete azken hilabeteotako utzikeria aurpegiratzen dietenei.

Kurdistango eguzkiaren bandera da nagusi, PYD/PKKkoaren aurretik, nahiz eta hori ere ez den ezkutatu. Baina pentsa liteke, badagoela arrazoi estrategikorik horretarako. Turkia arduratuta dago, Kobani muga-mugan dago, eta Qamishli eta Turkiaren menpeko Nusaybin (PKK-k babes handia duen hiria, bidenabar), mugak bereizitako hiri bera dira. Siriako Kurdistango hiri nagusia da Qamishli, balizko autonomiako hiriburua da, baina baita multietnikoa ere: kurduera nagusi da, baina asko dira armeniarrak eta asiriar kristauak ere. Gauzak gehiago nahasteko, Barzaniren papera dago: egun kurdu gehienek errespetatzen dute, baina harreman estua dauka Ankararekin ere. Are gehiago, lotura ekonomikoa: Kirkukeko petrolioa Turkiara bideratzen ari da Kurdistango gobernua, bi aldeak aberasten. Bagdad haserre bizian dago horregatik. Ekialde Hurbileko jukutriak dira, AEBek ekarritako Irakeko agintari xiitak Iranen eta Assaden aliatu bihurtu dira, eta Hego Kurdistan Turkia neoislamistaren aliatu. Baina aliantza eta taktiken gainetik, kurduak elkar ez hiltzera tematu dira, eta askatasunaren aldeko bidea ez da taktika bat, biziraupenerako ezinbestekoa da, Turkiak babestutako erregimen islamista gailentzen bada batez ere. Estrategikoa da batasuna. Nazio zapaldu guztietan.
BERRIAn argitaratua.

No comments: