2011-12-11

Errusiako beroa

Duela hogei urte eraitsi zuten igitai eta mailudun bandera Moskun, eta Errusiako urdin-gorri-zuria jaso. Amaiera zirudiena abiapuntua ere bazen: gutxi batzuentzat ia legerik gabeko urte libre eta zoroen hastapena zen, herri askok aspaldi ezagutu gabeko askatasunari heldu zioten. Bestelako irudi orokorra geratu da, horratik: presidente mozkor bat, planifikatutako ekonomia batetik ahal dena egin eta gabezia handiko urteetara, hotza eta pobrezia, eta nazionalismo sutuek piztutako gerrak.

Hamarkada joan, eta mende berriak presidente berria, gerra berriak eta harrokeriaz betetako politika berria ekarri zituen. Bere horretan zirauten ustelkeriak eta polizien gehiegikeriek, Txetxenia genozidio bidez baketu zen, eta alderdi bakarreko erregimenera bideratu zen Errusia. Baina salaketak NATOzaleen propaganda zirela esan eta Errusiako herriaren ideia berezi bat hedatu zen, hau da, segurtasuna ematen zien buruzagi indartsu haren magalean harro bizi zen herri otzanarena, eslaviar/esklabo berbaren erroak gogora ekarrita bidenabar. Funtsean, Mendebalde harroan sarri dagoen pentsamoldea barneratu genuen: demokrazian eta askatasunean luzaro bizi izan ez denak ez daukala hura erabiltzeko heldutasunik, Errusiarekiko gure ezin ulertua azaltzeko era. Funtsean, halaber, beste modu batera sinplifikatu ohi dut: nazionalismo guztiek izan dezakete alderdi arriskutsua, baina inperio izan direnen harrokeria nazionala inperialismo zapaltzaile bihurtzen da, oso erraz itsutzen eta limurtzen dira herritarrak egitasmo handi horretako kide izateko, eta inperialismoak izan dezake ezkerreko mozorroa, are antikolonialista ere. Inperioa ez da ingelesez soilik mintzo, eta Londres eta New Yorketik zuzentzen. Ryszard Kapuscinkik Moskun kokatu zuen inperioa, eta berdin mintza litzateke espainolez, frantsesez, txineraz zein arabieraz. Georgia eta Hego Osetiako 2008ko gerran, Txetxeniako memoria galduta, Putinekin itsutu zen inperio bakarra ikusten duen sasiezkerra. Kaukason beti elkarrekin bizitako bi herri borrokan ari zirela eta, okerrena gertatu, zubi guztiak lehertu eta inperioek parte hartu. Eta badakizue afrikar atsotitza: bi elefantek borroka egiten dutenean, belarrak sufritzen du.

Hilabete eta erdi doi-doi da errusiera ofizial izateari baietz esan ziotela hegoaldeko osetiarrek erreferendumean. Eta handik aste gutxira, inoizko manifestazio handiena Tskhinvali hiriburuko kaleetan. Egin kontu hiru urte baino ez direla joan gerra izan zenetik, baina ez dute Errusiarekiko morrontza itsua onartu osetiarrek: Moskuk inposatutako hautagaiari bizkarra eman eta berenari, Alla Dzhioevari bozkatu diote. Eduard Kokoiti presidentea —Putinen Tskhinvaliko txakur otzana, BERRIAN pare bat aldiz argitaratu ditugu berari egindako elkarrizketak— dimisioa ematera behartu dute azken orduotan.

Mundua Caracas-New York parametroan soilik ulertzen duenak ez dakit zelan azalduko dituen kontu horiek. Vladimir Putinen aldekoek bizkor leporatu diote Hillary Clintoni protesten atzean egotea. Arabiar udaberria Moskuko neguan piztuko ote da, bada? Errazago jarriko dugu: Siriari emandako babesa ordainarazi nahi dio Mendebalde maltzurrak. Baina, hara non, Alderdi Komunista izan den Putinez gogaituta zeuden herritarretako askok egindako hautua.

Heldu den martxoko bozetan erraz nagusitzeko asmoa zuten Vladimir Putinek eta haren morroi Dmitri Medvedevek. Hamabi urteko agintearen perspektiba astunegia zaie errusiarrei ere, horratik. Eta petrolioaren berorik gabe oso gogorrak dira Errusiako neguak. Hamarkada berria oso interesgarri dator. Kaukason argi izpia piztu da, Moskuraino hedatu, eta oraindik ez da lehertu. Txetxeniako datu ofizialek diote % 99k bozkatu dutela Putinen alde. Gezurra da, noski, baina datu hori saltzen duenak jabetu beharko luke zer-nolako terrorez legokeen horrela bozkatzen duen herri batek. 2014ko Neguko Olinpiar Jokoak Kaukasora ekarri zituen KGBko espioi ohiak, Sotxira. Ekologistek, zirkasiar abertzaleek —1864ko konkista eta Sotxiko bertako biztanleen genozidioa salatzen— eta ia beste inork ez zion aurre egin. Baina geroz eta gehiagok diote ez dela Putinik izango Sotxiko irekieran. Eta, deskuiduan, ezta martxoko hauteskundeetan ere.
BERRIAn argitaratua

No comments: