2011-12-04

Kosovo eta Serbia elkar lotuta

Espainia zaleek sarri egiten duten mehatxuetarik ohikoenetakoa da, balizko Euskal Herri independentea Europako Batasunetik kanpo egongo litzatekeela. Eskozian sakonago aztertu dute gaia: independente bihurtuta, EBtik kanpo ote legoke automatikoki? Horrelakorik ez da inoiz gertatu, ezin erantzun zehatzik eman beraz. Orain arteko kasuek diotenez, Alemaniako Errepublika Demokratikoa desagertu eta mendebaldekoak irentsi zuelarik, berehala EBko kide bihurtu ziren hango lurraldeak eta herritarrak. Aurkakoa ere badugu: Danimarka EBn sartzean, kanpoan geratzea hautatu zuten Feroe uharteek; Groenlandia sartu egin zen orduan, eta gero irten. Ziprek, paradoxa dauka: 27 estatuek aitortzen dute estatua uharte osoan hedatzen dela, nahiz eta praktikan greziarrak bizi diren hegoaldean baino ez dagoen Zipreko errepublika. Iparraldeko estatu turkiarra inork ez du onartzen, baina egon badago; ondorioz, Europako Batasuneko lur eremu bat, kanpoko herrialde batek —kide izateko hautagai batek— okupatzen du. Asko dira horrelako paradoxak eta kontraesanak, eta bidea ibili ahala urratu izan da. Egungo datuekin, ezin zehatz esan Eskozia independentea EBn egongo dela, ezta egongo ez dela ere. Adituen artean ere ez datoz bat. Eta hirugarren lerro bat ere badago: Eskoziak Erresuma Batua uzteak ez lukeela estatu berri bat soilik sortuko, bi baizik, ordura arteko Erresuma Batua ere ez bailitzateke lehengo estatu bera izango. Hau da, agian biak gera litezke EBtik kanpo. Espainiaren kasuan are nabarmenagoa da: asteon langabeziaren datuak jakin ditugu, Espainia hegoaldeko zortzi erkidego dira Europan langabezia handiena daukatenak; Euskal Herriko datu orokorrak, handia izanda ere, apaldu egiten du Espainiakoa. Euskal Herria EBtik kanpo geratuko dela diotenei erraz erantzun dakieke Espainia bera gera litekeela kanpoan. Hiru Trukuk kantatzen zuen: «Amak umea agindu arren, aitak egin lei emon ez; biak kontentu izanez gero, bitartekorik behar ez».

Heldu den ostiralean, hilaren 9an, ospakizun handia nahi zuten Serbian. Europako Batasunak kide izateko argi berdea emateko eguna izango zela uste zuten. Aurkakoa ere, aski posible zen. Azken batean, sarri gertatzen da, aurrekoekin egindako akatsak ez errepikatzeagatik, hurrengoei kalte egitea. Egun handira itxaron baino lehen hoztu die gogoa Europako nagusiak. Angela Merkelek ostiralean ez zuen zalantzarako tarterik utzi: «hautagai estatusa lortzeko baldintzarik ez dute betetzen oraindik». Eta ez betetzea nondik zetorren ere ez zuen ezkutatu: Serbiaren EBrako bidea Kosovorekiko harremanak normaltzetik soilik joango da (bihartik aurrera ikusiko dugu bide horren amaieran EBrik edo eurorik bizi ote den oraindik). Azken orduan mugari buruzko akordioa egin dute Pristinak eta Belgradok, ostiralera bidean Frau Merkelen ukoa gainditzeko balioko duelakoan.

Udatik nabarmen gaiztotu da egoera serbiarrak nagusi diren Kosovo iparraldean. Ez dute onartu nahi «berezko» Serbiara joateko mugak ezartzerik. Marka da mugarik gabeko Europa eraikitzen ari ei den honetan, Serbiari ezetz esatea, zergatik eta, muga berri bat nahi ez duelako. Kosovoren zatiketa ere tabua dute estatu independenteko agintariek. Kosovoko % 92 izanik albaniarrek bereizteko eskubidea bazuten, zergatik ukatu hori bera iparreko eremu txikia osatzen duten hiru udalerrietan, erabateko gehiengo izanik serbiarrak, eta Pristinako agintea onartzen ez dutela. Horrek eskualdeko lurrikara ekar lezake, baiki: Presevo harana Serbian dago, baina Kosovorekin bat egin nahi duten albaniarrak ditu biztanle. Baina herritarren borondatea hain argi dagoenean, zergatik behartu beste estatu bateko zati izatera?
BERRIAn argitaratua

No comments: