2011-12-31

'Ondo sorue mundu hau bixi gariena'

Erreferendum batekin hasi genuen urtea, erreferendumaren aldarria nagusitu urte erdian eta erreferendum deialdi batekin amaitu dugu. Bien bitartean, eskubide pertsonalak murriztutako erregimen autoritarioen aurkako euriak busti du 2011 osoa. Munduko herritarrek beren etorkizunaren jabe izan nahi dute. Eta aldarrikapen horretan pausua aldatuta harrapatu dute mendebaldea. Establishment-a lehendabizi, baina baita ustezko antinperialismoan ainguratuta herriez eta herritarrez ahaztu den ezkerra ere.

Mohamed Buaziziren martirioa geratuko da ziur aski Arabiar Iraultzaren pizgailu gisa. Ezin ahaztu Marokoren errepresioa, ordea, hilabete lehenago, Aaiun ondoko Gdeim Izik-en kanpatuta zeuden sahararren aurka. Abiapuntua bata zein beste izan, Tunisiako olatuak Ben Ali erauzi zuen urtarrilean. Artean arreta txikia izan zuen gure hedabideetan ia azkenera arte. Hego Sudanen erreferendumari garrantzitsuago generitzon, gatazka armatu larrienak ere bakebidez, erreferendumean eta estatu berriak sortzen konpon daitezkeela ikusteko. Khartumgo aginte arabiarraren urtetako zapalkuntzari aurre eginda, hegoalde beltzak bereiztearen alde egin zuen. Uztailean aldarrikatu zuten estatua, mugaldeko Abiei eskualdean gatazkak okerrera egin badu ere. Berriz ere, gerra eta gosea hizpide ekarri dugu eskualde hori, Afrikako Adarreko gosete berriz ahaztuan, Boli Kostako botere gatazkan —Frantziaren esku luzea ostera ere, Laurent Gbagbo Hagara bidaltzeko— eta Kongoko borrokaldietan. Pertsonak zakurrari haginka egitea zela albiste ikasi genuen, baina Angolak Portugali laguntza eman izana ez da albiste izan.

Eta aspaldikoa badirudi ere, agintean urtea betetzear da Dilma Rousseff, Lularen oroitzapena aspaldiko bihurtuz. Brasil Latinoamerikatik aterata Txina eta Indiaren ondora eroan du hilabete gutxian. Iparrean, Obamak legealdiko gola hilketa estrajudizial batekin lortu du. Bost axola Bin Laden desagertzeak ezer gutxi aldatu izana Afganistanen zein Pakistanen. Kanpoan bluff handi bihurtu da Obama. Etxean ezinezko zirudien bigarren agintaldia lor dezake, errepublikanoen zatiketaren laguntzarekin.

Hosni Mubarak otsailean erori zen, martxoan Fukushimak jo zuen hondoa eta zentral nuklearrak Japonian ere arriskutsuak direla ikasi genuen. Tunisiako krisiak zipriztinduta, Michelle Aliot Mariek dimisioa eman behar izan zuen, Ben Ali diktadorearen negozio ilunetan ibiltzeagatik. Bolbora piztuta, arabiar herrialdeetan zapalduta zeudenek protesta egin zuten: xiitek Bahrainen, kurduek Sirian (urtarrilean bertan, Daraa eta Homseko arabiar suniten protestak gero iritsi ziren), askatasun egarri, etorkizunik ikusten ez zuten gazteak gizartearen erdia baino gehiago ziren Jordanian, Libian, Marokon, Aljerian, Yemenen, Saudi Arabian. Hastapeneko zalantzak luze iraun dio mendebaldeari. Ezikusi egin zion Bahraingo inbasio eta zapalkuntzari. Saudi Arabia zuen hark buru, Irani hortzak erakutsi beharrean. Estatubatuarren Irakeko erretiradak morroi bikaina utzi dio Teherani Bagdaden, eta ez zegoen prest bigarrenik proxi xiita bat onartzeko. Hipokrisia eta joko bikoitzaren erakustaldi bikainena izan da. Baina itsuskeria bera —alderantzikatua— agertu du ezkerraren zati batek, Latinoamerikako antinperialismotik tiraka. AEBen lagunen aurka matxinatzea zilegi da, baina tiranoa AEBen etsai bada, akabo matxinatzeko eskubidea. Ezkerraren eztabaida Libiak markatu du, nabarmen.

Ez da korporatibismo soila, baina harro egoteko modukoa da gurea bezalako herri txikiak nola jaso duen Libiako gerra. Lau euskal kazetari ere egon dira herrialde horretan, nork bere iritzi eta keinuekin, baina denak zorrotz eta profesional. Gaddafiren tortura eta sarraskiak dokumentatzen, Sirte eta Bani Walideko triskantzak bertatik bertara jasotzen, amazighen borroken berri ematen. Ez da aski estimatu Karlos Zurutuzak BERRIA-n eta beste lankideek beste hedabide batzuetan egindako lana. Gurera etorri berri direnen artean, komunitate handienetakoa dira arriftarrak. Eta munduak «arabiar» deitu duen udaberrian euskaldunok jakin dugu, garia lastotik bereizita, zapalduetan zapalduen, bereber edo amazighen matxinadei erreparatzen, Atlas eta Arrifetik Libia eta Egiptoraino. Moroak behelainotik ere atera dira.

Mediterraneoaren beste aldera iritsi da oldarra, Espainiara lehendabizi eta AEBetaraino gero. Denborak erakutsiko du aparra noraino jaitsi den, baina arabiar erauntsiaren zaparrada soil dirudite egun begiratuta, Grezia, Italia eta Espainiako agintera nortzuk iritsi diren ikusita bereziki. Mediterraneoak baino interes handiagoa piztu beharko luke Euskal Herrian Eskoziako gobernu berriak. Alex Salmondek garaipen historikoa lortu zuen maiatzean. Eta erreferenduma egin beharra dauka, agindu duenez. Are gehiago, independentziaren aurkakoek egiten diote presio handiena ahalik eta bizkorren dei dezan galdeketa. Angela Merkelek David Cameron barik ibiltzea erabaki duenetik, ingelesen bakardadea are nabarmenagoa da. Eta iparrerantz jarraituta, Faroe uharteetaraino iritsiko ginateke. Han ere, metropoliak esan dio atea zabalik dagoela independente izan nahi dutenean. Udan jazo zen, Faroetako konstituzioak Danimarkakoa urratzen zuela eta. Atzera egin zuten faroetarrek, baina denbora kontua da estatu eskandinaviar berria noiz sortu.

Azken erreferenduma, asteon ezagutu dugu. Kosovoko serbiarrek deitu dute, Pristinako albaniarren agintea onartzen duten jakiteko. Onartzen ez dutela berresteko, alegia. Hegoaldean ohiko erreakzioa sortu du: ez dela legezkoa, mugak ezin direla aldatu eta abar. Demokraziarik gabeko lekuetan inoren etxea antolatzen ez uzteko betiko jokaera.

Jokaera bera Mediterraneo osoan, otomandar ukituarekin edo hori gabe. Turkia zuten ispilu matxino sunitek, Tunisiatik Siriara. Erabateko gehiengoz nagusitu zen berriz ere Recep Tayyip Erdogan ekainean, baina bizkarra eman zioten kurduek, eta inoizko ordezkaritza abertzale handiena bidali dute Ankarara, Parlamentura. Erantzuna asterik aste ikusi dugu, eta egunotan inoizko argien. Botere militarrari aurre egin nahi zioten demokrata islamistek tradizio militarista beldurgarriena abiarazi dute. Sarraskiak, atxiloketak, egunkari eta erakundeen itxierak, Wango lurrikarako biktimekiko ezaxola.

Urte hasiera beldurgarria izan zen ekialdeko kurduentzat ere. Irango teokraziak egunero urkatu zituen presoak, militante kurduak eta bestelako gatibu politikoak asko. Orduan inork gutxik egin zien jaramon. Euskal PEN Klubak ekarrita ezagutu genuen kurdu haien aldarrikapena udaberrian. Baina Siria sobera nahastu denean, Palestinak estatua aldarrikatu eta Unescon onartu dutenean, Israelek barne-arazoak kanpora begira konpontzea ebatzi duenean jarri diogu berriz arreta Irani. Eta gerra-danborrak etengabe Persiako Golkoan, erregimen basatian hiltzen direnekiko ezaxola. Hormuzko itsasartea ixteak petrolioari lekarzkiokeen arazoak eta energia nuklearra dira beldur bakarrak.

Ixen be ondo sorue da mundu au bixi gariena, zioen kiromantziak. Brasil, Txina, India hazi ahala, nor dela erakutsi gura izan du Vladimir Putinen Errusiak. Eta Moskuko hotzean dardara sortu da. Osetiar aliatuen Kaukasorik otzanenean piztu zen haserrea azaroan, Kremlinaren hautagaiari bizkar eman zion herriak. Martxoan hamabi urtez luzatu asmo duen aginte makila nahi du KGBko espioi zaharrak. Gaur ez dauka itzal egingo dion hautagai indartsurik. Baina martxoan iristen da udaberria.
BERRIAn argitaratua

No comments: