San Juango hiri zaharreko sarreran ari ginen bazkaltzen; analista
politikoak puertorricarren obsesioa berretsi zidan, egunen batean
estatubatuarrek bandera jaistea eta Puerto Rico independente bihurtzea,
halabeharrez. «Gerta liteke, inperio handiek ez dute arazorik izaten
ordura arte oso garrantzitsutzat jo dituzten lurraldeak uzteko.
Britainiarrek egun batean marra bat egin lurrean eta hara, hau Pakistan
da, hau India».
Ez berdin, baina antzeratsu, egoki iritzi
diotenean, Bagdaden eraitsi dute barra eta izarren bandera. Bildu dute
oihala, urteotan 4.500 soldaduren gorpuak legez, denak etxerako. Bertan
gorpu direnak, batzuek ehun mila diote, 150 besteek, gerraren aurreko
bahimenduak hildako milaka umeak zerrendatik kanpo daude. Saddam Hussein
ere hil zuten, bere sarraskietan txikienetakoagatik zigortuta. Anfal
kanpainako 180.000 hilek, Halabjako bonbardaketa kimikoak, ez dute
epaiketarik arean izan. Horiek denak atzean utzita bildu dute
estatubatuarrek oihala, etxean «bagoaz» dirudien doinuan, eta Irakeko
gobernuari «ez zaudete bakarrik» itxura eman nahi dion ekitaldi txikian.
Inbasioaren
aurka zegoen Barack Obama, baina orduan ez zen presidente. Eta etxeko
zikinak etxean garbitu behar direnez, munduari begira «Saddamekin baino
hobeto» dagoela gaurko Irak, eta segi aurrera. Argudio erraza baino
arriskutsua da, edozer justifikatzeko baliatu baitaiteke.
Eta
badago aztertzea egungo Iraki buruz, beharrezko da ziur aski mundu
musulmaneko azterketaren baitan kokatzea. Kurduen rola, gehiengo xiitak
Iranekin duen harremana, Siria arazoen eragina... horiek guztiak aintzat
hartu behar dira. Baina horrek ez du gutxitzen gezurrean oinarritutako
legez kanpoko gerrari ekin ziotela George W. Bushek eta bere aliatuek.
Arabiar
mundua astindu duen testuinguruak ekarriko du hamarkada berriko Irak
ere. Irakik egotekotan, noski. (Hego) Kurdistanek urteak daramatza bere
bidea egiten, mendebaldearen aliatu fina izan daitekeela agerian uzten.
Eraso sektarioen biktimen babesgune ere bihurtu da, kristau
asiriarrentzat esaterako. Baina hara non Abdelkarim al-Luyabi petrolio
ministroak berba tabua aipatu berri duen egunotan: «Kurdistanek hautatu
beharko du Iraken geratu nahi duen ala estatu independentea eratu».
Orain
arte bigarren mailako konpainiekin egin izan dituzte kurduek akordioak
petrolioa ustiatzeko. Baina Exxon boteretsuarekin izenpetu dute azkena.
Eta Bagdad amorrarazi du erabakiak. Lortu dutenari eusteko unea dute
kurduek, haizea alde dabilelakoan, baina Ekialde Hurbilean laster
aldatzen dela jakitun.
BERRIAn argitaratua
No comments:
Post a Comment