2010-05-30

Estatu sakona

Zapateroren hil kanpaiak hasi dira jotzen Espainia aldean. Pentsatu gura dut euskal prozesu berriaren zutabeak jarri dituztenek aintzat hartuko zutela Espainian Alderdi Popularra agintean egongo dela ziur aski berandu baino goizago. Raxoik inoiz ez du gaur bezain erraz irabaziko hain meritu gutxirekin.

Ez du zertan kalterako izan. Estatua beti kontrolatu duenak gobernua ere kontrolatzea ekarriko du. Zer axola dio katalanari Zapatero egotea agintean, lehendabizi hitza jan eta gero erreferendumean onartutakoa estatuak atzera botatzen badu? Euskal Herrian azken prozesuan ikusi genuen: Zapaterok auzia konpontzeko benetako borondatea zuela emanda ere -eta asko ematea da-, estatuak aski izan zuen epaile bakar bat aktibatzea euskal ordezkariak espetxeratzen hasteko. Kolpismo light-a da.

Turkian estatu sakona deitzen diote. Militar kolpistak, armadari eta estatu laikoari lotutako burgesia kemalista eta bestelako indar ilunak izan dira estatu kolpeen, milaka kurdu eta ez-kurduren exekuzioen eta bestelako triskantzen erantzule. Estatu egiturak irautearen erantzule dira. Espainiak, armadaburua estatuburu izanda ere, lortu du bere herritar gehienei sinetsaraztea mendebaldeko demokrazia homologatu batean bizi direla. Baina estatu sakonak zain luzeak ditu oraindik, gobernua abenturaren batera ausartuz gero.

Estatu sakonaren ordezkari den PP, edo behinola hari aurka egin eta gerora haren mugak onartuta bizi izan den PSOE, horiek Espainiako gobernu aukerak. 1978an sortutako egitura kolokan dago, horratik; urduri dago estatu sakona. Zer egin katalanek eta euskaldunek demokratikoki estatu horretatik bereiztea erabakitzen dutenean? Krisiak nabarmen indartu ditu independentismoak. Estatu sakonaren mugak amiltzen ari dira. Espainia edo demokrazia erabaki beharko dute laster. Bada garaia estatu sakon horri probokatzeko, benetako aurpegia erakuts dezan. Aurpegi beldurgarria izan arren.

2010-05-23

Erdara atzera

Katalanak aurrera egiteko, gaztelania atzerarazi behar da». Albert Pla i Nualart Avui-ko edizio buruari irakurri berri diogu ARGIAn, beste perla honekin batera: «Biolentzia politikotik baino ezin daitezke defendatu hizkuntzak». Badakit zeinen gogaituta dauden katalan asko beraiek hizkuntza normalizatuta daukatela entzuteaz, zergatik eta, Europako beste edozein hizkuntza gutxitu baino tinkoago dihardutelako. Eta, hala ere, gaztelaniaren presiopean, eta sarri normalizatuta dagoen ustean, atzerantz zenbait esparrutan, hirietako erabileran eta abar. Ustezko baldintza ezin hobeetan ere, elebitasunak handienaren alde egiten du, azken batean.

Eta ondorioa argia da, Pla i Nualarten arabera: «Ofizialki elebakarrak izatea (...) nik ez diot hori egin behar denik, nik esaten dut hori egin behar dela katalana salbatu nahi bada. Ezin dena da jendea engainatu». Onartzen du gatazka dakarrela horrek, baina argi dauka hori ezean katalanarenak egin duela: «Ez litzateke mundua akabatuko. Baina gezurrik ez, mesedez. Ezin gara elkarri xaboi ematen ibili, ze ondo gauden».

Zure hizkuntza nagusitzeak zure hizkuntza garatzen uzten ez dizunaren kontura behar du. Hizkuntzak galtzen dira hiztunek hura ordezkatzen dutelako. Horretarako aldarrikatzen du elebakartasuna katalanak, baina gero ezin bat etorri: Estatu propioarena utopiko samarra baita. Estatu propioa ofizialtasun elebakarra bezain utopikoa da, baina hura da ezinbestekoa hizkuntza normalduko bada. Estatua ez da aski, baina estaturik gabe, jai.

Bestelako ikuspegia dugu sarri Euskal Herrian. Ezker abertzaleak berak ere, Euskal Herriko hirugarren hizkuntza ikastearen garrantzia nabarmendu ei du berriki: nazio gisa indartzeko, euskararen oinarrizko lekuaz gain, hegoaldean frantsesa eta iparrean espainola ere ikasi beharra. Eta ni ezezkoan; euskaraz ezin badut, Baionako erdaldunarekin ingelesez egin nahi dudala. Are Bilbokoarekin ere.

2010-05-16

Iran eta euskaldunak

Iragan igandean, Irango erregimenak beren herriaren askapena nahi zuten lau abertzale kurdu exekutatu zituen Teherango espetxean. Farzad Kamangarren kasua nazkagarria da, horrelakoetan alderaketarik egiterik badago. Herri txiki bateko irakasle eta sindikalista zen, eta inork gutxik uste zuen urkatuko zutenik, Iranek gutxitan exekutatzen baititu nazioarteko kanpaina handien protagonista direnak. Badauka, bestela ere, non hautatu zigortutakoen zerrenda amaigabean. Baina exekutatu egin zuten. Sirin Elem Huli pertsierarik ez zekien emakumea zen, eta hala ere torturapean sinarazitako aitorpena baliatu zuten urkatzeko.

Mendebaldeko hedabideetan oihartzun apala izan du, tamalez, Iranen egitasmo nuklarrekin alderatuta adibidez. Baina Ekialde Hurbilean, eta Kurdistanen bereziki, jendeak negar eta garrasi egin du. Kurdistan autonomoan egin dute protesta, Ipar Kurdistanen haserretu dira, eta Iranen, urkamendiaren mehatxuak kurduei, emakumeei, homosexualei, laikoei, oposizioko edonori erasaten dion erregimen basati horren herrialdean, manifestazioak eta greba orokorra egin dituzte.

Europan ere protestak izan dira Londresen, Norvegian, Suedian, Italian; Parisen enbaxadako atariari eraso diote. Eta zain egon naiz Euskal Herrian ahotsa nork altxatuko, imajinatzen zer egingo luketen Kolonbiak lau nekazari exekutatuko balitu, Israelek Tel Aviveko espetxean lau palestinar urkatuko balitu. Are gehiago, Iranen ordez Turkia izan balitz hiltzailea, izango zuen protestaren bat edo beste. Baina, noski, zelan altxa ahotsik Venezuelaren lagunari, Hezbollaren eta Hamasen aita pontekoari, Estatu Batuen etsaiari? Gringoen arerio bada, gure lagun, noski, zertan galdu hausnarketa sakonagoetan.

A ze nazka. Eta gero kexatuko dira bizardun hiltzaileengandik libratzeko laguntza Israeli eta Washingtoni eskatzen diotelako.

2010-05-09

Elur makina

Iaz, aspaldiko partez Kurdistanera itzulita, euforia unean zeuden: milioi bat lagun Newrozeko ospakizunetan. Ezin indartsuago ageri ziren, oztopo eta debekuei jaramonik egin gabe, Europari izaera demokratikoa erakutsi nahi zion Estatuari kontraesanak agerrarazi nahian. Etxean, berriz, hodei ilunak. Independentismoa ahul sumatu eta mendebaldeko ehun mila abertzale kanporatu ostean, Espainiak Jaurlaritzako konkistari ekin zion. Francoren 25 bake urteen zinismo berarekin, joan den urtearen normaltasuna saldu digute. Egin dituzten balentriak goratu beharrean, espainiarrak agintean egonda gauzak berdin daudela sinestarazteko ahalegin patetikoa da. Konkista eta umiliazio asmoak baino ez dituzte ikusten milaka lagunek normaltasun horretan.

Urtebetera, itzuli naiz Kurdistanera. Soldadu gehiago ikusten dira errepideetan, egunero daude borrokaldiak gerrillaren eta armadaren artean, dozenaka hildako azken asteotan. Gutxi iraun du itxaropen demokratikoaren udaberriak. Inoiz utzi ez dituzten mendietan jarri dute esperantza kurduek, berriz jabetu dira geratzen zaien bide bakarra dela. Ez da erraza azaltzea gurean gauzak desberdinak direla; erasoak eraso, matxinada armatua independentismoari berari kaltegarri eta oldar konkistatzaileari aitzakia bihurtu zaizkio. Aldiz, sasiezker jakobinoaren eta nazionalismo baztertzaile espainolaren batasunak bidea erakutsi digu. Autonomismoaren arriskuak agerian utzi dituzte, eta independentzia amestu baina haren beldur zenari argi geratu zaio ez dela ametsa, beharra da kolono antieuskaldunek den-dena berenganatu baino lehen.

Ezker abertzalearen prozesuari Elur makina deitu dio Espainiako gobernuaren asmoak argitaratzen dituen egunkariak. Labur esanda, armarik gabeko testuingurura «astiro baina jende guztia bilduz» iristea ei da. Nik bestela ere ikusten dut: independentziara bidea libre eta garbi uzten ari da elur makina.

2010-05-02

Kanpoko ereduak

Armeniar genozidioaren urteurreneko ekitaldiak aprobetxatuta, Kaukaso aldean eman ditugu egun batzuk. Izoztutako gatazka deiturikoetan bakarra falta nuen bisitatzeko, eta Armenia eta Azerbaijanen arteko Nagorno Karabakh-en ibili naiz beste zenbait kazetarirekin. Sobietar Batasuneko gerra latzenetakoa sufritu zuen eskualdeak, eta hamabost urtez gerrarik gabe baina bakea erdietsi ezinik dihardute, alde bietan milaka iheslari dituztela etxera itzuli ezinik.

Azerbaijango hiriburuan jaio eta hazitako armeniarrekin bildu gara. «Armeniar ginela ia ohartu gabe hazi ginen, errusieraz bizi izan ginen, eta egun batetik bestera alde egin behar izan genuen etxetik». Baku kosmopolitaren ordez Nagorno Karabakh menditsu eta hotza dute gaur bizileku, seme-alabek gurasoek baino hobeto dakite armenieraz, eta errusierak atzera egin du eskualdean. Inork aitortzen ez dien eta egiaz ia inork nahi ez duen estatu independentean bizi dira. 1988an eskualdea Armeniako errepublikako zati izatea eskatu zuten, betiere Sobietar Batasunaren baitan, aldaketa administratibo erraza izango zelakoan. Gutunetatik manifestazioetara, azerbaijandarren aurkako protestak, lehen sarraskiak, Sobietar Batasuna erortzea eta gerra betea, azkenik. Hura irabazi, auzoa etsai bihurtu, kanporatu, eta independentziak nahi zuenetik gutxi ekarri die: Armeniarekin bat egin ordez, estatua aldarrikatu behar izan dute, osterantzean Azerbaijanek Armeniari bere lurraldea okupatzea leporatuko lioke eta.

«Nazionalismoek hauxe dakarte» ondorioztatu du espainiar kazetariak. «Herritarrek hitz egiteko aukera dutenean, askatasunaren alde egin ohi dute. Herritarren erabakia ukatzeak dakar hau, Karabakhen zein Txetxenian» gaztigatu diot. «Espainiak ez ote lituzke tankeak bidaliko?». Harrituta begiratu dit, Espainian horrelakoak pentsaezinak balira legez. Baina gogorarazi diot, gogorarazi diodanez, Egunkaria-ren itxieratik zazpi urtera haserretzeak ez duela balio.