2007-01-29

Waitukubuli

Esaten dutenez, Kolon Antilletara itzuliko balitz Dominika baino ez zukeen ezagutuko. Orduko itxura gorde duen leku bakarra dela esan gura dute, besteetan ezarritako azukre kainaberadi eta enparaurik barik.
Ongi etorri beroa, denak pozarren eta lanerako erraztasuna espero banuen, jai. Atsegin hartu ninduten etxean, telefonoz deitua nuen Carib Territory deritzon lurraldeko ostatuan, baina hasierako berbeta laster eten zuen Charles nagusiak. Aireportuan autoagatik eskatzen zidaten astokeria barik, merke samar lortu zidan datozen hiru egunetan uhartean barna ibiltzeko ibilgailua, eta hari esker moldatu nintzen Zuberoatxo honetako bazterretara heltzeko.
Margaret emaztea maitagarria da, hori bai. Nire beherakoaren berri izan eta etxe ondoko belarrak bilduta infusioa egin zidan, bero-bero eta azukre barik, ordutik ez naiz komunetik pasa eta joan dira bizpahiru egun.
Izan ere, antigoaleko kulturatik gehien gorde dutena belarretan, artisautzan eta sukaldean ei dago, hizkuntza galdurik. Antilletako jatorrizko biztanleak topa daitezkeen leku bakarra da Dominika deitzen dugun hau, edo hala esan izan da urtetan. 1903tik eskualde propioa daukate izan ere euren hizkuntzan Waitukubuli izeneko uhartean, eta egia da jauzia erabatekoa dela: aireportutik irten eta beltzak dira biztanle ia guztiak, halako batean, ordea, azal argiagoa eta asiar edo polinesiar itxurako jendeak hasi dira agertzen errepide ondoko herrietan. Ile latz eta luzea, bizar gutxi... hizkuntzarik gabe ere, begibistakoa da aldea.
Antilletako beste leku batzuetan ikusitakoa jarraituz, eta Europako negutik etorrita, praka luzeak nekartzan. Baina badago beste giro lasaiago bat, praka laburrek derrigorrez girien kontuek ez direla adierazten dizutenak.
Lekua pobrea da, Charles buruzagiak berak jakinarazi didanez. "% 75 langabezian egonik, gure nortasunari eta kulturari eustea bezain garrantzitsua da jendearentzat bizi-baldintza duinak sortzea". Baina ez die berehalakoan barkatu iazko erabakia. "Dolar gutxi batzuen truke saldu zirenekiko zer nahi duzu esatea? Pobreak bai, baina duintasun apur bat, motel. Walt Disney egin zuena salatzekoa izan zen, eta gure komunitateko askoren jarrera, lotsagarria".
Ez dakit ikusi duzuen Karibeko Piratak filmaren bigarren zatia. Hementxe topatu ditut Johnny Depp harrapatu eta jaten saiatzen diren pertsonak. Antzinako salaketa hori gezurretakoa dela salatu dute behin eta berriz bertako biztanleek; azken urteotan kalinagu izena hobetsi dute antigoaleko kariberen ordez, handik eratorri baitzen kanibal eta euren arbasoak hiltzeko europarren agindua. Niri, egia esan, filmean erabat ezabatu litekeen pasartea begitandu zitzaidan, oraintsu ikusitako Don Celes (eta telebistako ustezko umorezko pasarteren baten ere) haren antzeko, inoiz grazia askorik ez bazuen orain are gutxiago daukan pasartea: lapikoan sartuta pertsona zuria.
Bon, ia datozen egunetan astirik hartzen dugun uharte zoragarri honetako kontuekin jarraitzeko.

No comments: