2007-01-28

Banoa

Hogeita ez dakit zenbat ordu izan diren honaino heltzeko, Bilbotik Madrilera hegaldi merkea, ordu batzuk Barajasen, han lehen arazo burokratikoa: bidaia txartela internetez hartuz gero, teorian ez dago zertan inprimatu, horretarako da billete elektronikoa. Baina AEBetara sartzeko, beharrezkoa da irtengo zaren agiriren bat. Lehenengo buruko mina, Barajasen inprimatzeko lekua topatzea. New Yorkera segi hurrena arrastiko zazpietan heltzeko, eta Puerto Ricora joateko hegaldia goizeko seietan, hamaika ordu eta gau osoa aurretik. Kanpoan, zortzi gradu zeropetik. Galdetu dut badaezpada hotel merkeren bat hurbil ia dagoen... merkeenak 135 dolar + tasak eskatzen ditu gaueko.
Halaxe ibili naiz JFK aireportuko trenean batera eta bestera orduak egiten, dendak-edo zerbait topatzekotan. Baita zera ere! Munduko aireportu handienetakoan ia ez dago saltokirik, polizia pilo bat, eta ezer gutxi gehiago.
Beno, ba zorroak uzteko lekua topatu eta hirira joan naiz, AEBetan lehen esperientzia New Yorkeko metroan izan dut. Gauez, sekulako hotza, ni tropikorako erdi prestatuta txandala eta jertsea baino ez nituela, eta apurtxo bat liluratu etxeorratzekin, afaltzeko txokoa topatu, eta atzera metroa aireportura. Esperientzia totala metroa, giro afrolatino erabatekoa, Europan ez bezala ezezagunekin ere laster berbetan hastekoak, eta lagunkoi jendea giri koitadu honekin.
Joaterakoan beltz kuadrila sartu da bagoian, bina neska mutil, batek nora noan galdetu dit, nire gaueko giroak eta ingelesez trabatzeko beldurrak errespetu apur bat jarrita isilik gelditu naiz, eta halaxe jarraitu du zirikatzaile. Baina jator, Pepsian pattarra botaz, nire aurreko aulkiko beste mutil beltz lotsati batekin solasean, kontraste ederra, batzuk gauerako dotore eta beste pintzadun prakekin. Dena ulertu ez arren beltzei buruzko berbeta interesgarria zeukaten, "beltza naiz, eta? amerikarra?" Eta besteak gogorarazten zion "Afrikatik gatoz, baina handik etorri baino ekarri egin gintuzten..."
Itzuleran adineko ilehori bat urrikaldu da giriaz, metroko linea zuzena baina gure trena aireporturaino ez zihoala ikusita. Puertorricoarra zen -harritu nau- eta ingelesez hasi, gaztelerara jauzi eta laster ingelesera itzuli da, non jaitsi ondo aholkatu dit behinik behin, lurpean (badaude lurrazalean dauden geltokiak, eta hotz honekin..), eta nik asmoa neukanean baino pare bat beranduago, "beste horiek oso bakartiak dira, mutil". Hala bada, etxeorratzen liluratik apur bat eta buelta aireportua, bizpahiru ordu behinik behin emanda. Xabier Montoiaren liburuari ere errepaso polita eman diot, irakurgaiak ondo aukeratzea garrantzitsua da hain bidaia luzean.
Aireportura itzulita ordu asko falta oraindik, eta zelan pentsatu NYko aireportuan apur bat luzatzeko besaulkirik ere ez dagoenik? Dendak ere urri-urri. Londresko Stansteden orduak zeinen lasai eman nituen gogoratu dut, denda, liburudenda eta tabernaz beteta. Eta hemen terminal asko bai, baina ezer gutxi gehiago.
Joan dira orduak, Puerto Ricoko San Juaneko hegaldia hartu arte. Azken eskala dut, ez Europatik ez Ipar Amerikatik ez dago hegaldi zuzenik. Errematea, beherako arriskutsua igartzen dut gorputzari gerra eman guran. Beno, Antilletan arrozik ez da faltako. Puerto Ricori abegi berezia diot, baina aireportua da San Juaneko alde yanki, diglosiko nazkagarrienetakoa. Gustura sentitu naiz etengabe ingelesez zuzentzen zitzaizkidanei gazteleraz erantzuten.
Halaxe heldu naiz azkenean Melville Hall aireportu txiki eta ezin karibenoagora. Airetik lur hartzera zoazenean antzematen zaio uharteari itxura basa eta zeinen erakargarri duen oihana etengabe altxatzen diren mendietan.
Dominika uhartea da, Karibeko ohiko liburuxketatik eta postaletatik urruntzen den paraje ederra, aspaldi asmotan neukana eta azkenik tartea atera dudana iristeko. Egun gutxi batzuk baino ez dira izango bidaiarekin jarraitu aurretik, Zuberoaren neurriko txoko honen sekretuak ezagutzeko gutxiegi, baina lehen bisita bezala har dezagun.

No comments: