2006-01-24

Barbas moteletik, Sahara mendebaldean, urtarrilaren 22an

Munduaren uzkirik badago, bertan gu, basamortu erdian, giri talde bat eta marokoar soldadu batzuk gagoz. Biharko eguna heldu eta alde egiteko gogoa, leku okupatu hau tristeegia da, are tristeagoa bertakoak hain urrun eta milaka kilometrotako exilioan imajinatuz gero.
Gozatu genuen Essaouira ederreko ostiral goiza, muezinaren deiak, umeak eskolara, arrantzaleak enkantean eta erabateko mugimendua portuko atari ikusgarritik barrurantz... gosari oparoa opil marokoarrak jaten, zuku eta kafe eta guzti, dena oso merke. Mellah (juduen auzoa) gainezka, turista gutxi batzuk bai baina bertakoak nagusi, salerosketan, elkar agurtze luzeetan... bezperan hamar dirham ordainarazi zizkigun auto-zaindaria ere han topatu genuen, gauez egindako osteran (pentsatu bezala) bere arrastorik ikusi ez arren.
Essaouiratik bideak Souss eskualdean barna eroan gintuen, geroz eta auto gutxiago, autokarabanak bai, eta paisajea idortuz. Zuhaitzen lekua sasiek hartu zuten, eta ikuskizun bitxia, ahuntzak zuhaixketara igota, fruturik goxoenak han goian ei dagozenez... 170 kilometrora Agadir dator, zaila da deskribatzen, hain bide luzearen ostean, basamortu atari horretan zer demontre galdu zaien milaka aleman eta frantsesi. Fresko samar, urtarrilean gaude, aizue, Karibera etorri zaretelakoan? Itsas-pasealekuan ohiko astunak beren tabernara joateko eskatzen, eta musikar bat soka bakarreko gitarra joz, barrea atera guran irribarrei beren kantuetan frantsesezko eta are alemanezko pasarteak sartuz.
Tiznitera orduko Tafraouteko mendiko bidea hartu gura genuen, oso ederra omen da eta berebere talde garrantzitsu baten hiriburua. Bidegurutzea ezin topa, ordea, eta artez Tiznitera. Hiri txukuna, gizon urdin batzuk ageri dira (badakigu ez direna tuaregak, baina bai bertako gizon urdinak direna, agian oihalak modernoak izan arren, turistentzat behintzat ez dira jantzi horrela, gu eta Agadirreko gutxi batzuk baina ez gagoz eta). Oinetako deigarriak daramatzate, beilegiak gura zituen Gorettik bere zapatilek min emanda, baina gero erreparatu bezala gizonek baino ez daramatzatela esan digute zokoan, azkenean gorriak, 40 dirham. Hiri handia da, harresi ikusgarriak inguratua eta zoko ugari, esan bezala, Agadirren aspertutako turista gorritu eta guri batzuk ere bai, azala bistan, bertakoan artean denerik ikus daiteke.
Aglou hondartzatik errepidea kostatik doa, tarteka zoragarria da, mendia alde batean eta itsasoan bestean, sasi eta zuhaixkak.
Ifni ere oso atsegina, turista asko eta herriko plaza erdian, Espainiako eraikina, arrano eta guzti hantxe tinko, etxea bera jaustear dagoen arren. Plaza osterantzean oso eder dago, eta herritarrak (berebereak hauek ere) plazan bildurik harrapatu ditugu arrain-salerosketan. Badu Espainiakoen antzarik azokak, edo Maroko eta Espainiakoen arteko zerbait da agian. Suerte Loca hotelean gelditu gara, afari bikaina, lanperan eta guzti, hamar euro biok. Hondartzan autokarabanak, hotelaren historia webgune batetik ateratako txostentxoan irakurri dugu, espainiar merkatari batek sortu ei zuen kolonia sasoian.
Zapatuan goiz alde, ura oraindik hotzegi dutxatzeko, 9etatik aurrera diote hasten dela berotzen, eguzki-energia darabil eta. Guelmim-eko azoka ikusgarria da, inondik ez gida-liburuak iragarri edo mehatxatutako turisten tranpa, oso kanpotar gutxi gaude eta salerosketa guztiak eurek egiten dituzte, ganadua, ortuariak, fruta, espeziak...
Hantxe hasten da basamortuko bidea, orain bai, guztiz idor eta lehen dunekin batera, lehen kontrolak. Estrainekoakn pasaporteak laster itzuli dizkigu, aurrerantzean ez, autotik jaitsita bide ondoko eraikinera joateko agindu digute, polizia serio bat eta beste bat atsegin plantan, datu guztiak, eta aurrerantzean etengabe egingo diguten galdera magikoa: lana? nik, "ikusentzunezko teknikaria" lanbide fantasma aipatzen diet eta Gorettik "sans emploi". Jator usteko poliziak erantzun dio: lanik gabe? nire moduan... horrela, horrela behar du emakumeak, etxean senarraren zain. Tarfayan ere kontrola, Saint-Exuperyren estatua dago Corrier du Sud-en egilearen omenez baina aurrerantz jarraitu dugu. Tah herria da Mendebaldeko Saharako muga, inon ezer ageri ez bada ere. Gasolina da aurrerantzean desberdintasuna, oso merkea da, Marokoko erdia, euroko 40 xentimo. Aaiunen sartzeko beste kontrol bi pasa ditugu, eguerditik aurrerantz, polizia eta militar pilo bat kaleetan, NBEkoak ere tartean, ez diot traza onik hartu. Arrastian itxura hobea, meskita berriaren inguruan plaza dotorea eta jende asko, deigarria ere bada aitak umeekin olgetan ikustea (orain artean amak izan dira ia beti), kontrastea dago Casablancan legez, guztiz estalitako emakumeak eta oso arropa estuak, takoidunak bestetik... kolonoen sustrai faltak eraginda agian? Galdera hortxe gelditu da. Beste auzoetara ez gara joan, ez daukagu kontakturik ez ausardiarik, nori galdetu ezer behin hona helduta? zelan bereiztu nor den nor? Ilunabarreko giroa arrastikoa baino hobea da, baina herri okupatu bateko hiriburu okupatua izaten jarraitzen du honek.
Biharamunean Dakhlatik pasa barik hegoalderantz jo dugu, behingoz alde egiteko, Barbas motelean gelditu gara, arrastiko bostetan ixten dutenez muga eta bisaturik ere ez daukagunez. Mugatik ordubete ingurura gaude, ea biharko egunak zer dakarren.

Biharko egun hori atzokoa izan zen: gasteiztar kuadrila topatu genuen euskal selekzioaren kamisetarekin aldameneko logelan eta gero bidean zehar gehiagotan topatu dugun jendea. Muga erraz samar gurutzatu genuen, eta halamoduz topatu 3 kilometroko pistan (minaz josita, omen, bideari gatz apur bat jartzeko) bide zuzena. Handik aurrera Mauritanian, sartu eta berehala "cadeau" eske polizia, gure frantses kaskarra are kaskagarragoa den itxura egin eta aurrera. Eta hortik aurrerakoak, hurrengo mezuan, basamortuko dunak errepide berriraino iritsi dira tarteka eta harea gainetik pasa behar da behin edo behin, ez dakigu horrek egin ote dien kalte kanbioei baina tira, oraintxe bertan bagoaz auto bila.

1 comment:

Anonymous said...

kaixo urtzi:
Zu agurtzeko sartu naiz hemen barruan. Deskubrimendua eduki dut; ez nizun ezagutzen blogik.
Orain ikasten nabil buru belarri. Azterketak bukatu eta gero idatziko dizut Berlineko eta Mugalariko gidaren inguruko kontuak. Ez nago ahaztuta.
Ondo ibili
maite toledo