2006-01-31

Moptitik

Azken mezuko kontuen ostean, estuasunak ere aipatu behar, Mauritaniako polizia ustelen ostean Mali Suitza da, basamortua amaitu eta Sahelera pasatu, baobab erraldoi eta harrigarriak agertu dira Moptira bidean, baina lehenengo Bamako hiriburuan emandako asteburua. Misio katolikoa da hiriko leku merkeena eta hantxe, senar-emazteen bezala eman dugu asteburua, ez hiria bereziki interesatzen zitzaigulako (badauka zer gozatua, afrikar museo ikusgarria, gura adina azoka, afrikar giroa txoko orotan eta musika beti), diru kontuek behartuta baino: aipatu genuen Didienin herriko gosari goxoa, giroa epel, kamiolari baten ondoan jarrita, bera Senegalera bidean errepideko istorioak kontatzen, lehenengoz eskuekin jaten... esandakoa, gauza txikien gustua, baina, amigo, eguerdia pasata heldu Bamakora eta guk behar genuen bankua itxita. Hau da, denak zabalik bat izan ezik, eta bera Master Card txartela onartzen zuen bakarra, kutxazainik ez, guk dirurik apenaz, aldatzeko euro gutxi batzuk. Europar zurien arazoak, of course, hemen badira ardura handiagoak mundua zelan dabilen arduratu barik Afrikara joan diren euskaldun birenak inori arduratzeko. Baina tira, halaxe ibili ginen; eta Afrika ederra da, ikusi ditugu bidaiariak irakurgaietan ere Afrikako kronikak-eta dituztenak, nik horiek gurago ditut Euskal Herriko hotzean irakurri eta hemen Lutxo Egiaren azken eleberriak salbatu nau, tarteka hartu eta ihes egiteko hain hurbil eta hain urrungo kontuetara.
Bamakoko asteburua luze egin zaigu azkenean, egia da, azokaz azoka, beroa, gauez gau giro ederra hori bai, iluntzerako jende asko biltzen da kalean telebista bakarraren bueltan Afrikako kopa ikusteko, umeak ere baloia edo plastikozko botila izan, berdin dabiltza futbolean olgetan (futbolaren etorkizuna hemen dago, mes amis).
Atzo azkenean dirua atera eta Moptiraino heldu ginen, berriz ere gauez. San herrian azoka zoragarria, zuririk bat ere ez, edari bat eskatzeko barrezka lehertu beharrean (meskita non den galdetu eta denda barrura sartu da morroia Nesquick-en bila) denok elkar ulertu ezinik gure frantses kaskarrean eta eurek hori ere ez. Hemen ez, hemen Moptin dozena erdi hizkuntza ez dakizkienak ez daki bakar bat ere, banbara estatuko hizkuntza delako, fulfulde edo peula, tuarega, songaya, arrantzaleen bozoa, gehi frantses eta ingelesa askok. Gida-liburuek lekurik turistikoenetakoa dela dakarte, astun samarrak direla, eta atzo gauez inpresio hori izan arren nahiko lasai eman dugu eguna, pinasee batean inguruko herrixkak bisitatu, Niger eta Bani ibaietako bizimodua gozatu eta amaitzeko ilunabar ikusgarria, badakizue, Afrikako eguzki handi eta laranja koloreko hori erreka atzean gordetzen. Bihar dogon herria bisitatzera goaz, kontatuko dizkizuegu hango kontuak ere.

2006-01-29

Afrikatik (II)

Berria-rako idatzia

Marka gurea, Mauritania bezalako Errepublika Islamikoan ibili azken egunetan eta Hamasek hauteskundeak irabazi dituela jakin ere ez Bamakora iritsi garen arte... eta hor ere interneti esker. Aldea izugarria da, azaltzeko erraz-erraza ez den arren: Mauritanian ere beltzak dira hegoaldeko biztanleak, baina hor dago mairuen (ondo erabilita, kasu honetan) pisua, beren arabiar islam itogarriarekin. Bide-bazter bakoitzeko poliziak opari txiki bat gura zuen, baina jakina da estatu-kolpea mendebaldearen lagunek eman bazuten ez zirela hain gaiztoak izango.Mali txiroagoan paperak eskatu eta kitto. Bamako ere musulmana ia erabat, aldea alkohola saltzea baino askoz urrunago doan arren: giro afrikar honek bazterrak hartu eta beroaz batera (zeinen arraro iristen diren euskal hotzen albisteak!) musikaz (Salif Keita eta beste asko) eta egunerokotasunaren zarataz betetzen da kilometro batzuk lehenago basamortuko hareak hartutakotxoko oro.
Malin, astiro baina urrats tinkozaurrera egin gura duen herria topatu dugu, Munduko Foruma amaitu berritan. Nioro herrian kolonialismoaren martiri eta biktimei oroitarria. Kontraesana ere kolonialismoaren eskutik dator: banbarazko kartelen bat edo beste salbu (HIESa garrantzitsuegia da aberatsen esku uzteko), dena frantses hutsez dago. Durangoko senegaldarrez oroitu gara, diolaama-hizkuntza zelan idatzi eztabaidan. Gainontzean, Nioroko lema ekartzea baino ez zaigu geratzen: Sahelak garapenerako laguntza behar du,ez bizirauteko.

2006-01-27

Bamakon azkenean!!

Zelan azaldu zelango poza den, 5.000 kilometro egin eta gero Niger erreka mendi gainetik ikustea? Edo gauza txikien poza, ibilaldi luzearen amaieran bart gauean lotarako gelditu ginen herrixkatik txangotxo bat egitera irtetea adibidez, zerbait gosaldu kale bakarreko herrian, dena hain afrikar, hain baltz... bai, dena ondo badoa gu helduko gara Dakarrera, baina autoaren egunak Malin amaituko direla uste dugu... behin eginda abenturatxoa ondo dago, eta dunak oso politak dira postaletan, baina autoz zelako txiki sentiarazten zaituzten hor bakarrik! Afrikar arazoek afrikar konponbideak dauzkatelako agian, Maliko bidea hartu genuen herenegun. Nouakchott utzi eta 40 km baino lehen bosgarren martxa sartzen ez zaiola konturatu, mekawendios pare bat, tallerrekoa eta hara eroan gintuenaz apurtxo bat akordau eta pentsau: berriz hiri itsusi horretara itzuli ala tira aurrerantz, dunak geroz eta handiagoak direla ikusten dugula? 1.400 km baino ez dira Bamakoraino, azken finean. Ba horixe, ikusi genuen zelan husten zioten motorra tallerrean, eta halako batean, bosgarrenik ez, baina laugarrenean elegante, gero! tarteka orduko 110era ere, eta zaratarik barik. Esandakoa, afrikar soluzioak.
Mauritania hiriburua baino ederragoa da, jende atsegina topatzen duzu bazterretan, baina polizia ustel eta kutreagorik nekez. Kontrol bakoitzean cadeauren baten eske, boligrafo ziztrin bat ea emango diegun, baina amorrua ematen zigun, badakigu europarrek eroandako ohiturak direla asko, baina aizue umeen moduan aprobetxatzea uniformeaz ere... eta okerrena mauritaniarrentzat eurentzat da, noski, guk egun pare batez baino ez ditugu jasan behar izan.
Route de l'Espoir, Itxaropenaren errepidea, basamortuan hiltzen da, sortu eta 1.200 km.ra. Mapan ikusita laster antzematen zaio paisajea: gorantz doanean basamortua da, eta beherantz egitean dunak, harea eta dromedarioak desagertu eta Sahel itxura hartzen du inguruak. Gaua bidean heldu zitzaigun, argi geneukan bide bazterrean lo egin beharko genuela, autoa horretarako ere prestatu antzean ekarri dugu, esterillatxoa eta estutuz gero, halamoduz sartzen gara biak (txikiak izateak abantaila batzuk ere baditu), baina gau bakarrarekin, kitto.
Atzoko eguna ustel eta burokratena izan zen, lehenik Aioun herrian, Malirako asegurua han eginarazi gura zigun hango agentzi bateko tipoak, guk ouguiya gutxi daukagula eta eurotan egiteko, baina kanbio desastrea, 650-660 CFA inguruan dago euroa, bada 500en trukatu gura morroiak. Azkenean popatik hartzen bidali eta mugarako bidea hartu genuen, kontrolik kontrol, cadeau bakar bat emon barik txakurrei (bai, Mauritania eskupekorik gabe pasatzea lortu dugulako harro gaude, igartzen da ala?). Mali desberdina da, bero handiagoa, musika, giroa... hemendik hurbil djembe eta guzti kontzertua dagoela berehala esan digute, soul eta reggae nahasteren bat omen... EHko hotzetan hemengo epelak ulertuko dituzue, beraz; ezta? ezin kontu askorik idatzi horrela, baina saiatuko gara hurrengo egunetan ere, asteburua Bamakon emango dugu eta datorren astean asfaltozko bideek eroaten gaituzten lekuetara, tollé ondulée lartxo izan dugu honezkero.

2006-01-24

Barbas moteletik, Sahara mendebaldean, urtarrilaren 22an

Munduaren uzkirik badago, bertan gu, basamortu erdian, giri talde bat eta marokoar soldadu batzuk gagoz. Biharko eguna heldu eta alde egiteko gogoa, leku okupatu hau tristeegia da, are tristeagoa bertakoak hain urrun eta milaka kilometrotako exilioan imajinatuz gero.
Gozatu genuen Essaouira ederreko ostiral goiza, muezinaren deiak, umeak eskolara, arrantzaleak enkantean eta erabateko mugimendua portuko atari ikusgarritik barrurantz... gosari oparoa opil marokoarrak jaten, zuku eta kafe eta guzti, dena oso merke. Mellah (juduen auzoa) gainezka, turista gutxi batzuk bai baina bertakoak nagusi, salerosketan, elkar agurtze luzeetan... bezperan hamar dirham ordainarazi zizkigun auto-zaindaria ere han topatu genuen, gauez egindako osteran (pentsatu bezala) bere arrastorik ikusi ez arren.
Essaouiratik bideak Souss eskualdean barna eroan gintuen, geroz eta auto gutxiago, autokarabanak bai, eta paisajea idortuz. Zuhaitzen lekua sasiek hartu zuten, eta ikuskizun bitxia, ahuntzak zuhaixketara igota, fruturik goxoenak han goian ei dagozenez... 170 kilometrora Agadir dator, zaila da deskribatzen, hain bide luzearen ostean, basamortu atari horretan zer demontre galdu zaien milaka aleman eta frantsesi. Fresko samar, urtarrilean gaude, aizue, Karibera etorri zaretelakoan? Itsas-pasealekuan ohiko astunak beren tabernara joateko eskatzen, eta musikar bat soka bakarreko gitarra joz, barrea atera guran irribarrei beren kantuetan frantsesezko eta are alemanezko pasarteak sartuz.
Tiznitera orduko Tafraouteko mendiko bidea hartu gura genuen, oso ederra omen da eta berebere talde garrantzitsu baten hiriburua. Bidegurutzea ezin topa, ordea, eta artez Tiznitera. Hiri txukuna, gizon urdin batzuk ageri dira (badakigu ez direna tuaregak, baina bai bertako gizon urdinak direna, agian oihalak modernoak izan arren, turistentzat behintzat ez dira jantzi horrela, gu eta Agadirreko gutxi batzuk baina ez gagoz eta). Oinetako deigarriak daramatzate, beilegiak gura zituen Gorettik bere zapatilek min emanda, baina gero erreparatu bezala gizonek baino ez daramatzatela esan digute zokoan, azkenean gorriak, 40 dirham. Hiri handia da, harresi ikusgarriak inguratua eta zoko ugari, esan bezala, Agadirren aspertutako turista gorritu eta guri batzuk ere bai, azala bistan, bertakoan artean denerik ikus daiteke.
Aglou hondartzatik errepidea kostatik doa, tarteka zoragarria da, mendia alde batean eta itsasoan bestean, sasi eta zuhaixkak.
Ifni ere oso atsegina, turista asko eta herriko plaza erdian, Espainiako eraikina, arrano eta guzti hantxe tinko, etxea bera jaustear dagoen arren. Plaza osterantzean oso eder dago, eta herritarrak (berebereak hauek ere) plazan bildurik harrapatu ditugu arrain-salerosketan. Badu Espainiakoen antzarik azokak, edo Maroko eta Espainiakoen arteko zerbait da agian. Suerte Loca hotelean gelditu gara, afari bikaina, lanperan eta guzti, hamar euro biok. Hondartzan autokarabanak, hotelaren historia webgune batetik ateratako txostentxoan irakurri dugu, espainiar merkatari batek sortu ei zuen kolonia sasoian.
Zapatuan goiz alde, ura oraindik hotzegi dutxatzeko, 9etatik aurrera diote hasten dela berotzen, eguzki-energia darabil eta. Guelmim-eko azoka ikusgarria da, inondik ez gida-liburuak iragarri edo mehatxatutako turisten tranpa, oso kanpotar gutxi gaude eta salerosketa guztiak eurek egiten dituzte, ganadua, ortuariak, fruta, espeziak...
Hantxe hasten da basamortuko bidea, orain bai, guztiz idor eta lehen dunekin batera, lehen kontrolak. Estrainekoakn pasaporteak laster itzuli dizkigu, aurrerantzean ez, autotik jaitsita bide ondoko eraikinera joateko agindu digute, polizia serio bat eta beste bat atsegin plantan, datu guztiak, eta aurrerantzean etengabe egingo diguten galdera magikoa: lana? nik, "ikusentzunezko teknikaria" lanbide fantasma aipatzen diet eta Gorettik "sans emploi". Jator usteko poliziak erantzun dio: lanik gabe? nire moduan... horrela, horrela behar du emakumeak, etxean senarraren zain. Tarfayan ere kontrola, Saint-Exuperyren estatua dago Corrier du Sud-en egilearen omenez baina aurrerantz jarraitu dugu. Tah herria da Mendebaldeko Saharako muga, inon ezer ageri ez bada ere. Gasolina da aurrerantzean desberdintasuna, oso merkea da, Marokoko erdia, euroko 40 xentimo. Aaiunen sartzeko beste kontrol bi pasa ditugu, eguerditik aurrerantz, polizia eta militar pilo bat kaleetan, NBEkoak ere tartean, ez diot traza onik hartu. Arrastian itxura hobea, meskita berriaren inguruan plaza dotorea eta jende asko, deigarria ere bada aitak umeekin olgetan ikustea (orain artean amak izan dira ia beti), kontrastea dago Casablancan legez, guztiz estalitako emakumeak eta oso arropa estuak, takoidunak bestetik... kolonoen sustrai faltak eraginda agian? Galdera hortxe gelditu da. Beste auzoetara ez gara joan, ez daukagu kontakturik ez ausardiarik, nori galdetu ezer behin hona helduta? zelan bereiztu nor den nor? Ilunabarreko giroa arrastikoa baino hobea da, baina herri okupatu bateko hiriburu okupatua izaten jarraitzen du honek.
Biharamunean Dakhlatik pasa barik hegoalderantz jo dugu, behingoz alde egiteko, Barbas motelean gelditu gara, arrastiko bostetan ixten dutenez muga eta bisaturik ere ez daukagunez. Mugatik ordubete ingurura gaude, ea biharko egunak zer dakarren.

Biharko egun hori atzokoa izan zen: gasteiztar kuadrila topatu genuen euskal selekzioaren kamisetarekin aldameneko logelan eta gero bidean zehar gehiagotan topatu dugun jendea. Muga erraz samar gurutzatu genuen, eta halamoduz topatu 3 kilometroko pistan (minaz josita, omen, bideari gatz apur bat jartzeko) bide zuzena. Handik aurrera Mauritanian, sartu eta berehala "cadeau" eske polizia, gure frantses kaskarra are kaskagarragoa den itxura egin eta aurrera. Eta hortik aurrerakoak, hurrengo mezuan, basamortuko dunak errepide berriraino iritsi dira tarteka eta harea gainetik pasa behar da behin edo behin, ez dakigu horrek egin ote dien kalte kanbioei baina tira, oraintxe bertan bagoaz auto bila.

Nouakchott-en geldi

Autoa ederto portatu da orain arte, baina bera ere nekatu eta kanbioak izorratu zaizkio. 200 euroko matxura, eta egunen batean jarriko dugu hemen "tallerreko" argazkia, motorra goitik behera hustu eta hor utzi ditugu, arrastian autoaren bila joatekotan. Atzo hasi zen abisua ematen, Mauritanian sartu eta apur batera, hirugarren martxarik hartu ez, besteek zarata handia... gaitzerdi Nouakchott-eraino heltzea lortu genuen, bestela ere hementxe gelditzeko asmoa geneukan-eta, Menata ostatua ezaguna da Transahariarrean dabiltzan bidaiarien artean eta asko lagundu digute olioa aldatzen, tallerra topatzen... arazoa, gure frantsesa, uste baino kaskarragoa da eta!
Hiria bera zaila da deskribatzeko, imajinatu duela berrogei urte hutsetik hiriburu bat sortu behar zutela basamortu erdian, kostatik hur samar, eta iparralde arabiar eta hegoalde beltzaren arteko erdibidean, bada horixe da hau, harea nongura, sekulako hazkundea (50 mila lagunentzat-edo planifikatu eta 10 edo 15 bider biztanle gehiago dauka!), autorik garestienak eta aldamenean astoaz karroan paseatzen edo ahuntzak zarama artean zer topatuko... Eta zalantza orain bertan, nora jo: Senegal hortxe bertan dago, 200 kilometrora, baina muga beldurgarria ei da, Afrikako ustelenetakoa Rosso herrikoa, gainera Senegalek duela urte batzuk jarritako lege baten arabera bost urte baino zaharragoak diren autorik ez dago sartzerik, gero atzera bota dute lege hori, debekatuta dagoena autoa saltzea da, baina badago "carnet de passavant" moduko bat erostea, merke samar ustez, baina praktikan mugazainaren gogoaren arabera 250 euro ere eskatu ei dituzte... Eta Rosson muga erreka da, zubirik ez eta ontzian pasa behar duzu, beraz, hortxe zagoz, Mauritania errekaz bestaldean eta Senegalera sartzeko derrigor poliziak zer eskatuko... ba ei dago beste pista bat ere, 90 km ingurukoa, eta hori da esku artean daukagun bigarren aukera. Hirugarrena, Senegalera ordez sartzeko horrenbesteko arazorik ez daukan Malira joatea, arazoa da mila kilometrora dagoela, eta sartu ostean pista tarte bat dagoela oraindik, asfaltatu barik, Bamakora heldu orduko... esango dizuegu zer egiten dugun, hemen dena zurrumurru trukea da-eta, frantsesekin halamoduz ulertzen gara, baina inor gutxi joan da Senegalera auto zaharrekin, eta topatu ditugun andaluziar parea hippyegiak dira horrelako arazo lurtarrez arduratzeko... Beno, eta orain arteko kontuak hurrengo mezu batean kontatuko ditugu, zelan zeharkatu dugun Sahara mendebaldea eta hori guztia. Beraz, badakizue, atzekoz aurrera irakurri, lehenengo honen osteko mezua eta gero hau, karkarkarkar...

2006-01-22

Afrikatik (I)

Berria-rako idatzia
Gauez abiatu ginen, hotz Bilbon. Oraindik argitu barik utzi Euskal Herria atzean, berriz iluntzerako Espainian oraindik. Handia da auzo-herria. Gero, hamahiru kilometro baino ez ei den itsasartea, hamahiru kilometro eta mundu bi, edo kontinente bi? Bide bi Algecirasen: Ceuta (Espainia, ergo, Europa, omen) ala Tanger (Afrika, noski). Ordu luze bi aduanan zain, paperak egiteko patrikako paperik emateko asmorik ez, txakurrak ortozik beti. Aspertuko haiz hi gu baino lehen. Gaur posible da, egin dute Japonian, lotu zuten Eskandinavia Europa kontinentalarekin, itsasarte luzeagoa izan arren. Zubi sinbolikoez berba egiten dutenek ez dakite zer egin Gibraltarkoitsasartea, Estrecho-a, zabalagoa izan dadin. Oraingoz hegoaldeko auzoari ordaindu, berak egin dezan txakur-lana, Europak esku aratzak lohitu barik. Kiratsa iristen ez den bitartean...
Gu hegoalderantz goaz, aspaldi hasitako asmoak betez. Dakarreko aberaskumeen albisteen aldamenean ez du ia lerrorik bete joan den urrian egondako inaugurazioak. Mauritaniako Nouadhibou eta Nouakchott hirien arteko errepide tartea zabaldu zuten. Laurehun kilometro basamortuan, Afrika beltza eta Europa bereizten dituen Sahara lotzen lehen aldiz. Bulegoetan izuz ibiliko dira, hego-ipar errepideak beti dira susmagarri. Baina iparretik hegorako bidea ere egin behar da noizbait.

2006-01-19

Essaouiratik

motxila zabaldu eta Jose Mari Pastorren artikuluak, pdf-an hain ederto inprimaturik, Algecirasko zakarrontzian bota genituen. Zero arazo Espainiatik irteteko, paper gehienak itsasontzian bertan egin... eta auto-ilara batekin egin dugu topo Tangerren, oso astiro doa aurrera baina azkenean gure txanda egokitu zaigu, hartu dizkigute paperak, eta joan da ordu erdi, ordu bete... aldamenean Donostiako neska batek aipatu digu: bost eurokoa eskatu diete. Jai dute gurekin, bada. Behingoagatik lasai asko ibiliko gara. Badakizue afrikarren esaldia: europarrek erlojuak dituzue, baina denbora gurea da. Bada gu ere erloju barik etorri gara. Tangerren ez da ageri Paul Bowles ez enparau mendebaldarrik, Tahar Ben Jelloun ere urrun, menturaz Choukriren dekadentzia dagokio beste ezer baino hobeto hiri honi. Hamidek laster harrapatu gaitu gure patxadan eta eskatu gabeko gidari bihurtu zaigu, atezuan eta mesfidati ez ibiltzeak ere bere prezioa dauka. Berarekin galdu gara Tangerko medinan, mellah-ko (auzo juduko) txokoetan, emakumeek irina nora daroaten erakutsi digu, etxeko lan guztia eta labeko arduradunari ordainduta ere merkeago ei zaie kanpoan erostea baino. Mundu bi, mp3ek eta auto garestiek pobrezia izugarriarekin egiten dute topo, arazoa da hemen ez dagoela klase ertainik, diosku Hamidek. Garai bateko astunak -Hamid bezalakoak, askoz gutxiago daude egun, turismoari kalte egiten ziotela ikusita-edo, betiko moduan lortu dute, egurbidez. Polizia asko dago, herrietan, kaleetan; errepideetann... Hamid ere gu baino apur bat aurrerago doa, poliziak gelditu ez dezan. Etxe askotan ez dago urik, mangera bat ikusi diegu batzuei leihotik sartzen, osterantzean, Europan fosil bihurtzen dabil elementu hori (telefono kabinekin batera), iturria, nongura dago.
Asilah txikiagoa, lasaiagoa da, ez da itsasoaz bestaldean Europa ageri, eta europarrak bertan daude. Autotik jaitsi eta euskaraz hurbildu zaigu gazte bat, zer moduz? ondo? eta antzeko berbak, lehenengoz datorrena zur eta lur eta beste edonor ere irribarrea gorde ezinik uzten duena. Joandako hiru egunetan Asilahtik Essaouira arteko 700 kilometroak egin ditugu, bidaia hau Maroko baino gehiago denez hegoalderantz joan guran. Ez da Atlasa, edo Rifa, edo basamortua, beste Maroko ezezagunagoa da, espainiarrak Ameriketan sarraskigintzan zihardutela portugaldarrek egindako gotorlekuak ageri dira Asilahn hasi eta honaino, urdin eta zuri kolorez: Larachen Jean Geneten hilobia ere badago (Xatilako deskribapen izugarria egin zuen bera, bai, Mikel Antzak itzulita), eta tartean hiriburu kutsurik gabeko Rabat ederra, bere medina eta zoko atseginarekin, oso turista gutxi urte sasoi honetan, eta Casablanca, erabat mendebaldartua, lehengo erregearen megalomaniaren erakusle den meskita eta guzti. Ricks tabernarik ez, Hyatt garestian erreplika soilik, baina batzuentzat beti geldituko da filma... Casablancan ginen Mauritaniako bisatua hartzekoak baina bihar arte itxaron behar dugula entzun dugunean, aurrerantz jo dugu, mugan bertan egiterik izango dugulakoan (inshallah). Eta El Jadidako portugaldarren ingenieritza-lanak ikusi, Safiko arraina bazkaldu eta Essaouira honetan amaitu dugu eguna. Hemen bai, turistak gura adina dagoz, bere lasaian Xauengo giroaren antz apur bat ere badauka... eta bihar bai, hegoalde-hegoaldera, lautada berde eta aspergarriak utzita Souss eskualdea dugu zain, Saharako atari. Ea zer berri dakarren.

2006-01-17

Marokon ere hotz demonio!!!!!

esan zuten: zabala da Gaztela... eta luzea ere bai. Etxetik abiatu eta hiru ordu laurdenera EHtik kanpo ginen. Gauez utzi genuen Euskal Herria atzean, eta Burgos pasatuta argitu zigun, Somosierran elurra... baina ez gindoazen bero bila ala? Lehen kafea, Madril baino lehenxeago, eta ordu puntan zer hoberik Espainiako hiriburua zeharkatzea baino? Segidan izen ezagunak: Navalcarnero, Valdemoro, Aranjuez (aupa Peru!!!), Ocana... Manchako lautada beti bezain aspergarri, On Kixote eta Sanchoren arrastorik ez, baina errotak eta Cervantesen bikotearen erreplikak nongura; Manzanares segidan? Herrerako martxak hain urrun eta hain hurbil. Bazkaria Jaenen, olibarik ezin falta eta paisajeak basago bihurtzen Despenaperrostik aurrera, arroilak, olibondoz betetako mendiak. Gorettik autoa hartu eta lo-kuluxkan galdu dut Granadako bidegurutzea, errepide berriekin atzera begiratzerik ere ez dago agian berriz ikusiko ez duzuna miresteko, dena saihesbide. Fuente Vaqueros bai, herriaren paretik pasatzean itzartuta Mediterraneora hurbilduz goaz. Malaga, Torremolinos, Fuengirola, Benalmadena, Marbella, Estepona... eguzkia gordetzen aurrean, itsasoa ezkerretara eta autoak alde guztietatik, urtarrilean ere ingelesez josita. Algecirasen ostatua hartu eta bizkor lotara. Giroak zerikusirik ez Costa del Solekoarekin, Marokorekin ere ez, dena da... zelan esan, dekadentzia ote da berba? listoz gainezka dagoen hiria dirudi, pasoan eta ilusio berriz datorrenari lehen eskarmentuaz bizimodua egiten duten listoz josita.
Eta gaur goizean ferrya hartu eta Marokon sartu gara? baina ziberkafeko txanda amaitzen dabil-eta, beste baterako utziko ditugu Tangerko kontuak. Ea Asilah eder honetan zer afaltzen dugun gaur.

2006-01-16

Orain bai, bagoaz!!!!!

Lehen eguna, Bilbon, 2006-I-16an
Kito hainbeste asteko prestakuntza guztiak. Express zaharra ondo kargatu eta bagoaz berehala, beti Hegoalderantz, autoari amaiera ederra ematera. Espainia handia daukagu aurretik, Maroko eta Sahara ondotik, kilometroak eta kilometroak Afrikan barna, Europako negutik urrun. Antzinako asmoa da, ikusiko dugu hainbeste galdera, prestakuntza, internetako foro eta bidaia-liburuk zenbaterako balio digun, ahal dugun egin dugu abenturatxoa prestatzen. Eta ahal dugunero kontatzen jarraituko dugu. Eskerrak eman beharrean ezertan hasi orduko Iñigo Azkonari, Cheikhi, Sandra Kloff-i, Oier eta Mikelakoei, Egoitz Basagureni, Danieli, M'lompetik Durangora etorritako Galo Valereri, Simoni, Cabayoti eta Bakintari, eta paper kontuek Badajozen Euskal Herrira etorri ezinik daukaten Basi.

Aurtengo Dakarra amaitu dela entzun duzue hor nonbait? Bada, guretzat hasi baino ez egin!

2006-01-15

Bozkatu, madarikatuok!

Berrian 2006-I-15ean argitara emana
Pertsona bat, boto bat. Eskubideen sasoia. Bozkatzeko eskubidea. Eskubidea, bozka zaitzaten. Egin eta desegiteko. Erabakitzeko. Agintzeko eskubidea. Botokrazia deitu diote batzuek. Telekrazia. Ikusleek erabaki dute etxea utzi behar duzula. Ikusleek erabaki dute ergel hutsa zarela. Ikusleek. Zeuk. Etxetik. Erabateko boterea.

Demokraziaren fribolizazio horretan bizi gara. Iruñeko taberna batek bezeroei erabakitzeko eskubidea eman die, erretzerik izango den ala ez. Absolutuan, erretzen da, eta halako batean erretzailearen eskubideak eta ez erretzailearenak papereratzen dira. Eta autodunarenak, eta motodunarenak, eta patinetedunaren eskubideak. Zein zen herriko seinaleak espainolez ala espainolez eta euskaraz bozkatu zuen herria? Eskubideak bozkatu, eman eta kendu. Internet bidez hautatzen ditugu herriko pregoilariak, SMSek dioskute zein den kartel-irabazlea. Orduña ala Urduña? Mc ala Burger?AEBetan exekutatzen jarraitzen dute, gehiengoak oraindik hala gura baitu. Hilketa demokratikoak. Donostian gizonek emakumeen parte-hartzeaz erabaki dute. Baina baietz esan dutenez, dena iufi. Hego Afrikan ere erreferenduma egin zuten duela hamar urte baino gehiago. Apartheid-a amaitzea erabaki zuten, beltzak pertsona zirela eta bazutela bozkatzerik. Bai, beltzen garaipena iristeko ere zuriek erabaki behar izan zuten. Irabazi duzue, baina guk utzi dizuegulako.

2006-01-11

Naziorik gabeko estatuak

Aizu-rako idatzia
Sarritan entzun dugu alderantzizkoa, euskaldunongandik hasi eta segi katalan, bretainiar, eskoziar eta abarrekin. Baina posible ote da naziorik gabeko estaturik? Gaur egungo Europan gertatzen diren fenomenoak dira. Bi dira independentzia hurbilen duten herriak, biak ere Europako txoko berdinean kokatuak: Montenegro eta Kosovo. Lehenean askok serbiartzat dute euren burua, baina Serbiakoek ez bezala, beti euren independentziari eutsi ziotenez, nortasun berezirik garatu ez zutelako. Bigarrenen kasua are bereziagoa da. Kosovoar izaera ez da inoiz existitu nazio bezala (Zipre existitu ez zen bezala, batzuk turkiarrak dira, besteak greziarrak, edo Bosnia bezala, azken hamarkadara arte existitu ez dena). Gehiengo albaniarrak serbiarren zapalkuntzatik askatu gura izan du bere burua, baina bandera albaniarrak erabili izan dituzte beti. Orain eztabaida sortu da: estatuek banderak dituzte, beraz zein hartu Kosovorako? Aldameneko estatuarena (Albaniakoa), gutxiengo serbiar, ijito eta gainontzekoak bazter utzita? Bosnia daukate eredutzat batzuek: Daytongo akordioen ostean bandera berria sortu zuten, baina inork gutxik darabil eraikin ofizialetatik kanpo. Bandera behar, eta banderarik nahi ez. Edo izatekotan, urte luzez erdi ezkutuan eta orain hain harro darabiltena. Ibrahim Rugova duela urte batzuk saiatu zen bandera berria sortzen eta porrot egin zuen. Orain, independentzia hain hurbil izanik, bandera bat beharko dutela jabetu dira. Oihal zati bat, bai, baina ezinbesteko (omen) estatu izateko. Estatu-nazioa krisian egongo da, baina naziorik gabeko estatua baldin bada etorkizuna…

2006-01-08

Kurdistan, Turkia, Europa...

Estatuen mugak inork eginak zirela ikasi genuen, nazioak eta estatuak bereizten irakatsi ziguten, baina kontinenteak bere horretan behar zutela uste genuen. Bizi garen planeta honek bost zituela ikasi genuen, eta hori behintzat, ez zela zalantzazkoa. Gero jakin dugu baietz, beste batzuek sei eta zazpi kontinente aipatzen dituztela. Geografikoki, Ipar eta Hego Amerika kontinente bi baitira (eta muga ez dago Rio Bravon, Panaman baino, Amerika Erdialde osoa da Ipar Amerika irizpide geografiko horien arabera; bidenabar, Erdialdeko Amerika onartuta ere, Mexikoren zati handia, Chiapas eta Yucatan salbu -hau da, Mexiko maia- Ipar Amerikari dagokio), eta Antartida ere kontinentea baita, pertsonarik bizi ez arren.
Sarrera korapilotsu hori gurera etortzeko, Europara, alegia. Mediterraneo ederra daukagu Afrikatik ondo bereizteko, baina Asiarekin non dago muga? Batzuentzat Itsaso Beltzean. Horren arabera, Turkia ia osoa ez dago Europan, urrunago, Ural mendietan legoke muga hori. Beste ezeren aurretik, argi utz dezagun: Europa ez da kontinente bat, ez geografikoki behintzat, Eurasiaren mendebaldeko muturra baizik. Kulturalki, erlijio aldetik, gura duzuena, baina Eurasiako zati txikia baino ez da Europa deritzogun hori.
Ahaztu dezagun hori ere, horratik. Turkia "Europan" (hau da, Europar Batasunean) sartzearen aurka multzo bi aurkitu ohi ditugu: eskumatik jotzen du batek, kultura, erlijio eta antzeko arrazoiak aipatuz, besteek, ezkerretik jo nahian argumentu hain zehatzak aurkitu ez eta kontinentearena aipatzen dute. Atzean dago, ez direla fidatzen, aldaketak aldaketa, militarrek oraindik ere horrelako boterea daukaten estatuaz. Kurduen aitzakiak ez du balio, kurduek eurek eskatu baitute EBn sartzeko. Baina kontinentearena esanguratsua da. Traziako zatia Europan dago, zalantzarik ez. Baina ez omen da nahiko. Muga Dardanelosko itsasartean jarrita argi dago, itsasoak bereizten gaitu Mediterraneoan legez baina... eta Zipren? alde batean greziarrak daude, turkiarrak bestean, arazoa konponduz gero, estatu berean turkiarrak eta greziarrak egongo dira. Inork gutxi jarri du zalantzan Zipre Europa denik. Europan dago, horratik? Mapan begiratuta, argi ageri da, Turkia "asiarretik" 90 km.ra dagoela, Libano eta Siriatik zertxobait gehiagora, eta Grezia kontinentaletik berriz, 400-500 kilometrora!. Baina inork ez du zalantzan jarri Zipreren "europartasuna"... gobernua greziarra delako? Grezia Europa dela ez dago zalantzan jartzerik?. Turkiari esker neurri batean, hori ere. 1920an Asia Txikiko komunitateak egotzi ez balitu, egun greziarren erdiak Asian biziko lirateke. Kontinente bitan bizi izan dira greziarrak historikoki. Baina Grezia kristau eta zibilizazioaren sorlekua, zelan utzi Europatik kanpo?
Beste adibide bat, lagunen hanka-sartzeak harrapatzeak ere bere grazia dauka eta. Mikel Elorzak idatzia, gaur Berrian, gure ikuspuntu geografiko okerraren harira. Hegaztien gripeak lau haur hil ditu Turkiaren menpeko Kurdistanen. Eta han dator Mikel, zorrotzean zorrotz punta ateraz, zertan ari garen kazetariok "Europaren atean" erretolika erabiltzen, Irango mugatik hurbil hil dira eta? Behingoan zorrotzari zorrotzago ekingo diot, horratik. Ostiralean egokitu zitzaidan albiste hori lantzea, eta ondo begiratu nuen non zegoen haurrok bizi ziren Aralik herrixka... begiratu ondo mapa honetan... Irandik hurbil, bai, baina are hurbilago Armeniatik! Erevango ateetan bertan. Eta Armenia Europartzat hartu ohi da. Edo Europak aurreko atea baino ez dauka? Mundua alderantziz dago kasu honetan: Europa izan ohi da ateak itxi ohi dituena baina hemen, Turkiak dauka Armeniako muga itxita azken hamar urteetan. Hau da, Asiak Europari atea zarratu, Nagorno-Karabakh eta azerbaijandar "anai-arrebekiko" elkartasunez (hauek ere turkiarrak baitira). Baina beste baterako utz ditzagun Kaukasoko kontuak.
Horrek dakartza galderak: zer da Europa? geografia kontua? baina mugen lausoa ageri da hor, Itsaso Beltzetik harantz, non kokatu? Kaukasoan (eta Zipre beraz ez da)? zibilizazio-erlijio kontua da? Bosniako musulmanak, albaniar gehienak... Hizkuntza-kultura kontua? Horren arabera turkiarrak ez dira, baina beharbada ezta hungariarrak, finlandiarrak, eta euskaldunak ere ez. Eta aldiz, erabat ariar (berbaren zentzurik linguistikoenean) dira armeniarrak, kurduak eta irandarrak (pertsiarrak) ere. Askotan ahaztu zaie europarrei irandarrak euren kulturaz hurbilago daudela europarrengandik turkiar adiskidea baino, eta arabiarrekin lotzeak, erlijioa dela-eta, erabateko ezjakintasuna baino ez duela adierazten. Ez dakit Irango presidenteak holokaustoaz esandakoak zenbateraino duen zerikusia musulmanen arteko elkartasunarekin eta palestinar herri "martiriarekiko" begirunez, eta zenbateko pisua daukan ariartasunak eta antisemitismoak.

Autogorrotoa

Berrian 2006-I-8an argitaratua

150 urte. Mende eta erdi. Karlistaden artean eraiki eta XXI. mendera arte heldu da. «Zaharra zen eta...» Alboko horma jausi zaio Bilboko Bolueta auzoko etxe bati. Zaharra zen eta. Konpondu orduko jausi denez, orain erabaki behar konponketa egin ala aldameneko etxe bien modura eraitsi. Mende eta erdiko etxeak. Handik ez oso urrun, hiriko historiako zatitxo bat ulertzeko armarri ederra zeukan beste etxe bat zegoen. Beste kilometro erdira beste bat, «Begoña» irakur zitekeen, hiriko muga non zegoen eta elizatea non hasten zen jakiteko. Ez zegoen jausi beharrean, baina hura ere bota, baten lekuan dozena erdi etxebizitza egongo diren eraikina egiteko. Baserri gutxi hirian, eta daudenak bota, edo jausten utzi. Zer axola.
Boluetako zilindro fabrika itxi eta segidan bota dute, bost axola Euskal Herriko lehen labe garaia hemen egon zen ala ez. Etxeak behar dira, gazteentzat zein espekulatzaileentzat. Nori axola dio milaka etxe hutsik egoteak. Eraitsi eta eraiki, mugitu, ez egon geldi, horrela doa aurrera sistema, nire poltsikotik zure dirua eta hortik zure lehengusuarenera.
«Ondarea, ondarea, ondarea. Hain progre eta hain nostalgikoak zarete!», entzuten diegu. Elebakar analfabetoak, snobismoaren erregeak. World Series-ekin porrot egin eta hurrengo Disneylandaren bila dihardute, beti kanpora begira. Zilborrik gabeko akonplejatuak, autogorrotoz bizi dira. Eta okerrena, egiteko eta desegiteko ahalmena daukate.

2006-01-05

Asturiestik, Asturieserantz

Kasualitatez ikusi nuen atzo T5n (bai, iaz Espainian gehien ikusi zen telebista katea, eta Hego Euskal Herrian Espainiako batez bestetik gora dabilen horretan bere Anaia Nagusi eta Garaipen Operazioekin) hasi zen seriea. Baina botoia zanpatu eta lehen irudia ikusteaz bat susmatu nuen harrapatuko ninduela. Paisaje berde hartan, azpitituluak natural-natural, eta protagonistak zineman aspaldion hainbestetan ikusitako aktoreak... asturieraz! Apur bat aurrerago 2001eko Argentinara egin zuen telesailak jauzi. Gero atzera Asturiesera, meatzera, dena asturieraz eta azpitituluekin, salto berriz Argentinara, atzera Asturiesera, mila bider ikusita ere behin eta berriz hunkitzen gaituen gertakariaren zain. Grisua da. Hortik aurrera, Asturies bi, Espainia biak, guardia zibila beti guardia zibil eta eliza jauntxoen morroi. Argentinara jauzi, badakigu zer gertatuko den eta hunkituta oraindik ere. Itsasontzian asturiarra, espainiarrak, Mussolinik umezurtz utzitako neskatoa, Europa erdialdeko juduak, naziak lehen klasean. Superprodukzioa omen da. Nik gozatu nuen, detaileetatik hasi eta istorio sakonagoetara. 13 kapitulu omen, ez zaie erraz izango atzoko mailari eustea, baina...


Ez dakit euskaldun guztiek izan duten parajeotako fijazioa Asturiesekin, edo Far Westekoon hurbiltasuna den (edo baztertuetan baztertuenetara jotzeko joera propioa, menturaz). Pentsatzen dut zuberotarrek biarnesekin, nafarrek aragoarrekin eta arabarrek errioxarrekin antzeko konplizitatea izango dutela sarri askotan, eta bizkaitar eta kantabriarren artean (Enkarterrikoak salbuespen) ez da inoiz horrelakorik egon. Besterik da asturiarrekiko. Asko zen herri borrokalariaren fama, noski, meatzariekiko sinpatia, ezkertiartasuna, kontu nazionaletik haratago. Baina nik aspaldi izan ditut bazter horiek gustuko, asturiarrek sarri leporatu arren ez garela Picostik haratago joaten. Hizkuntzarena ere zeharo borroka interesgarria da, hiztunak euskaldunen pare-pare dira, abertzaletasunak indar urri eta sakabanatua du egiaz, baina hizkuntzaren aldeko jarrera asko indartu da, Espainian eta "periferietan" era interesatuan ezkutatu arren. Lehenean, orain arteko hirurekin nahiko daukatelakoan, eta hiru horietan, agrabiatuen "klub esklusiboa" osatzen dugulako. Galeusca (politikoa, kulturala, hizkuntza aldetik) Asturiesera hedatuz gero, nork ukatu gero Aragoari? Edo Kanariar Uharteei? Madril eta "periferikook", bat gatoz, klub esklusiboa eta kitto. Entzuna dut idazleen Galeuscan sartzeko ere eskatu zutela asturiar idazleek duela urte batzuk, eta ezetza eman zitzaien, galiziarren presioz nagusiki, eta besteek ahotsik altxatu barik asturiarren alde. Gero etorri dira Xuan Belloren arrakasta, Pablo Anton Marin Estrada (euskaraz Bizitzaren gesala dauka, 2000. urteko Apirila saria irabazi baitzuen, nik aurten El amor de la Habana irakurri diot eta Belloren haritik aski istorio hurbilak dakartza)... Berta Piñan poeta ezaguna zen Euskal Herriko zenbaitentzat (Itxaro Bordak itzuli zizkion poema batzuk Maiatz aldizkarirako 1994an), baina iaz beste zirkulu batzutan ere aipagai izan zen, Felipe printzeak haren poema batekin itxi baitzuen bere izena daraman sari banaketa. Asturiarren gurutzea ere baita hori, penintsulatik inor baino baztertuago eta ezin besteon periferiko izaera erdietsi, don Pelayo eta Covadonga (Cuadonga) bertan izanik... Espainian ere, gogorrak baina sinpatikoak dira oraindik (sasoi bateko euskaldunen gisan), ez katalanak bezain antipatiko (hizkuntzaren alde borrokatzeko asko duten seinale), eta galiziarren... ulertzeko gaitza ere bada, askotan hain etxeko sentitu dugun herri horien artean dagoen ezinikusia, abertzaleengandik hasita. BNGren estatutu-egitasmoari El Mundok eman zion egurra eta espainiar nazionalismo osoak jarraitu, jarrera espansionista zuela-eta, Bierzo (El Bierzu/O Bierzo) haranean, Zamora alde batean, Asturies mendebaldean... asturierari buruzko erreportaje pare bat idatzi nituen bere egunean, eta penatzekoa zen bataren eta bestearen webgune eta foroetan irakurri beharrekoak. "Asturiar abertzaleak espainolistekin bat galizieraren aurka", "badatoz 36an legez faxistak Galiziatik Asturies errepublikarra konkistatzera", e.a.








"Dialektua, armadarik gabeko hizkuntza da" esan zuen norbaitek, eta asturiarrek gehiegitxotan entzun dute bablea dialektua baino ez dela. Eta hara non 1999an Portugalek ofizial izendatzen duen Miranda do Douro-n egiten den mirandes hizkera (asturiera/leonera, funtsean). Baina galiziarrek argi daukate Eo eta Navia haranetan galizieraz egiten dela. Asturiarrek ezetz. Hemen erdibidekoaren alde egin dute, zuzenena trantsisiozko hizkeratzat hartzea ei da, penintsulako iparraldean hizkuntzak garapen historiko baten ondorio direnez eta ez hegoalderago egindako konkisten ondorio. Hau da, asturieraren eta galizieraren artean ez bata eta ez beste ez diren hizkerak egon beharko dutela, bataren ezaugarriak galduz eta bestearen agertuz doazen neurrian, eta Eo-navia haranak galizieradunak hartuz gero, erdibideko hizkeren marra ekialderago ekarri beharko dela. Gurera ekarrita, zer dira Elgoibar eta inguruetako euskarak? gipuzkera ala bizkaiera? Ez da Arratiako euskara, ez eta Donostiakoa ere, marrak eginez gero batean edo bestean sartuko ditugu, baina bateko ezaugarriak eta bestekoak agertzen dira. Hori, maila politikora igoz gero.... eta nonbait, BNGk bulegoak zabaldu haran horietan (bestalde, jarraitzaleak ere badituen seinale). Halaxe gauzak, azken aldiko albiste zehatzik izan ez arren, Asturiesek beti izango du txoko berezia nigan, literaturan hasi, segi topiko etiliko edo folklorikoetan, eta mapan ezkerrera begiratuta agertzen den bazter kuttun hori izaten.

2006-01-03

Urtebarri eta...

geure hareazko erlojua abian da. Heldu dira Afrikara Dakarrera bidean doazen milioidunak, Europa aberatsetik ziztu bizian eta itxuraz ia pertsonarik ere ez dagoen basamortuan ziztu bizian. Maldan behera Dakarrerantz, zuentzat ez dago ez itsasarte, ez patera, ez hesi ez muga ez paperren beharrik ez ezer. Segi, segi ziztu bizian, laster irtengo gara eta zuen atzetik.
Kontuak okertu zaizkigu oraingoz, ITVan autoa atzera bota, paper-kontuak, txertoak... huskeria bat, alderantzizko bidea egin behar dutenentzat. Tailerrean dago, euskal negu umel honetatik urruntzeko egunaren zain. Gutxi falta da, gutxi, geure Dakarrerako...