2014-05-11

Bozetara Kaledonia Berrian

Egun garrantzitsua da gaur Kaledonia Berrian. Frantziaren baitan estatus bereziena daukan lurraldeak hauteskunde probintzialak ditu. Hiru probintzietako 76 ordezkari hautatuko dituzte, eta horien artetik irtengo dira, era proportzionalean, Kaledonia Berriko biltzarreko 54 hautetsiak.

Noumeako akordioen arabera hautatutako azken biltzarra izango da. 1998ko bake-hitzarmen horrekin amaitu zen 80ko hamarkadatik dozenaka lagun hil zituen gatazka armatua. Kaledonia Berria Nazio Batuen deskolonizatu beharreko lurraldeen zerrendatik irten zen, Itsasoaz Haraindiko Kolektibitate gehienek baino eskumen handiagoak eskuratu zituen eta 2014 eta 2018 artean independentziari buruzko erreferenduma egitea adostu zuten. Gaur hautatuko dituzten hautetsien esku egongo da erreferendum hori deitzea. Aurten edo datorren urtean antolatu dezakete, biltzarreko bi herenek hala erabakiz gero. Osterantzean, Parisen esku geratuko litzateke ardura hori, eta 2018an egin beharko luke.

Euskal Herria adinako lurraldea du artxipelagoak, baina milioi laurden lagun baino ez dira bizi. Melanesiar indigenak dira %40, kanakiarrak, eta europar jatorrikoak %30, XIX. mendeko zigor-koloniara ekarritakoen ondorengoetatik hasi (caldoche-ak) eta gerora joandakoetara. Biztanleen herena baino gutxixeago Melanesia, Polinesia (Wallis eta Futuna frantses lurraldekoak asko) edo Asiatik etorritakoak dira.

Hegoaldeko probintzian dago gakoa. Beste biak, iparraldekoa eta Leialtasun uharteak, europar gutxiko eskualdeak dira, kanakiarrak %90etik gora. Horietan dauka, noski, mugimendu independentistak indarra, eta elkarren arteko lehia egonda ere, biltzar orokorrean independentziaren alde elkar hartzeko konpromisoa dute. Baina 65.000 biztanle dituzte probintzia horiek; eta ia hiru aldiz gehiago hegoaldekoak. Noumea hiriburuan eta inguruetan bizi dira artxipelagoko biztanleen hiru laurden. Eta hor gehiago dira europar jatorrikoak kanakiarrak baino.

Gutxiengoan direla jakitun, alderdi independentistek bat egin dute Hegoaldeko probintzian, Roch Wamytan buruzagi historikoaren inguruan. 80ko hamarkadatik lehen aldiz batu dira zazpi alderdi independentistak; egun, Hegoaldeko 40 hautetsietatik lau baino ez dira independentistak, eta Frantziaren aldeko alderdi eskuindarrak dira nagusi. Kopuru hori bikoiztu eta hamarreraino iristeko itxaropena daukate gaurko bozetan. Frantses indarren artean, zatiketa handia dago. Rassemblement pour la Caledonie-ren nagusitasun historikoa (Kaledoniaren aldeko Batasuna, UMPren adarra) kolokan jarri du Caledonie Ensemble zentristako (Kaledonia Elkarrekin) Philippe Gomesek.

Europako hainbat lekutan legez, Kaledonia Berrian ere une erabakigarria hurbiltzen ari da. Nazio Batuetako deskolonizazio batzordeko talde bat martxoan egon zen artxipelagoan; haserretu egin ziren independentisten aurkakoak. Noumeako akordioen arabera, gaurko biltzarreko bozetan —edo erreferendumean— ez dute bozkatzerik izango Frantziako Biltzarrerako edo udal-hauteskundeetarako botoa emateko eskubidea duten zenbait milaka lagunek: Europatik azken urteotan bizitzera joandako funtzionarioek, esaterako, biztanleria ehuneko hamar inguru emendatzea ekarri dute. Baina akordioen arabera, 1998 baino lehen hamar urtez bizi izan zirenek soilik dute Kaledonia Berriko herritartasuna. Deskolonizazioa eta sezesio-prozesu baten arteko ezberdintasunetako bat, hortxe.

Erdia baino gutxixeago, 54 biltzarkideetatik 23 izan dira independentistak gaur arte. Badakite posible dutela 4-5 hautetsi gehiago eskuratzea, eta gehiengoa izatea. 150 urtetan Frantziari atxikitako caldoche nortasuna garatu duten Noumea inguruko herrixketan izuz begiratzen duten ikuspegia da. Frantziak subentzionatuta, Ozeaniako lekurik aberatsenetakoa da Kaledonia Berria, Zeelanda Berriaren gainetik. Baina caldocheen eta metropolitik joandako biztanleen esku dago aberastasun hori, kanakiarrenetan barik. Ekonomia artifiziala dela deritzo independentismoak, menpekotasuna betikotzen baitu. Munduko nikel erreserba garrantzitsuenak ere artxipelagoan daude, eta Estatu independentean orain arteko aberastasunari eustea ahalbidetuko luke horrek.

Estatu berriak sortzeko eztabaida gutxien sortzen duen argumentua da deskolonizazioa. Baina menpekotasun ekonomikoa dagoenean guztiz baldintzatzen du erabakitzeko eskubidea. Aspaldi ikusi zen hori dibortzioaren kasuan: emantzipaziorik gabe, oso zaila da erabakirik hartzea. Ez du alferrik esan Fronte Nazionalak, ahalik bizkorren egin nahi duela erreferenduma. Menpekotasuna betikotzeko.

BERRIAn argitaratua

No comments: