2014-04-07

384 egun Kataluniako errepublikarako

Urtebete eta 19 egun, Kataluniako estatua jaiotzeko. Horrek esan gura du datozen hilabeteetan gertatzen den guztia azken aldiz gertatuko dela Espainiako mugen baitan: azken maiatzaren 1a, azken errenta-aitorpena, azken hamahiru nominak (baina ez azken pentsioak, Espainiak mehatxu eginda ere: Espainian kotizatu dutenei berdin ordaindu beharko die, Frantziak nafar basomutilei edo Espainiak atzerrian diren jubilatuei ordaintzen dien gisan), azken uda Espainiaren baitan, munduko azken Futbol Txapelketa Kataluniarik gabe, azken ikasturtearen hasiera irailean… eta azken Diada independentista, 2014koa. Garaipenaren V batekin, eta demokraziaren sinbolo den botoaren V-arekin agur esan asmo diote Espainiari, atzo ANC Kataluniako Biltzar Nazionalean onartu zutenez. Ez da erraza, ondo baino hobeto dakite. Baina aitortu beharko zaio ANCri konfiantza baino zerbait gehiago irabazi duela.

Nork ez du izan zalantza, kezka edo mesfidantza unerik prozesu honetan guztian? Udal galdeketetan sortu zen batzuen errezeloa; Etxarri Aranatzek bide berari helduko dio gaur zortzi. Aitortzen dut duela bost hil izan nuela beldurrik, galdera adosteko zeuden zailtasunak ikusita. Baina hura ere heldutasunez gainditu zuten. Horren ondotik, argi eta garbi: erabateko konfiantza dut ANCrengan. Signa un vot per l'independ√®ncia (sinatu boto bat independentziaren alde) kanpainari ergelkeria iritziko nioke (alferreko zenbat sinadura-bilketa egin ote ditugu?), atzetik ANC ez balego. Atzo argi utzi zuten: sinadura horiek legitimazio (eta akuilu, bistan da) izango dira alderdientzat Aldebakarreko Independentzia Adierazpena egiteko. Eta egunotan Bartzelonako Diagonal etorbidea betetzeko egitasmoa filtratu delarik, arriskutsu iritzi nion: ekimen arrakastatsuen ondotik, bi milioiko manifestazio soila proposatzeak gutxitxo zirudien; irabazteko gutxi —indarra frogatu dute honezkero— eta galtzeko asko: badirudi milioi eta erdi kalera atera eta porrot egin duzula. Baina proposamena osorik ezagututa, V horrek, munduari egindako dei horrek, dena aldatzen du.

Kataluniako sezesioak, Kataluniako errepublika independenteak, etzi dauka tramite garrantzitsuenetakoa. Madrilen, Espainiako Parlamentuan, erreferenduma egiteko baimena eskatu eta ezetz esango diete. Badakigu emaitza, noski, baina ez dezagun gutxietsi: Kataluniak aldarrikatuta dauka subiranotasuna, eta estatu bezala egituratzeko, ahalik modu txukun eta demokratikoenean negoziatu nahi du orain arteko estatuarekin. Lana demokratikoki eta garbi egiteko. Espainiarekin azken eztabaida dauka Kataluniak etzi. Honezkero utzi dio Gaztelara begiratzeari, eta munduari mintzatzen zaio. Isilik dago mundua, baina uste baino begi gehiago daude auziaren gainean. Asteartean, argi geldituko da nork negoziatu gura duen eta nork ez, nork bozkatu nahi duen eta nork debekatzen duen botoa, nor oinarritzen den demokrazian eta nor nazionalismo baztertzailean. Hortik aurrera, independentziak baino ezingo du ekarri demokrazia.

Ekainaren 8an Europari berba egingo diote (proposamen interesgarria dakar orriotan gaur Martxelo Otamendik), hainbat hiritan casteller-ak altxatuta. Udan dena berotzen da, eta irailean tramuntana ekaitzak daude Mediterraneoan. Ordurako espero dute Espainiaren oldarraldi gogorrena, eta horren araberako jokalekuak prestatu ditu ANCk. Lau bide, 2015eko independentzia-aldarrikapenera iristeko (tartean, hauteskunde plebiszitarioetan zerrenda bakarra aurkeztea. Europakoetan ere proposatu zuen, eta ez da irten. Baina CUPek berak esana du CiUrekin bat egiteko aukera bakarra, une zehatz horretan baino ez dela). Hortik aurrera, Konstituzioa prestatu eta 2015eko Diadan onartu beharko lukete.

ANCren bide-orria betez gero, ez dakit 2015eko udal hauteskundeekin zer gertatuko litzatekeen. Nafarroako erregimena amaitzeko unea litzateke, baita Valentzia eta Balear Uharteetan aldaketa gertatzekoa ere. ANCren bide-orrian aipatzen dira «nazioaren beste lurraldeak»… eta aitortzen die halaber Aran ibarreko biztanle okzitanoei naziotasuna, modu federalean Kataluniako Errepublikarekin bat egiteko, betiere autodeterminazio eskubidea bermatuta. Horri buruz, egingo dugu berba datozen egunetan. Baina oso ederra da Mediterraneoko bazter horretan gertatzen ari dena.

BERRIAn argitaratua

No comments: