2013-12-01

Subiranotasunaz

Egunotan Txinak bere itsas (eta aire) eremua ekialderantz hedatzea erabaki du. Mapa berriaren ondorioz, eremu horren gainean dabiltzan hegazkinek Pekini jakinarazi beharko liokete. Japonia eta Hego Korea, AEBek babestuta, ez datoz bat. Washington bera izan da lehena Txinaren aldebakarreko urrats horri aurre egiten, eta B52 hegazkinak bidali ditu eremura.

Subiranotasuna zertan den adierazteko balio dezake auziak. Nazioartean hiruzpalau arau juridiko daude estatu baten ezaugarriez, baina alde politikoa da garrantzitsuena: subranotasuna daukazu, beste guztiek onartzen dizuten neurrian. Hau da, estatuen elkar aitortzeak ematen du nor izateko aukera, ez lege zehatz batek. Munduko lur ia guztien subiranotasuna estatuek daukate, eta beste estatuekiko aitortzatik datorkie besteek ere beren lurraldearekiko subiranotasuna aitortzea, nolabaiteko berme gisa.

Jakina, klub itxi horretan errezeloz hartzen dira hautagai berriak. Munduko lurrak estaturen baten subiranotasunekoak badira —hortxe kolonialismoarekiko aldea, kolonien gaineko subiranotasuna ez zen onartzen— estatu berri bat sortzekotan, halabeharrez lurraldea galdu behar du klubeko estatu batek. Erronka horri demokratikoki erantzun dio Londresek. Eta Eskoziak pertsuasiorako dokumentua aurkeztu du, Liburu Zuria. Banderarik gabe, «epika politikoa saihestu nahi zuten, egitasmo independentista gestio administratibo soil gisa erakutsi. Independentzia aldarrikatzea duela hil batzuk abiatutako prozesua amaitzea balitz legez», zioen Meritxell Ramirezek, Edinburgoko unibertsitateko soziologia irakasle katalanak. Zertarako? Mentalitate aldaketa lortzeko: «zer gertatuko litzateke Eskozia independente balitz» baldintzazko esalditik, «zer gertatuko da Eskozia independente denean?» baieztapenera.

Kritika unionistak jaso ditu Alex Salmondek, dokumentuak borondatea adierazten duelako. Heldutasunera heltzear den nerabearen proposamen-zerrenda da. Monarkia, libera eta NATOren erreferentziak gustuko izan gabe ere, taktikaz erraz ulertzen dira: independentistak ez du botoa aldatuko detaile horiek gustuko ez dituelako. Baina egungo berme batzuei eutsi nahi dien pertsona kontserbadoreagoa erakar lezakete. Garrantzitsuena independentzia da. Estatu independentea daukazunean, inork ez dizu eragotziko errepublika sortzea, NATOtik irtetea edo zeure dirua sortzea, baina lehendabizi estatua behar duzu. Europa zuhur dago, Londres-Edinburgo artekoan esatekorik ez duela jakitun. Salbuespenak Joaquin Almunia bilbotarra eta Mariano Rajoy izan dira, berehala EBtik kanpo geratuko direla mehatxuka. Erreferenduma irabazita, Londresekin negoziatu beharreko gaietako bat da EB, bai, baina Espainian ezin ulertu Erresuma Batuko tradizio negoziatzailea (ez eta Europaren pragmatismoa ere). Edinburgon polito egin dute barre Rajoyren kontura. Unionistek aipatuta ere, Espainiako presidenteak ez dirudi oso erreferentzia indartsua. Baina, tira, espainiarrak geroz eta baldarrago eta inplikatuago Eskoziako prozesuan, hainbat hobe Kataluniarako, eta, ondorioz, Euskal Herrirako.

[Lerrook idazteaz bat, albisterik beltzena ekarri digu ostiralak. Asteroko irakurle zorrotz eta finenetakoa galdu dut, Igor Urrutikoetxea. Behin baino gehiagotan nahasi gintuzten abizenagatik, Hegoafrikako kronika bat izenpetu nuen Gara egunkarian, eta Euskadi irratitik behin edo behin hari deitu zioten ni elkarrizketatzekotan. Ez ginen senide, ez familiaz behintzat, baina bideak batuak bai, anekdota txiki honengatik: Moldaviako Transnistriako polizia batek aitzakiaren batekin isuna jarri gura ziola-eta, BERRIA-rako egin nuen erreportajea atera zion Igorrek: «Hara, nire lehengusuak egin du». Barne Ministroaren elkarrizketa ikusita, egunkaria itzuli eta barkamena eskatu zion agenteak. Lanean eta lanetik kanpo bidaia, bestearen lekuan jartzea eta internazionalismoa herrien arteko jakin-min handitik ulertzen zuen laguna joan da. Zenbat eztabaida, Gazaz, Libanoz edo Kaukasoz (nor gehiago egon da Nakhxivanen?).

Kurdistan ere maite zuen, eta arantza txiki bat zeukan, duela urte pare bateko Newroz ostean gerrillariek mendira gonbidatu eta ezin izan zituelako bisitatu. Bazekien kazetariok zilegi genuela hara igotzea. Baina ezetz esan zien atsekabez Igorrek, maila pertsonalean joanagatik, esku beltzen batek LAB edo ezker abertzalea zikintzeko baliatu baleza ere. Militante osoa, emateak eta eskuzabaltasunak balorazio handirik ez duten sasoi likidootan. Datozen urteetan Asia Erdialdea ezagutu gura zuela ziostan azkenez bazkaltzeko geratu ginenean, duela hil pare bat. Neure kontu herrialdeok, Igor. Baina majo kosta behar zait Bielorrusiaz eta Euskal Herriaren independentziaz eta militante kurduez eta uigurrez horrelako mailan eztabaidatzeko konplizeren bat aurkitzea, primo.]

No comments: