2013-06-09

Protestak eta kezkak

Laguna arduratua izan dugu, Kurdistanera joatear dela, Istanbuleko istiluez kezkatuta. «Nork pentsa inoiz horrelakorik esango genuenik: egon lasai, zuen laguna oporretan Diyarbakirrera badoa eta ez Istanbulera, ez du arazorik izango». Egunotan Euskal Herrira etorri diren alkate kurduekin ibili dugun txantxetako bat da. Munduan leku gutxitan aurkitzen dugu gisako konplizitaterik euskaldunok: Aldatu Espainiara Istanbul eta ziur Diyarbakir asko datozkizuela burura Euskal Herrian.

Diyarbakirdik askoz ekialderago, gerra betean izan diren Hakkari eskualdetik etorri zaizkigu asteon bisitariak. Probintzia horretako Semdinli —Semzinan kurdueraz— herriarekin senidetu da Hernani. Iranek, Irakek eta Turkiak bat egiten dute hor, hiru estatuetako biztanleak kurduak izan arren. Okupazio militarrak estraperloa bizibide ia bakar uzten du Hakkarin; urteotan milaka lagun hil eta ehunka herri txikitu dituzten eremua da. Duela urte pare bat argitaratu genuen erreportaje-sorta handik. Honela genioen: «Hiri txikia da Hakkari, Zap haran estua osatzen duten mendi zorrotzek inguratua. Desplazatuen auzune batean Recepekin geratu gara. Mendien ikuspegi paregabea daukagun belardi batera eraman gaitu bere esperientziaren berri ematera. Tiroa entzun da urrunean. 'Hara, etengabe gaude horrela, tiro artean. Eta gero esaten dute gu terroristak garela. Lagun bati hamahiru urteko espetxe zigorra jarri diote. Limoi bat izan da horretarako froga'». Recep deitu genion gaztetxo hark bi hilabete eman zituen preso, adingabeko ehunka neska-mutilekin, hamabi urteko umeak ere tartean. Limoi-tantak begiak garbitzen ditu, Poliziak auzunea gaseztatzen duelarik.

Orain limoia erresistentzia sinbolo bihurtu da Istanbulen, herenegun Alberto Barandiaranek orriotan gogora ekarri legez. Baina esaldi horretan garrantzia ez dauka limoiak, «orain» adberbioak baizik. Patrikan limoiak eramateagatik umeak espetxeratzen zituztenean isilik zeudenak orain protestan ari dira. «Turkiar gehienek orain jakin dute Poliziak gehiegikeriaz erasotzen duela, Gobernua autoritarioa dela. Azken 30 urteotan entzungor egon dira kurduak hiltzen eta espetxeratzen zituztenean», zioen kurdu batek astelehenean.

Ez da kasualitatea, Espainiako M-15 mugimenduak Euskal Herrian oihartzun apala izan zuen legez, Gezi parketik sortutakoak ere ia erantzunik ez piztea Kurdistanen. Ez da Turkian soilik gertatu. Siriako kurduek asmatu zuten arabiarren gerra zibiletik bereizten; lehendabizi protestetatik apartean, eta gerra betea lehertu zelarik, etxean nagusitzen eta defentsa estrategian. Erasoei aurre egiten diete orain, baina ez doaz ofentsiban; aitzitik, etxea atontzeko baliatu dute gerra: kurduera eskoletara eroateko edo defentsa-unitate mistoak sortzeko, esaterako. «2004an Qamishlin sarraskitu gintuztenean elkar hartuta egon ziren arabiar sunita eta alauiak, eta orain alde batekin joateko dioskute?».

Irakeko Kurdistan burujabea dute ispilu Sirian zein Turkian, gauza bera egin nahi gabe ere, hango lorpenak itzelak baitira. Kurduen laugarren estatua Iran da. Duela lau urte handik nenbilen. Teheranen eta Isfahanen ilusio handia zegoen xingola berdeekin, gazte jendearen artean bereziki. Mahmud Ahmadinejaden babesa ere ez zen txikia, jende xumearen artean batez ere, ingelesik ez dakiten milioika pertsiarren artean. Kurdistanen ez, noski, baina mugimendu berdearekiko errezeloa ere nabarmena zen. Kurdu gehienek ez zuten bozkatzeko asmorik. Eta hala ere, aurkitu nuen, errepresioak gogor zigortutako familietan ere, Mir Hossein Mousavigan eta Mehdi Karroubigan itxaropena zeukanik. Datorren ostiralean berriz hautatuko dute presidentea Iranen, eta honezkero ez ilusio ez errezelo. Askatasuna ez dute hautestontzietan lortuko, ez kurduek ez irandarrek. Tamalez.

BERRIAn argitaratua

No comments: