2013-05-12

Guatemala, arrazismoa eta justizia

Urte eta erdi da nazioartera begira jarri nintzela BERRIA-ko txoko honetatik. Inposatutako agendarik gabe, geure begiekin: zer egiten ari diren estaturik gabeko nazioetan, zelan urratzen duten independentziaren bidea beste herri batzuek. Pakistango hauteskundeetan buru-belarri ari diren hedabideetan, nekez irakurriko duzue Balutxistanen gerra betean daudela, eta ia inor ez dela bozkatzera joan.

Latin Amerikak Euskal Herritik arreta handiegia hartzen duela konbentzituta nago. Latin den Amerika horrek mendetan isilarazi, ukatu, zapaldu, gutxietsi eta era guztietan, fisikoki ere bai, desagerrarazitako kontinentera begiratu nahi dut gaur, baina. «Kanadak ez zuen AEBek bezalako anikilazio politika planifikaturik izan, baina haiek bezain txarto egin gabe ere, gauza txar asko egin ziren», ziostan Margaret Atwoodek. Kanadatik Txileraino doan politika arrazista hori bost mendetako tragediaz josita dago, baina Guatemalan hezurmamitzen da azken hamarkadetan.

Asteotan, irakurrieran jarraitu ditut ia nagusiki Efrain Rios Montten aurkako epaiketan esandakoak. Jakinda ere malko gutxi izango zela, maia indigenek begiak ia inoiz ez bustitzen ikasi dutela bost mendetan, gogorregia zitzaidan testimonioak entzutea; ñabardurak ñabardura eskema beraren inguruan beti: soldaduak Kitxeko herriren batean sartu, Nebaj eta ixil etniaren eskualdean bereziki, etxeak erre bizilagunak bertan giltzapetuta. Bortxaketa masiboak, jendaurrean ere bai, edo exekuzioak. Neba bizirik erretzen ikusarazi ziotela ekarri zuen gogora Rigoberta Menchuk. Uztak erre, ganadua ebatsi, gosez hiltzeko. Eta halako batean, azkenean, 86 urte dituela, Rios Montt kristau fundamentalista, genozidioagatik zigortu du Jazmin Barrios epaileak, 80 urteko espetxealdira.


Bozkarioa sufrimenduaren parekoa izan da, oso isila, badago alderik latinotik indigenara, ikusi nahi duenarentzat. Baina zabaldu da. Ez da aski bakarra zigortzea, badakit, baina ez kendu poza, itxaropena 200.000 hildakoek gutxieneko justizia jaso dutela uste dutenei. Epaiak argi dakar: ixilak estatuaren etsai publikotzat hartu ziren, eta arrazismoaren biktima ere izan ziren, menpeko arrazatzat hartu ziren.

Agintari kriolloen estatu politika izan zen; XIX. mendeko eta XX.eko lehen erdialdeko diktadura ankerrenetan maia biztanleek esklabotza-moduko egoeran iraun zuten. Estatu Batuetako United Fruit konpainiak bere egin zuen estatua azkenean. Jorge Ubico diktadorea Franco onartu zuen bigarren agintaria izan zen 1936an, Hitler eta Mussolini baino hamar egun lehenago. Handik laster, baina, itxaropenaren hamarkada piztu zen. Goizegi, menturaz, Kubako iraultza baino hamabost urte lehenago. 1944-54ko gobernu demokratikoa, Juan Jose Arevalo eta Jacobo Arbenz buru, odolez zapaldu zuten. Arrazismoa Guatemalan bertan zegoen, baina Estatu Batuen bultzada antikomunistarik gabe ez zatekeen posible. Eta Arbenzen gobernuak Mosku baino Washington zuen eredu: Roosevelten New Deala, oinarrizko zerbitzu publikoak, hezkuntza eta lurraren banaketa. Landu gabeko lurrak soilik hartu zizkioten United Fruiti, konpainiak berak ezarritako prezioan; zerga-iruzurra egiteko prezio horretan berean. Eisenhowerrek gehiegi zela iritzi zion, eta estatu kolpeari ekin zioten. Guatemalan zen Ernesto Che Guevara, eta Kubarako markatu zuen esperientzia izan zen hondamendi hura. Han zen Jokin Zaitegi ere; Euzko-Gogoa hamarkada itxaropentsuan sortu zuen. Estatu-kolpearen ondoren Lapurdira itzuli zen Zaitegi, eta Venezuelara jo zuen Andima Ibiñagabeitiak.

Guatemala odoletan gelditu zen 40 urtez. Bolivian presidente indigena hautatu dute, nazio askoko estatua sortu. Guatemalan berriz, Rios Montten aldekoen indarra ikusi dugu, epaiketa «Eliza Katolikoaren montaje» gisa ere aurkeztu dute. Arrazismoak bizirik dirau Ameriketako herri triste eta ederrenean. Baina ostiralean zerbait aldatu zen han ere.

BERRIAn argitaratua

No comments: