2013-04-21

Txetxeniaz

Kutxak zituen atzo aipagai Andoni Egañak. Gerretako memoriak gordetzen dituztenak. Niri Txetxeniako oroimenaren kutxa ireki zitzaidan. Azken gauean, etxeko nagusiak bere gelara eraman ninduen, emazteak —nire itzultzaileak— afaria egin bitartean. Zail genuen komunikazioa, nire errusiera eskasegia zen. Baina ohepetik armen kutxa atera zuen eta fusil zatiak muntatzen irakatsi zidan. Baita kamuflaje uniformea jantziarazi ere. Hantxe nengoen, munduko herririk arriskutsuenetako batean, soldadutxoetara olgetan. Ez da azaltzeko erraza, baina han emandako egunetan ulertu nuen nolabait. Armekiko lilura, sendotasunaren kultura, mutilengan txikitatik oso errotutako balioak dira. Borroka-arteak eta borroka-kirolak maite dituzte, gimnasioak, tradizioa eta familia. Yoav Karni kazetariak gogora ekarri legez, hainbat herri menditarrek gisako bizimodua izan dute. Suitzarrak ez ziren bada mertzenario izan? Euskaldunak pirata? Gaur Sirian oposizioaren aldeko Muhajireen (etorkinen) Brigadako borrokalari ausartenen artean dira txetxeniarrak, lehenago Abkhazian eta beste hainbat lekutan borrokatu diren legez. Ez ditut maite horrelako orokortzeak, baina Gulag Artxipelagoan Alexandr Solzhenitsinek ere adierazi zuen gatibutzan txetxeniarrak zirela duintasunari eutsi zioten bakarrak.

Errusiarren herririk gorrotatuenen artean dira txetxeniarrak. Kaukasoko menditar nortasun independentea Errusiako lautadetako otzantasun feudalaren antipodetan dago. Eslaviarren balioetatik urrun, baita mendebaldekoetatik ere sarritan. Indarrez konkistatu zituzten 1859an, 1943an Stalinek lau txetxeniarretik bat hil zuen trenetan Kazakhstanera bidalita, 1999tik Vladimir Putinek milaka hil ditu Ramzan Kadirov Txetxeniako ugazaba ezarri arte. Edozein txetxeniarren biziaz eta heriotzaz erabakitzeko gaitasuna duen Kadirovek eskuak garbitu ditu Bostongo gertakarietan. Moskuk ere irribarre zinikoa egin du: hara zer gertatzen den Mendebaldeak terroristak aterpetzeagatik. Txetxenian inoiz bizi ez eta Estatu Batuetan hazitako familia batetik ei datoz Tsarnaev anaiak. Ustez zortzi urteko ume bat, 29ko emakume bat eta ikasle txinatar bat hil zituen bonba jarri zuten Bostongo maratoian. Anaia nagusia hil du poliziak, eta hemeretzi urteko gaztea atxilotu.

Hortik aurrera galdera ugari dago. Kaukasoko Emirerria aldarrikatu zuten gerrillariek ez dute Bostongo erasoa aldarrikatu. Errusiako edo Txetxeniako zerbitzu sekretuengana ere begiratu du norbaitek, nahiz eta tsarnaevtarrez zabaldu den profilak besterik dioen (AEB edo Txetxeniako selekzioarekin ariko zela, ez Errusiarekin). Washingtonek Magnitsky zerrenda jakinarazi berri du; AEBetan sartzea debekatzen duten Errusiako hemezortzi goi-kargudunen izenak ditu, hiru txetxeniar tartean, giza-eskubideak urratzen dituztelakoan. Bostongo tsarnaevtarrez esandakoak (musulmanak, borroka-kirolariak, armazaleak) edozein txetxeniarren profilari dagozkio: kolaborazionista, independentista zein islamista. Baina estigma berriz ezarri da.

Mutil torturatuak elkarrizketatu nituen Txetxenian. Txetxeniar emakumeek, berriz, seme desagertuez hitz egin zidaten, ez oinaze pertsonalez. Emakumezko kazetarien bidez jakin dugu hori. Natalia Estemirovarekin hitz egin genuen; aste gutxira hil zuten. Berdintsu gerrak elbarritutako umeekin ziharduen Zarema Sadulaieva. Anna Politkovskaia haien aurretik. Gizonezko kazetariok iristerik ere ez dugun eremuak. «Bagoaz aurrera; duela urte batzuk ezingo genuke horrela joan autobusean, ni zure ondoan eta senarra apartean eserita», esan zidan lagun batek. Genozidio stalinista eta guzti, sobietar garaiko lorpen sozialak hondora joan dira Putin eta Kadirovekin. Nire memoriaren kutxa irekitzean, beso zabalik hartu ninduen komunitatea datorkit gogora. Inguxetian atxilotu eta hotelean mehatxatu ostean iritsi nintzen, eta Grozni ondoko herrixka batean, gerraostean berreraikitako etxean hartu ninduten abegikor. Han seguru nengoen, hala da txetxeniar legea. Haien bizipoza eta etxeko ohiturak barrutik ezagutzen utzi zidaten. Herri berezirik bada, txetxeniarra hori. Tinkotasunagatik iritsi dira XXI. mendera, izugarri ordainduta. Merezi dute behingoan askatasuna.

BERRIAn argitaratua

No comments: