2013-02-03

Dena hondora?

Europa eta mundua aztoratu du berriz ere Espainiak, eta gu kanpoan. Hamabi egun eman ditugu etxetik kanpo, eta bai, ordenagailuarekin zoaz, egunero irakurtzen duzu prentsa, eta behinola baino hurbilago jarraitzen diezu albisteei —edo behinola baino zailago duzu egunerokotasunetik ihesa, bestela ikusita—. Baina zortzi mila kilometrora zaudela, ustelkeriaz, Alderdi Popularreko diruzainaz eta abarrez berba egiten dizutelarik, zail duzu gertatzen ari denaren neurria hartzea. Lehen ere gertatu baitira ustelkeria kasuak, Valentzian, Madrilen, Balear Uharteetan, eta gura baino hobeto ezagutzen duzunez Espainia eta gura baino hurbilagoko zaizunez —ez alferrik, estatu horretako herritar zara, borondatea gora behera—, ez zaizu arrotz egiten doinu hori, arruntegi zaizu zortzi mila kilometrora inolako arretarik jartzeko. Interesgarriago zaizkizu zauden lekuko independentismo tropikalak, eta interneten Kataluniako, Eskoziako edo Irlandako lagunen abenturak irakurtzea.

Baina etxean sartu, iratzarri eta dinosauroa hor dago. Gauzak aldatu dira, mundua begira dago, oso larria den zerbait jazo dela jabetzen zara. Ahor denok beti sumatu, salatu, argi ikusitako Espainia ustela bere biluzian, ehunka froga banan-banan jarrita eta ezin txukunago filtratuta. Gobernuaren aldeko El Mundo egunkariak lehendabizi, oposizioaren aldeko El Pais-ek errematea asteon. Biak ere sistemaren babesle sutsuak. Twitterren aldean oso apal erantzuten du kaleak, astiro-astiro antolatzen dira protestak. Haserrea eta amorrua handiak dira, erabat zilegi eta ulertzekoak. Baina horren ondoreneko galderak ere zilegi dira.

Espainiako sistemak harakiri egin du? Urtetan makineria olioztatu eta elkarri koipea eman diotenak benetan haserre puntu horretara iritsi dira, zabor guztia argitara ateratzeko? Sarritan esan dut ezkerrak konspirazio gehiegi egiten dituela, eta praktikan konfiantza txikiegia herritarrengan, Gerra Hotzeko mentalitateak eta hariak mugitzen dituzten bulego ezkutuetan lar sinesten dutela. Ezkerrak berak deituriko manifestazioak baino ez dira zilegi, besteen protesten atzean beti egon behar dute inperioaren hari luzeek. Baina aitor dut, oraingo honetan gidoilariaren bila nabil, Espainia ataka horretan nork zertarako jarri duen asmatu ezinik.

Amorruaren unea dute Espainian. Amorru horri ilusioa gehitzen zaio Katalunian, zulo ilun horretan argia non dagoen geroz eta nabariago ikusita. Edonon, Espainian baino hobeto. Konstituzio postfrankistaren bi jagole handienak hondoa jota daude. PSOEk ez du bururik altxatu 2011ko hauteskundeen porrotetik, Alfredo Perez Rubalcaba asteon ikusi duenak badaki zertaz ari naizen. Telebistako argiztatzea izango zen, baina gaixoaren larrua zeukan. Alderdi Popularraz, zer esan. Mariano Rajoy alderdiko eta Espainiako presidenteak ohi baino argiago egin zuen atzo berba. Baina agertzen ari direnak are argiagoak dira.

Espainiako sistema hondora doa. Edo norbaitek erabaki ote du heldu dela sasoia leherketa kontrolatua egiteko? Ulertzekoa den amorruaren erdian, badago arriskutsua den mezua: denak dira ustelak, denak dira berdinak, doazela denak pikutara. Ados, baina, nor dator horren atzean? Antolatu gabeko amorrua behin baino gehiagotan izan da faxismoaren ataurre. Monarkiaren aurka egon litezke ezkertiarrak, autonomia-estatutuen antolaketaren aurka eta independentziaren alde egon litezke katalan zein euskal abertzaleak, baina beste aldeko mezuak ere ugaritu dira azken hile eta urteotan: autonomien aurka Estatu zentralista indartsua aldarrikatzen dutenak nagusiki, eta eskuinaren eremuan Errege-familiari hasieran bizkar eman eta aspaldion kritika gogorrak egin dizkiotenak ere. Esanguratsua da PSOEri lotutako PRISA taldea izatea egungo monarkiaren babesle garrantzitsuenetako.

Espainian aski ezaguna den Ramoncin kantari eta telebista ugaritako kolaboratzaileak agerraldia egin du egunotan Katalunian. Zinez merezi du Vilawebeko lagunek sareratu duten bideoa ikustea. Madrildarra, behinola errebelde eta aspaldion botereari aski lotuta ikusten den pertsonajeak argumentu soil bezain interesgarriak darabiltza erabakitzeko eskubidearen alde: Katalunia Espainiatik bereiztea «emozionalki dibortzioaren antzekoa da. Luzaro egon naiz zurekin, baina ezin dut gehiago. Banoa. Emozionalki zerbaitek eragozten dit. Ez da azalpen gehiago behar. Baina zergatik? Nahikoa delako. Ezin dudalako gehiago. Horri katea jarri diezaiokezu, baina alde egingo du, inor ez da egongo nahi ez duen lekuan». Euskal Herrira begira ere interesgarri den kontu bat aipatzen du: «Zelan da posible leku batean 50 urtez bizi eta bertako hizkuntza ez ikastea?». Eta espainiar askoren sentimendua ei dena bideoaren amaieran dator: «Espainia honetatik jende askok alde egin nahi du».

BERRIAn argitaratua

No comments: