2012-09-23

Bartzelona-Edinburgo

Badu onetik asko era paraleloan gauzatzen ari diren sezesio prozesuak aztertzeak, Eskozian eta Katalunian. Lehenean alderdi independentistaren estrategia garrantzitsuena izan da hauteskundeak irabazi, boterea eskuratu eta herritarrak konbentzitzea. Irlanda eta Islandia ziren behinola eredu, baina estatu horien porrotaren ondotik ere gehiengo absolutua lortu zuen SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak. Hemendik aurrera, herritarren mobilizazioak hartzen du garrantzia. Eta irribarrea ere ateratzen zitzaigun, eskoziar adiskideek esaten zigutelarik ez zekitela zelan aterako zitzaien atzoko martxa. Historikoa nahi zuten, baina horrelakoetarako ohitura galduta, ez ziren gai sentitzen neurria hartzeko. Manifestazioaren aurretik idazten nabilela, milaka lagun ari dira Eskozia osotik Edinburgorantz jaisten.

Yes, Scotland independentziaren kanpainatik kanpo antolatutako mugimendua izan da, baina alde dauden alderdien babesa jaso du, Alex Salmond lehendakaritik hasita. Eta hor hasten dira Kataluniarekikoak bereizten, goitik behera eta behetik gorakoaren aldeak ikusita. Zer esanik ez Euskal Herritik begiratuz gero. Zail da azaltzen botoen %51ren alde borrokan ari direnei abertzaleak izango direla EAEko lehen bi alderdiak, baina bietako batek ere ez daramala programan euskal estatua sortzeko egitasmorik kanpainan. Imajinatzerik bai, Bilbon zein Iruñean, Edinburgo edo Bartzelonako irudirik, independentziaren alde.

Artur Mas eta Mariano Raxoi bildu dira egunotan. Bien bileraren oihartzun erdirik lortu ez badu ere, Alex Salmond eta David Cameron ere batzartu dira asteon Londresen. Eguneroko auziez berba egin dute, eta erreferendumaz ere bai. Eskoziako lehen ministroaren arabera, «eztabaida ona» izan dute. Datozen asteotan erreferendumaren formatua zehazteko «borondate ona» dagoela erantsi zuen Salmondek. Raxoik, berriz, independentisten gidoiak aurreikusitakoa bete zuen berbarik berba. Iragarria zuen Espainiako lehendakariak aurreikusteko moduko gizona dela, ezusteko gutxira emana. Nahiko zukeen Cameronek independentziarako asmoak Artur Masek bezain merke salduko lituzkeen lehendakaririk Eskozian. Baina Espainiak, ezusteko gutxi, ezetz eta ezetz.

Merke saldu zuen Kataluniako Estatutua Masek 2006an, oposizioan zela, Jose Luis Rodriguez Zapaterorekin ezkutuan bilduta. Alfonso Guerra Espainiako lehendakariorde ohiak Barakaldon gogorarazi legez, marrusketatze polita egin zioten, baina horrekin ere konforme ez, eta independentismoa hauspotzera jo zuen Alderdi Popularrak Auzitegi Konstituzionalaren bidez. 2010eko epaiak ekarri zituen udalerrietako erreferendumak, eta duela hamar eguneko Diadaraino eroan duen olatua. Nekez hain estatu baldarrik Europa osoan, independentziarik nahi ez duena ere hartara behartzen. (Bidenabar, Guerraren ekitaldi hartan egotea egokitu zitzaidan Barakaldon 2006ko apiril hartan. Oraindik gogoan, PSEko ehunka euskal gazte haien algarak, jakobinoaren txantxekin. Arrastian Santiago Carrillok hartu zuen berba, eta argi gogorarazi zuen: «Nazionalismoari aurre egiteko, lehendabizi izan behar ez dena espainiar nazionalista da»).

Cameron eta Salmond erreferendum legea adosten, Londresko Parlamentua arazo teknikoak zelan desblokeatu proposatzen (Eskoziak ez baitauka erreferendumik deitzeko eskumenik, baina legezko oztopoetan katramilatu ordez herritarren borondatea zelan bideratu bilatu ohi dute benetako demokratek), eta independentistak herritarren mobilizazioaren bila. Katalunian atzekoz aurrera doa prozesua, herritarrak mobilizatuta eta alderdiak, epelenak ere, mugitzera behartuta. Felipe Gonzalez bera federalismoaz berbetan entzuteak Espainiaren sinesgarritasunaren neurria ematen du. Bero dago Katalunia, CiU batez ere estu, oso estu hartzen. Artur Masekiko mesfidantza aski ulergarria da. Salvador Cardusek zioen legez, independentismoaren erronka handienetakoa hori da. Herritar mugimenduak egindako indar erakustaldiaren ondoren, neurria eman behar duten politikarien txanda da. Eta horiekiko dira mehatxuak: Kataluniako parlamentarien %13 dituen PP hasi da esaten zer egin daitekeen eta zer ez (metropolian gailentzen den alderdia herrialde sezesionistan ahula izateak are zilegitasun gutxiago ematen die beti prozesu independentistei). Espainian legea irakurri, eta militarrak ageri dira. La Razon egunkariak argi zekarren: Gobernuak bertan behera utziko ditu hauteskundeak Masek estatu berrirako boz eratzaile gisa planteatuz gero. Otsoa haserretzen hasi da, eta bazterretik begiratzeko oso interesgarri. Esan genuen, inbidia ez dator manifestazioa antolatzeko gai doi-doi diren eskoziarrengandik. Marka da David Cameron harroputzaren miran ibiltzea. 

BERRIAn argitaratua

No comments: