2012-10-14

Erabakitzea eta hizkuntzak

Eskoziak Londresekin akordioa lortu zuela iragarri zuten egun berean atzera bota zuen Espainiako Kongresuak herritarrei galdetzeko aukera. ERCk egin zuen proposamena, eta Alfred Bosch-ek defendatu zuen: «Bozkatzea zelan izan daiteke legezkoa Erresuma Batuan eta ez Espainian? Britainiarrak izan nahi duzue, ala sobietarrak, eta sistema hondoratzea? Eskoziako erreferendumera deitzeko legezko xedapena gaur hemen proposatzen dugunaren oso antzekoa da. Kataluniaren independentziaren aurkakoei ere eragotzi nahi diezue ezetz bozkatzea, jabetzen al zarete? Debekuekin, formaltasunekin, mehatxuekin, ukazioarekin, benetan uste al duzue horrela irabaz daitekeela eztabaida bat, beste aldean eskaintzen diegularik askatasuna, demokrazia, sufragioa, parte hartzea? Bozkatu nahi dugu eta bozkatuko dugu, ez da hain zaila ulertzen». Eskoziaren paralelo joateak Espainiaren defizit demokratikoa are nabarmenago jartzen du. Bidenabar, mendebaldeko Europan independentismoa indartsu den hirugarren herrian, Flandrian, hauteskunde garrantzitsuak dituzte gaur. Fokoa Anberesko udalean egongo da, sozialistek galdu eta independentisten eskura igarotzen ote den.

Biharamunean haur katalanak espainoltzeko asmoa zuela bota zuen Jose Ignacio Wert ministroak. Eskandalua piztu da Espainian, baina ez hainbeste Katalunian. Ez independentisten artean gutxienez. Egunotan egokitu zaizkidan bizpahiru katalanek irribarre zabala egin dute, «lobby independentistak kontratatu balu, ez zukeen hobeto egingo». Barça zirudien, partidaren kontrola izan eta baloiaz gozatzen, ia ezer egin gabe aurkariak zenbat gol aukera sortzen dizkion ikusita, zenbat independentista sortzen dituen Espainiatik horrelako urratsen bat egiterakoan. Eta asko egiten dituzte, zein baino zein baldarrago.

Katalan epelenak sutu dira. Espainiatik bereizi nahi ez baina errealitateaz ohartzen diren katalanak dira, Espainiaren irain eta umiliazioez jabetu eta mindu egiten direnak. La Vanguardia-n Enric Juliana kazetariak zioenez, «hankasartze kolosala» artikuluan. «1975-80an, Badalonako langileek bi gauzagatik egin zuten borroka: lanpostuaren alde eta seme-alabentzako eskolen alde; katalana ongietorri hizkuntza izango zuten eskolen alde. Hori izan zen hitzarmen soziala. Eskola da elkarbizitzaren lokailua. Eta baldintza, jatorri eta ideologia orotako katalanek balio handia ematen diote elkarbizitzari. Hain zaila da ulertzea? Katalunia ez da bigarren Euskal Herria izango, zenbait horretan tematuta ere». Euskal Herriak, bistan da, gizarte zatiketa irudikatzen du. Ez euskalduntzeko eskola-sistema prestatu zutenek, ghetto kolonialak balira legez, erantzun beharko lukete. Alderdi espainolak hondora doaz, katalanak ofentsiban doaz Estatuaren bila. Eta hor, ezin aipatu gabe utzi Eduardo Apodakak Lapiko Kritikoan idatzitako Post Nazionalismoaren ordua (http://basque. criticalstew.org/? p=9133 ). Halaxe dakusa Estatua lortzeko bidea: «Nazionalismoa atzean utzirik, estatu propioa, errepublika, herri honetan bizi diren guztientzako proiektu askatzailea dela sinestea eta sinestaraztea. Jokoan dagoena herri subiranoa da. Eta horretan denok irabazle». Aholkua utziz gero: bilatu Lapiko Kritikoan eta lasai leitu osorik.

Espainiera (ko)ofizial?

«Hasieratik argi utz dezagun, Katalunia independentean katalana izango da herrialdeko berezko hizkuntza eta ofiziala, denon hizkuntza komuna. Baina gaztelania ere ofiziala izango da, inork zalantzarik baleuka ere». Oriol Jonqueras, ERCko burua, Sant Vicenç dels Horts-eko alkate ere bada. Bartzelona inguruko etorkinen hiri industrialetan lehena izan da Independentziaren Aldeko Udalerrien Elkartean sartzen. Jonquerasek dioenez, bere herritarren ehuneko laurogei espainieraz mintzo da.

Berehala iritsi zaizkio kritikak Jonquerasi. Vilaweb-eko Vicent Partalek «ukrainar erako independentziaren» arriskuaz oharrarazi du, badakizue Ukrainan errusierari ofizialtasuna eman berri diotela. Gabriel Bibilonik dioenez, independentziak botoak gehitzeko beharra duen unean espainiera-hiztunei egindako keinua da. Baina gogora dakar goizegi abiatutako eztabaida dela, itsumustuan, eta Parlamentuak erabaki beharreko zerbaiti buruz. «Espainierazko elebakarraren figura desagertu egin behar da. Mila aldiz esan dugu, normalizazioaren giltza da katalana izatea hizkuntza komun bakarra, eta norberak erabaki dezala zein beste hizkuntza jakin nahi dituen (ingelesaz gain). Independentziaren ondoren jaioko diren katalanek ez dute lehentasunik izango eskolan hastean. Gurasoen hizkuntza edozein izanda ere, denek hitz egin nahiko dute irakasleek, ministroek, poliziek eta epaileek hitz egiten dutena. Izan ere horiek, Estatuko ordezkari dihardutenean, Estatuko hizkuntzan egin beharko dute, hizkuntza ofizial bakarra badago. Hortxe dago prozesuaren gakoa».

Eskema erraza da, Eskozian legez: oraingoz, liberarekin eta Elizabeth erreginarekin jarraitzea proposatzen du Alex Salmondek, eta gaztelaniaren ofizialtasuna Oriol Jonquerasek. Independentistek, horren aurka egonda ere, erreferendumean baietz bozkatuko dutela jakitun, eta zalantzatiak limurtzeko aukera izan daitekeelakoan. Eskoziakoa herritarrek alda dezaketen Estatu-egitura da. Espainiera ofizialtzea, bete beharreko agindua, balizko Estatua hipotekatu dezakeen konpromisoa. Bistan da zuhur jokatu behar dela, herritarrak erakarri eta mezua modulatu inor ez uxatzeko gisan. Baina independentzia zertarako den argi utzita. Bibilonik dioenez, «herrialde serioetan hizkuntza ofiziala hizkuntza ofiziala da». Irlandaz diharduela dirudi, baina Bartzelonatik Dublinera Euskal Herritik pasatzen da.
BERRIAn argitaratua

No comments: