2012-06-10

Azawaden etorkizuna


Berriz ere gerra danborrak piztu dira Sahelen. Arabiar udaberriak Libiako gerra ekarri zuen, Libiako gerrak erregimen aldaketa eta amazig nortasuna indartzea, aurretik Marokon, Aljerian eta Tunisian bertan dagoen gutxiengoan gertatu legez. Muammar Gaddafirekin harreman on samarrak izan zituzten tuaregek, berriz, Libiatik etxerako bidea hartu zuten, basamortuaz hegoalderantz. Nigerren agertu ziren, eta handik gutxira matxinada piztu Malin. Bi ├▒abardura: Libia-Niger-Mali estatu eta lurralde ezberdinak balira legez irudikatzea ez da oso zuzena, kolonialismoaren mapei begiratzea aski da ohartzeko eremu guztia Saharako basamortua dela, tuaregen lurraldea edo Azawad alegia. Bigarren ├▒abardura, arantzatsuagoa: kanpotik begiratuta Libiako gerraren eta hango armategiak hustetik Maliko borroketara dagoen lotura argi samarra den arren, MNLA edo Azawaden Askapenerako Mugimendu Nazionalak ez du Gaddafirekiko esker onik adierazi, aitzitik, militante gehienek oposizioarekin bat egitetik zetozela aldarrikatu zuten. Ezin uka Parisko egoitzan askatasun handiz diharduen erakundea dela, eta Saharako bihotzean jardunda ere nazioarteko politikaren klabeak ondo ulertu dituen mugimendua dela. Inor ez haserrarazteko urratsak tentu handiz egin behar dira, geopolitika tartean dagoelarik.

Interes eta aliantzen joko horretan mesede egin zien Afrika Beltzeko gobernuen ahultasunak, Malikoak eskuarki, baina ez Magreb Islamikoko Al-Qaedarekin lotura duten taldeen aldamenean burutzeak matxinada. Egunotan hainbat informazio nahasi, eta are kontrajarri, sortu dira. Lehendabizi, MNLAk eta Ansar Dinek akordioa lortu zutela zabaldu zen. Lehenak xaria biguna ezartzea onartuko luke (MNLAk behin eta berriz nabarmendu du izaera laikoa, eta mendebaldearen neurriko doinuan darabil diskurtsoa), eta jihadistek Azawadeko independentziarekin bat egingo lukete, gerra (eta xaria ezartzeko asmoa) Mali osora eroan barik. Laster iritsi zen MNLAko oharra, akordiorik ez zegoela esanez eta zatiketaren usaina zekarrena. Ostegunean, istilu larriak egon ei ziren Kidalen, tuareg matxinada piztu zen gunean. Xariaren aurka protestan irten ziren ehunka emakume tuaregen aurka oldartu zen Ansar Dine, eta biharamunean haien bandera beltzak baino ez zeuden hirian, MNLAko ikur independentistarik ez. Jihadistek independentistei leporatu zieten aste osoan herritarrak bultzatu izana protestatzera. MNLAk bazekien, bestalde, mendebaldeari esan bezala zinez taktikoa bazen Ansar Dinerekikoa (Maliko estatuaz libratzeko urrats gisa) uneren batean edo bestean islamistekiko etena gertatu beharko zela. Horiei gailentzea eta Afrika Beltzetik iristear ei den erasoari aurre egitea nazioarteak onar lezakeen Azawad baterako prezioa litzateke.

Basamortuaren beste muturrean, Tonbuktu mitikoan, independentziaren aurkako talde armatuaren berri ere izan dugu, Niger ertzeko herri beltzek osatuta: songaiak, eta bellak. Azken horiek tuareg kultura daukaten beltzak dira, aspaldi esklabo egindakoen ondorengoak. Gauzak horrela, Malin bertan ere gaiztotu da giroa: itxura guztien arabera, armadako kolpistak dira oraindik ere boterea kontrolatzen dutenak. Formalki Dioncounda Traore parlamentuko buruak presidente kargua hartzeaz bat bideratutzat jo zuten krisia apirilaren 17an. Baina Traore Parisen dago orain, maiatzaren 21ean kolpisten aldeko manifestariek emandako jipoitik osatzen. Mali presidenterik gabe, Azawaden aliatu ohien arteko borrokan, eta Afrika Beltzeko Ecowas blokeak iragarri berri du prest dagoela matxinoek hartutako lurraldea berreskuratzeko; Afrikako Batasunaren argi berdearen zain leudeke auzia Nazio Batuetara eroateko. Bien bitartean, kontaktuak eta diplomazia lana ei dabil Sahelgo muga artifizialetan barna. Tuaregak bizi diren gainontzeko estatuen biltzarra ere aipatu dute, Niger, Burkina Faso eta, batez ere, Azawadeko auzian egiteko asko daukan Aljeriarekin. Azawadeko krisian ez du askorik adierazi, baina basamortuko muga zorrotz zelatatzen du. Goizegi da esateko, baina beste behin ere, herriei hitz egin eta etorkizuna erabakitzen utzi ordez, armen bidez ebatziko dela dirudi. Bi hilabete iraun du XXI. mendeko lehen errepublika tuaregak. Eltzea surtan jartzeko unea iritsi da.
 
BERRIAn argitaratua

No comments: