2012-04-15

Marta Ter: «Moskuk Al-Qaeda aipatu arren, gatazkaren arrazoiak ez daude kanpoan»




Luis Jauregialtzo/Argazki Press
Kaukasoko herrialdea eta hango herritarrak ondo ezagutzen ditu Marta Terrek, eta baieztatu du etsipenak bultzatuta joaten direla gazteak mendira: erabateko kontroletik, langabeziatik eta tortura zein heriotza ekar ditzakeen Poliziaren zigorgabetasunetik ihesi.

Txetxenia. Apur dezagun isiltasuna kanpainako koordinatzailea da Marta Ter (Ribes de Freser, 1974) Katalunian. Bilbon egon berri da Kaukasoko herrialdeari buruzko hitzaldia egiten.

Moskun izan berri zara, hauteskundeetan begirale. Zer gertatu da?

Vladimir Putinek irabazi arren, bigarren itzulia eragozteko egon da iruzurra. Kaukason lotsarik gabe puztu dituzte emaitzak; Txetxenian %99 eman diote, eta %107ko parte hartzea. Hala ere, izan du alde onik, atzera egin dute azken urteotako zenbait neurritan. Nabarmenena, eskualdeetako agintariak berriz ere demokratikoki hautatzea onartu duela, orain arte Putinek izendatu baititu gobernadoreak. Hau da, Euskal Herrian edo Katalunian lehendakaria Espainiako presidenteak hautatuko balu legez.

Txetxenia gutxi aipatu da Mendebaldean azkenaldian. Ahaztuta dago Errusian?

Anekdota bat kontatuko dizut: taxilari batek esan zidan ez zuela bozkatuko, inork ez zuelako Txetxeniako auzia «konponduko». Eta «konponbidea» omen zen txetxeniar guztiak hiltzea. Stalin goresten zuen, badakizu 1944an txetxeniar guztiak, haur, heldu zein zahar, deportatu zituela Kazakhstanera eta hiru biztanletik bat bidean hil zela. Moskuko lagunek onartu zidaten, ñabardurak ñabardura, errusiar gehienek antzeko iritzia zutela. Telebistako mahai inguruetan, oposizioaren mezua zen Txetxenian denak bikain bizi zirela. Human Rights Watcheko arduradunak esan zidan, eta Anna Politkovskaiak ere hori idatzi zuen, txetxeniarrei kosta egiten zitzaiela gertatutakoa kontatzea. Agian errusiarren aurrean zuten jarrera zela esan genien, guri tragedia guztiak kontatu zizkiguten. Stalinen deportazioa oso presente dute. Gure etxean bertan, ama 7 urterekin deportatu zuten, gurasoak hil zitzaizkion, gero hirukiez erditu zen eta denak hil zitzaizkion. Lau ume gehiago izan zituen, eta azken gerran biloba eta suhi bi hil dizkiote.

Zelan sartu zineten haraino?

Apal-apal joan ginen, txetxeniarrak bezala jantzita, zapiak buruan; gainera, badakigu errusieraz. Etxekoak argi esan zigun ez jartzeko inorekin harremanetan, gure telefonoa eta posta elektronikoan zelatan ibiliko zirela eta. Uste dut garrantzitsua dela norbaiten etxera joatea. Behin ere ez zigun utzi bakarrik ibiltzen. Ramadan amaiera zen, eta familiaz familia ibili ginen bisitan. Hor ikusi genuen gizonak falta zirela, eta astiro-astiro denek kontatu zizkiguten istorio izugarriak. Etxekoak hilda ere, Ramzan Kadirov presidentearekin ageri zen argazkia zeukan etxeko nagusiak. Hori da negozio batek aukeraren bat izateko era bakarra, eta kontaktu asko izatea. Gure ostalariak bazituen ministroak lagun, ezagutu genituen, eta Tsentoroira [Kadiroven herria, espetxe eta tortura gune sekretuak daudela salatu izan da] joatea ere proposatu ziguten, baina hor beldurtu egin nintzen.

Errusiaren aldeko ministroak?

Ofizialki bai. Nik uste nuen independentzia ahaztua zutela, baina ministroek eurek esaten ziguten Kadirov itxurakerian zebilela. Ez zuten onartzen Errusiaren agintea. Badakite bakea edo dena delako hori oso hauskorra dela. Gure etxea erabateko gotorlekua zen, eraikitzen zuen hirugarren aldia zen. Garrantzitsuena sotoa zen, eta etxe barruko ur putzua. Gero, hormigoizko horma lodiak eta ate blindatuak zeuzkaten gelarik gela joateko era, eta ate guztiek giltzaz ixteko sarraila. Behar-beharrezko zaie. Arreba etxean zegoela armadunak sartu, eta seme biei egin zieten tiro. Bat larri zauritu zuten, eta bestea, Adam izenekoa, hil egin zuten, Reuters agentziarako hainbat material filmatu eta atera zituelako. Erakutsi zigun materiala, izugarria, soldaduak erabateko zigorgabetasunarekin sarraskiak egiten, batean emakume talde bati tiro egin eta bertan hiltzen dituzte, inongo motiborik gabe, aurpegiak agerian. Hurrengo batean berriz eraso eta senarra hil zioten.

Txetxeniar armatuek?

Bai, horretan aldatu da gatazka. Gaur denek gorroto dute Ramzan. Umiliazioa du arau, edukaziorik gabea da, baina hogei mila gizon armatu kontrolatzen ditu, eta Vladimir Putinen babesa du. Eta salatu behar dut urtebetetze eguneko ospakizunetan egon zirenen artean La Fura dels Baus Kataluniako antzerki taldea egon zela. Tamalgarria da, horrelako diskurtso aurrerakoi eta demokratarekin ibiltzeko.

Auzi islamista da Txetxenia?

Kadirovek, teorian, islam tradizionala ordezkatzen du, arabiar herrietako salafismoaren aurka. Ez nuen sinetsi nahi, baina neure begiz ikusi dut nola galdu duten emakumeek estatusa. Kexu gerraren gizon-kultura horrek ekarritako hondamendiaz, bakea aldarrikatzen dute. Arabiar wahabismoa urrun ikusten dute Txetxenian. Mendi aldera joan ginenean ministro bati txantxetan galdetu genion zer egingo zukeen gerrillako buru Doka Umarov agertuko balitz. «Ez izorratzeko eskatuko nion; nirekin zaudete, eta ez du minik egiterik». Abegikortasuna oso garrantzitsua da txetxeniar tradizioan, islamaren aurrekoa. Umarovek berak ere esan berri du aurrerantzean ez dutela joko errusiar zibilen aurka. Islamismo sui generis bat adierazten du.

Baina salafistak ere badaude.

Bai. Baina badakizu zein duten diru sarrera nagusia matxinoek? Iraultza zerga. Poliziek esan digute ordaindu egiten zutela ez ditzaten hil; eta soldatak Moskutik datoz. Matxinada Errusiak berak ordaintzen du zeharka. Dena dago araututa, baita ustelkeria ere: milioi bat errublotik, erdia ez omen da Moskutik irteten. Txetxeniara iristen denaren zati handiena Ramzan eta haren jendearengana doa, eta azken zati txiki bat izaten da benetan onartutako egitasmorako. Errusiak beti esango du Al-Qaeda dagoela, baina ez dira kanpoan bilatu behar gatazkaren arrazoiak. Gazteak etsipenagatik doaz mendira: dena dago kontrolatuta, langabezia izugarria da, eta Poliziak erabateko zigorgabetasunarekin torturatu eta hil dezake.

No comments: