2012-03-25

Udaberria (arabiarra?)

Afrika Express liburuan azaldu nuen bidaietan izandako esperientzia gogorrenetakoa: ez dirurik, ez oparirik; afaltzen ari ginen arrozetik pixka bat eskatzen ziguten songai umeek, katiluak samatik eskegita. Aldameneko mahaikoek bezala eman genien sobera geneukana. «Tunika urdinaren azpitik esku beltzaranak dituela ikusi dut. Begirada harrapatu dit eta dardara egin du eskuekin. 'Berrehun kilometro tolle ondulee dago hemendik Tinbuktura, begira oraindik ere zelan ditudan eskuak [...].' 'Tuarega?' Irribarre egin dit, baietz. Gizon zaharra da, baina ez du basamortuko herritarren harrotasun punturik galdu». Tinbuktuko ateetan daudela entzun dugu berriz ere, Niger ibaiak ziaboga hartu eta, okerraz jabetu balitz legez, basamortua utzi eta hegoalderantz ekiten duen lekuan. Munduko lekurik behartsuenetan falta liteke ura, uztak galdu, gosea egon, baina beti egongo dira armak.

«Malin militar talde bat matxinatu da, tuaregen aurka ez joateko», irakurri dugu asteon BERRIAn. Ederra zen titularra; lehen zatiak Afrikara ginderamatzan, baina bigarrenak beste Afrika bat ere bazela sinetsarazten zigun: «Militarrak MNLA Azawad Askatzeko Mugimendu Nazionaleko tuareg independentisten aurka borrokatzeari uko egin diotelako matxinatu dira». Beste Afrika baten atarian ote, non militarrek gerrari uko eta herrien askatasunari bide egiten dioten? Sudan hegoaldearen askatasunak marra kolonial guztiak aldaraziko ote ditu? Nahasmenaren ondoren, arruntagoa zen egia: «aberria hausten zuten terroristen aurka» aski borrokatu ez, eta arma zaharkituekin ibiltzeagatik kanporatu dute Amadou Toumani Toure. Tuaregek urtarrilean piztutako matxinada galtzen ari delako, alegia.

Azawad deritzo tuareg herriaren lurraldeari. Azawadeko mugimendu independentistari (MNLA) elkar lotzerik ez zeuden bi deabruak batu dizkiote: Gaddafiren aldamenean borrokatu dutenak eta Magrebeko Al-Qaedarekin lotura dutenak daude borrokalarien artean, Maliko Gobernuko salaketen arabera. Bilal Ag Acherif MNLAko idazkari nagusiak autodeterminazio eskubidea aldarrikatu du, eta tuaregez gain, songaiak, peulak eta arabiar mairuak ere batu zaizkiela dio. Eta Gaddafiren aurkako tuaregak ere badaudela, Mohammed Ag Najm komandantea adibidez. Baina ez da tuaregik izan Al-Qaedan. Besterik da, zabalak direla Saharako negozioak: Al-Qaeda dabil azken urteotan, eta Mendebaldea izutu du, lehen Europara amets zuten pertsona trafikoak izutu zuen legez. Eta ezin ahaztu eskualdean dauden uranio meatzeak.

Gernika izango dugu gogoan datozen egunetan. Eta Gernikak gogoan du lehen aire erasoak sufritu zituzten haiek. Gogor zigortu zituen espainiar kolonialismoak eta gogor altxatu ziren riftarrak. Joseba Sarrionaindiak luzebildu du. Rifekoa ekarri digu, eta Tamanrasseteko tuaregak. Gero etorri ziren erregelarekin marrak egitera basamortura, eta «hau Aljeria da», «hau Mali, hau Libia, hau Niger...». Eta hura Azawad zela, eta hareatzan marrarik ez, dunak eta ergak baizik, uste izan zuten urdin jantziko pertsonei ezetz esan zieten, aljeriarrak, maliarrak, nigertarrak zirela.

Geroztik, zenbat matxinada, zenbat odol, harea eta harrizko lur zatiarengatik. Bai, noski, eta Arliteko uranioagatik muturra sartu du behin eta berriz Parisek. Batean amaitu eta bestean hasi. Kolonialismoak estatu berean sartu zituen elkarren aurka borrokan ibilitakoak. Dena zen beltz kontinentean, berniz musulmana zutenak eta hori ere ez zeukaten animistak, basamortuko estraperloan eta abeltzaintzan ziharduten nomadak, esklabuak hartu zituztenak eta esklabu izandakoak. «Zurien aurkako bazterketa» leporatzen diete tuaregek agintari beltzei. Esan beharra ere marka da, baina tuaregak dira zuri. Eta zubi, Mediterraneo zuritik Afrika beltzera. Sahel topaleku. Esklaboen ehiza-leku mendetan. Amaigabeko hareazko autobidea.

Eta gure pasaporte bera daukaten herri gutxituetako herritarrak aipatzea eskatuz gero, esango al dituzue katalan, kortsikar, galiziar eta bretainiarrekin batera amazigak? Frantses pasaportedunek errazago ekarriko dituzue gogora kabiliarrak, baina Kabiliak mende erdi darama Frantziatik eta Europako Batasunetik kanpo, panarabismoaren izenean ukatua. Bidenabar, Euskal PENetik Gernikako bonbardaketaren kari egiten ari garen poema bilketan Noufel Bouzeboudja kabiliar poeta izan da lehenengoetakoa.

Gaur egun, Espainia da amazig lurralde bat menpean daukan Europako estatu bakarra: Melilla (edo bestela esanda, Europako Batasunak Tamazgha-Amazig Herriko zati bat du bere baitan). Mediterraneo ertzean, Europara begira diren Rif mendietan matxinatu dira martxoan amazigak, «Abd-el-Krim-en seme-alabak gara» oihuka. Eta Kantauriraino iritsi da berriz ere oihua. Etxetik hamar minutura daukat Bilbon Rifeko enbaxada den Berebar taberna. Urrunekoa miresten duenak etxea baloratzen jakin behar duen gisan, internazionalismoa eta beste kulturekiko jakinminak ere ateaz beste aldean hasi beharko luke.
BERRIAn argitaratua

No comments: