2012-01-29

Galdetu eta galdetu

Eskoziako independentismoak ez dauka Euskal Herrikoak baino babes handiagorik. Eskoziako autonomia ez da Euskal Autonomia Erkidegoak daukana baino handiagoa, eskumenei begira. Eskumen horien artean, ez daukate, ez Eskoziak ez Euskal Herriak, estatuko egitura juridikoa aldatzeko botererik. Ez Gernikako Estatutuan, hain gutxi Foru Hobekuntzan, baina ezta Eskoziako devolution-ean ere, Scotland Act-ak ez dakar erreferendum konturik, areago, Westminsterri dagozkio auzi konstituzionalak. Jon Fernandezen kronikan, halaxe gogorarazten zigun atzo Ruth Davidsonek, Eskoziako Santiago Cerverak, Edinburgoko Antonio Basagotik, baina ├▒abardurarekin: Eskoziak alde egin nahi badu, hark erabaki behar du hori. Horixe da kontua, erabakia eskoziarrek hartzea, ez auzitegiek.

Neronek orain egin bezala, askok alderatu dute/dugu Erresuma Batuko Alderdi Kontserbadorea eta Espainiako Alderdi Popularra. Bien nazionalismo britainiar/espainiarra zalantzan jarri barik, baten izaera demokratikoa askoz handiagoa dela dirudi. Eta hala da. Baina aldea ez dago Espainiaren eta Erresuma Batuaren aldean soil-soilik. Oso desberdina izan da Euskal Herriko eta Eskoziako independentisten jarrera ere. Urteetan autonomia erkidegoa kudeatu duten jeltzaleengan anbiguotasuna izan da nagusi, alderdia sortu zen unetik gailendu ziren bi arimen orekan. Ezker abertzaleak Eskoziatik oso desberdina izan den estrategia eraman izan du halaber, Ipar Irlandatik hurbilago historikoki.

Erresuma Batuaren izaera demokratikoaren eta Turkiako tabu militaristen erdibidean egon da Espainia. Baita Espainiaren lurraldeko nazionalismoak ere. Katalanek Erresuma Batuan zeudela pentsatu zuten, eta PPk lehendabizi eta gerora alderdi horrek hauspotutako Auzitegi Konstituzionalak gogorarazi zien nork agintzen zuen herritarren borondatearen gainetik (horixe da kontua, eskoziarrek erabakitzea, ez auzitegiek).

Konstituzioa, auzitegiak, Turkian armada eta Errepublika laikoa legez, edozeren gainetik daude. Harresi gaindiezinak dira. Quebeceko bigarren erreferendumaren ondoren argitzen joan da testuinguru demokratikoetan zelan gauzatu behar diren independentzia erreferendumak. Lehen neurria, subjektua argia izatea (Euskal Herrian, izen hori daukan erakunde autonomo bakarra EAE da orain bertan), eta subjektu horretako agintariak herritarren borondatea galdetzea. Areago, agintea hartzen duenak argi uztea, Eskozian legez, berari botoa ematen diona eskualde autonomo hori estatu bihurtzeko erreferendumerako bozkatzen ari dela. Ezker/eskuineko euskal abertzaleek antzeko zerbait diote teorian. Laster erakutsi behar dute benetan ari diren Edinburgora begira, ala Madrilen aitorpen eske jarraitzen duten.

Madrilen jarrerak asko dauka senar matxistarenetik: nitaz maiteminduta egotea nahiko nuke, baina horretan limurtu eta zeinen guapoa den adierazi ordez, etxea ez uzteko mehatxatzen du, eta bikoteari etxetik alde egiteko gogo handiagoa piztu. Baina euskal abertzaletasunak ere harremana apurtzeko beldur eternalean dagoen bikotea dirudi: ez bakarrik bizitzeko beldurrez, menpekotasun kolonialean diren beste herri batzuek izan dezaketen legez, baizik eta bikoteak dibortzio eskubidea onartuko dion uste zozoan. Harremanak haustea dramatikoa da ia beti. Drama ahalik eta laburrena izan dadila, horixe da kontua. Ez espero abandonatzen duzunak irribarre egitea, zure argudioa ulertzea; horrek zurekin jarraitu nahi du, eta hari baimena ematea eskatzea zakurkeria ere bada harentzat. Oso ondo, hautsi harremana, baina ez espero ni bat natorrela esatea ihardetsiko dizu. Ze bere esku uzten baduzu independentzia, edo zure independentziarako eskubidea onartzea, bada ezetz esango dizu. Bost axola bikoteak zer dioen, dibortziatu nahi duenak dibortziatu eta kito, badira urte batzuk argi utzi genuela ez zegoela horretarako motiborik argudiatu behar.

Juan Jose Ibarretxe lehendakariak izan zuen Eskoziarekin antzekotasunik zeukan asmorik. Alex Salmondek baino bide orri luzeagoa prestatu zuen, baina B planik ez, Madrilen ateak ixterako. Ezker abertzaleak ere dozenaka proposamen, txosten eta egitasmo landu ditu. Azkenaldian, bere bidea aldebakarretik egiten ei dabilen sasoian, agerikoa du begia Madrilen. Besteak beste, autodeterminazioa eskatzeko aldarrikapen nekagarrian. Eskoziak ez du ezer eskatu. Londresek ere ez dio ezer aitortu. Edinburgok egingo duena iragarri du, eta kito. Ez du eskatu Londresek autodeterminazioa aitortzerik. Ez dio aitortuko, bestalde. Espainiak Euskal Herriari inoiz aitortuko ez dion bezala. Estatuak ez du onartzen horrelakorik. Baina demokratikoa bada, negoziatu egingo du independentzia asmo hori nola gauzatu daitekeen, eta printzipio demokratiko hori gailenduko da.

BERRIAn argitaratua

No comments: