2010-06-13

Afrikara

Mundua Afrikara begira zegoela eta, gu ere hegoaldera so jarri ginen. Ez genuen dantza koloretsurik ez futbolari milioidunik ikusi. Uharte txiki bat baino ez, Ameriketara esklabo bidaltzeko bahitu eta zoriz erdibidean geratu ziren kreolera hiztunak, eta zuri burusoil bat haiekin futbolean, igandean goizean goiz, urteetan oporrik gabe egindako lanean tartea uzten dion une bakarrean. Josu Martinezek gogorarazi zigun gizona nola aldatu zen egun batetik bestera, gaztetxoen aurrean isil eta uzkur zegoena zelan harrapatu zuen Zuberoatik Kristiane izeneko energia zurrunbiloa aireportura iritsi bezain laster.

Belaunaldi gazteenei biktima errugabeen eta biktimatzaile ankerren gezurrak kontatu nahi dizkiete eskoletan. Guk gezurrik gabeko istorioak nahi ditugu, bere gordinean, mitorik gabe. Halaxe irakurri genuen Alfonso Etxegarairen Regresar a Sara-n (Sarara itzuli). Euskal iheslariak eta GAL oso urrun dituzten belaunaldi berriak datoz. Ekuador, torturak, berriz desagertzea eta Sao Tome. Eta joan doaz urteak. Domintxaineko sagarrondoak zainduz pasako dugu denbora. Alfonso nor den galdetu genion Kristianeri; «gudari bat da» laburbildu zigun azalpena. Gero zalantza, euskaldunak beti daukan beldurrezko zalantza.

Sao Tomen maite duenarekin delarik Kristiane, herria ments, herrian delarik, maitea ments. Eta joan doaz urteak. Lehengo astean ezagutu nuen Kristiane, Hamaika Telebistako harreran. Gero berriz bildu ginen Larrabetzuko tabernetan. Baiona izan zen herenegun, Ainhize eta Bilbo dira hurrenak. Josu Martinez eta lagunei inbidia sanoa diedala esango nuke, baina miresmen handia eta bekaizkeria ezin ukatua aitortu behar ditut, lehenago besteok egiten asmatu ez dugun lana egiteagatik Alfonso Etxegarai euskal deportatuaren eta Kristiane Etxaluzen istorioa filmatzean. Josu, Txaber, Hibai, IPESekook, eskerrik asko. Kristianeri, plazer bat ezagutzea. Eta besarkada beroa Alfonsori. Bilboko metroaren azken geltokia da Plentzia.

No comments: