2009-03-29

Turkia kurduen botoen ehizan

BERRIAn argitaratua

Kurdistan luzaroan izan da turkiar politikariek ahaztutako herrialdea, hango herriari ematen dioten ukazioaren antzeko jarrera hartuz boto-emaileekiko. AKP Justizia eta Garapenaren Alderdiak gobernua lortu zuenez geroztik, baina, ahalegin handia egin du hautesle kurduak erakartzeko, Turkiako mendebaldeko indar laizista eskuindarrak garaitzeko ezinbesteko babesaren bila.

Duela lau urte arrakastatsu iritsi ziren Kurdistanera, Van eta historikoki oso abertzaleak izan diren beste udalerri batzuk eskuratuz. Aurten, kurduen hiriburu ez-ofizialean jarri dute xedea, Diyarbakirren, eta Handitasunez pentsatu. Zu zara Turkia leloa daukaten afixez gain, propaganda kamioiekin ari dira boto eske. DTP alderdi abertzalea ez da atzean gelditu. Newroz edo kurduen Urteberri egun historikoa antolatu zuen larunbatean han -milioi bat lagunetik gora bildu zituen; Poliziaren arabera, ordea, «milioi erdi baino ez»-. Beste hainbeste Kurdistanen eta Turkian elkartu ziren. Istanbulen bostehun mila kurduk ospatu zuten. AKPk kurduak limurtzeko urratsei buelta emanda, orain arteko aldaketak eta urratsak kosmetika hutsa direla utzi dute agerian abertzaleek, eta, bidenabar, botoa eta benetako demokratizazioa eskatu. «Gu gara konponbidea», diote Diyarbakirgo auzorik auzo.

Ozman Baydemir hiriko alkate nagusiak edo Sur barrutiko Abdulla Demirbasek kanpainan egiten duten urrats bakoitzean dozenaka lagun datozkie babesa adieraztera, Diyarbakirgo sei kilometroko harresien barruan dauden auzo behartsuenetan batez ere. 1990eko gatazkan suntsitutako 3.000 herrietatik kanporatutakoak dira. Gehienek lanik gabe eta laguntza eskasen menpe jarraitzen dute. Baina irribarrea ageri dute aurpegian, auzoan DTP Gizarte Demokratikoaren Alderdiko furgonetaren doinuak entzuten diren bitartean. PKK Kurdistango Langileen Alderdiko gerrillariek Kandil mendietan abesten duten kantaren doinuak dira, berbak hauteskunde kanpainarako moldatuta.

Debekuen gainetik

Turkiako Gobernuaren zabalkunde herabeari benetako beharrekin erantzun diote: kurdueraz eta turkieraz entzuten da kanpainako kanta, lehen debekuari aurre eginez, turkiera hutsez egitea agintzen duena. DTP kurdueraz ari da egiten kanpaina nagusiki, horrek ekar ditzakeen auzi eta zigorrek kanpainan salatzen dutena indartu ere egiten duelakoan. Kurdu gehienek garaipenaren keinua egiten dute eskuekin DTP alderdikoak (edo BERRIAko kazetaria) agertu eta berehala, eta laster entzuten dira are debekatuagoak diren oihuak; nagusia «biji serok Apo» -gora Apo lehendakaria-, Abdula Ocalan PKK-ko buruzagi espetxeratua gogoan.

Europako presioei men egin eta kurduerazko telebista abiarazi zuen duela hilabete batzuk Istanbulek (oraintsu armenieraz gauza bera egiteko asmoa duela esan du). Mendebaldearen txaloak jaso ditu, baina kurduek argi azaldu dute zergatik ez den hori ere aski: Diyarbakirgo Gun telebistan Baydemir alkateak kurdueraz egin eta hamabi egunez itxi dute hedabidea. «Itxurakeria izan da bideo folklorikoak eta albiste ofizialean itzulpen hutsa ematen duen telebista. Argi utzi digute kurdueraren egoera berria: turkiarrek, Gobernuak, egin dezakete kurdueraz, baina geuk kurduok debekatuta daukagu». Oraintsu Mehmet Turk DTP alderdiko presidenteak kurdueraz egingo zuela iragarri zuen Ankarako Parlamentuan, telebistak berehala eten zuen emisioa, legea urratuko zuelakoan.


Hatip Dicle: «Turkiako Gobernuaren urratsak gure borrokaren ondorio dira»

Hatip Dicle 1994an atxilotu zuten, Leyla Zana eta beste bi parlamentario kurdurekin batera, traizioa eta PKK Kurdistango Langileen Alderdia gerrillako kide izatea leporatuta. Hamar urte egin zituen espetxean, 2004an libre utzi zuten arte. DTP Gizarte Demokratikoaren Alderdia talde abertzaleko sortzaileetako bat da Dicle.

Recep Tayyip Erdogan lehen ministroak apustu handia egin du Diyarbakirren eta Kurdistanen oro har, zuek ere ez zarete atzean geratu. Zein helburu daukazue?

Gure itxaropena ona da. AKP Justizia eta Garapenaren Alderdiak, Gobernuak, labea hoztu duela esan genezake, jendeari promes ugari eta opariak egin dizkio, eta egiten ari dira orain bertan. Nolabait, pobre denari neurri ekonomiko hutsa agintzen dio. Guk, berriz, kurduok gobernu ona behar dugula diogu, neurri ekonomikoez gain demokraziaren eta askatasunaren alde dihardugu. Eta espero dugu jendeak babestuko gaituela.

Europak txalotu egin du Turkiak kurduerazko telebista abiaraztea.

Hori ere borroka eta sufrimendu handiari esker lortu dugu. Hala ere, argi daukagu Gobernuak berariaz egin duela telebista katea hauteskundeen aurretik. Ez da ikusi behar guri emandako eskubide gisa, geuk atera diogu hori ere, gure borrokaren ondorio da urrats xume hori. Baina jendea manipulatzeko erabili nahi dute, eta horregatik esaten diogu jendeari: «Gure borroka egon ez balitz ez zizueten telebista hori ere emango, eskubideak ez dizkigute ematen, geuk hartu behar ditugu». Hala ere, telebista katearena urrats txikia da, eta ez da aski.

Zein iritzi duzue Jalal Talabani Irakeko presidenteak Istanbulen PKKri armak utz ditzan eskatu izanaz?

Gure askatasun mugimenduak beti esan du arazoak bake bidez konpondu nahi dituela. Turkiako Gobernua ados badago dagozkigun eskubideak onartzeko, ez da izango arazorik. Demokraziarekin konpontzen dira arazoak. Gerra amaitu eta eskubideak bermatzen badira, demokrazia eta bakea izango dira. Baina ez badute hala onartu nahi, armak hartuko ditu jendeak.

No comments: