2009-02-17

Urtebete, arazoak arazo

BERRIAn argitaratua



Kosovok ospatuko du gaur independentzia aldarrikapenaren lehen urteurrena. Iazko euforiarik gabe, eta nazioartearen arreta txikiagoa izanda, milaka albaniar iritsi dira Pristinara azken orduetan. Badakite iazko amets gutxi bete direla, baina inor ez dago atzera egiteko prest.



Ez da iazko jende uholderik izango, baina Pristinako kaleak musikaz eta kolorez bete dira atzera ere. Ospatzeko motibo gutxi izan ohi du Europako herrialderik behartsuenetakoak, horregatik, balantzea egiteko baino gehiago etorkizunera begiratzeko antolatu dituzte gaurko ekitaldiak.

«Ezin esan gauzak askorik aldatu direnik urte honetan. Nolabait, Kosovo independente zen 1999tik, baina nazioarteko erakundeen menpe jarraitzen du. Independentzia lortu du Kosovok, baina ez subiranotasuna», dio Bakearen Aldeko Mugimenduko Mikel Cordoba iruindarrak. Bestela esanda, Serbiarengandik askatu du bere burua, eta independentzia lortu, baina munduarekiko dependentzia inoiz baino handiagoa da. Kosovoko biztanleen %90 baino gehiago dira albaniarrak, eta gustura ordaindu dute prezioa, oraindik ere arazo ekonomiko larriak izan arren: «Beharbada baikorregia izan zen gobernua, izan ere, independentziaren aitorpenak bata bestearen atzetik etorriko zirela iragarri zuen, eta horiekin batera inbertsioak», aitortu du Flaka Surroi Koha komunikazio taldeko zuzendariak, «baina egin beharreko guztia egin genuen, Ahtisaari plana onartu eta haren arabera aldarrikatu genuen independentzia».

Nazio Batuen Erakundeko auto zuriak askoz gutxiago dira, abenduan abiarazitako EULEX europarrekoak dira nagusi orain. Europa izango da Kosovoren giltza, eta Balkanetan apustu egin duela ematen du. «Ekonomia aldetik arazoak daude, baina estatua eratzeko dauden zailtasunetako bat da hori. Botere judiziala ere indartzeko dago, eta Kosovoko epaileak trebatzeko egitasmoa izango da lehen urratsa», dio Flaka Surroik. Hirurehun epaile eta fiskal bidali ditu honezkero herrialdera Europako Batasunak.



Etorkizunera begira


Europako estaturik behartsuenetakoak izanik, senidetasuna bai, baina oso komunikazio txarra daukate Kosovok eta Albaniak, eta Mazedonian barna iristen dira gehienak Pristinara. Kosovon sartu eta gutxira, albaniar banderaz josita dago zubi bat, eta Estatu Batuetako eta Europako Batasuneko batzuek bidea irekitzen dute. Ospakizunetara datozen autoak bide ertzean geratzen dira, alderik alde haizatutako albaniar bandera erraldoiaren pean argazkia egiteko. Kosovoko banderarik ez da ageri. Ezin esan desagertuta dagoenik, jende askok baitarabil egunotan, baina argi dago bi buruko arranodun bandera gorriari diotela atxikimendua kosovoarrek. «Hauxe da albaniar guztiok geure sentitzen duguna, eta noizbait elkarrekin egoteko erabiltzen duguna», esan du Tiranako emakume batek senarrari eta umeari argazkia atera ostean. «Hori da beti erabili duguna, bestea ez dut gustuko», dio ospakizunetarako Paristik Pristinara itzulitako gizon batek. «Egia da, bandera ere inposatu egin digute», esan du Surroik, baina nazioarteko erakundeekiko menpekotasunak horien konpromisoa ere indartzen duela nabarmendu du.



Badira independentzia eskuratuta bestelako helburu batzuk ere aipatu behar direla diotenak. Qani Mehmet Kosovoko irrati telebista publikoko zuzendariak uste du albaniarren sufrimendua gogorarazteko eguna dela, eta Kosovoko gai tabua, lurraldearen zatiketa, aintzat hartu behar dela: «Ez du zentzurik Mitrovica eta iparraldearekin tematzea. Har dezala Serbiak beretzat kriminal zulo hori, eta trukean Presevo sar dadila Kosovon», dio Mehmetek. Serbiaren menpe jarraitzen duen harana da Presevo, albaniarrak nagusi izan arren. Ahapetik albaniar guztiek daukaten ametsa da: estatu bakarrean biltzea albaniar guztiak. «Europako Batasunak asko lagunduko du, konpromiso hori hartu du. Baina urrunera begira, kide izateko garaia iristean, Mazedoniako, Albaniako eta Kosovoko albaniarrek estatu bakarrean bat eginda sartu behar dugu Batasunean».

Agendatik kanpo dago gaia, «eta onartu genuen konstituzioaren aurkakoa da», gogorarazi du Flaka Surroik. «Aldatzeko erreferenduma egin beharko litzateke, eta estatu gisa erabateko egonkortzea». Urrun, oso urrun dagoen horizontea da, baina itxaropentsu jarraitu behar dutela diote hotzari aurre eginda urime (zorionak) errepikatzen duten albaniarrek: «Jaioberriak gara, eta oraintxe hasi gara ibiltzen, baina ibiltzen egiten da bidea, ezta?».


«Espainiak zer du gurekin?»

Brezovica Kosovoko eski estazio bakarra da. Mazedoniatik hurbil dago, albaniar herriez inguratutako serbiar enklabean. Euskal kazetariak kontuz ibili behar du Kosovon bere burua aurkeztean, serbiar guneetan hobe du espainiarra dela esatea. Hala egin du Brezovican, eta solasa ukatu dio eskiatzaile batek, «Espainiak Kosovoren independentzia onetsi arte, ezer ez». Albaniarra da, noski. Aurkezpenean ñabardura egin du, eta euskalduna dela esanda, irribarretsu mintzatu da: «Espainiak zer du gurekin? Zuen erruz ez gaitu onartzen, ezta?». Pristinako kaleetan ere, AEBak eta Europa mendebaldeko herrialdeen bandera ugari daude, baina Espainiakorik ez. Serbiar manifestariek haizatu ohi dute azkenaldian hori-gorria, Greziakoarekin batera.

Serbiarrak dira eski estazioko negozio guztiak. Albaniarrak, berriz, eskiatzaile gehienak. «Hemen ez dago arazorik serbiarren eta albaniarren artean», dio Milanek, eskiak alokatzen dituen etxeko serbiarrak, «negozioa negozioa da». Horixe da Brezovicaren gakoa, negozioa. Hori bera da Mitrovican kale egin duena: «Berez zailak ziren harremanak erabat gaiztotu zituen hango meatzeak ixteak, jende asko geratu zen lanik gabe, eta ekonomia hondoratzen denean areagotu egiten dira gatazkak», dio Mikel Cordobak.

Iazko ekainean Kosovoko serbiarrek egitura berezia eratu zuten, Mitrovica hiriburu hartuta. Gaur gonbita egin diote Serbiako Parlamentuari haraino joan dadin, eta gobernu eta oposizioko parlamentario askok baietz erantzun dute. «Probokazioa da», dio Flaka Surroik, «baina mugan pasaportea erakutsi beharko dute, inplizituki gure independentzia onetsiko dute».

No comments: