2007-10-28

Kanpo begiradak

BERRIAko Larrepetit

Euskal Herrira egindako bisitaren berri eman du egunotan Al-Jazeerak. Haiekin grabatzen ibili zen kameralari batek ziostan harrituta joan zirela, inoiz ez ei zuten horrelakorik ikusi. Iraken, Afganistanen eta hainbeste herritan ibili denaren aldean gureak etxeko gatazkatxoa ematen zuela esan nion. «Horixe bera esan nien, baina haiek berriz, ezetz, Iraken eta Afganistanen gertatzen denaren berri ematen dutela, badakiela jendeak, baina Europako Batasunaren bihotzean horrelako egoera antidemokratikorik pentsatzea, eta inon eskandalua ez izatea askoz harrigarriago dela esan zidaten».
Antzeko argumentua aipatu zidan duela hil batzuk adierazpen askatasunari buruzko dokumentala grabatzen ibili zen Londresko taldeak. Myanmarren, Maldivetan, Errusian eta beste hainbat herrialderen ostean gurea txiki-edo geratzen zela esan zieten elkarrizketatuek ere. «Hau okerragoa da. Ez da zuzena agian, baina badakizu haren berri. Urtero milioika britainiarrek bisitatzen duten EBko herrialdean horrelakorik izatea askoz gogorragoa da».
«Hau ez da Espainia» erantzun berri du alderdi kurduko buruzagiak, legez kanpo uzteko arriskua aipatu diotelarik. Lehen «hau ez da Turkia» esaten zen. Baina Espainia demokrazia homologatua da oro har, beste estatuen antzeko miseriekin, salbuespen bakar batekin. Aznarren urrats faxisten sasoian pentsatu nuen beste aldera begiratu zuela Europak, kiratsa ez hartzeko, urte gutxian «konponduko» zuelakoan. Baina denbora badoa, eta borondaterik ez denean, presioari ere leku egin beharko dio Europak. Estrasburgok behingoan Batasuna auziaren deliberoa emanez, adibidez.

No comments: